Franz Bauer
Franz Andreas Bauer (Feldsberg, Austriar Inperioa, 1758ko martxoaren 14a - Kew, Ingalaterra, 1840ko abenduaren 11) mikroskopiolari, naturalista eta ilustratzaile austriarra izan zen[1]. Royal Society elkarteko kidea izan zen eta Kew Errege Lorategi Botanikoan landareen ilustrazioak egiteagatik da ezaguna[2].
Franz Bauer | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Valtice, 1758ko martxoaren 14a | ||
Herrialdea | Austriar Inperioa | ||
Heriotza | Kew (en) , 1840ko abenduaren 11 (82 urte) | ||
Hobiratze lekua | St Anne's Church, Kew (en) | ||
Familia | |||
Aita | Lucas Bauer | ||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Tesi zuzendaria | Charles Janbon (en) | ||
Hizkuntzak | alemana | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | botanika ilustratzailea, ilustratzailea, margolaria eta botanikaria | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Royal Society |
Biografia
Austrian
Feldsberg herrian jaio zen Austriar Inperioaren barnean (gaur egun Valtice, Txekia). Aita Lucas Bauer Liechtensteingo gorteko margolaria zen. Franzen bi anaia ere margolariak izan ziren, Josef Anton eta Ferdinand. Aita 1761ean hil zenean ama Theresek haurrei ilustrazio eta arte klaseak ematen jarraitu zuen. Josefek hartu zuen aitaren tokia Liechtensteingo gortean eta Franz eta Ferdinandek ilustrazio botanikoaren bideari ekin zioten[2].
Landareen ilustrazioan aurreneko esperientzia Norbert Boccius apaizaren etorrerarekin izan zuten 1763an. Haren gidaritzapean 2.000 akuarelatik gora egin zituzten eta Vienako Dietrichstein kondeak kontratatu zituen loreak margotzeko. Franzek Schönbrunn Lorategi Inperialetan Nikolaus Joseph von Jacquin eta haren semearen lanak ilustratu zituen gainera[3].
Kew Lorategietan
1788an Ingalaterrara bidaiatu zuen Europan zehar ibilbide luzea egin ondoren eta Joseph Banks botanikari ingelesaren lagun egin zen. Hark Bauerren talentua ikusita Kew Errege Lorategi Botanikoko ilustratzaile nagusi bihurtu zuen, urteroko 300£-tako soldata emanez[3]. Ordutik aurerra bertan bizi izan zen, landareen ilustrazio bilduma izugarria osatuz. Izena ere aldatu zuen eta Francis Bauer bihurtu zen[2]. Royal Society elkarteko kide bihurtu zen eta Jurgi III.a erregearen margolari botanikoa ere bai.
Landareak ilustratzen hasi zen baina ondoren landareak disekzionatu eta mikroskopio mailako ilustrazioak egin zituen. Karlota erreginari, Elisabeth printsesari eta Kew Lorategien zuzendari zen Sir William Hookerri ilustrazio klaseak ere eman zizkien[2].
1840. urtean hil zen eta Kewko Santa Ana elizan hilobiratu zuten Thomas Gainsborough margolariaren alboan.
Lan nagusiak
- Delineations of Exotick Plants (1796–1803)[4]
- Strelitzia Depicta (1818)[5]
- The Genera and Species of Orchidaceous Plants, illustrated by drawings on stone from the sketches of Francis Bauer (1830–38) - John Lindleyrekin elkarlanean[6]
- Genera filicum; or Illustrations of the ferns, and other allied genera; from the original coloured drawings of the late Francis Bauer; with additions and descriptive letterpress (1842) - Sir William Hookerrek argitaratua Franz Bauer hil ondoren[7]
Iruditegia
- Erica massoni.
- Cypripedium calceolus.
- Pterostylis banksii.
- Woodwardia radicans.
- Pelargonium hirtum.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Limited, Alamy. «Retrato de Franz Bauer (1758-1840) Un austriaco microscopist botánico y artista. Fecha del siglo XIX Fotografía de stock» Alamy (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
- «Franz Bauer | The Royal Society» makingscience.royalsociety.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
- (Ingelesez) «Franz Bauer» BOTANICAL ART & ARTISTS (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
- Project, Rare Book Digitization. «Delineations of exotick plants cultivated in the Royal gardens at Kew» Dumbarton Oaks (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
- (Ingelesez) Mabey, Richard. (2015-10-22). The Cabaret of Plants: Botany and the Imagination. Profile Books ISBN 978-1-84765-401-4. (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
- Lindley, John; Bauer, Franz Andreas; Ridgways (Firm). (1830). The genera and species of orchidaceous plants. Ridgways, (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).
- Hooker, William Jackson; Bauer, Franz Andreas; Edinburgh, Royal College of Physicians of. (1842). Genera filicum, or, Illustrations of the ferns, and other allied genera. printed for H.G. Bohn, (Noiz kontsultatua: 2021-07-30).