Fronda

Fronda (frantsesez: La Fronde) 1648 eta 1653 bitartean, Louis XIV.a erregea izateko adin txikikoa zelarik, Frantzian gertatutako gerra zibilen multzoa izan zen. Izena Parisko lehenengo matxinatuek zeramatzaten tirabike edo tiragomengatik dator.

Frantziako historia
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak
  • Frantziako errege-erreginen zerrenda

Fronda handituz zihoan erregeen boterea murrizteko saioa izan zen. Porrot egitean, Louis XIV.aren absolutismoari bidea zolatu zion. 1624tik 1642 arte Frondak Louis XIII.aren ministro nagusia zen Richelieu kardinalaren politikei aurre egin zien. Horien bidez, nobleziaren eragina eta justizia-gorteen (parlamentuen) botereak urritu ziren.

Gobernuaren kontrako oposizioa 1643tik aurrera hedatu zen. Izan ere, urte horretan Louis XIII.a hildakoan, Ana Austriakoa erregin alarguna erreginorde bilakatu zen testamentuak esanak esan. Ministro nagusi Italian jaiotako Mazarino kardinala izendatu zuen.

Kausak

Egoera ekonomiko latza

Frantzia 1614tik 1624 arte gerra zibilean zegoen, eta 1635tik aurrera Espainiaren aurka borrokatu zen. Batzuek, katolikoenek, Espainiaren kontrako gerra hori arbuiatzen zuten, eta beste batzuek, uste zuten bakea 1648an, Westfaliako bakeetan hain zuzen ere, sinatu behar zela.

Gerra horiek diru andana eskatzen zuten. Zergak izugarri igo ziren, eta beste asko sortu zituzten, baita tokian tokiko pribilegioen gainetik ere. Gainera, egoera ekonomiko orokorra ere txarra zen: Amerikatik zetorren urrea urritzen hasi zen. Uzta txarrak izaten ziren, neguko izozteak eta udako soberako euriteak zirela eta. Honek sal-erosketak moteltzen ere eragin zuen.

Hiltzeko tasa nabarmen handitu zen, batik bat nekazari txiro eta artisauen artean. Herriak abandonatzen hasi ziren, eta Frantziako hiriak eskalez bete ziren. Honela, izurriteak hedatu ziren. Udalak, egoera horri aurre egiteko nahian, zorpetu ziren.

Bizirik irauteko matxinadak ugaldu ziren. Delitu bortitzen kopuruak gora egin zuen, batez ere zerga biltzaileen kontrakoek.

Noblezia handiaren nahigabea

Gortean bere kargua lortu nahian etengabe matxinatzen zen gizatalde hau. Ohitura zaharrei jarraiki, administrazio zein armadako goi karguak haiek bete behar dituzte. Hala egin ezean, erregeak erresumako oinarrizko legeei sorbalda ematen die.

Tradizioak ezartzen dituen oinarrizko lege horiek erregearen gainean daude, noblezia handiaren ustetan. Horretarako, erregeak basailuak errespetatu behar ditu, baita Estatu-arrazoiak kontrakoa esaten duenean ere. Estatu-arrazoia ez dago oinarrizko legeen gainean.

Ondorengoak erregea izateko adina bete ez duen bitartean, (eta hala gertatu zen Louis XIII. eta Louis XIV.aren kasueetan) erresumako familia hoberenetakoek osatutako kontseiluak izan beharko luke erregente, eta Anne d’Autrichek testamentuak zioenari muzin egin zion. Gainera, gobernatzeko adin txikiena 14 urtetik 21era eraman nahi zuten.

Justizia ofizialen nahigabea

Anne d'Autriche Louis XIV. semea Frantziako koroa hartze ari delarik.

Toga-noblezia honek argi zituen bere betebeharrak: erregeari men egitea, baina botere absolutuari, Estatu-arrazoiari, mugak paratzea ere, frantsesen babeserako. Erret-agindu batek huts egiten zuenean, parlamentuek (justizia auzitegiek hots) erantzuteko eskubidea eta beharra zituzten, haien ustetan. Hori dela eta, gobernu-aferetan ere parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten, batik bat Parisko Parlamentuak. Erregea botere nagusia da, baina are nagusiagoa da parlamentuarekin batera erabakitzen duenean. Erregeek, haien iritsiz, ez zuten parlamentuen subiruntasuna bertan behera uzteko eskubiderik.

Halaber, aldarrikapen materialak zituzten. Soldata altuak izan arren, erregeari maileguak uzteko beharra zeukaten. Honela, erregeak dirutza handiak eskuratu ahal izaten zituen, baina justizia ofizialek, bere aldetik, maileguak eskatzera behartzen zituzten. Gainera, semeek aiten kargu horiek heredatu ahal izateko, Paulette izeneko zerga ordaindu behar izaten zuten. 1648an Paulette eztabaidatzen ari zela kausa sortu ziren lehengo kexak.

Erregeek, gainera, diru gehiago lortu nahian, justizia-postu gehiago saldu zituzten. Horrela, alabaina, besteen soldatak zein eraginak behera egiten zuten. Horretaz gain, probintzietan administrazio-ofizialen jarduera ikuskatzeko eta Parisko aginduak betearazteko, Richelieu kardinalak intendanteak hedatu zituen erresuma osoan zehar.

Parlamentuko Fronda

1648ko udaberrian Parisko parlamentuak gobernuko neurri batzuk berresteari uko egin zion. Erregetzari muga konstituzionalak ezarri nahiz zizkion parlamentuak, erret aginduak eztabaidatzeko eta aldatzeko gaitasuna zeukalakoan. Ekainaren 30etik uztailaren 12 arte, asanblada batek erreformarako 27 artikulu idatzi zituen, tartean intendanteak (probintzietan gobernu zentraleko ofizialak) desargerraraztea, zerga murrizketak, Parlamentuak zerga berrien onartzeko beharra, edo espetxeratze arbitrarioa amaiaraztea.

Uztailaren 31n, Espainiaren kontra borrokan zebilen Mazarinoren gobernuak aldarrikapen asko onartu zituen. Baina egun batzuk geroago, Condé Printzeak Lensen espainiarrak garaitu zituen berriarekin, abuztuaren 26an, bi parlamentari nabarmenduenetakoak atxilotzeko ausart nahikoa sentitu zen Mazarino. Horren ondorioz sortutako matxinadaren aurrean, Mazarinok amore eman zuen eta aske utzi zituen bi egun geroago.

Hala ere, ezkutuan, Mazarinok Paris utzi zuen. Parlamentuak, Mazarinok ziria sartu zielakoan, boterea hartu zuen. Condé Printzeak Paris setiatu zuen 1649ko urtarrilean. Parisko buruek eta noblezia altuaren zati batek babestuta, parlamentuak defentsarako milizia osatu zuen. Hala ere, kaosa Parisen eta probintzietan nagistzen joan zen. Atzerriko gerra ere kontuan hartuta, bi alderdiek 1649ko apirilaren 1ean Rueilgo Bakea sinatu zuten. Amnistia agindu zuen Printzesa Annek eta matxinoen hainbat aldarrikapen onartu ziren.

Printzeen Fronda

Condé Printzea.

Printzeen Fronda, gerra zibileko bigarren unea (1650eko urtarriletik 1653ko irailera arte) intriga, alderdikeria eta aliantza aldaketen nahaspila izan zen, zeinetan auzi konstituzionalek gutizia pertsonalei ireki zieten bidea.

Lehenengo Frondan Mazarinoren alde egiteagatik botere politikorik lortu ez zuelakoan, Condé Printzea Mazarinoren kontra kritikatzen hasi zen. Erregenteak 1650eko urtarrilaren 18an atxilotzeko agindu zuen, hain ziren gogorrak bere kritikak. Bere aldekoak, orduan, matxinatu ziren probintzietan, nahiz eta Bordelen baino ez zuten arrakastarik izan. Erret armadak bertan behera utzi zuen matxinada 1650aren bukaerako.

Mazarino eta erregentearen arrakastaren aurrean, euren aurkari guztiek, Parisko Parlamentuak eta Condéren aldekoek, bat egin zuten Condé askatzeko eta Mazarino kanporatzeko.

Erregentea eta Mazarino bi Frondak zatitzen saiatu ziren, bere helburuak ezin desberdinagoak baitziren. Mazarinok Guienara, bere aldeko lekura, jo zuen armada bat osatzera. Erreginak Parlamentuko Frodakoekin bat egin zuen eta, 1651ko abuztuan, Condé auziperatzea erabaki zuen. Condék gerra beste aukerarik ez zuen. Espainiako laguntza gorabehera, Parisko atarietan garaitu zuen Mazarinoren mertzenarioen armadak (1952ko uztailaren 2an). Gainera, Parisko burgeseriaren babesa galdu zuen, eta Parlamentuena ez zuen inoiz irabazi. Condék urriaren 13an utzi zuen Paris, bukaeran Espainiako Herbeheretara joateko. 1652ko urriaren 21ean erregentea eta Louis XIV.a Parisen sartu ziren txalotuta. Mazarino 1653ko otsailaren 3an sartu zen, inork txintik esan gabe.

Ondorioak

Noble asko herbesteratuta eta Parlamentuen jarduerak erregeari aurre egitea debekatuta, Fronda Mazarinoren eta absolutismoren garaipen nabarmena izan zen. Louis XIV.ak lehenago inork ez zuen adinako boterea lortu zuen, beraz. Ezarian ezarian, gobernatzeko era absolutu hori Europan zehar hedatu zen. Frantzian, erregetzaren nagusitasunak ez zuen mugarik aurkitu 1789 arte.

Gaur egun, historialariak ez datoz bat Fronda definitzerakoan. Batzuen ustez, Erregimen Zaharreko matxinada izan zen, Erdi Arokoen tankerakoa: kinka ekonomiko latz baten aurrean, kaltetuak matxinotu ziren. Besteen ustez, berriz, iraultza hitza da hobestekoa, sistema politikoan aldaketa sakonak aldarrikatu zirelakoan.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.