Mahai-futbol
Mahai-futbol mahai berezi baten gainean jokatzen den joko bat da, jokalari batek mugiarazten dituen egur edo plastikozko futbolariei eraginez futbola simulatzen duena. Hego Euskal Herrian futbolin izenarekin ezaguna da eta Ipar Euskal Herrian baby-foot ere esaten zaio.
Jokoaren mekanika
Mahaian talde bakoitzeko egurrezko, metalezko edo plastikozko 11 jokalari txikiak distantzia erregularretan zehar banatzen dira 4 ardatzetan 1(atezaina)-3-3-4 eran, bestelako banaketak badaude ere. Mutur bietan atea irudikatzen duen zulo edo leiho bat ere badago. Ardatzei eraginez, jokalariek birarazi eta aurkariaren aterako norabidean pilota jo eta gol egitea da helburua.
Lau ardatz izanik, bikoteka joka daiteke, alde bakoitzean bi ardatzei eutsita bakoitzak aurrelari/atzelari posizioetan; edo banaka (bat baten kontra), jokalariak zein ardatzi eutsi esku bakoitzarekin erabaki behar duelarik.
Aldaerak
Munduan diren mahai-futbol gehienetan, jokalariek bloke lau bat dute oinen ordez, harekin bola erabili eta jaurtitzeko. Espainian, ordea, metalezko jokalari oin bikoak dituen aldaera bat zabaldu zen Alexandre Finisterre galiziarrak 1930eko hamarkadan sortua[1]. Hego Euskal Herrian bi oineko jokalariekin edo oin bakarrekoekin ikusi izan dira mahai-futboleko mahaiak 20. mendetik, Ipar Euskal Herrian oin bakarrekoak direlarik ohikoak; Frantzian zabalduen den marka edo eredukoak, Bonzini delakoak[2].
Ikus, gainera
Erreferentziak
- «Xornal: Alexandre Finisterre: "Inventé el futbolín por culpa de una bomba nazi"» web.archive.org 2009-07-03 (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).
- (Frantsesez) «Le baby-foot Bonzini, une aventure franco-italienne qui perdure» Babyfoot Vintage 2014-08-02 (Noiz kontsultatua: 2021-09-20).