Fruitu lehortu
Fruitu lehortua ur gehiena kendu zaion fruitua da. Ura era naturalean kentzen ahal zaio, eguzkitan jarrita, edo era artifizialean, lehorgailuen bidez. Prozesu honen helburuak bi dira: denbora luzean kontserbatzea eta fruituen zaporea indartzea.
Fruituak kontserbatzeko teknika hau Mesopotamian hasi zen erabiltzen, K.a. 4. milurtekoan. Gaur egun oso hedaturik dago. Fruitu lehortu ohikoenak mahaspasak, datilak, aranpasak eta piku, albertxiko, mertxika, sagar eta udare idorrak dira. Lehortzeko modu tradizionalak eguzkitan jartzea edo haize beroko tunelak erabiltzea dira. Beste batzuei, hala nola ahabia, gerezi, marrubi eta mangoari, edulkoratzailea gehitzen zaie lehortu baino lehen. Fruitu lehortu bezala saltzen diren papaiak eta ananak, egiaz fruitu azukreztatuak dira.