Francis Crozier
Francis Rawdon Moira Crozier (Banbridge, Down konterria, Irlanda 1796ko abuztuaren 16a - 1848 inguruan) Erregeren Itsas Armadako ofizial anglo-irlandarra izan zen, eta parte hartu zuen sei espediziotan Artikora eta Antartikara. 1845ean, kapitain gradua zuela, bera zen HMS Terror ontziko burua Sir John Franklin-en aginduetara, zeinak HMS Erebus ontziaren agintea eta oro har talde osoarena baitzuen, Ipar-mendebaldeko Pasaia aurkitzeko asmoarekin antolatutako espedizioan, geroago ezagunagoa egingo zena Franklinen espedizio galdua izenarekin, espedizio osoa desagertu baitzen, 129 gizonekin.
Francis Crozier | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Banbridge, 1796ko abuztuaren 16a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Heriotza | Gilen Erregearen uhartea, 1848 (51/52 urte) |
Familia | |
Aita | George Crozier |
Ama | Jane Elliot Graham |
Jarduerak | |
Jarduerak | esploratzailea, ikertzailea eta itsas ofiziala |
Parte-hartzailea
| |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Royal Society |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Royal Navy |
Gradua | kapitain commander (en) |
Lehen urteak
Francis Crozier Branbridge herrian jaio zen, Down konterrian, orduko Irlandako Erresuma (gaur egun Ipar Irlanda). Hamaikagarren haurra zen, hamahiru seme-alabaren artean, aita George Crozier fiskala zuela. Aitak izendatu zuen semea Francis Rawdon-Hastings Moirako bigarren kondearen ohoretan, berau haren lagun handia. Crozier gaztetxoak Banbridgen egin zituen lehen ikasketak, William eta Thomas anaiekin batera, eta Avonmore etxean bizi izan zen familiarekin, aitak 1792an eraikitakoa Banbridgen erdigunean.[1]
Zerbitzua itsasoan
Hamahiru urte zituela, Crozier Erregeren Itsas Armadan sartu zen boluntario, eta 1810eko ekainean HMS Hamadryad ontzian abiatu zen. 1812an HMS Briton ontzian zerbitzatu zuen, eta 1814an Pitcairn Uharteak bisitatu zituen, non ezagutu zituen HMS Bounty ontziko azken matxinatuak. 1817an ofizial ziurtagiria jaso zuen; 1818an HMS Doterel ontzian zerbitzatu zuen, Esperantza Oneko lurmuturrera bidean.
1821ean Crozierrek bat egin zuen William Edward Parry kapitainak Artikora egin zuen bigarren espedizioarekin, Ipar-mendebaldeko pasaia zeharkatzeko. HMS Hecla ontzian zerbitzatu zuen, Parry-k HMS Fury agintzen zuen bitartean. 1824an Iparrera itzuli zen bigarren aldiz Parry-rekin batera, eta espedizio hartan Fury ontzia hondoratu egin zen Somerset uhartearen inguruan. 1826an Crozier lotinant izendatu zuten, eta urtebete geroago berriro elkartu zen Parry-rekin, Ipar Polora iristeko asmoarekin, hura ere ahalegin ustela.
Bere bidaietan, Crozier bihurtu zen James Clark Ross esploratzailearen lagun min. 1827an Royal Astronomical Society elkarteko kide izateko hautatu zuten, Parry-rekin ibilitako hiru espedizioetan egindako ikerketa astronomiko eta magnetiko baliagarriengatik
1831n HMS Stag fragatara bidali zuten, eta Portugalgo kostan zerbitzatu zuten, bertako gerra zibiletan. 1835ean Crozierrek bat egin zuen James Clark Ross-ekin HMS Cove ontziko bigarren agintari moduan, laguntzeko Artikoan galdutako 12 baleontzi aurkitzen. 1837an Crozier komandante izendatu zuten.[2]
Ross espedizioa
1839an Crozierrek bat egin zuen Sir James Clark Ross-ekin Ross espedizioan bigarren agintari moduan lau urteko bidaia batean, Antartika esploratzeko HMS Erebus eta HMS Terror ontzietan. Crozier HMS Terror ontziko burua zen, eta 1841ean kapitain izendatu zuten. Erebus eta Terror 1843an itzuli ziren, ordura arte inor baino gehiago barruratu ondoren Antartikaren izotz hesian, eta kontinente hartako zati handiak aurkituta, Ross itsasoa eta Ross uhartea barne, baita Erebus mendia eta Ross izotz-plataforma ere.[3]
1843an Royal Society elkarteko kide izendatu zuten, magnetismoaren inguruan egindako lan bikainagatik.[4]
Franklin espedizioa
1845ean Crozier kapitainak bat egin zuen Sir John Franklin kontralmirantearekin HMS Terror ontziko buru gisa Franklin espedizioan, zeinak, HMS Erebus ontziarekin batera, berau Franklinen agindupean, antolatu zen Ipar-mendebaldeko pasaia zeritzan pasabidearen nabigatu gabeko azken tartea. Badirudi espedizioaren ardura Franklini eman aurretik, Sir John Barrow-k Crozier ere izan zuela gogoan lan hartarako, baina hau irlandarra eta jatorri apaleko samarrekoa izaki, baztertu egin zuen azkenean. 1847an Franklin hil zenean, Crozierrek hartu zuen espedizioaren ardura, eta haren patua eta espedizioko beste guztiena misterio bat izan zen, harik eta 1859an Sir Francis McClintock-ek gidatutako espedizioak Gilen Erregearen uhartean aurkitu zen arte ohar bat Crozierrek eta James Fitzjames-ek sinatua, artean Erebus ontziko kapitaina. 1848ko apirilaren 25ean sinatua, oharrak zioen abandonatu egin zituztela ontziak. Ordurako bederatzi ofizial zeuden hilda, John Franklin eta 15 eskifaikide barne, eta bizirik zeudenek asmoa zuten apirilaren 26an Back’s Fish River ingururantz abiatzeko, Kanada kontinentalean.[5]
Geroago inuiten informazio egiaztatugabeak irisi ziren, zeinen arabera 1852 eta 1858 urteen artean Crozier eta beste espedizio kide bat ikusi zituzten Baker lakuaren inguruan, 400 km. hegoaldera, non 1948an Farley Mowat idazle kanadarrak aurkitu zuen “harri-muino oso aspaldikoa, baina ez inuiten estilokoa”, haren barruan zurezko kutxa baten zatiak zeudela, lotune batzuekin.[6] McClintock-ek eta ondorengo bilatzaileek aurkitu zituzten Franklin taldearen aztarnak, hilobiak eta gorpuak Beechey uhartean, Gilen Erregearen uhartean eta Kanada kontinentaleko ipar kostan, baina inor ez bizirik.
Ontzien kokapena
2014ko irailaren 1ean, Kanadak “Victoria Itsasarteko Espedizioa” izenarekin antolatutako espedizioak bi objektu aurkitu zituen Hat uhartean, Queen Maud golkoan, oso gertu Gilen Erregearen Uhartetik, Nunavut-en: bata egurrezkoa, eta bestea metalezkoa. 2014ko irailaren 9an espedizioak iragarri zuen irailaren 7an aurkitu zuela Franklinen bi ontzietatik bat. Ontzia oso egoera onean zegoen, eta sonarraren albo-eskanerrak gainaldearen oholak ere erakusten zituen. Urriaren 1ean, Stephen Harper Kanadako Lehen ministroak Ottawako Parlamentuan baieztatu zuen aurkitutako ontzia HMS Erebus zela. 2016an HMS Terror ontzia aurkitu zuten Terror izeneko badian, Gilen Erregearen uharteko hegoaldeko kostaldean.
Legatua
2008ko ekainean, Crozierren jaioterriak, Banbridge, oroimenezko ekitaldi bat antolatu zuen Hirutasun Santuaren elizan, esker oneko otoitzak barne, eta bertan parte hartu zuten ehundik gora Crozierren ondorengok eta Franklinen espedizio galduaren beste ofizial batzuenek, baita haien bila ibilitakoen ondorengoek ere, Artikoan espezializaturiko zenbait historialarik barne, hala nola Michael Smith eta Russell Potter.
1858an Parlamentuak horrela aginduta, Londresko Greenwich Ospitalearen Areto Pintatuan oroitarri bat eraiki zen Sir John Franklin eta haren gizonak oroitzeko, Crozier barne. 1937an Royal Naval College-ra eraman zuten, Greenwichera, baina 2009an jatorrizko lekura itzuli zen. 2009ko urriaren 29ko Eskerregite zerbitzuan, Sir John Franklin, Crozier kapitaina eta haien gizonen ondorengoek ospatu egin zituzten haien lorpenak.
Crozier izena toponimian
Hona hemen Crozierren omenez izendatutako zenbait geografia-izen:
- Crozier lurmuturra, Ross uhartearen ekialdean, Antartikan.
- Crozier lurmuturra, Gilen Erregearen uharteko mendebaldean, Kanadako Artikoan.
- Crozier lurmuturra, Mercy badiaren mendebaldean, Banks uhartean, Kanadako Artikoan.
- Crozier estugunea, Cornwallis eta Bathurst uharteen artean, Kanadako Artikoan.
- Crozier ibaia, Fury eta Hecla estugunearen artean, Kanadako Artikoan.
- Crozier gunea, Spitsbergen-en, Norvegiako Ipar Artikoan.
- Crozier kanala, Banks uhartearen iparraldean, Kanadako Artikoan.
- Crozier uhartea, Kennedy kanalean, Groenlandia eta Ellesmere uhartearen artean.
- Crozier ilargi-kraterra, Ilargiaren alde hurbilean: 13.5° S, 50.8° E
Crozier fikzioan
Francis Crozier protagonista eta narratzaile nagusia da 2007ko The Terror nobelan, berau Dans Simmnos idazlearena, Franklinen espedizio galduaren kontakizun fikzionatu bat, eta baita 2018ko izenburu berdineko telesailan, non Jared Harris aktoreak Crozierren errola antzezten duen. Bai nobelak eta baita telesailak ere aurkezten dute Crozier espediziotik bizirik irauten duen bakarra; beraren herrira itzuli ordez, elkartu egiten da inuiten tribu batekin.
Halaber, Crozier narratzaile moduan argertzen da Du bon usage des étoiles (Izarren erabilera onaz) nobelan, berau 2008koa, Dominique Fortier-ek idatzia, eta Governor General’s sarietako finalista.
Erreferentziak
- 1946-, Smith, Michael,. (2006). Captain Francis Crozier : last man standing?. Collins ISBN 1905172095. PMC 71846780. (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
- 1946-, Smith, Michael,. (2010). Great endeavour : Ireland's Antarctic explorers. Collins Press ISBN 9781848890237. PMC 642289554. (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
- P., Paine, Lincoln. (2000). Ships of discovery and exploration. Houghton Mifflin Co ISBN 0395984157. PMC 44128252. (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
- royalsociety.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
- Ann., Savours,. (1999). The search for the North West Passage. St. Martin's Press ISBN 0312223722. PMC 41565005. (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).
- C., Woodman, David. (1992). Unravelling the Franklin Mystery : Inuit Testimony. (New ed. argitaraldia) McGill-Queen's University Press ISBN 0773509364. PMC 59991914. (Noiz kontsultatua: 2019-01-02).