Frantzisko Xabierkoa

Frantzisko Xabierkoa[1], bataioko izen-deiturez Frantzisko Jatsu Azpilkueta (Xabier, Nafarroako Erresuma, 1506ko apirilaren 7a - Shangchuan uhartea, Txina, 1552ko abenduaren 3a), ohiko izenez Frantses, nafar misiolaria izan zen, Jesusen Lagundiko lehenengo zazpi kideetako bat. Indietako Apostolua ezizena eman zitzaion[2]. Eliza Katolikoak 1622an santutu zuen, San Frantzisko Xabierkoa izenarekin, eta abenduaren 3an ospatzen du haren eguna. Nafarroa Garaiaren eta Euskal Herriaren santu zaindaria da, bai eta euskararena ere; horregatik, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an da.

Artikulu hau santu euskaldunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Xabier (argipena)».
Frantzisko Xabierkoa

apostolu

Bizitza
JaiotzaXabier, 1506ko apirilaren 7a
HerrialdeaXabierko gaztelua, Xabier
 Nafarroako Erresuma, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
nafar-aragoiera
HeriotzaShangchuan, 1552ko abenduaren 3a (46 urte)
Hobiratze lekuaBóm Jesus basilika (Goa)
Familia
AitaJoanes Jatsukoa
AmaMaria Azpilkueta
Ezkontidea(k)ezkongabea
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaParisko Unibertsitatea
Collège Sainte-Barbe (en) Itzuli
(1525 (egutegi gregorianoa) - 1530 (egutegi gregorianoa)) Master of Arts (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
latina
portugesa
euskara
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmisiolaria, idazlea, esploratzailea eta apaiz katoliko latindarra
Lantokia(k)Viena
Enplegatzailea(k)Erromatar Eliza Katolikoa
KidetzaWestern Christianity (en) Itzuli
Santutegia
Abenduaren 3
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Find a Grave: 101700909 Edit the value on Wikidata

Parisen eliza ikasketak egiten ari zela, Ignazio Loiolakoa ezagutu zuen, eta harekin eta beste bost lagunekin, Jesusen Lagundia sortu zuten 1534an. Bizitzako azken hamaika urteak misioetan eman zituen, India, hego-ekialdeko Asia eta Japonian, eta Txinara joan nahi izan zuen, konturatu baitzen japoniarrek Txinan bilatzen zutela jakintzaren sorburua; hartarako ahaleginetan ari zela ordea, sukar batez hil zen[3].

Esan izan da Frantzisko Xabierkoak 1.000.000 lagun kristautu zituela, baina gaur egun 30.000 besterik ez zirela uste da. Hizkuntza arazo larriak izan zituen beti; haren ustez misiolariek ebanjelio lurretako hizkuntzak eta ohiturak beretu behar zituzten, eta betiere saiatu zen lekuan lekuko elizgizonak prestatzen. Askoren iritzien kontra, bataiatu ondoren ez zuen jendea baztertua uzten; aitzitik, lan handia egin zuen besteek presaka bataiatuak hezitzen. Indian kristautu zituen eremuek gaur egun ere kristau diraute, baina Moluketan eta Japonian XVII. mendean izan ziren eraso eta esespen gogorrek suntsitu zituzten hark sorturiko misioak, ez ordea milaka martiri hil gabe[3].

Frantzisko Xabierkoaren garai historikoa

Frantzisko Xabierkoa 1506an jaio zen. Sei urte geroago, 1512an, Fadrique Álvarez de Toledo Albako Dukearen gidaritzapean zeuden Espainiako Erresumaren tropek Nafarroako Erresuma konkistatu zuten, Fernando Katolikoaren aginduz eta beaumontarren laguntzaz. Azken horiek agaramontarren aurka borrokatu berriak ziren Nafarroako Gerra Zibilean. Inbasioaren ondoren, zenbait nafar kontraeraso gertatu ziren, baina, azkenik, Gaztelako Erresumak Nafarroa Garaia bereganatu zuen[4]. Nafarroa Behereak, Pirinioen iparraldera egonik, erresuma independente iraun zuen 1620 inguru arte.

Nafarroako Erresumaren egoera, Frantzisko Xabierkoaren garaian.

Frantzisko Xabierkoa agaramontar familia nabarmen bateko senide zen. Haren aita, Joanes Jatsu, Joanes III.a erregearen Errege Kontseiluko presidentea izan zen; hortaz, inbasioaren ondoren, familiak Bearnora erbesteratu behar izan zuen, eta handik denbora gutxira aita hil zen. Ama, berriz, Maria Azpilkueta zuen, baztandar jatorrikoa. Mikel eta Joanes, Frantziskoren anaiak, Joanes III.aren eta Katalina Foixkoa erreginaren armadako gerlariak izan ziren, eta Erresuma Zaharra berreskuratzeko kontraeraso askotan parte hartu zuten[5].

1521eko maiatzaren 20an, Iruñeko gudua gertatu zen. Iñigo Lopez Loiolakoa kapitainaren soldaduak, Gaztelako Erresumaren aldekoak, Iruñeko gotorlekuan gazteluratuta zeuden. Frantzisko Xabierkoaren anaiek haien aurka eraso egin eta gero, Iñigo larriki zaurituta geratu zen[6]. Zenbait urte geroago, Ignazio Loiolakoak (Iñigoren ordez Ignazio izena hartu baitzuen) Jesusen Lagundia sortu zuen, bere aldamenean Frantzisko Xabierkoa lankide eta adiskidea zuela.

1521eko ekainaren 30ean, Noaingo guduan, gaztelar tropek nafar-gaskoiak garaitu zituzten; gudu horrek Nafarroako Erresumaren etorkizuna zeharo baldintzatu zuen. 1516an, Cisneros kardinalaren aginduz, Xabierko gazteluko kanpoko hormak eraitsi, dorreak moztu, hobiak itsutu eta matakanak eta gezi-leihoak baliogabetu ziren; gauza bera egin zuten Nafarroako gainerako gotorlekuetan ere[7].

Xabierko gaztelua, Nafarroa Garaiko Xabier herrian.

Lehen urteak

Frantzisko Xabierkoa 1506ko apirilaren 7an jaio zen, Nafarroa Garaiko Xabier herrian dagoen Xabierko gazteluan, familia noble baten altzoan. Orduan, Nafarroako Erresuma independentea zen. Haren aita, Joanes Jatsu, Albreteko Joanes III.a erregearen Errege Kontseiluko presidentea zen. Ama, Maria Azpilikueta, familia noblekoa zuen, eta senideetako batek, Martin Azpilikuetak, doctor navarrus izendapena zuen[2]. Frantzisko Xabierkoa bost anai-arreben artean gazteena zen: Magdalena, Ana, Mikel eta Joanes ziren beste laurak.

Nafarroako Erresumaren independentzia galarazi zuten gertakari historikoek asaldatu zuten Frantziskoren haurtzaroa, gertakari horietan nahaspilatuta egon baitzen bere familia. Haren jaiotetxea Albreteko leinuaren aldekoen bilgunea izanik, familiak porrotaren ondorioak jasan zituen, gaztelarren mendekuaren eraginez. Anaiak Henrike II.a erregearen gudarosteko partaide izan ziren, Hondarribian borrokatu zirenak, eta arrazoi horregatik espetxeratuak, baita bertan erailak ere.[5] Gertakari horiek guztiek bultzatu zuten Frantzisko gaztea ikasketa erlijiosoak egitera. Frantzisko Xabierkoak Portugalgo banderapean egin zituen bidaia ebanjelizatzaile guztiak.

Parisko ikasketak

1524an, Frantzisko Xabierkoak Parisko Sorbonako Unibertsitatera joatea erabaki zuen. Aurretik, Giza Zientziak ikasi zituen Leire, Tafalla eta Zangotzan; azken ikasketak Iruñean egin zituen[2].

1525eko irailean Parisera joan zen, eta han Ignazio Loiolakoa ezagutu zuen, aurrerantzean lagun mina izan zuena. Parisko garai zail eta gogorretan Ignaziok ez zuen inoiz Frantzisko Xabierkoa bakarrik utzi, beti lagundu zion; adibidez, Xabierkoak arazo ekonomikoak izan zituenean.

Han osatu zuten, beste bost adiskiderekin batera, Jesusen Lagundiaren enbrioia. 1534ko abuztuaren 15ean, ikasketak bukatu ostean, karitate eta kastitate zina egin zuten, eta Lur Santura erromesaldia egiteko hitza ere eman zuten. Hori guztia Montmartreko Saint-Pierre elizan gertatu zen. Frantzisko Parisen geratu zen Teologia ikasten beste bi urtez, Inazio Loiolakoarekin gogo-jardun batzuetan parte hartu ondoren[2].

Italiako egonaldia

Frantzisko Xabierkoa Joanes III.a Portugalgoarekin, 1635, José de Avelar Rebelo.

1537an, berriz ere Ignazio Loiolakoarekin elkartu zen Italiara bidaiatzeko. Erroman, Lur Santura joan baino lehen, Paulo III.a aita santua bisitatu zuten haren bedeinkapena eskatzeko. Baina bidaia hori bertan behera geratu zen, Venezia Turkiarekin gudan hastean. Biak Veneziara iritsi eta ekainaren 24an Frantzisko Xabierkoa apaiztu zen[2]. Lur Santura joateko esperantza galdurik, 1537-1538ko neguan haren adiskideekin batera inguruko herrietan predikatzen ibili zen; Frantzisko, zehazki, Bolonian aritu zen lanean[8].

1538ko udaberrian, Erromara itzuli, eta beren burua eskaini zioten Aita Santuari, hark nahi zuen herrialdera bidal zitzan. Handik Lisboara joan ziren 1540an, bizitzako aldi garrantzitsuena hasteko: misiolari izateko. Portugalerako bidaia, Pedro Mascarenhas Erroman zegoen portugaldar enbaxadorearen eskabideari zor zitzaion. Izan ere, enbaxadore horrek, Portugalgo Joanes I.a erregearen izenean, eskatu zion Inazio Loiolakoari bere gizonetako batzuk Ekialdeko Indietara bidaltzeko. Bidaia horretarako, Aita Santuak Itsaso Gorria, Pertsia, eta Gangesko bi ertzeetako ordezkari izendatu zuen Frantzisko[9].

Misio bidaiak

Lisboara zihoala, geldialdi bat egin zuen Azpeitian, Ignazio Loiolakoaren etxea ezagutu eta haren anaia Beltrani gomendiozko gutunak emateko. Denboraldi batez Lisboan egon ziren eta, tarte horretan, Frantzisko Indietara joateko hautatu zuten. Lisboako egonaldian hiriko txiroei ebanjelioa predikatzen aritu ziren, atsedenik gabe. 1541eko apirilaren 7an, haren 35. urtebetetze egunean, espedizioa itsasoratu zen, eta abenduaren 22an Mozambikera iritsi zen. Bertan, hurrengo urteko otsailera arte gelditu behar izan zen. Egonaldi hartan ospitalean lagundu zuen, eta jabetu zen Portugalgo kolonizatzaileek indigenei ematen zieten tratu txarraz; horrek lehenengo liskarrak eragin zituen[2].

Frantzisko Xabierkoaren misio bidaiak

Goa eta India

Malindin eta Sokotran geldialdiak egin ostean, 1542ko maiatzaren 6an Goara iritsi zen[10]. Juan Barrosen kristau-ikasbidean oinarritutako testu bat prestatu eta argitaratu zuen, eta hirian zehar dotrina katolikoa predikatzen hasi zen. Aldi berean, hilzorian zeudenei laguntzen, presoak bisitatzen eta behartsuei laguntza eskaintzen ibili zen[2].

Frantzisko Xabierkoaren mirariak, 1617-1618, Peter Paul Rubens, Kunsthistorisches Museum, Viena.

Bertakoengana errazago hurbiltzeko asmoz, herrialdeko hizkuntza ikasten hasi zen. San Paulo apaiztegiko zuzendari-karguari ezezkoa eman ondoren, 1542ko urrian itsasoratu zen Peskerira joateko, Goatik 800 kilometrora. Tuticorinen lehorreratu zen eta urtebete baino gehiago igaro zuen eskualde horretan, Parava etniako arrantzaleak kristautzen. Haren ebanjelizatze lana zela-eta, brahmanek susmo txarrak hartu zituzten; Thiruchendur-en elkartu zen haiekin eta luze eztabaidatu zuten erlijio gaiez[8]. Tamilera ikasi ondoren, zeruari eta infernuari buruzko hitzaldi bat eta testu kristauen itzulpen batzuk idatzi zituen hizkuntza horretan.

1543ko azaroan, Micer Paulo eta Mansilla adiskideekin elkartu zen Goan, eta hiri horretako Juan de Alburquerque gotzainarekin hitz egin zuen misiolari gehiago eskatzeko. Gotzainak sei apaiz igorri zituen lan horretarako. Lagun horiekin berriz ere Peskeriara itzuli zen. Bidaldian zenbait gutun idatzi zizkien Erromako lagunei. Horietako batean honakoa dio[2]:

« (...) Jendea kristautzeko aukera galtzen da alderdi hauetan, ebanjelizazioaren ardura hartuko duen pertsonarik ez dagoelako. Askotan, burua galdu duen gizakiaren antzera unibertsitate horietara oihuka sartzeko pentsamenduek mugiarazten naute, eta batez ere Parisko Unibertsitatera, Sorbonara, borondatea baino gehiago solasa duten horiei esateko has daitezela unibertsitate haietatik fruituak ateratzen. Zenbat arima geratzen dira zerura joan gabe, eta haien axolagabekeriagatik doaz infernura! Halako jendetza egiten da kristau inguru hauetan, nabilen lurralde honetan, ezen batzuetan besoak nekaturik ditudala iruditzen baitzait hainbeste bataiatzeagatik, eta hitz egin ezinik gelditzen bainaiz, hainbeste aldiz Kredoa, mandamenduak eta bestelako otoitzak haien hizkuntzan errepikatzearen ondorioz.  »

Peskerian katekistak jarri zituen herrixka bakoitzean; haien zeregina haurrei otoitzak erakustea eta misiolari lanak egitea zen. Horrezaz gainera, eskualde bakoitzean ordezkari bana izendatu zuen, misioaren egoeraren berri eman ziezaion. Lurraldea antolatu ostean, Manapad eta hegoaldeko itsasaldera joan zen. Hilabete egon zen Travancoren bizi ziren makua etniako arrantzaleekin, eta 10.000 gizon-emakume baino gehiago bataiatu zituen. 1544. urtean zehar, hogeiren bat ebanjelizazio bidaia egin zituen. Zeilango kristauen hilketen berri izan zuenean, Goara joan eta agintariarekin hitz egin zuen. Jafnapatango erregeak kristauen aurka eginiko ekintzak zigortzeko espedizio bat antolatu zen, eta Frantziskok hartan joatea erabaki zuen. Baina, interes materialak zirela-eta, espedizio hori ez zen egin[2].

Hego-ekialdeko Asia

1545eko abuztuaren amaieran, Molukak uhartedirantz abiatu zen, Juan Eiro lagun zuela. Hilabete baten buruan Malakara iritsi zen. Hiru hilabetean malaysieraren, bertako hizkuntzaren, gutxienekoak ikasi eta hango kultura bereganatu zuen. Ondoren, herriz herri misiolari ibiltzeaz gain, kristau-ikasbidearen oinarrizko testuak itzuli zituen malaysierara, bertako adituen laguntzaz[2]. Urte hartan, Portugalgo erregeari «Berorren Maiestatearen ofizialek ezartzen dituzten laido eta injustiziei buruz» idatzi zion. Jesusen Lagundiko katekistentzako argibideak ere prestatu zituen.

Haren helburua, ordea, Moluketara iristea zen. Beraz, 1546ko urtarrilean itsasoratu zen Ambonera bidean. Hilabete eta erdi nabigatzen igarota, helmugara heldu zen. Ondorengo lau hilabeteetan, eskualdeko hainbat uhartetan ibili zen predikatzen. Tradizioak dioenez, Seram uhartera zihoala, gurutzea galdu zuen enbata batean. Lehorreratu zirelarik, uretatik irten zen karramarro batek gurutzefika itzuli zion. Urte bereko uztailean, Ambondik 500 kilometrora dagoen Ternatera heldu zen. Hiri hau espezia merkatalgune garrantzitsua zen, eta portugaldarren jabetzarik ekialdekoena. Bertan hiru hilabetez egon eta gero, Moro uharteetara joan zen, ebanjelioa predikatzera. Hamabi urte baino gehiago ziren ez zela apaizik alderdi hartan. Izan ere, Frantziskoren aurrekoak uharteko bizilagunek hil zituzten[8]. Moro uharteetan beste hiru hilabete eman ondoan, itzulerako bidaiari ekin zion; Ternate, Ambon eta Malakan pausaldiak egin ostean, 1548ko urtarrilaren 13an Cochinera iritsi zen[2].

Japonia

Frantzisko Xabierkoaren japoniar irudia, XVII. mendea, Kobeko museoa.

XVI. mendearen erdialdean, Japonia, Marco Polok aipatutako Zipango ospetsua, ezezaguna zen europarrentzat, 1547an tifoi batek portugaldar itsasgizon batzuk bazter hartara eraman zituen arte. Horren berri izan zuenean, uharte hori ezagutzea gogoratu zitzaion Frantziskori[8]. Aurretik, baina, India eta Moluka uharteetan ezarritako misioen berrantolatze- eta gainbegiratze-lanak egin behar izan zituen; nahigabeturik sentitu zen misioek jasandako narriadura ikusita, bere gutunetan erakusten duen moduan.

Azkenik, 1549ko Erramu Igandean Japoniarantz abiatu zen, aita Cosme de Torres, anaia João Fernandes eta Iagiro japoniarra lagun zituela; Cochin eta Malakan geldialdiak egin ondoren, abuztuaren 15ean Kagoshiman lur hartu zuten, orduko Hegoaldeko Japoniako erresumaren hiriburuan. Frantzisko japoniera pixka bat ikasten saiatzen zen bitartean, Iagirok kristau ikasbidea, kredoa eta otoitz batzuk itzuli zituen hizkuntza horretara[11]. Frantziskok horiek buruz ikasi eta kale zein etxeetan predikatzen jardun zuen. Jakinminez zeudenen galderei erantzuteko itzultzaile batez baliatzen zen. Baina jende gutxi bihurtu zen kristau federa. Misioaren porrotaren aurrean, eskualde hartako erregearekin elkarrizketatzea pentsatu zuen, hura katolizismora bilakatuko balitz, herriak gauza bera egingo zuelakoan. Asmo horrekin, 1550eko irailean, Kagoshiman urte bat eman eta gero, iparralderantz abiatu zen[2].

Hiradon jardun zuen hiru hilabeteetan kristau-talde bat sortzea lortu zuen. Ondoren, Hondo uhartera igaro eta Yamaguchira iritsi zen; gero, Sakaira eta 1551eko otsailean Miakora, inperioko hiriburura. Enperadoreak kristautasuna uharte osoan predikatzeko baimena eman ziezaion nahi zuen, baina harekin biltzea ere ez zuen lortu[8]. Miakon bi aste pasatu ondoan, Yamaguchira itzuli zen[11]. Bertako daimyōak ebanjelioaren berri ematea baimendu zion; bost hilabetez aritu zen horretan, eta mila lagun inguru kristautu zituen[8]. Irailean, Bungoko daimyōak deitu zion, Kyushu uhartean predikatzeko baimena emateko. Hilabete geroago, eta hainbat jende kristautu ondoren, Indiako albiste larriak iritsi zitzaizkion eta Goara itzultzea erabaki zuen, aita Torres eta anaia Fernandes Japonian utzirik[11].

Azken bidaia eta heriotza

1511ko azaroan Frantzisko itsasoratu zen, Japoniatik Indiara itzultzeko. Kantondik hurbil egindako pausaldiaren ostean, Malakarantz abiatu zen Diego Pereiraren Santa Cruz ontzian. Malakara iristean, jakinarazi zioten Jesusen Konpainiako Indiako probintzial edo arduradun izendatu zutela. 1552ko urtarrilaren 24an Kochira iritsi zen eta otsailaren 18an Goara. Ondoko bi hilabeteetan, misioetako arazo batzuk konpontzeaz gain, bere azken bidaia prestatzen ibili zen: Txinakoa[2].

Frantzisko Xabierkoaren hilobia, Goako Bóm Jesus basilikan.

Txinara joan ahal izateko, Goako erregeordea konbentzitu zuen Portugalgo enbaxada ofiziala bidal zezan, hori baitzen modu bakarra ontzi portuges bat Txinan porturatu ahal izateko. 1552ko apirilaren 17an abiatu zen enbaxada, Santa Cruz ontzian. Frantziskorekin aita Gago, Álvaro de Ferreira anaia, Antonio de Santa Fe (txinatar jatorrikoa) eta Cristóbal deituriko indiar morroia zihoazen[2]; Diego Pereira, berriz, Portugalgo erregeren enbaxadore zihoan. Malakara iritsitakoan arazoak izan zituzten Alvaro de Ataide kapitainarekin eta bidaia bi hilabetez atzeratu zen. Uztailaren 17an portutik irteteko baimena eman zien, baina Pereira gabe. Enbaxada izaera kenduta, ia ezinezko bihurtu zen espedizioa Txinan lehorreratzea. Hala ere, Frantziskok bidaia jarraitzea erabaki zuen[8].

1552ko abuztuaren amaieran, Santa Cruz ontzia Shangchuan uhartera heldu zen. Uharte hori txinatar eta portugaldar merkatarien bilgunea zen. Frantziskok kontinentera iristeko zuen bide bakarra txinatar ontzi batek ezkutuan eramatea zen; arrisku handiko zeregina, atzerritarrek debekatua baitzuten Txinan sartzea. Hiru hilabetez egon zen horren zain. Baina azaroaren 21ean, meza ematen ari zela, ondoeza egin zitzaion, biriketako gaitz batek jota. Orduko, Antonio txinatar lagun fidela bakarrik zuen ondoan. Azkenik, abenduaren 3an hil zen, 46 urte zituela[8][12]. Tradizioaren arabera, hil aurreko azken hitzak, otoitz xume batzuk, ama hizkuntzan esan zituen, euskaraz[13].

Haren gorpua Goara eraman zuten 1554ko udaberrian, eta bertan, Bóm Jesus basilikan hobiratu zuten[2].

Erlikiak

Frantziskoren beso ustelgabea, 1949ko erakustaldi batean.

1614an, garai hartan jesulagunen nagusia zen Claudius Acquaviva-ren aginduz, eskuineko besoa ukondotik behera moztu eta Erromara eraman zuten Gesù elizara, non kapera bat duen santuak, San Ignazio Loiolakoaren hilobia duen kaperari begira, elizaren albo banatan biak.

Tarteka, Frantziskoren beso ustelgabearen erlikia hau Erromatik atera eta munduan zehar erakusten dute, katolikoen artean. Historikoki, Euskal Herrira eta Nafarroara sei aldiz ekarri izan dutela jakinarazi zuen Iruñeko artzapezpikuak 2006ko bisitaren karietara[14]. 2018an Kanadara bidaia egin zuen beso ustelgabeak eta Erromatik eraman zuen hegazkinean eserleku ordaindua okupatu zuen[15].

Munduan badira santuaren beste erlikia batzuk, ez besoa bezain ezagunak. Adibidez, Jerez hiriko Jesuiten Elizan, santuaren barrunbeak gordetzen dira erlikario batean[16].

Kanonizazioa, zaindaritza eta jaiak

San Fermin eta San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroa Garaiko zaindariak, Iruñeko udaletxean dagoen irudia.

1622an Gregorio XV.a aita santuak Frantzisko Xabierkoa kanonizatu zuen, Inazio Loiolakoa, Teresa Avilakoa, Isidro Nekazaria eta Filipe Nerirekin batera. Haren eguna abenduaren 3a da, egun horretan zendu baitzen.

Leku eta erakunde hauen zaindari izendatu dute:

Martxoko lehen hamabostaldian Xabierko gaztelua jomuga duten erromesaldi jendetsuak egin ohi dira urtero: xabierraldiak. Herri ohitura horrek jarraitzaile ugari ditu, batez ere Nafarroa Garaian[17].

Ikonografia eta lanak

Lan askok irudikatu dute Indietako Apostulua, bai margoetan, bai eskulturan. Bartolomé Esteban Murillo, Peter Paul Rubens, Antoon van Dyck, Luca Giordano, Francisco Goya eta beste artista ospetsu askok betikotu zuten Xabierko santua[2].

XVI. mendetik aurrera, Frantzisko Xabierkoak lur jentil edo paganoetara doan misiolariak jarraitu beharreko ideala irudikatu zuen. Horrek pertsonari buruzko idazki ugari eta oparoak eman zituen. Mota guztietako idazlanek, bereziki epistolarrek, Jesusen Lagundiko kideek jarraitu beharreko eredutzat jarri baitzuten. Xabierrek sortu zuen Goan lehendabiziko apaizgaitegia, eta sustatu zuen bertakoen apaizteko bokazioa; horrekin batera, katekizazio zuzenaren aldekoa zen, eta testu liturgikoak tokian-tokiko hizkuntzetara itzultzen saiatu zen. Frantzisko Xabierkoaren idazkiak, batez ere, kide eta ebanjelizazio-arduradunei idatzitako gutunak dira. Idazlan txikiak ere ditu: Katixima Txikia (1542), Katixima Handia (1546) eta Jesusen Lagundiko katekistentzako argibidea (1545), besteak beste.

Piarres Narbaitzek haren biografia idatzi zuen euskaraz: San Frantses Jatsukoa (1966). Frantzisko Laphitzek ere haren bizitzaren berri eman zuen: Bi saindu hescualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Franzizco Zabierecoarena (1867)[3].

Erreferentziak

  1. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-22).
  2. Larrañaga, Luis F.. Francisco de Javier. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2016-7-22).
  3. Xabierko Frantzisko. in: Lur hiztegi entziklopedikoa. egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi hori Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu du, Open Data Euskadi webgunean (Noiz kontsultatua: 2016-8-16).
  4. Monteano, Peio J.. La conquista de Navarra. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2016-7-22).
  5. Campion, Arturo. La familia de S. Francisco de Xabier. atzoatzokoa.gipuzkoakultura.net (Noiz kontsultatua: 2016-7-22).
  6. Larrañaga, Koldo. Ignazio Loiolakoa. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2016-7-22).
  7. Arrizabalaga, Juan Mari. Euskal Herriko gotorlekuak. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2016-7-22).
  8. Xabierren mundua. dpto.educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2016-7-23).
  9. Murphy, Frederick J.. Breviary Lives of the Saints: September - January. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2016-7-23).
  10. Geroago, Goa Portugaldar Indiako hiriburua izan zen
  11. Crawley, John J.. St. Francis Xavier, apostle of the Indies and Japan. in: Lives of Saints. ewtn.com (Noiz kontsultatua: 2016-8-13).
  12. Saint François Xavier sj (1506 – 3 déc. 1552). jesuites.com (Noiz kontsultatua: 2016-8-16).
  13. (Gaztelaniaz) «La lengua de San Francisco Javier» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
  14. (Gaztelaniaz) «Sexta visita a Navarra del brazo incorrupto | Sociedad | Sanidad - Abc.es» ABC (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
  15. (Ingelesez) Berria.eus. «Xabierko Frantziskoren beso ustelgabea Kanadan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
  16. (Gaztelaniaz) «RELIQUIAS EXISTENTES EN JEREZ 1885» "El trote de la culebra" - Antropología social y cultural 2016-08-19 (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
  17. Perales Díaz, José Antonio. Xabierraldia. in: Auñamendi Eusko Entziklopedia. euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2016-8-16).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiliburuetan liburu bat dago honi buruz:
San Frantzisko Xabierkoaren bidaiak
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.