Frankoak

Frankoak[1] edo herri frankoak (latinez: Franci edo gens Francorum) mendebaldeko germaniar tribuen konfederazio aldakorra izan zen, III. mendean Rhin ibaiaren ekialdean kokaturik zegoena eta V. mendean Erromako Inperioko Galia osora zabaldu zena. Beren hizkuntza antzinako behe-frankoniera (nederlanderaren arbasoa) zen.

Artikulu hau Germaniar herriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Franko (argipena)».
Garai bakoitzean frankoen mende egon diren lurraldeak.

Frankoen ondorengoak dira latin hizkuntza onartu zuten iparraldeko frantsesak eta Valoniarrak, eta hizkuntza germaniarrari eutsi zioten frankoniarrak (gaur egungo Alemaniaren mendebalean) eta nederlandarrak (flandriarrak eta herbeheretarrak).


Lehenbiziko berriak

Antzinako iturrietan, ampsivarii, batavi, bructeri, chamavi, chatti, chattuarii, cherusci, sicambri, saliarrak, tencteri eta usipetes tribuak aipatzen dira. Herri hauek Rhin beherearen iparraldeko ertzean bizi ziren (gaur egungo Belgikako iparralde eta Herbehereetako hegoaldean). Latinez Francia deitzen zitzaion eskualde horri[2]. Hiru tribu nagusi bereizten ziren III. mendean: saliarrak, erripuariarrak eta txateak edo hessiarrak, eta independenteak ziren hirurak nahiz eta hizkuntzaz, ohituraz eta gizarte egituraz berdinak izan. Azkenean, saliarrak beste tribuen gainetik nabarmendu ziren.

Antzinako Erromako mugen gainean egundoko presioa egin zuten, baina Erromako armadan ere paper garrantzitsua jokatu zuten. Arbogastoren garaian armadako postu altuenetan egon ziren. IV. mendearen erdialdean (358. urte aldera) Mosela eta Eskalda ibaien arteko lurraldea (gaur egungo Belgika) inbaditu zuten franko saliarrek. Banaketa horrek ekarri zuen egungo flandriarren eta valoniarren arteko bereizkuntza. V. mendean, bandaloek Galian barrena eginiko erasoez baliatu ziren frankoak (406) eta arian-arian nagusitu ziren iparraldeko Galia osoan. Franko horietako batzuek erromatartu eta inperioaren aliatu gisa jardun zuten. Besteek eutsi zioten germaniar izateari.

Merovingiarrak (481–751)

Txilderiko I.a (440-481) Tournai inguruan bizi ziren franko saliarren erregea izan zen. Klovisek, Txilderikoren semeak, herri saliar eta ripuariar guztiak bere menean jarri eta hegoalderantz gidatu zituen oste frankoak. Lehenik, gaur egungo Frantziako iparraldeaz jabetu ziren eta 486an Siagrio jeneral erromatarraren Soissonseko lurraldea konkistatu zuten[3] Ondoren, frankoek alamanen inbasioa galarazi zuten eta bisigodoak Galiako hegoaldetik uxatu zituzten. Vouilléko garaipenaren ostean (507), Klovisen nagusitasuna Galia osora hedatu zen, Borgoina, Proventza eta Britainiara izan ezik.

509an Klovis frankoen lehenbiziko errege (rex Francorum) bilakatu zen. Kristautu ondoren, kristau elizaren ortodoxia defendatu zuen, arrianismoaren bidea hautatu zuten herri germaniar askok ez bezala, eta Elizak lagundurik sendotu zuen frankoen erresuma. Hura izan zen merovingiarren dinastiako lehen erregea.

Klovisek erresumako lurraldeak bere lau semeen artean banatu zituen. Hala ere, bat egin zuten Borgoina menderatzeko (534). Sigeberto I.a eta Txilperiko I.aren garaitik aurrera, erresuma hiru eskualdetan banaturik egon zen: Austrasia, Neustria eta Borgoina. Horietako bakoitza bere kabuz garatu zen, eta gehienetan beste erresumen gainean kontrola ezartzen saiatzen zen.

Frankoen lurraldea Klotario II.aren agintepean batu zen berriro, 613an. Parisko Ediktua eman zien nobleei, ustelkeria murriztu nahian eta lurralde erraldoi hori bere mendean egon zedin. Dagoberto I.a, seme eta ondorengoaren erregealdi militarki arrakastatsuaren ostean, autoritateak behera egin zuen. 660. urtean, izenez izan ezik, Frankoen Erresumak Akitania eta Baskonia galdu zituen 769. urte arte. 687rako, esan daiteke jauregiko nagusia, horren aurretik erregearen etxeko ofizial nagusia, benetako erregea zela. Azkenean, 751n, Aita Santuaren eta nobleziaren baiezkoa lortuta, Pepin Laburrak Txilderiko III.a azken merovingiar erregea postutik kendu zuen, eta bere burua izendatu zuen errege. Honela, karolingiarren leinua sortu zen.

Karolingiarrak (751–843)

Frankoen Inperioa Verdungo zatiketaren ostean (843).

Karolingiarrek Mendebaldekoko eta Erdialdeko Europa aginte baten azpian batzea lortu zuten. Pepin Laburrak, Eztebe II.a aita santuarekin aliantzan, lombardiarrak garaitu zituen. Zilegizko dokumentua zelakoan, Konstantinoren emariak zioen bezala, Ravenako exarkerriko lurraldea Aita Santuen menpera igaro zen, Aita Santuen Estatuak sortuz. 769. urtean, Pepin Laburrak eta bere oinordeko Karlos Handiak Akitania-Baskonia mendean hartu zuten, eta Pirinioetaraino eta haraindi hedatu ahal izan zen erresuma harrezkero.

Pepinen ondorengoa Karlos semea izan zen. 772tik aurrera garaitu arte, saxoien aurka borrokatu zen. Aldi berean (773-774) lombardiarrak erabat garaitu zituen eta Iparraldeko Italia bere menpera ere pasa zen. 796 arte, Hispaniako iparraldean eta egungo Austria aldera Kroaziaraino ere hedatu zuen erresuma (Hala ere, Bretainia bere mendetik at egon zen beti). 800. urteko abenduaren 25ean, Leon III.a aita santuak erromatarren enperadore izendatu zuen Karlomagno. Honela, Frankoen Inperioa erromatarraren ondorengotzat agertu zen.

Karlomagnoren ondorengoa Luis semea izan zen. Hau 840an hil ostean, Karolingiar Inperioa hirutan banatu zen erregearen hiru semeen artean, Verdungo Hitzarmenaren bidez (843):

Mersengo Hitzarmenean (870) erresuma horiek banandu egin ziren berriro, batez ere lehenengoa. Karlos Gizenaren agindupean, Karolingiar Inperioa, Borgoina izan ezik, batu zen berriz (884), baina batasun horrek ez zuen luze iraun. Ekialdeko erresuman, aipatutako Germaniako Erromatar Inperio Santua sortu zen 962an. Mendebaldeko erresuman, karolingiar erregeek agintea 987 arte izan zuten, Luis V.aren heriotzaren ondoren Hugues Capet, kapeto leinukoa, Frantziako errege bihurtu baitzen.

« Antzinako gizarteak bezala, gizarte frankoak hiru zutabe ditu. Marren aur­kako bi klaseen irudia ez da egokia: gizarte-ikuskizuneko aktore nagusiak aris­tokrazia -zeinaren barne-hierarkizazioa, gainera, oso sakona baiten-, eskla­boak eta nekazari askeen komunitateak ditugu. Gizarte-klase menderatzaileak lotura handiagoak ditu antzinako aristokraziarekin, etorkizuneko aristokrazia feudalarekin baino, azken honen ezaugarri batzuk (militarizazioa eta klerikali­zazioa) jadanik sendotzen ari badira ere. Aristokraziaren kokapena esklabo-ja­betzaren ondorio da, beti ere, eta botereak eskaintzen dituen etekinak ditu hel­buru, antzina gertatzen zen bezala. Baina, era honetan, estatu aparatuaren degradazio erremedio gabekoak kondenatutako klase bilakatzen da, hortik lortzen baitzituen, antzina, bere pribilejioen eta baliabideen zatirik handienak. Ezingo du galdutako eremua berreskuratu.

Guy Bois (1989)

 »

[4].

Frankoak eta euskaldunak

Frankoen eta euskaldunen arteko harremanak guztiz zailak izan ziren luzaroan. Klovis I.ak Tolosa Okzitania hartu zuen eta Bordeleko hiria ere izan zuen mendeko, baina ez zen Garona ibaiaren hegoaldeko lurretan sartu, ez zen euskaldunen lurretan barneratu. VI. mendean saio ugari egin zuten frankoek Akitania euskaldunean (erromatarren garaiko Novenpopulania) eta, hainbat gudu galdu ondoren, Genial izeneko dukea, ezarri zieten euskaldunei 602. urtean nagusitu ondoren.

VII. mendean Akitaniako euskaldunek beren arteko buruzagi bat ezarri zuten duke, Otsoa edo Lupus izenekoa, eta dukerri independente bat: Baskoniako dukerria, Tolosa hiriburu zela. Frankoek, bestalde, Loira eta Garona ibaien arteko Akitaniako dukerria sortu zuten (630) euskaldunei aurre egitearren. VIII. mendearen hasieran, dukerri horiek batu egin ziren zenbaitetan, musulmanen inbasioa galarazteko (732, Poitiersko garaipena), baina arabiarrak berriro ere Ebro inguruko lurretan zeudela, berriro eraso zien euskaldunen lurrei Karlomagno errege franko karolingiarrak, eta frankoen aurka altxatu ziren euskaldunak (Orreagako garaipenak, 778 eta 824).

Frankoen erresumaren eta laguntzaile izan zuen elizaren eraginez guztiz areagotu zen, VI. eta IX. mendeen artean, hizkuntzari eutsi zioten euskaldunen eta euskara galdu zuten gaskoien arteko bereizkuntza.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.