Frantziako geografia
Frantzia Mendebaldeko Europako estatuetako bat da. Metropolitar Frantziak 551.500 km²ko eremua du (675.417 km² itsasoz haraindiko lurraldeekin). Iparretik hegora 1000 km luze da (Bray-Dunes - Cerbère luzera da handiena). Europako estatu handienetan hirugarrena da (Errusia lehena eta Ukraina bigarrena izanik). Kontinenteko komunikazio eta kultura bidegurutze paregabea da.
Frantziak lau itsasalde ditu, Ipar Itsasoa, Mantxako kanala, Atlantiar Ozeanoa eta Mediterraneoa, 3.427 kilometroko luzerarekin.
Kokapena
Metropolitar Frantzia Mendebaldeko Europan kokatua dago. Estatuaren zati dira, halaber, Europatik kanpo diren hainbat lurrelde: Ipar Amerikan, Antilletan, Hego Amerikan, Indiako ozeanoan, Ozeano Bareko hego eta iparraldean eta Antartikan.
Mugak
Metropolitar Frantziak Mantxako kanalarekin du muga iparraldean; ipar-ekialdean, Belgika, Luxenburgo eta Alemaniarekin; ekialdean, Alemania, Suitza eta Italiarekin; hego-ekialdean, Mediterraneo itsasoarekin; hegoaldean, Espainiarekin; hego-mendebaldean, Bizkaiko golkoarekin; eta mendebaldean, Ozeano Atlantikoarekin. Metropoliaren mugak 2.970 km luze dira, era honetan banatuak:
- Espainia - 650 km
- Belgika - 620 km
- Suitza - 572 km
- Italia - 515 km
- Alemania - 450 km
- Luxenburgo - 73 km
- Andorra - 57 km
- Monako - 4,5 km.
Guianako mugak 580 km luze dira Brasilekin eta 520 km Surinamekin.
Saint Martin uharteak (Antillak) 10,2 km luze den muga eraikigabea du Herbehereen uharte zatiarekin.
Antartikan Frantziak beretzat duen Terre Adélie lurraldea (TAAF) muga du Australiak beretzat duen lurraldearekin.
Hiri nagusiak
Hona hemen Frantziako hiri nagusien zerrenda, bai historikoki, bai biztanleria kontuan hartuta:
Abbeville, Aiacciu, Albertville, Albi, Amiens, Angers, Angouleme, Aurillac, Avignon, Bastia, Besançon, Bordeaux, Belfort, Brest, Brive, Caen, Cahors, Calais, Cannes, Carcassonne, Chamonix, Charleville-Mézières, Châtellerault, Cherbourg, Chinon, Clermont-Ferrand, Colmar, Deauville, Dieppe, Digne-les-Bains, Dijon, Dole, Dreux, Dunkerque, Évreux, Grenoble, La Rochelle, Le Havre, Lille, Limoges, Lyon, Marseille, Mende, Metz, Mont-de-Marsan, Montauban, Montpellier, Nancy, Nantes, Nice, Nimes, Orléans, Paris, Paue, Périgueux, Perpignan, Poitiers, Quimper, Reims, Rennes, Rodez, Roubaix, Rouen, Saint-Etienne, Saint-Nazaire, Saint-Tropez, Sète, Soissons, Strasbourg, Tarbes, Toulon, Toulouse, Tours, Tourcoing, Valence, Versailles eta Vichy.
Kostaldea
Frantzia metropolitarrak bi kostalde nagusi ditu: Atlantikoa eta Mediterraneokoa:
- Atlantikokoa mendebaldean eta ipar-mendebaldean dago, tartean Ipar Itsasoa eta Mantxako kanalaren kostaldeak daudela.Itsasalde honetan Bretainiako penintsula eta Bizkaiko golkoa daude. Kostalde honetako golko nagusia Morbihangoa da.
- Mediterraneokoa, berriz, hegoaldean dago. Kostalde honetako golko nagusia Liongoa da.
Frantziak mundu osoan zehar itsasoz haraindiko eskualdeak eta kolektibitateak baditu:
- Eskualdeak honako hauek dira:
- Guadalupe eta Martinika, Antilletan, Karibe itsasoan.
- Guyana, Hego Amerikan
- Réunion, berriz, Indiako ozeanoan kokatua dago.
- Kolektibitateak, txikiagoak dira:
- Saint-Pierre eta Mikelune, iparraldeko Ozeano Atlantikoan.
- Lurralde austral eta antartikoak, Indiako ozeanoaren hego muturrean eta Hego Ozeanoan.
- Mayotte, Indiako ozeanoan.
- Wallis eta Futuna, Ozeano Barearen hegoaldean.
- Frantziar Polinesia, Ozeano Barean kokatua
- Kaledonia Berria, Ozeano Barearen hego-ekialdean.
- Saint Barthelemy eta Saint Martin, Karibe itsasoan.
Lurmuturrak
- Blanc Nez lurmuturra
- Korsikar lurmuturra
- Ferret lurmuturra
- Grave lurmuturra
Uharteak
Hona hemen 100 km² baino gehiago dituzten Frantziako uharteak:
# | Izena | Kokapena | Azalera (km²) |
---|---|---|---|
1 | Grande-Terre | Kaledonia Berria | 16.372 |
2 | Korsika | Mediterraneo itsasoa | 8.680 |
3 | Grande-Terre | Kerguelen uharteak | 6.675 |
4 | Réunion | Réunion | 2.512 |
5 | Lifou | Kaledonia Berria | 1.146 |
6 | Martinika | Martinika | 1.128 |
7 | Tahiti | Frantziar Polinesia | 1.036 |
8 | Basse-Terre | Guadalupe | 848 |
9 | Maré | Kaledonia Berria | 657 |
10 | Grande-Terre | Guadalupe | 588 |
11 | Mayotte | Mayotte | 371 |
12 | Nuku Hiva | Frantziar Polinesia | 345 |
13 | Hiva Oa | Frantziar Polinesia | 318 |
14 | Mikelune | Saint-Pierre eta Mikelune | 214 |
15 | Île Foch | Kerguelen uharteak | 206 |
16 | Oléron | Ozeano Atlantikoa | 190 |
17 | Raiatea | Frantziar Polinesia | 173 |
18 | Marie-Galante | Guadalupe | 170 |
19 | Île de la Possession | Crozet uharteak | 153 |
20 | Île des Pins | Kaledonia Berria | 141 |
21 | Ouvéa | Kaledonia Berria | 133 |
22 | Moorea | Frantziar Polinesia | 132 |
23 | Île de l'Est | Crozet uharteak | 122 |
24 | Ua Pou | Frantziar Polinesia | 112 |
Orografia
Frantzia metropolitarrak paisaia aniztasun handia du: ipar eta mendebaldeko ordoki zabalak eta mendigune handiak hego-mendebaldean (Pirinioak) eta hego-ekialdean (Alpeak). Frantziako Alpeetan dago Mendebaldeko Europako punturik gorena, Mont Blanc, 4.810 m gora dena. Beste lurralde menditsu batzuk ere badira, hala nola, Erdialdeko Mendigunea, Jura, Vosges, Morvan, Armorikako mendigunea eta Ardenetako mendigunea.
Erdialdeko Mendiguneak egituratzen du, oro har, Frantziako orografia. 90.000 km² dituen goi-ordoki handia da, ez da 2.000 m baino garaiagoa, eta Frantziako hego-erdialdean dago. Horren inguruan lur behereak eta sakonuneak daude. Lur behereak itsas mailatik 300 m behera daude, eta Frantziako bi heren hartzen dituzte. Lur beheretako %90 ibaien arroetan dago:
- Sena ibaiaren arroa (edo Pariskoa) Erdialdeko Mendigunearen ipar eta ipar-ekialdean dago, 80.000 km² luze-zabal da eta Mantxako kanalera du isuria.
- Loiraren arroak, hura ere ipar-ekialdean, 100.000 km²ko azalera du eta, Armorikako mendigunea gurutzatuz, Ozeano Atlantikora jotzen du.
- Akitaniako arroan Dordoina eta Garona ibaiak daude, Frantziako hego-mendebaldea bustitzen dutenak.
- Rodano ibaiaren arroa besteak baino estuagoa da. Iparretik hegoranzko bidea egiten du, Mediterraneo itsasora.
Frantziako ekialdeko mugan daude lurralde gorenak, hegoaldetik iparraldera: Alpeak, garaienak (Mont Blanc, Frantziako eta Europako gailur gorena, 4.807 m); Jura, 1.800 m-tik beherakoak; Vosges mendiak, zaharrenak eta apalenak, Alemaniako mugatik hurbil, eta Ardenetako mendigunea, Belgika aldean. Hegoaldean Pirinio mendiak daude, 450 kmko hedadura dutenak; Frantziaren eta Espainiaren arteko muga eratzen dute, eta Alpeak bezain pikoak dira.
Hidrografia
Ibaiak
Ibai handiek zeharkatzen dute Frantzia, garrantzitsuenak Loira, Rodano (iturburua Suitzan), Garona (iturburua Espainian), Sena eta, tarte batean behintzat, Rhin, Mosa eta Mosela dira.
Izena | Nora | Luzera guztira (km) | Luzera Frantzian (km) |
---|---|---|---|
Loira | Atlantikoa | 1 012 | 1 012 |
Sena | Mantxako kanala | 776 | 776 |
Garona | Atlantikoa | 575 | 530 |
Rodano | Mediterraneoa | 812 | 522 |
Dordoina | Atlantikoa | 490 | 490 |
Mosa | Ipar Itsasoa | 950 | 483 |
Charente | Atlantikoa | 360 | 360 |
Aturri | Atlantikoa | 335 | 335 |
Aintzirak
Izena | Azalera (km²) | Sakonera (m.) | Altuera (m.) | Eskualdea |
---|---|---|---|---|
Léman | 582,4 | 309,7 | 372 | Rodano-Alpeak |
Berre urmaela | 155,3 | 9 | 0,4 | Proventza-Alpeak-Cote d'Azur |
Thau urmaela | 75 | 4,5 | 0 | Languedoc-Roussillon |
Hourtin eta Carcans aintzira | 66 | 10 | 14 | Akitania |
Grand-lieu aintzira | 65 | 2,7 | 5 | Loirerria |
Leucate urmaela | 58,5 | 2,3 | 0 | Languedoc-Roussillon |
Cazaux eta Sanguinet urmaela | 55 | 23 | 12 | Akitania |
Bourget aintzira | 44,5 | 145 | 231,5 | Rodano-Alpeak |
Biscarrosse eta Parentis urmaela | 35,4 | 20,5 | 19 | Akitania |
Annecy aintzira | 27,59 | 80,6 | 446,8 | Rodano-Alpeak |
Melo aintzira | 6 | 20 | 1710 | Korsika |
Saint-Cassien aintzira | 6 | 45 | 147 | Proventza-Alpeak-Cote d'Azur |
Aiguebelette aintzira | 5,45 | 71 | 390,5 | Rodano-Alpeak |
Paladru aintzira | 3,9 | 50 | 492 | Rodano-Alpeak |
Chalain aintzira | 2,32 | 16,2 | 486 | Franche-Comté |
Bairon aintzira | 1,2 | ? | ? | Xanpaina-Ardena |
Gérardmer aintzira | 1,155 | 38,4 | 660 | Lorrena |
Klima eta landaredia
Frantziako klimak alde handiak ditu. Klima ozeanikoa dute Bretainiak eta Normandiak; klima hori Frantziako sartalde guztira hedatzen da. Han neguak leunak eta udak freskoak dira. Euria, mendebaldeko haizeek ekarria, ugaria da urte osoan. Normandiako eguraldia oso egokia da belardietarako. Akitaniak uda beroagoa du, eta hori dela eta, basoak ugariagoak dira.
Frantziako ekialde osoan klima kontinentala da. Neguak hotzak eta elurtsuak dira, eta udak, berriz, beroak. Sarritan ekaitzak izaten dira. Ekialdeko zabaldietan baso asko dira: haritza, pagoa eta urkia dira nagusi, eta pinua mendietako maldetan hazten da. Mahastiak eta fruitu arbolak eguteran daude.
Klima mediterraneoa Languedoc, Proventza, Rodano eta Korsikara hedatzen da. Uda lehorra eta beroa eta negu xamurra dute. Euriak ugariak dira, batez ere udazkenean eta udaberrian. Iparretik jotzen du haizeak, Sète eta Toulon artean (mistrala) eta Sètetik mendebaldera (tramontana). Landaretza lehorrekoa da (artea eta pinua).
Alpeetan eta Pirinioetan mendiko klima da: euria ugaria da, eta neguak gogorrak eta elurtsuak dira.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-01-16 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.