Francisco Ugarte
Francisco Ugarte Iturbe (Idiazabal, Gipuzkoa, 1706ko urtarrilaren 22a - Guayaquil, 17??) Cartagena de Indiaseko gerran fragatako kapitan izan ondoren, Maracaiboko (Venezuela) gobernadorea izan zen.
Francisco Ugarte | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Idiazabal, 1706ko urtarrilaren 22a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Guayaquil, XVIII. mendea ( urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | ofizierra |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Espainiako Itsas Armada |
Gradua | fragata kapitain |
Parte hartutako gatazkak | Cartagena de Indiasko setioa (1741) |
Familia [1][2]
Ygnacio de Ugarte eta Maria Estefania Yturberen semea zen. Ugarte Iturbe familiak Idiazabal utzi zuela eta Cadizera joan zela bizi izatera (urtea ez da ezagutzen).
Cadizen ezkondu zen Petronila de Santiesteban Zuloagarekin. Santiesteban ere euskal jatorrikoa zen, Cadizen jaio bazen ere. Emazte berarekin bi aldiz ezkondu zela esan daiteke, lehen aldiz 1733. urtean isilpeko ezkontza egin baitzuten (“matrimonio sigiloso” izenarekin erregistratuta ageri da ezkon-agirian), eta bost urte geroago ofizialki ezkondu eta, ospakizuna egin baitzuten.
Osasun arazoak txikitatik izan zituen Petronila Santiestebanek. Umea zela, nafarreria izan zuen eta bizi guztirako aurpegia orbanez beteta geratu zitzaion. Eskutitz eta dokumentu hainbatetan emakume gaixo gisa ageri da Francisco Ugarteren emaztea. Maiztasunez krisiak izaten zituen, eta ohean egon behar izaten zuen denbora luzez. Zenbait kasutan, krisi larriak zirela eta, apaizari ere deitu behar izan zioten azken agurra emateko.
Gaixotasunak gaixotasun, Petronila Santiesteban eta Francisco Ugarteren harremana estua izan zen oso, eta Ugarteren aliatu nagusia izan zen, baita gobernantzan ere.
Bikote honek zenbat seme alaba izan zituen ez da ezagutzen. Seme baten izena baino ez da ageri erregistratuta, Francisco izenekoa. Aurrerago, Venezuelako Coro hirian ezkondu eta bertan bizi izan zen.
Gainerako familiako kideei buruz dakiguna da, Gipuzkoan zuen familiarekin harremanetan jarraitu zuela. 1751. urtean, Francisco Ugarte Maracaibora joan zenean, berarekin barkuan eraman zituen Gipuzkoan bizi ziren bere bi iloba, Maria Vicenta Ugarte eta Juan Antonio Ugarte.
Ibilbide militarra
Cadizen zela, 15 urterekin armadan sartu zen, eta 30 urtetan, 1750 arte, postu arduratsuak bete zituen; Fragatako Kapitain izatera iritsi zen.
Armadan zegoela, 12 urtez Cartagena de Indiaseko gerran aritu zen eta zauri larriak utzi zizkion gerra hark, baina bizitza arriskuan jartzeagatik ere saritua izan zen. Ugarte, marinan egindako lan bikainaren ordainetan, Maracaiboko gobernadore izendatu zuten.
Gobernadore[3][4]
1751 urtean izendatu zuten Maracaiboko gobernadore eta zazpi urtez bete zuen kargua. Agintaldian garai nahasiak bizi izan zituen, besteak beste, hiru erregeorde izan baitzituen bere gainean.
1753 urte arte, Juan Alfonso Pizarro izan zen erregeordea. Ugarterekin harreman estua zuen eta ondo ulertzen zuten elkar. Lorpen ugari izan zituen garai honetan. Ugartek, Maracaiboko probintziak zituen arazo nagusiei aurre egin zien. Gobernadore izendatu bezain laster, arau berriak idazten hasi zen. Herritarren iritziaren aurkakoak ziren neurri drastikoak hartu zituen arren, arrakasta izan zuen, eta Maracaibo bizitzen ari zen loalditik ateratzea lortu zuen.
Hacienda Real izeneko ogasun sisteman eskua sartu eta bertan zegoen ustelkeriarekin amaitzea lortu zuen. Zerga berriak ere sortu zituen, esaterako, probintziaz kanpokoek generoa Maracaibon saltzeagatik “alcabala del viento” izeneko zerga ordaindu behar zuten. Modu horretan, ogasunak diru-sarrera gehiago izatea lortu zuen.
Kontrabandoaren aurka ere gogor borrokatu zen. Estraperloa ohikoa zen Maracaibon, eta gainera sarri askotan monarkiaren funtzionarioen laguntza izaten zuten kontrabandistek.
Maracaiboko orduko gizartearen beste kezka iturri nagusietako bat “motilones” izeneko indigenek sortutakoa zen. Ugarteren hitzetan, kalte ugari sortzen zituzten: “sobre los daños que causan estos bárbaros se han hecho algunos informes a la Corte”. Arazo hauei irtenbidea emateko asmoz, indigena hauek armen bidez mendean hartzeko plan bat idatzi zuen. “Proyecto para que se pueda conseguir la extinción de aquellos bárbaros” izeneko dokumentuan, indigenekin bukatzeko behar ziren arma eta soldadu kopurua zehaztu, eta indigenekin guztiz amaitzeko jarraitu beharreko estrategia definitu zuen.
“Está dada la providencia de que en los lugares principales de aquella Provincia (Maracaibo) se hagan, con los esclavos y gente de servicio de los hacendados, las rondas que antiguamente se practicaban (…) y para ellas se hicieron llevar allí de Maracaibo algunas armas (…) se le ha concedido hacer sus entradas y correrías contra estos mismos indios”.
Proiektua ez zen aurrera sekula eraman. Urte batzuk geroago, Ugarteren idatzietan, indigenei buruz zuen iritzian aldaketa nabarmentzen da.
Agintariekin gatazkak
1753an erregeorde berria izendatu zuten. Jose de Solis Folch izenekoa. Solisek interes berezia agertu zuen Maracaiboko gaiak ezagutzeko, eta gertutik jarraitu zuen Ugarteren lana. Erregeorde berriaren asmoa, probintziek zuten autonomia murriztu eta gobernua Santa Fe hirian zentralizatzea zen. Ugarte ez zegoen ideia horrekin ados, eta ondorioz, enfrentamendu ugari izan zituzten biek. Erregeorde berriarekin kolaboratu ordez, zuzenean haren aginduen aurka egiten hasi zen.
Erregeordearekin ez ezik, boteretsu batzuekin ere gatazkak izaten hasi zen Ugarte, neurri handi batean ustelkeriaren aurka egindako lanean aurkari ugari egin zituelako aberatsenen artean. Ez zuen diplomazia oso gustuko, eta bere autoritarismoak eta jarrerek eraginda beste agintari batzuekin gatazkak eta tentsioak hasi ziren.
1755ean, agintari batek Ugarteren jarrera salatuz kexua agertu zion Gorteari.
“Con la experiencia ha dado tanta prueba en lo violento de su genio y travezura (sic.), de que dio muestras bien públicas (…) se dejó llevar tanto de el ardor de sus ímpetus que prorrumpió en las más desordenadas voces, que se oyeron en toda la plaza, como un hombre fuera de sí”
Gatazka horiek izan arren, Madrildik Ugarterengan jarritako konfiantza mantendu zuten, eta karguan jarrai zezan erabaki zuten. Horrela, Koroak, Ugarteren politiken eragin postiboan zuen sinesmena berritu zuen.
Epaiketa
Legeek ziotenaren arabera, Koroaren funtzionario guztiek, denbora jakin bat pasatakoan “juicio de residencia” delako epaiketa jasan behar zuten lanpostuan jarraitu ahal izateko. Hori horrela, 1758an, Francisco Morenok bete zuen Maracaiboko gobernadore postua Ugarteren epaiketa egin bitartean.
Ugarte eta Morenoren arteko harremana hotza zen hasieran eta laster egin zuen okerrera. Gobernadore berriak pertsegitu, askatasuna murriztu eta ondasunak, etxeko lapikoa barne, kendu zizkiola salatu zuen Ugartek.
“Nombrado por sucesor Dn. Francisco Moreno (…) empezó a tirarle por los medios más escandalosos; sufrió tres prisiones, y el refugio de cuatro meses y medio sin autoridad alguna, ni otro motivo que el de su antojo; habiéndole hecho 5 embargos de bienes, y vendiéndole en su último todos sus muebles, hasta la olla, en que estaba la comida del día”.
Epaiketa egin bitartean, Ugarte Maracaibon bizitzen jarraitzera derrigortuta zegoen, baina bien arteko liskarrek herritarrengan horrenbesteko entzutea sortu zutenez, 1760an lehenbailehen penintsulara itzultzeko agindua eman zioten Madrildik Ugarteri.
Luze itxaron ondoren, azkenean, 1765ean “juicio de residencia” hastekoa zela eta, Maracaibora itzuli zen Ugarte. Juizioan, agintaldian izandako liskar eta gatazkak berriro azaleratu ziren. Maracaiboko funtzionarioei eta euren ustelkeriari bota zien errua, eta bere burua biktima gisa aurkeztu zuen.
1768an amaitu zen azkenean epaiketa, eta Ugarteren aldekoa izan zen epaia. Hala ere, bere aldekoak izan zirenen faborea eta babesa galdua zuen eta ez zioten gobernadore lan berririk eskaini. Erregeari kexa tonuz Puerto Cabello edo Santo Domingoko gobernua emateko proposatu arren, influentzia guztiak galduak zituen ordurako.
Erreferentziak
- Gobernar en un provincia de frontera: Maracaibo, 1750-1775.. Revista Historia, Métodos y Enfoques, 1,.
- Estudio de una provincia: Maracaibo, siglo XVIII.. Trocadero, 17.
- Campos, Xosé Ramón. (2009). Transferencia de pautas de gobierno y realidad colonial. Maracaibo, Venezuela, 1750-1800. Migracion e globalizacion. Universidad de Vigo.
- El Mediterráneo y América. Ediciones Murcia.