Galiziako musika

Galiziako musika herrialde hartan egindako arte mota hori da, hainbat estilo barne hartzen dituelarik, gazteleraz eta galizieraz gehienbat.

Gaitajoleak erromeria batean.

Galiziak tradizio zabala du musikari dagokionez. Tradizionalki erabiltzen diren instrumentuak haizezkoak eta perkusiozkoak dira, gaita, pandero, dunbal, xirula eta zanfona, nagusiki.

XX. mendearen azken laurdenetik aurrera, Galiziako musika garaikideak talde, abeslari eta artista esanguratsuak eman ditu, jarraian aipatuko ditugunak.

Voces Ceibes

Vicente Araguas.

1968 eta 1975 artean, Katalan Herrietan Nova Cançó izeneko mugimendua eta Euskal Herrian Ez Dok Amairu sortu ziren moduan, oso garai politiko biziak zirelarik, Frankismoaren amaieran, Galizian "Movemento Popular da Canción Galega" edo "Voces Ceibes" abiatu zuten.

Benedicto, Xavier del Valle, Vicente Araguas, Xerardo Moscoso, Xoán Rubia, Bibiano, Suso Vaamonde, Miro Casabella eta María Manuela nabarmendu ziren orduko abeslari eta artisten artean.

Folk

Carlos Núnez.

Folk musika arloan nabarmentzekoa da, musika garaikidean, Milladoiro taldea lehenik eta behin. 1970eko hamarkadaren amaieran abiatu ziren, eta zeltiar musikan erreferente nagusietakoa da nazioartean. Rodrigo Romaní eta Antón Seoane "Voces Ceibes" mugimendutik zetozen, eta Xosé V. Ferreirós-ekin bat egin zuten lehenengo diskoa argitaratzeko, "Milladoiro", 1978an. Nando Casal, Ramón García Rei, Xosé A. Méndez eta Laura Quintillán-ek osatu zuten jatorrizko taldea. 20 bat disko argitaratu dute euren ibilbidean zehar, eta galiziera izan dute hizkuntza. Garai hartan hasitako beste talde aipagarri bat DOA, Taranis eta Brath dira.

1990eko hamarkadatik aurrera aritutako taldeak Berrogüetto, Faltriqueira eta Luar na lubre dira, beste batzuen artean. Bestela, musikari ezagunen artean, Mercedes Peón, Xosé Manuel Budiño, Carlos Núñez, Susana Seivane eta Cristina Pato gaitajoleak ditugu. 2010eko hamarkadan Tanxugueiras taldea sortu zuten.

Azkenik, musika tradizionalean dantzarik ezagunena muiñeira da.

Pop-rock

Siniestro Total zuzenean 2007an.

Rock eta pop atalean, aipatzekoa da Vigoko hirian eta 1980ko hamarkadan sortutako "A movida viguesa" izeneko mugimendua, Galizia nolabait postmodernismo musikalean sartu zuena. Madrilen, bien bitartean, "La movida madrileña" martxan zegoen, eta Euskal Herrian "Rock Radical Vasco" delakoa. Siniestro Total guztien artean talde ezagunena da, Germán Coppini, Miguel Costas, Alberto Torrado eta Julián Hernández-ek osatutakoa hasieran. Dozena bat disko argitaratu zituzten, 1980ko hamarkadaren tartea nabarmenena izan zelarik, punk izpiritu transgresorearekin. Coppinik berehala taldea utzi eta Golpes Bajos sortu zuen Teo Cardaldarekin batera. Os Resentidos, bestela, galizieraz aritu zen, beste biak ez bezala, Antón Reixa artista polifazetikoa burua izan zelarik. Aerolíneas Federales eta Semen Up ere aipatzekoak dira.

Beste hiri batean, Ourensen, eta rock gogorragoa proposatuz Los Suaves taldea oso nabarmena izan da. Yosi Domínguez buru, 1980ko hamarkadan abiatu ziren, estudioko 15 disko eta zuzeneko 7 utziz, gazteleraz arituta. 1990eko hamarkadan, "Rock Bravú" izeneko mugimenduaren talderik ezagunena martxan ipini zen A Coruñan, Os Diplomáticos de Monte-Alto, Xurxo Souto buru. Beste erregistro batzuetan, Madril eta Vigo artean sortutako Def Con Dos taldea ere oso ezaguna da.

Hamarkada hartatik aurrera, indie pop arloan Killer Barbies, eta abeslarien artean Ivan Ferreiro eta Xoel López aipatzekoak dira. Azken urteotan, Novedades Carminha, Triángulo de Amor Bizarro, Pussycats eta Sés nabarmentzen ari dira.

Bestela, bakarkako lanean Luz Casal abeslaria ospetsua izan da pop-rock erregistroetan, 1980ko hamarkadan hasitakoa. Bera baino lehen, Juan Pardo eta Ana Kiro ere oso ospetsuak izan dira. Galizieraz, Uxía Senlle kantari ezagunenen artean dago.

Klasikoa

Víctor Pablo Pérez.

Galiziako Orkestra Sinfonikoa (OSG) 1992an sortu zuten A Coruñan. Festival de Ópera da Coruña jaialdian parte hartzen du, jada desagertu zen Festival Mozart-en egin zuten bezala. Palacio da Ópera du egoitza nagusi. Víctor Pablo Pérez OSG-ren zuzendaria izan zen 20 urtez, eta gaur egun ohorezko zuzendaria da.

Andrés Gaos, Manuel Balboa Rodríguez eta Enrique Xabier Macías Alonso musikagile galiziarren obrak sustatzen dituzte, besteak beste.

Opera abeslarien artean, Laura Alonso Padín sopranoa ezaguna da nazioartean.

Musika jaialdiak

Bibliografia

  • "Unha historia da música en Galicia (1952-2018)". Fernando Fernández Rego. Galaxia, 2019. ISBN 978-84-9151-337-7.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.