Gobernuz kanpoko erakunde

Gobernuz kanpoko erakundea (GKE) pertsona fisikoek edo juridikoek legez eratu duten erakunde bat da, edozein gobernutatik independenteki diharduena, hainbat arlotan: kultura, garapena, giza eskubideak, ekologia, politika... Herrialde edo gizataldeei garatzen laguntzen lan egiten dutenei garapenerako gobernuz kanpoko erakunde (GGKE) deritze.

GKEak, batez ere, herrialde garatuetan sortzen dira; izan ere, ikasle mugimenduetan, sindikatuetan, talde politikoetan parte hartzen duen pertsona-kopururik handienak han izaten baitira. Halaber, han hazi da gehien GKEren batean lankidetzan aritzen diren boluntarioen kopurua. Gazte eta heldu askok beren aisialdiko denboraren eta energiaren zati bat lankidetzan aritzen diren horiengandik ikasten ematen dute, eta, aldi berean, esperientzia bereganatzen dute.

Bestalde, gutxiago garatuta dauden herrialdetan —esaterako, Afrikan, Asian eta Latinoamerikan—, neurri txikiagoko talde eta erakunde ugari sortu dira; beren ingurunean bizi-kalitatea hobetu nahi duten herri-mugimenduak dira.

Ezaugarriak

Nazio Batuen Erakundearen arabera, gobernuen arteko akordioen bidez sortu ez den nazioarteko edozein erakunde. Beraz, nazioarteko erakundeetatik bereizten dituena gobernuen mende ez egotea da. Gaur egun, zeregin ofiziala betetzen dute nazioarteko beste erakunde batzuetan, hala nola Nazio Batuen Erakundean, Segurtasun eta Garapenerako Erakundean eta Europar Batasunean. Nazio Batuekiko erlazioak NBEn sei organo nagusietako bat den ECOSOC delakoak (Economic and Social Council, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala) gobernatzen ditu. Beren jardueretan mugak gainditu arren, harremanak eta akordioak lor ditzakete gobernuen parte hartzerik gabe. Nazioarteko erlazioetako partaidetzat hartzen dira. GKEak erregistratu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzte:

  • erakundeak ECOSOCen eskumenekoak diren eta bere lan eremuaren barrukoak diren gaiez arduratu behar dira,
  • erakundearen helburuek Nazio Batuen helburu eta izpirituekin bat etorri behar dute,
  • irabazi asmorik gabekoak izan behar dira,
  • jarduerarako egitasmoa onartua izan behar dute, eta
  • beren asmoak lortzeko baliabideak izan behar dituzte.

Erakunde horiei buruzko informazio osoa UIAk (Union of International Associations) urtean behin argitaratzen duen Yearbook of International Organizations buletinean aurki daiteke.

Lehenengo Gobernuz Kanpoko Erakundeak XIX. mendekoak dira: 1840an, adibidez, Esklabotasunaren Aurkako Munduko Hitzarmena bildu zen, eta esklabotasuna ezabatzeko mobilizazioak eragin zituen nazioartean. Gaur egun izugarri hedatzen ari den fenomenoa bihurtu dira GKEak: 1909an 200 inguru zeuden erregistraturik, eta 1992an 5.000 baino gehiago. Helburu eta kausa humanitario ugari izaten dituzte baina, oro har, Iparraldeko herrialde garatuen eta Hegoaldean garapen bidean daudenean arteko aldea txikitzen laguntzekoa izaten da, batez ere baliabideen banaketari, komunikazioari eta hezkuntzari dagozkien gaietan. Adibide ezagunetako batzuk Amnesty International, Gurutze Gorria edo Mugarik Gabeko Medikuena dira. Teorian, estatuekiko independenteak diren arren, finantza arazoak direla-eta, kezkagarri bihurtzen ari da gobernuekiko mendekotasuna, gobernu askok beren helburu politikoen zerbitzurako erabili nahi izaten baitituzte. Horregatik, finantzaketa beren bazkideen edo herrialde garatuetako hiritarren diru laguntzen bidez lortzea erakunde horien helburua da.

GKE motak

Mota ugari daude, GKEek hainbat jarduera egiten baitituzte. Zeregina kontuan hartuta, bereizketa hau egin dezakegu:

  • Garapenerako GKE (ONGD): nazioarteko garapenerako lankidetzaren printzipioekin eta helburuekin lotutako jarduerak egiteko helburua du. GKE mota horren adibidea Oxfam intermon da, munduko hainbat herrialdetan garapen programak egiten dituena.
  • Gizarte Ekintza GKE: haren ekimenak gizarte zerbitzuekin lotutako alderdiei zuzenduta daude: adibidez, ONCE, ezgaitasunak dituzten pertsonen gizarteratzeko helburua duena.[1]
  • Giza Eskubideen GKE (eta Bakea): ekintzak Giza Eskubideen defentsan edo egindako urraketen berri ematera bideratuta daude. Amnesty International edo Save the Children GKE mota horren adibide nagusiak dira.
  • Ingurumenaren GKE: ingurumenaren eta garapen iraunkorraren aldeko sentsibilizazio jarduerak garatzen dituzte. Greenpeace adibide argia da.

GKE ospetsu batzuk

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Ahotsa, Medikuen. «Gobernuz kanpoko erakundeen beharra» medikuenahotsa.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-28).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.