Frisia

Frisia[1] (mendebaldeko frisieraz: Fryslân; iparraldeko frisieraz: Fraschlönj, Freesklöön, Freeskluin, Fresklun edo Friislön; ekialdeko frisieraz: Fräislound edo Freesland; alemanez eta nederlanderaz: Friesland; danieraz: Frisland) Ipar Itsasoaren hego-ekialdeko ertzean kokaturik dagoen eskualde bat da, frisiarren bizilekua dena. Frisiera ingelesari estuki lotutako hizkuntza talde bat da. Gaur egungo Herbehereetako ipar-mendebaldetik, Alemaniako iparraldeko kostalde osoan eta Danimarkaren ertzeraino hedatzen da.

Frisiaren hedadura.
Artikulu hau eskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Frisia (argipena)».

Ipar itsasoaren ertzean, Holandako (Mendebaleko Frisia, Frisia eta Gröningen), Alemaniako (Aurich, Jeverland, Saterland, Wurstener eta Iparraldeko Frisia) eta Danimarkako (hego-mendebaleko eskualde txiki batean) estatuetan banatua dago. 13.030 km2 eta 2.000.000 biztanle inguru. Hiriburua: Ljouwert (nederlanderaz: Leeuwarden, 84.966 biztanle). Hiri nagusiak: Grins (Gröningen), Emden, Aurich, Hüsem (Husum)

Hizkuntza

Bertoko hizkuntza friesisch edo frisiera da (biztanleriaren % 20 mintzo da frisieraz). Frisiarrek kultura eskubide batzuk badituzte Holandako estatuan (hizkuntza ofiziala da frisiera lehen mailako eskolan); Alemanian ez zaie inolako ofizialtasunik onartzen eta Danimarkan (1.000 frisiar inguru) hizkuntza eskubide indibidualak onartzen zaizkie.

Historia

Frisia batuaren bandera

Historiaurreko garai zehaztugabe batean finkatu ziren tribu frisiar germaniarrak (saxoien hurbilekoak ziren) Ipar itsasoko bazterretan, Rhin eta Ems ibaien bokaleen arteko lurretan, eta bertatik ohildu zituzten hango herri zeltak. Itsasoak hartutako padura lurralde zabalak ziren haiek garai hartan. K.a. I. mendearen bukaeran azaldu ziren erromatarrak (Druso, K.a. 12) eta hauen mendean egon ziren angloak eta saxoiak iritsi arte (IV-V. mendeak). Frankoek hartu zituzten lurralde haiek V. mendean (Mendebaldeko Frisia eta Gröningen) eta Karlomagnoren garaian (VIII. mendea) hasi ziren kristautzen. 925. urtetik aurrera, Germaniako inperioaren barnean geratu zen Frisia eta karolingiar dinastiaren bukaeran hirutan banatu zen lurraldea: Mendebaldeko Frisia (Rhin ibaiaren bokaletik Zuiderzeeraino), Erdialdeko Frisia (Zuiderzeetik Lauwerseraino) eta Ekialdeko Frisia (egungo Gröningen). Hurrengo mendeetan, Holandako eta Flandesko kondeen mendean geratu zen Mendebaleko Frisia, eta Utrecheko apezpikutegiaren manupean Ekialdeko Frisia edo Gröningen aldea. Erdialdeko Frisiak, ordea, luzaroan eutsi zion independentziari eta ez zuen sekula feudalismoa onartu bertan. Erdi Aroan, bere administrazio, ekonomia eta lege erakundeak izan zituzten frisiarrek, Germaniako inperioko lurralde zen arren. Erdi Aroaren bukaeran galdu zuen Erdialdeko Frisiak aurreko distira hura eta Mendebaleko Frisiaren bide beretik abiatu zen. Erreformaren garaian, protestantismoaren bidea hartu zuten frisiarrek. 1498. urtean, Maximiliano I.ak Saxoniako dukearen esku utzi zuen Frisia, baina frisiarrek ez zuten onartu eta egotzi egin zuten bertatik Saxoniako dukea. 1524ean, Karlos V.ak bereganatu zituen Frisiako mendebaldeko lurrak eta, ondoren, Habsburgoko etxearen eskuetara igaro ziren, Burgundiako lurraldearekin batera. Frisia Herbehereekin batera borrokatu zen Espainiako koroaren aurka eta Holandako historian murgildu zen 1579. urtetik aurrera. Ekialdeko Frisia konderri bihurtu zen 1454ean eta 1744. urtean hartu zuen beretzat Prusiako erresumak. XIX. mendetik aurrera, ospetsu egin da Frisiako behi azienda. Azkenaldi honetan biziki indartu dira Frisiako hizkuntzaren eta kulturaren aldeko ekinaldiak.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.