Frantzisko I.a Frantziakoa
Frantzisko I.a Frantziakoa (Cognac, 1494ko irailaren 12a - Rambouillet, 1547ko martxoaren 31) 1515-1547 bitartean Frantziako erregea izan zen. Historialarien arabera, Frantziako lehenbiziko pizkundetar erregea izan zen. Suleiman Handia Otomandar Inperioko buruzagiarekin aliatu eta Henrike VIII.a Ingalaterrakoa eta Karlos I.a Espainiakoa etsai nagusiak izan zituen.
Frantzisko I.a Frantziakoa | |||
---|---|---|---|
1515eko urtarrilaren 1a - 1547ko martxoaren 31 ← Luis XII.a Frantziakoa - Henrike II.a Frantziakoa → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Cognac, 1494ko irailaren 12a | ||
Herrialdea | Frantziako Erresuma | ||
Heriotza | Rambouillet, 1547ko martxoaren 31 (52 urte) | ||
Hobiratze lekua | Saint-Denisko basilika | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: eritasuna | ||
Familia | |||
Aita | Charles | ||
Ama | Luisa Savoiakoa | ||
Ezkontidea(k) | Klaudia Frantziakoa (1514ko maiatzaren 18a - 1524ko uztailaren 20a) Leonor Austriakoa (1530eko uztaila - 1547ko martxoaren 31) | ||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||
Seme-alabak | ikusi
| ||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Leinua | Valois leinua | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantses ertaina frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria, arte bildumagilea, mezenasa, monarka eta literatoa | ||
Jasotako sariak | |||
Zerbitzu militarra | |||
Parte hartutako gatazkak | Marignanoko gudua Paviako gudua | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
- Artikulu hau Frantziako erregeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Frantzisko I.a».
Bizitza
Angulemako duke Karlos Valoiskoa eta Luisa Savoiakoaren semea izan zen. 1514an Luis XII.a Frantziakoaren alaba Klaudiarekin ezkondu zen, eta haren ondoren hartu zuen erregetza 1515ean. Italian bere aurretikoek zeramaten politika bera aurrera eraman zuen; Marignanoko garaipenak (1515) Milanerriko ateak zabaldu zizkion, eta Suitzarekin hitzarmena egin zuen.
Karlos V.aren etsaia zen eta hura 1519an Inperio Santuko enperadore hautatu zutenean, bien arteko etsaigoa areagotu egin zen; Karlos V.ak garaipena lortu zuen Fugger bankariei esker, eta horrek arrisku handian jarri zuen Frantzia, alde guztietatik etsaiz inguraturik egoteko zorian baitzegoen. Ingalaterrarekin hitzarmen bat egiteko ahaleginak bertan behera geratu ziren. Nafarroako nafar errege-erreginei laguntza eman zien, Donibane Garaziko erasoan, adibidez (1521).
La Bicoqueko hondamenean (1523) Milanerria galdu zuen. Proventzari eraso zioten inperioaren gudarosteek atzera egin behar izan zuten Marseillak egin zien jazarpenaren aurrean, baina Frantzisko I.aren kontraerasoa Paviako hondamenaz bukatu zen (1525). Gudu horretan, Henrike II.a Albretekoa Nafarroako erregea harekin zegoen, Juan Urbieta hernaniar kapitainak Frantzisko preso hartu zituenean. Frantzisko I.a, bederen, Donostian eduki zuten preso, askatu aurretik,[1] baina 1526an Madrilgo Itun gogorra onartu behar izan zuen lehendabizi, gero bete ez zuen arren. Burgundia beretzat gorde zuen eta berriro gerrari ekin zion, 1526an Aita Santuarekin, Veneziarekin eta Francesco Sforzarekin Cognaceko Liga eratu ondoren.
1529an Cambraiko bakea izenpetu zuen; konpromiso hutsa besterik ez zen, baina Alemaniako protestanteengana eta otomandarrengana hurbiltzeko aukera eman zion, kristau guztien eskandalua eragin bazuen ere, eta berriro gerrari ekiteko aukera eman zion Frantziako erregeari. Niza hartu eta 1544an Cerisolesko guduan garaipena lortu bazuen ere, Crepy-en-Leannois-eko bakeak ez zuen ezer berririk ekarri. Margarita Nafarroakoa bere arreba Erasmoren aldeko agertu zela eta, eskuzabala izan zen Frantzisko protestanteekin, baina jarrera aldatu zen eta esetsi egin zien, 1534ko iragarkien auziaren ondoren batez ere; hala, erregearen autoritarismoak indar hartu zuen.
Atsegina eta jakintza handiko gizona zen; emakume askorekin izan zituen harremanak, Chateaubrianteko kondesarekin eta Etampesko dukesarekin batez ere. Aginpidea bere begikoen (Antoine Duprat, Anne de Montmorency) edo Luisa Savoiakoa bere amaren eskuetan utzi zuen. Artearekiko ardura handia izan zuen: Italiako Errenazimentua Frantziara hedarazi zuen. Berak eramanarazi zituen Frantziara Leonardo da Vinci, Benvenuto Cellini, Le Primatice etab. Gaztelu ugari eraikiarazi zituen: Chambord, Villers-Cotterêts, Saint-Germain-en-Laye eta, 1530ean, Frantziako Ikastetxea (Collège de France) sortu zuen.
Ezkontza eta seme-alabak
1514an, Luis XII.a Frantziakoaren alaba Klaudiarekin ezkondu eta zazpi seme-alaba izan zituzten:
- Luisa (1515-1517)
- Karlota (1516-1524)
- Frantzisko (1518-1536)
- Henrike (1519-1559), oinordekoa eta Katalin Medicirekin ezkondu zena.
- Madalena (1520-1537), Jakue V.a Eskoziakoarekin ezkondu zena
- Karlos (1522-1545)
- Margarita (1523-1574), Emanuel Filiberto, Savoiako dukearekin ezkondu zena.
1530ean Karlos I.a Espainiakoaren alaba Leonorrekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/11/25 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Sada, Javier; Sada, Asier. (1995). Historia de San Sebastián. Donostia-San Sebastián: Txertoa, 32 or. ISBN 84-7148-318-1..
Kanpo estekak
Aurrekoa Luis XII.a Frantziakoa |
Frantziako erregea 1515-1547 |
Ondorengoa Henrike II.a Frantziakoa |