Gabi Etxebarne
Gabi Etxebarne (Aldude, Nafarroa Beherea, 1932) serora ohia, ekintzailea, idazlea eta feminista da.[1]
Gabi Etxebarne | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Aldude, 1932 (91/92 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Beherea, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, ekintzailea eta feminista |
Serora misiolaria izan zen eta misio bideari uko egin zion arren, borroka sozialean sinesten jarraitzen du. Beharrizana dutenei laguntzen saiatu da bere bizitzan zehar, izan Argentinan, Laosen edota Tolosan. Etxebarne «berriz sortu» zen 2021ean Aldudetik mundura (2021, Maiatz) autobiografia idaztean, euskara berreskuratu baitzuen; Gexan Alfarok eta Patxika Erramuzpek akuilaturik; «mirakulu» bat izan zela aitortu zuen.
Biografia
Eskola garaia
Eskola garaian euskararen debekua sufritu zuen. Beste asko bezala zigortu egin zuten. Izugarria zen: euskaraz ari zen haurrak makilakada jasotzen zuen, eta hala ari zen ondokoari pasatu behar zion; eguneko azkenak zigorra biltzen zuen. Zigorraren pedagogia ezagutu zuen. Pankarta bat eraman beharra zuten lepotik dilindan. Eta, testu batzuk kopiatu behar izaten zituzten biharamunerako.
Gaztaroa
Gaztetan kontrabandoan jardun zuen. Furgonetan bi kutxa zituen aitak, eta haietan garraiatzen zituen puskak, adibidez, Elizondon (Nafarroa Garaia) erosi dantela eta kafea, Aldudetik Baionara eramaten zituen, Hotel des basques-era. Ahizpak eta biek etxe inguruak zaintzen zituzten, gazteak heldu baitziren pusken xerka. Beharrik alemanek bota azantzadunak zituztela; ehun metrotan lasterka abiatu zen abisatzera, gazteak gibeleko oihanerat eskapatu ziren, baina orduan erori ximixtek dena agerian uzten zuten! Ai ama! Uste zuten atzemanak ginela. Baina alemanak ostatu batean sartu ziren deusetaz ohartu gabe. Piarres Lafitte, Filosofiako irakaslea izan zuen. Mugazain baten semea zen. Bazuen usaiaz kanpoko inteligentzia. Alemanen arma berrien izenak ezagutzen zituen.
Euskal Herrian emaztearen lekua garrantzitsua bazen ere, gizonari utzi behar zitzaion lehen lekua, hark manatuko balu bezala. Hori Gabik ezin izaten zuen jasan.[2] Halere, komentuan sartu zen bere tribuarengandik eskapatzeko. Komentuko bizimodua, ordea, gogorra izan zen. Dolores euren nagusiak serorak bere sehitzat zeuzkan, nahi zuena eginarazten zien. Erlijioaz futitzen zen, eta bidaian zegoen beti, hotel onenetan. Gabi Uztaritzeko komentuan zen gerla denboran. Hamar kiloz argaldu zen, gosez bizi izan zen; alta, Dolores Nagusiak egunero manatzen zuen menua. Gero, Uztaritzetik Tolosa (Okzitania) ondora joan ziren.
Ondoren Argentinara igorri zuten, haur trisomikoei katixima irakastera, Parisen ikasitako pedagogia berritzaileari esker. Han libre zen, Dolores nagusiaren atzaparretatik kanpo, loriatu ziren, lantegi babestua muntatua zuten: trisomikoek lan egin zezaten, soldatapean. Kontent ziren, Zioten beti: «Nik ere ahal dut», izugarri alegerak ziren.
Jorge Videlaren diktaduratik gutigatik ihes egin zuen, hala ere hurbiletik ezagutu zuen. Bere bizitzako saminik latzena izan zen. Frantziara aldatu zen, baina Kati eta Leonie serora adiskideak Agentinan gelditu ziren. Torturatu eta desagerrarazi zituzten, 1978an. Alta, Videlaren seme trisomikoaz eta alabez arduratu ziren.
Laoseko Lao Theung populuarekin bizi izan zen. Euskaldunak eta gizaki guziak lehenik izan ziren bezala, haiek ere animistak dira. Sinesten dute epilepsia kasuetan jenioak duela gorputza hartzen. Ez kutsatzeko, gorpua herritik at uzten dute. Gerla denboran egon zen. Lehergailuak noiznahi, haiengandik ihesi, 4L autoarekin jendea toki batetik bestera eramaten zuen. Ez zen beldur, harro baizik, untxi, oilo, zerri, denak eramaten zituzten autoan. Etxoletan bizi ziren.
Serora izateari agur esateko unea heldu zitzaion. Komentutik atera ziren hamabost bat 1975ean. Beste guztiak bezala izan nahi zuten, ez zuten babes berezirik nahi. Alice Domon, adibidez, esklabo ziren laborari batzuekin zebilen nekazari elkarteetan, eta anitz ziren pertsegituak. Haiekin izanki, itsasontzi berean ziren. Serora izatea utzi arren, pobreak laguntzen segitu zuen, izan sindikatuekin, izan langabetuen mugimenduetan, edota CCFD-Terre Solidaire elkartean. 21 urterekin egin zen serora eta 42 urte zituela utzi zuen.
Idazle ibilbidea
2001ean hasi zen idazten, lagunek animatuta. Je marche à leur côté (Haien ondoan nabil) liburua argitaratu zuen orduan, hamar bat lagunekin batera. Jende sinpleen biziaz idaztea zuten xede. Harrezkero, liburu andana idatzi du, gehienak lekukotasunez osaturikoak. Ez dauka bere burua egiazko idazletzat, jendea mintzarazten du eta bizipenak jasotzen ditu; Izan artzainenak, amatxienak edota etorkinenak, haien memoriak atxikitzeko idatzi ditu liburuak. Idazteak aldiz ez du akitzen. Horrez gain, psikologikoki laguntzen du, idaztea terapia da Gabirentzat.[3]
Sur les pas des disparus d’Argentine (Argentinako desagertuen urratsen atzetik). 1962tik 1968ra Argentinan egon zen, serora. Garaian ezagutu zituen Alice Domon eta Léonie Duquet, pobreekin ari ziren, dohaintsuak ziren horretarako. Haiekin lan egin zuen. Bi adiskide handi horiek desagertu ziren 1977an, torturatuak izan ziren eta itsasora bizirik bota zituzten. Haietaz hitz egin nahi zuen. 2013an Argentinan egon zen eta itzuleran arras gaizki zen. Munduaz desesperatua zen, ikusi zuen ezer ez zela aldatzen, diktadura berriak beti zetozela, Eliza beti zela boteretsuekin... Sendatzeko idatzi zuen liburua, egia.
Azken liburua mirakulua izan zen, uste baitzuen ahantzia zuela euskara. Baina emeki-emeki dena heldu zitzaion, hiztegia lagun.
Euskaraz ene sentimenduak jiten dira gehiago ene bururat eta bihotzerat. Hunkigarriak dira, zeren eta euskaraz baitira. Ezin dut esplikatu.
Sindikalismoa
Tolosarat itzuli, eta lanean hasi behar izan zuen. CFDT sindikatuan sartu zen; igandeetan lanean ez aritzeko, edo pantaila aitzinean lau oren baino gehiagoz ez jardutea eskatu zuten. AC langabeziaren kontrako elkartean ere parte hartu zuen, behin Gasteizen manifestaziora joan ginen. Lanetik kanpo ezarri gintuzten, baina duintasuna sekula kendu gabe. Tolosako langile guziak mobilizatu zituzten.
Argitalpenak
- Je marche à leur côté (Haien ondoan nabil) hamar bat lagunekin batera.
- Bele Xuriak kronika liburua.
- Sur les pas des disparus d’Argentine (Argentinako desagertuen urratsen atzetik)
- Aldudetik mundura (2021, Maiatz) autobiografia.
- Hitza Hitz– Paroles de basques.[4]
Erreferentziak
- Madariaga, Ainize. ««Pentsa zer kuraia enea! Ene tribuaren amoreagatik sartu nintzen komentuan»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- (Frantsesez) Arotçarena, Jean. (2012-02-11). Les femmes du Pays basque à l'honneur. ISSN 1760-6454. (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- «"Herritarrek beti uste dute esku azkar batek herria salbatuko duela"» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).
- Administrator. «« Hitza Hitz – Paroles de basques » libürü berria» www.xiberokobotza.org (Noiz kontsultatua: 2022-06-03).