Komunikazio mugikorretako sistema orokor
komunikazio mugikorretako sistema orokorra[1] (ingelesezko Global System for Mobile communicationstik, GSM) telefono mugikor digitalentzako mundu-mailako sistema estandarra da. 1980ko hamarkadan garatu zen, eta 1992an erabili zen lehen aldiz.
GSM bezeroa telefonoaren bidez konekta daiteke ordenagailuarekin, eta posta elektroniko bidezko mezuak eta faxak bidali eta jaso ditzake, Internetera konekta daiteke, eta bestelako datu igorketa funtzio digitalak erabil ditzake, hala nola SMS mezu laburren zerbitzua.
GSMak har dezakeen datu transmisio abiaduragatik eta bestelako ezaugarriak direla eta, 2G telefonia mugikorraren belaunaldiari dagokion estandarra da. Honen luzapenak 3G telefonia mugikorrari pausu eman dio, UMTS estandarrari hain zuzen. Honek abiadura handiagoa hartzen du, eta sare arkitekturak ere ezberdintasunak ditu. Gainera, irrati protokolo ezberdinak erabiltzen ditu.
Frekuentziak
GSMk lau banda ditu: GSM 850, GSM 900, GSM 1800 eta GSM 1900.
Banda | Izena | Kanalak | Uplink (MHz) | Downlink (MHz) | Oharrak |
GSM 850 | GSM 850 | 128 - 251 | 824,0 - 849,0 | 869,0 - 894,0 | Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan, Hegoamerikan eta Asian erabiltzen da |
GSM 900 | P-GSM 900 | 0-124 | 890,0 - 915,0 | 935,0 - 960,0 | Europan GSMa banda honetan jaio zen, eta gaur egun ia mundu osoan erabiltzen da |
E-GSM 900 | 974 - 1023 | 880,0 - 890,0 | 925,0 - 935,0 | E-GSM, GSM 900 bandaren luzapena | |
R-GSM 900 | n/a | 876,0 - 880,0 | 921,0 - 925,0 | Trenbideen GSMa (GSM-R) | |
GSM1800 | GSM 1800 | 512 - 885 | 1710,0 - 1785,0 | 1805,0 - 1880,0 | Amerikako Estatu Batuetan armadak erabiltzen duen banda da |
GSM1900 | GSM 1900 | 512 - 810 | 1850,0 - 1910,0 | 1930,0 - 1990,0 | Ipar Amerikan erabiltzen da, eta GSM 1800 bandarekin bateraezina da, bandak gainjartzen baitira |
SIM txartela
GSM estandarraren ezaugarri nagusi bat bezeroaren identifikazio modulua da, SIM txartel izenez ezaguna (ingelesez Subscriber Identity Module, SIM). SIM txartela txartel adimentsua da, zeinak bezeroaren suskripzio informazioa, sare ezarpenak eta telefono agenda gordetzen baitituen. Horrek, terminala aldatzekotan informazioa mantentzea ahalbidetzen dio bezeroari. Bestalde, erabiltzaileak telefonia mugikorreko operadorea alda dezake, telefono gailua mantenduz, SIM txartela aldatuta. Operadore batzuek terminala lokatzen dute SIM txartel mota jakin batekin besterik ez erabili ahal izateko, normalean konpainiaren SIM txartelak.
GSMa Hego Euskal Herrian
1982an Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak (CTNE), egungo Telefónica, TMA-450 (Telefonía Móvil Automática a 450 MHz) izeneko telefonia mugikor zerbitzu analogikoa kaleratu zuen Hego Euskal Herrian, NMT estandarrean oinarrituta. Euskal Herrian ezarri zen sistema hori lehenengo telefono mugikor zerbitzua izan zen.
1990ean, 450 bandak gainezka egingo zuen lehen sintomak aurkitu ziren, telefonia mugikorraren hazkundearen ondorioz. Hala, beste estandar bat merkaturatu zen, TMA-900 izenekoa. Zerbitzu honek MoviLine marka komertzialaren izena jaso zuen. 1991n Espainian telefonia mugikorrak 100.000 bezerotik gora zituen.
Historian zehar sistema analogikoak sistema digitalaren aurrean landaguneetan estaldura hobeagoa izan du, baina estaldura honek soinu kalitate baxua zeukan, eta datu transmisio zerbitzuetan geldoa zen.
1995ean lehenengo GSM telefonia mugikor digitala ezarri zen Hego Euskal Herrian, Telefónicak kaleratu zuen Movistar marka berriaren behean. 1995etik aurrera telefonia digitalaren hedapena oso azkarra izan zen, eta ordurako zerbitzu analogikoa eskaintzen zuen teknologia zaharkiturik gelditzen hasia zen. MoviLinen sareek jasan zezaketen bezero kopuru maximoa milioi batekoa zen, eta 1996ko hasieran 900.000 bezero zituen. Ordurako Airtel (gaur egun Vodafone konpainiak operatzeko lizentziak lortu zituen, eta 1999an Amena (gaur egun Orange) sortu zen.
Amena konpainiari 1800 MHz bandako irrati frekuentziak besterik ez zitzaizkion eman, Movistar eta Airtelek 900 MHz bandan funtzionatzen zuten bitartean. Horrek esan nhai zuen Amenak sare handiagoak hedatu behar izatea estaldura jakin bat lortzeko, 900 MHz bandan funtzionatuko balu sare txikiagoekin estaldura bera lortuko lukeen bitartean. 2005ean Espainiako Gobernuak Amenari frekuentzia berriak eman zizkion, 900 MHz bandan, baina ordurako Movistar eta Vodafone konpainiek sare handiagoak zituzten.[2]
2000 urtetik aurrera sare analogikoak ixten hasi ziren, eta 3G teknologiarako lizentziak ematen hasi ziren. Urte berean Xfera konpainiak (gaur egun Yoigo) operatzeko lizentziak lortu zituen, baina ez zuen 2006ra arte operatzen hasi.
Gaur egun, 2G/3G/3,5G/4G teknologiak erabiltzen ditugu, eta batez ere 3,5G teknologikoki hobeagoa den arren, operadoreek sare duala erabili ohi dute estaldura hobeagoa eskaintzeko, hau da, 3,5G estaldura ez dagoenean, telefonoak 3G edota 2G estaldurak erabil ditzake, eta alderantziz.[3]
Espainiako Telekomunikazio Merkatu Komisioaren (CMT) 2009ko datuen arabera, GSM estazio gehiago daude 3G/UMTS estazio baino.
Erreferentziak
- Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2001]
- Por qué la cobertura de Orange es peor que la de Movistar y Vodafone
- Red Dual 2G+3G de Vodafone