Frederick John Robinson (Goderich I. bizkondea)
Frederick John Robinson, Ripon I. kondea eta Goderich I. bizkondea (Skelton-on-Ure, Yorkshire, 1782ko azaroaren 1a - Putney Heath, Surrey, 1859ko urtarrilaren 28a) britainiar politikaria izan zen. Erresuma Batuko lehen ministroa izan zen 1827ko abuztutik 1828ko urtarrilera.
Landa-aristokraziako kide izan zen, eta familia-harremanen bidez sartu zen politikan. Komunen Ganberako kide izan zen eta 1819an Merkataritza Batzarreko lehendakari izendatu zuten. 1823an Ogasuneko kantziler izendatu zuten eta 1827an Lorden Ganberan sartu eta Gerra eta Kolonietako Estatu Idazkari izendatu zuten.
1827an George Canning lehen ministroa hil zen eta Goderichek ordezkatu zuen. Hala ere, ezin izan zuen denbora luzez mantendu Whig moderatuen eta Tory moderatuen koalizio hauskorra, eta dimisioa eman zuen 144 egunen ondoren.
Gero ministro izan zen Grey kondearen eta Robert Peelen gobernuetan. Gainera, Royal Geographical Society eta Royal Society of Literature elkarteetako buru izan zen.