Gabi

Gabia[1] edo matxinoa mailu moduko tresna handi bat da, burdinola hidraulikoetan agoa lantzeko erabiltzen zena.[2] Ingudearen gainean mekanikoki kolpatuz, zepak kentzen zitzaizkion labetik ateratako burdin masa porotsuari, trinkotu egiten zen eta, azkenik, forma ematen zitzaion. Gabia mugiarazteko, ubide batetik iritsitako ura gurpil hidrauliko baten gainera isurtzen zen, eta gurpil horren higidura ardatzaren eta horzdun gurpil baten bidez helarazten zitzaion.[3] Euskal Herrian, XIV. mendekoak dira burdinola hidraulikoei buruzko lehenbiziko aipamenak.[4]

Gabi baten irudikapena (1890)

Egitura

Gabi txikia, ardatzean 6 maisukari dituena.

Gabia 400 eta 600 kilo arteko burdinazko pieza izan ohi zen, kirtena -gabigunea- sartzeko begi bat zeukana. Kirten hori haritz edo pago egurrezkoa izaten zen, burdinazko uztaiekin gotortua; handienek 4 metroko luzera eta 30-40 zentimetroko diametroa izan zezaketen. Erdialdean boga izeneko tramankuluak eusten zion: kirtenari besarkatutako burdinazko eraztun bat, alboetan bi zehar-mihi zeuzkana. Zehar-mihiak burkoetan sartuak eta zepoetan finkatuak egoten ziren, eta zepoak lurpean sartutako egur handi baten gainean tinkatuak. Kirtenaren beste muturrean endala izeneko atal burdineztatua zegoen, eta haren parean, lurrean sartua, endal-harria; azken hau, izenak besterik adierazten badu ere, burdinazkoa izan zitekeen.[5][6]

Gabiak ingudearen kontra jotzen zuen. Burdinazko bi atalez osaturik zegoen eta, gabiaren etengabeko kolpe-kontrakolpe ziklo bortitza moteltzeko, lurpeko zurezko egitura malgu baten gainean ezartzen zen.[7] XVIII. eta XIX. mendeetako ingudeek 300 kiloko pisua izaten zuten.[6]

Funtzionamendua

Gabia higiarazten zuen gurpil hidraulikoa antaparako ura, txinbotik barrena, haren gainera erortzean biratzen zen. Prozesua kontrolpean edukitzeko, txinboaren irekidura doitzen ahal zuten burdinolako tailerretik.[8] Gurpilaren biraketa mugimendua gabi-ardatzaren bidez sartzen zen eraikinaren barnera. Ardatzak egurrezko zilindro edo danbor bat zeukan, uztai metalikoz indartua, eta danbor horretan burdinazko espeka batzuk sartuak: maisukariak.[9] Maisukariak lau izan ohi ziren (sei gabi txikietan).

Pausaldian gabia ingudearen gainean egoten zen. Ardatza biratzerakoan maisukari batek endala jo eta beherantz bultzatzen zuen; era horretan, beste muturrean zegoen gabia goratzen zen. Jarraian, maisukaria endaletik askatzen zen, baina gabiaren kirtenak biratzen segitzen zuen, inertziagatik, endalaren muturrak endal-harriaren kontra talka egiten zuen arte. Orduan, gabia beherantz abiatzen zen, ingudea jo arte. Hurrengo maisukariarekin prozesua errepikatzen zen, eta horrela behin eta berriz.[6] Gabi handiek 120 ukaldi inguru jotzen zuten minutuko,[10] eta 200 baino gehiago gabi txikiek.[7]

Erreferentziak

  1. Euskalterm: [Zurgintza Hiztegia] [2020]
  2. Gabi. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-3).
  3. Aizpurua Sarasola, Joxerra. Mirandaola: historiatik festara. Elhuyar aldizkaria, 71. zenbakia, 1993ko maiatzak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-3).
  4. Urteaga, Mertxe. La cultura metalúrgica del hierro en el Pirineo durante la Edad Media. Trabajos de Arqueología Navarra (TAN), 30, 2018, 237-262ISSN: 0211-5174, ISSN-e: 2530-5816, culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-12-3).
  5. Garmendia Larrañaga, Juan; Mendiguren Bereziartu, Xabier. Juan Garmendia Larrañagaren Hiztegi etnografikoa. Eusko Ikaskuntza, 2009, Juan Garmendia Larrañaga Bilduma, 55, ISBN: 978-84-8419-121-6, core.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2020-12-3).
  6. Cabezón, Xabier. Mazo. leitzaran.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-3).
  7. El Pobal burdinola: Gabia. bizkaikoa.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-3).
  8. Korkostegi Aranguren, Inaxio. Agorregiko burdinola. Elhuyar aldizkaria, 108. zenbakia, 1996ko ekainak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-4).
  9. El Pobal burdinola. Aintzinako lanbideak, CC-BY-SA-4.0, gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-4).
  10. Burdingintzaren historia Euskal Herrian. amarauna.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-4).

Kanpo estekak

  • Gabia, El Pobaleko burdinola, museoeneguna.eus
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.