Frederick Whitaker
Frederick Whitaker (Bampton, Oxfordshire, 1812ko apirilaren 23a - Auckland, 1891ko abenduaren 4a) zeelandaberritar politikaria izan zen. Zeelanda Berriko lehen ministroa izan zen 1863tik 1864ra eta 1882tik 1883ra.
Ingalaterran zuzenbide ikasketak amaitu eta abokatu gisa lan egin ondoren, 27 urterekin Australiara emigratu zuen eta gero Zeelanda Berrira. Aucklanden bizi izan zen eta konderriko epaitegi bateko epailea izan zen. Kontseilu Legegileko edo Goi Ganberako kide aukeratu zuten 1845ean. Aucklandeko Probintzia Kontseiluko kide ere izan zen.
Henry Sewellen gobernuak fiskal nagusi izendatu zuen. Karguan lehena izan zen.
1863an lehen ministro hautatu zuten lehen aldiz. Bere agintaldiak urtebete iraun zuen eta gobernadorearekin Zeelanda Berriko Gerren inguruan zituen desadostasunen ondorioz amaitu zen.
1882ko apirilean lehen ministro kargura itzuli zen John Hallek dimisioa eman ondoren. 1883ko irailean Harry Atkinsonek ordezkatu zuen.