Frantziako Estatu Orokorrak
Estatu Orokorrak[1][2] (frantsesez, États Généraux) Antzinako Erregimeneko Frantzian erresumako estamentu (klase) guztien biltzarra zen. Erregeak ezohiko egoeretan biltzen zituen, krisialdi politikoren bati edo gerraren bati aurre egiteko, edota arlo militarrean edo zergetan laguntzeko. Parlamentuek ez bezala, Estatu Orokorrek ez zuten inolako gaitasunik legeen edo justiziaren arloan, eta ez dira biak nahastu behar.
Frantziako Filipe IV.ak sortu zituen 1302an, bere erabakiek legitimazio handiagoa izan zezaten, Aita santuak emandako Ausculta fili izeneko buldaren aurka. Hastapenean, apaizteria, noblezia eta hiri onen ordezkariak biltzen zituzten eta, 1484ra arte, oïl hizkuntzako eta oc hizkuntzako lurraldeek Estatu Orokor bereziak zituzten. Frantzian 1789ra arte segitu zuten biltzen. Azkenak, Luis XVI.ak deitu zituen Estatuaren zorra kitatzeko, baina ekainaren 27ko Pilotalekuko Zinaren ostean, Biltzar Nazionalak ordeztu zituen Estatu Orokorrak.
Antzeko biltzarrak Herbeheretan (Estatu Orokorrak), Ingalaterran (Parlamentua), Eskozian (Parlamentua), Nafarroan (Gorteak) edo Germaniako Erromatar Inperio Santuan (Dieta), besteak beste, sortu ziren zio berdintsuak zirela medio. Izan ere, erregeen (edo nobleen) botereak zabaltzean, sistema feudalaren oztopoa topatu zuen. Feudalismoaren indarrekin elkarlanean aritu behar izan zuten haiengandik laguntza eta aholkua (auxilium et consilium latinez) lortzeko.
Estatu Orokorrak Erdi Aroan
Estatu Orokorren lehen biltzarra 1302an gertatu zen, Frantziako Filipe IV.ak deituta. Horren aurretik, hanbait aurrekarik lehenengo pausoak eman zituzten. Hiribildu nagusietako ordezkariak zenbaitetan erregeak bilduak ziren jadanik; Filipe III.aren agindupean nobleziaren eta apaizteriaren biltzarrak egon bazeuden, nahiz eta bi estatuek erabakiak bereizita hartu.
Filipe Ederraren eta Bonifazio VIII.aren arteko gatazkak ekarri zituen 1302ko Estatu Orokorrak. Kinka larri horretan, erregeak hiru estatuen aholkua jaso nahi zuen. Erregealdi horretan beste batzuetan deitu zituen erregeak, laguntza edo dirua emateko: denborak aurrera egin ahala, dirua izan zen deialdia egiteko zio nagusia.
Neurri batean, Estatu Orokorren osaketa beti berbera izan zen. Lehen Estatuko kideak (apaizak), Bigarren Estatukoak (nobleak), eta Hirugarren Estatukoak, (gainerakoak) biltzen zituen beti. Nolanahi ere, urteak joan, urteak etorri, haien benetako boterea aldatuz joan zen. Adibidez, XIV. mendean, erregeak ezin zuen zerga orokorrik sortu. Koroaren menpe zuzeneko lurraldeetan ere, horrelakorik egin zezakeen, baldin eta justiziaren mailarik altuena haren esku bazegoen, bestela ez. Hiribildu pribilegiodunek beren buruari zergak jartzeko eskubidea zeukaten. Beraz, zerga orokorrak biltzeko, jaun eklesiastiko eta laikoen zein hiribilduen baimena behar zuen erregeak. Diru-laguntza horiek epe labur baterakoak izanda, Estatu Orokorrak nahiko maiz deitzen zituzten, eta erregeen gaineko boterea ez zen makala.
Alabaina, XIV. mendeko bigarren erdian, Koroaren menpeko lurralde osoan zehar biltzen ziren zenbait errege zergak iraunkor bihurtzeko joera izan zuten, Estatu Orokorrek eginiko bozketak gorabehera. Esate baterako, Frantziako Joanes II.a ingelesek atzeman zutenean, hogei urtean erreskatea ordaintzeko beharrezko zergak bildu ziren Estatu Orokorrek inolako bozketarik egin ez zutela, nahiz eta urte horietan batzartu. Denboraren poderioz, XV. mendearen bigarren erdirako, zerga nagusiak (taille izenekoa, laguntzak eta gabela) iraunkor bilakatu ziren Koroaren onurarako, batzuetan Estatu Orokorren baimena emanda (hala, 1437an laguntzen kasuan).
Luis XI.aren heriotzaren ostean, hiru ordenetako ordezkariak elkarlanean aritu ziren zergak berresteko eskubidea berriro eskuratzeko. Taille zeritzona bi urterako bakarrik bozkatu zuten eta, aldi berean, Karlos VII.aren erregealdiaren amaieran iritsi zen maila jaitsi zuten. Halaber, bi urte horiek amaitu aurretik erregeak deitu behar zituen zina lortu zuten, baina hitza ez zen gorde, eta 1560ra arte ez zituzten berriro deitu.
Erreferentziak
- «Euskal Herriko Foru-sistema», Elkar argitaletxearen webgunea.
- «Estatu Orokorrak», Elhuyar.