Francesca Woodman
Francesca Woodman (Denver, Ameriketako Estatu Batuak, 1958ko apirilaren 3a – New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1981eko urtarrilaren 19a) argazkilaria izan zen. Woodmanen obra 1970eko hamarkadako mugimendu feministaren testuinguruan kokatzen da. Artearen mundua txikitatik ezagutzen zuen, gurasoen eragina zela eta. Hamahiru urte besterik ez zuenean, bere lehen argazki-lanak sortu zituen, ondoren garatuko zuen estilo bereizgarriaz baliatuz. Lehen argazki horietan jadanik zuri-beltza eta formatu karratua erabiltzen zituen, argiztapenari lehentasuna emanez, atentzioa irudian azaltzen den subjektuarengana bideratu nahian.[1]
Francesca Woodman | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Francesca Woodman |
Jaiotza | Denver, 1958ko apirilaren 3a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Talde etnikoa | estatubatuar zuria |
Heriotza | New York, 1981eko urtarrilaren 21a (22 urte) |
Heriotza modua | suizidioa: erorikoa |
Familia | |
Aita | George Woodman |
Ama | Betty Woodman |
Hezkuntza | |
Heziketa | Rhode Island School of Design (en) Boulder High School (en) Phillips Academy (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | argazkilaria |
Lantokia(k) | Providence |
Mugimendua | arte feminista |
Genero artistikoa | Autorretratua |
Erromara ikastera joan zenetik, bere lanetan surrealismoaren eta futurismoaren eragina antzematen zaio, bai eta sentsazio dekadentista bat transmititzeko nahia ere. Azken ezaugarria argazkietan azaltzen diren horma biluzietan eta objektu zaharretan hauteman daiteke. 1979an New Yorkera joan zen bizitzera, eta han eragin handiko zenbait argazkilariren etengabeko gaitzespenei aurre egin behar izan zien. 1981eko urtarrilaren 19an, 22 urte besterik ez zuela, Francesca Woodmanek bere buruaz beste egin zuen Manhattango Lower East Side eraikineko leiho batetik salto eginez.
Bizitza eta obra
Hastapenak - Boulder (1958-1976)
Francesca Woodman 1958ko apirilaren 3an jaio zen Denverren, Colorado, artistez osatutako familia batean. Bere ama, Betty Woodman, eskultorea eta zeramikaria zen, aita, George Woodman, margolaria eta argazkilaria, eta anaia, Charlie Woodman, bideo-artista. Haurtzaroa Boulder eta Florentzian igaro zuen. 1968an gurasoek Antellan, Toskana, etxe bat erosi zuten, eta ondorengo udak han igaro zituzten.[2] Ikasketak Massachusettseko institutu pribatu batean hasi zituen eta 1975 Rhode Island School of Design eskolan artea ikasten hasi zen. Han Aaron Siskind argazkilari ospetsua ezagutu zuen, bere irakaslea izan zena.[2][3]
Artearen munduan txikitatik sartu zen, gurasoen eragina zela eta. Woodmanentzat artea ez zen soilik bizitzeko modu bat, modu ezberdin batean pentsatzeko eta errealitatea ikusteko aukera bat baizik. Bere lehen argazkiaren bidez, Self-portrait at thirteen, argazkilariak bere helburu artistikoak argi utzi nahi zituela dirudi. Esan bezala, ondoren erabiliko zituen teknika eta ezaugarri bereizgarriak lehenengo lan horretan jada nabarmenak dira: formatu karratua, zuri-beltza, subjektu bakarraren presentzia, autoerretratua eta aurpegiaren lausotasuna. Hasierako argazkietan espazio naturalak nagusi dira, eta Woodmanen gorputza naturarekin nahasten edo fusionatzen ikus dezakegu.[4]
Erromako egonaldia (1977-1978)
1977an Woodman Erromara joan zen ikastera, Palazzo Cenci jauregian antolatutako arte programa batean onartua izan ondoren. Egonaldi horrek bere lana betiko markatu zuen, batez ere artista surrealista eta sinbolistekin izan zuen harremanarengatik. Besteak beste, Max Klinger artista alemana ezagutu zuen, eta Maldoror galeria eta liburudendan elkartzen ziren artistekin erlazioa izan zuen ere.[3] Garai horretan bere argazkiak itxura dekadente bat hartzen hasi ziren, eta bere estiloa definitzen joan zen, natura alde batera utziz eta espazio itxi eta zaharretan lan eginez.[5]
New York (1979-1981)
1979an Francesca Woodman New Yorkera bizitzera joan zen, artearen munduan ezagun egiteko asmoarekin. Hasieran proiektu artistiko asko garatu zituen eta moda-argazkilari bezala lan egiten hasi zen. Bere lanak hainbat aldizkari eta galerietara bidali zituen, baina argazkilari ospetsu batzuek bere obra asko kritikatu zuten. Hori dela eta, Woodmanek porrotari aurre egin behar izan zion. Aldi berean, bere bikotekidearekin mantentzen zuen erlazioa modu traumatiko batean amaitu zen, eta gertakari guzti horiek depresioa eragin zioten. Bizipen mingarri horiek bere lanean eragina izan zuten. Adibidez, Mirror floating down river argazki seriean, ispiluak eta kristalak existitzen ez diren edo artistak galdu dituen gauzak irudikatzeko elementuak direla dirudi.[4] 1981eko urtarrilaren 19an, 22 urte besterik ez zituela, Francesca Woodmanek bere buruaz beste egin zuen, Manhattango Lower East Side eraikineko leiho batetik salto eginez. Egun batzuk lehenago, lagun bati bidalitako gutun batean, hurrengoa idatzi zuen: «My life at this point is like very old coffee-cup sediment and I would rather die young leaving various accomplishments, ie some work, my friendship with you, some other artefacts intact, instead of pell-mell erasing all of these delicate things».
Testuingurua, estiloa eta gaiak
Arte garaikidean ohikoa den bezala, Francesca Woodmanek subjektibitatea eta identitateari buruzko hausnarketa konplexu bat garatu zuen argazkilaritzaren bidez. Izan ere, erabiltzen zuen teknika nagusia, autoerretratua, niaren esplorazioa ahalbidetzen duen tresnarik nabarmenena da. Woodmanen argazkien eta bere bizitzaren arteko muga lausoa da, argazkilaritza errealitatean gertatzen ari zena eta sentitzen zuena adierazteko eta ulertzeko erabiltzen baitzuen.[6]
1970eko hamarkadan ez zegoen besteak baino garrantzitsuagoa zen mugimendu artistiko gailenik. Hala ere, XX. mendeak ezagutzaren heterogeneotasuna zalantzan jarri zuen, askatasuna eta aniztasunaren aldeko proposamen artistikoak bultzatuz, eta ikuspegi berriek artearen munduan espazioa izatea lortu zuten.
Woodman garai artistiko konplikatu batean lan egiten hasi zen, baina gutxinaka artea lantzeko modu berriak ezagun egiten joan ziren, aspektu teknikoak alde batera utziz eta kontzeptuari formari baino garrantzi handiagoa emanez. Woodmanek hizkuntza poetikoa bere argazkietara eraman zuen. Ezin zuen poesiarik gabe bizi, eta errealitatea bere irudipen utopiko eta idealizatuekin nahasi zuen, denboraz kanpoko mundu intimo bat sortuz. Bere argazkietan, gorputz biluziek gela batetik bestera bidaiatzen dute, espazioak mamu baten antzera zeharkatuz. Surrealisten eragina betez ere bere argazkien konposizio-arauetan antzeman daiteke.[5]
Francesca Woodmanen lanean bi elementu nagusi aurki daitezke: espazioa eta denbora. Bere argazkiek subjektu bakar bat erretratatzen dute (orokorrean Woodman bera), ingurune dekadente edo hondatu batean. Garrantzi handia ematen zaie etxeko eszena eta gertakariei, betiere ikuspegi poetiko batetik abiatuta, hutsalkeria alde batera utziz. Autoerretratuekin lan egiten duenez, Woodmanek artista eta modeloaren arteko erlazio tradizionalarekin apurtzen du, hala nola postura estatikoaren nagusitasunarekin, bere lanetan mugimenduak garrantzi zentrala baitu. Esposizio luzeak eta mugimendua esparru fisikoa eta psikologikoaren arteko muga lausotzeko erabiltzen zituen, eta baita bere identitatea zalantzan jartzeko ere. Aurpegiaren lausotasunak artistari nortasunaren gaineko hausnarketa bat garatzeko aukera ematen dio, argazkilaritza maskara-joko bat izango balitz bezala. Woodmanek sortzen duen errealitatea dirudiena baino konplexua eta sakonagoa da.[6] Bere lanetan diziplina artistiko ezberdinen eragina eta erreferentziak igarri daitezke, eta argazkien bidez landu zituen gaien artean emakumearen irudiaren emantzipazioa, gorputza eta hizkuntzaren arteko erlazioa eta egunerokoan aurki dezakegun sentimendu poetikoa nabarmendu daitezke. Gorputz biluzi eta pareta hutsen bidez, Woodmanek bere barne mundua erakusten digu, ikuslea materiatik haratago eramanez, argazkietan atzitu ezin dena iradoki nahian.[5]
Eraginak
Woodmanen lanari amerikar zein europar eraginak antzematen zaizkio, eta mugimendu artistiko nagusirik gabeko garai batean sortua izan zen. Esan bezala, Woodman 1970eko hamarkadako abangoardia feministaren parte izan zen, eta bere argazkiek artista surrealisten konposizio arauak jarraitzen zituzten. Literatura surrealistak ere bere lanean eragin handia izan zuen. Artisten artean, Man Rayren eta Hans Bellmerren eragina nabarmena da, batez ere biluztasuna, gorputzen desitxuraketa eta irudien konposizioari dagokienez.
Erroman ikasten ari zenean (1977-1978), Max Klinger artista alemana ezagutu zuen. Azken horren estilo sinbolistaren eragina Angel series (1977) bezalako argazki serieetan hauteman daiteke. Horrez gain, kritikari batzuek bere obra pintura barrokoarekin erlazionatu dute, argazkietan ikus ditzakegun dekadentismo eta tenebrismoa direla eta. Baina elementu horiek Deborah Turbevillen lanean ere azaltzen dira, Woodmanengan eragin handia izan zuen garaiko moda-argazkilari ospetsua.[7][8]
Kritikak eta ondarea
Orokorrean, kritikak Woodmanen argazkien iluntasuna azpimarratu du, obrak artistaren ondorengo suizidioa iragarriko balu bezala. Bizitza pertsonalean eta Woodmanen idatzietan oinarrituz, kritikariek iluntasun horren arrazoiak bilatu dituzte, atentzioa lausotasunean eta espazio hutsetan jarriz. Kritikari gutxik aztertu dute Woodman sistema artistiko patriarkal batean emakumearen rola zein den galdetzen zuen artista bat bezala, edo etxearen espazioa gorputzaren bidez berrinterpretatzen zuen emakume bat bezala. Rosalind Krauss bezalako kritikari batzuek Woodman artista feministatzat hartzen dute, argazkilaritzaren bidez emakumeek identitatea ezkutatzeko zituzten arrazoiak eta moduak ikertzen zituela azpimarratuz.[9]
Woodmanen obraren ospea bere gurasoek, alaba hil ondoren, egin zuten kudeaketa-lanaren ondorioa da. Bere argaziak biltzen dituzten erakusketak mundu osoan zehar antolatu dira, kritikak egunkarietan, liburuetan eta aldizkarietan argitaratuak izan dira, bere eguneroko pertsonala ere editatu eta kaleratu da, eta gurasoek artistari buruzko dokumental batean parte hartu dute, The Woodmans izenekoa.[6] Baina Woodmanen ospea askoz haratago doa: bere heriotza goiztiarrak eta utzitako 800 obra baino gehiagoko corpusak argazkilaria mito bihurtu dute, eta azken bi hamarkadetan, argazkilaritza digitala nagusi izan arren, Woodmanen eragin nabarmena duten artista asko azaldu dira. Besteak beste, Rebecca Cairns, Ellen Rogers, Lydia Roberts edo Dara Scully.
Erakusketak
Francesca Woodmanek oso erakusketa indibidual gutxi egin zituen bizitzan. Hauek dira museo ezagunetan egindako batzuk:
- 1976. Addison Gallery of American Art, Andover, AEB, martxoa.
- 1978. Swan Song, Woods-Gerry Gallery, Rhode Island School of Design, Providence, AEB, azaroaren 16tik 22ra. Maldoror liburudenda, Erroma, Italia, martxoaren 20tik 30era.
Eta kolektiboki burututako beste batzuk:
- 1976. Juried Competition, Woods-Gerry Gallery, Rhode Island School of Design, Providence, AEB, martxoa.
- 1977. Juried Competition, Woods-Gerry Gallery, Rhode Island School of Design, Providence, AEB, martxoa. Argazkiak eta erretratuak, Womanspace, Boulder, AEB, apirila.
- 1978. Group Show, Rhode Island School of Design, Palazzo Cenci-n, Erroma, Italia, maiatza. Cinque Giovani Artisti, Galleria Ugo Ferranti, Erroma, Italia, ekainaren 14tik uztailaren 31ra.
- 1980. Beyond Photography 80, The Alternative Museum, New York, apirilaren 19tik maiatzaren 17ra.
Artista hil ondoren, Woodmanen lana biltzen duten hainbat erakusketa burutu dira mundu osoan zehar. Kasu gehienetan, gurasoek kudeatu dituzte, Woodmanek utzitako artxiboa erabiliz. Hemen 1986tik 2008ra museoetan egin diren erakusketa indibidualen hautaketa bat:
- 1986. Francesca Woodman, Photographic Work. Hunter College Art Gallery, New York, otsailaren 13tik martxoaren 14raa; Wellesley College Museum, Wellesley, AEB, 1987ko otsailaren 2tik martxoaren 15era; UCI Fine Arts Gallery, University of California, Irvine, AEB, 1987ko apirilaren 2tik maiatzaren 2ra; Krannet Art Museum, Champaign, AEB, 1988ko urtarrilaren 25etik martxoaren 6ra.
- 1989. Francesca Woodman, Photographic Work, Institute of Contemporary Art, Filadelfia, AEB, abenduaren 14tik 1990eko urtarrilaren 28ra.
- 1992an. Francesca Woodman, Photographic Arbeiten. Shedhalle, Zurich, Suitza, maiatzaren 31tik uztailaren 26ra; Westfälischer Kunstverein, Münster, Alemania, irailaren 18tik urriaren 25era; Kulturhuset, Stockholm, Suedia, 1992ko abenduaren 4tik 1993ko otsailaren 7ra; Suomen Valokuvataiteen Museu SÄÄTIÖ, Helsinki, Finlandia, 1993ko martxoaren 26tik apirilaren 28ra; DAAD Galerie, Berlin, Alemania, 1993ko maiatzaren 8tik ekainaren 13ra; Galleri F15 Alby, Moss, Norvegia, 1933ko abuztuaren 7tik urriaren 3ra.
- 1995. Casetti Galleria Libreria, Erroma, Italia, 1995eko abenduaren 6tik 1996ko ekainaren 30era.
- 1996an. Galeria Civica, Modena, Italia, 1996ko azaroaren 24tik 1997ko otsailaren 9ra.
- 1998. Francesca Woodman, Fondier Cartier pour l'art contemporain, Paris, Frantzia, apirilaren 11tik maiatzaren 31ra; Kunsthal, Rotterdam, Holanda, irailaren 12tik azaroaren 15era; Centre Cultural de Belém, Lisboa, Portugal, 1999ko urtarrilaren 22tik apirilaren 15era; Photographer's Gallery, Londres, Erresuma Batua, 1999ko abuztuaren 6tik irailaren 18ra; Centre Cultural TeclaSala, l'Hospitalet, Bartzelona, Espainia, 2000ko azaroaren 11tik martxoaren 30era; Carla Sozzani Gallery, Milan, Italia, 2001eko urtarrilaren 10etik otsailaren 25era; Douglas Hyde Gallery, Dublin, Irlanda, 2001eko maiatzaren 18tik uztailaren 21era; PhotoEspaña, Centro Cultural Conde Duque, Madril, Espainia, 2002ko ekainaren 12tik uztailaren 14ra.
- 2000. Francesca Woodman: Providence, New York. Palazzo delle Esposizioni, Erroma, otsailaren 2tik martxoaren 27ra.
- 2003. Francesca Woodman: Phoptographs . Herbert F. Johnson Museum of Art, Cornell University, Ithaca, New York, uztailaren 12tik urriaren 26ra.
- 2006an. American Academy in Rome, Erroma, Italia, otsailaren 7tik martxoaren 17ra.
- 2007. Poetry and Dream Collection Display: Francesca Woodman, Tate Modern, Londres, Erresuma Batua, 2007ko maiatzetik 2008ko maiatzera.
Hurrengo zerrenda 1988tik 2008ra bitartean museoetan egin diren erakusketa kolektiboen aukeraketa da:
- 1988. Identity: Representation of the Self, Whitney Museum of American Art, Downtown at Federal Reserve Plaza, New York, 1988ko abenduaren 14tik 1989ko otsailaren 10era. Sexual Difference: Both Sides of the Camera, Wallach Art Gallery, Columbia University, New York, martxoaren 29tik maiatzaren 7ra.
- 1989. Vanishing Presence, Walker Art Center, Minneapolis, AEB, urtarrilaren 29tik apirilaren 16ra; The Detroit Institute of Art, Detroit, AEB, maiatzaren 9tik uztailaren 2ra; Winnipeg Art Center, Winnipeg, Kanada, abuztuaren 27tik urriaren 22ra; High Museum of Art, Atlanta, AEB. 1989ko azaroaren 14tik, 1990eko urtarrilaren 7ra; Herbert F. Johnson Museum of Art, Cornell University, Ithaca, 1990eko urtarrilaren 30etik martxoaren 27ra; Virginia Museum of Fine Arts, Richmond, 1990eko apirilaren 22tik ekainaren 17ra.
- 1992. Current 92: The Absent Body, Institute of Contemporary Art, Boston, AEB, urtarrilaren 22tik martxoaren 22ra. Sprung in die Zeit, Museum für Moderne Kunst Photographie und Achitektur, Berlin, Alemania, 1992ko azaroaren 22tik 1993ko urtarrilaren 17ra.
- 1996. Ikusgai barruan, erakusketan ibiliko da: Arte Garaikideko Institutua, Boston, EE. U., urtarrilaren 31, maiatzaren 12a; Emakumeen Arte Nazionaleko Museoa, Washington, ekaina / iraila; Whitechapel, Londres, Erresuma Batua, urria / abendua (erakusketaren katalogoa).
- 1998. Mirror Images: Women, Surrealism and Self-Representations, MIT, List Visual Arts Center, Cambridge, apirilaren 10etik ekainaren 28ra; Miami Art Museum, Miami, irailetik abendura; San Francisco Museum of Modern Art, San Frantzisko, 1999ko otsailetik martxora.
- 1999. American Century: Art & Culture, 1950-2000, The Whitney Museum of American Art, New York, irailaren 23tik 2000ko otsailaren 27ra.
- 2000. The Wounded Diva: Hysteria, Body, Technology in 20th Century Art, Galerie im Taxispalais, Insbruck, martxoaren 3tik maiatzaren 7ra; Staatliche Kunsthalle, Baden-Baden, Alemania, ekainaren 25etik abuztuaren 27ra.
- 2001. Relative Positions, Contemporary Arts Museum, Houston, AEB, urriaren 19tik abenduaren 9ra.
- 2002. Hexenwahn, Deutsches Historisches Museum, Berlin, maiatzaren 2tik abuztuaren 6ra.
- 2003. The Disembodied Spirit, Bodoin College Art Museum, Brunswick, AEB, irailaren 25etik abenduaren 7ra; Kemper Museum of Contemporary Art, Kansas City, AEB. 2004ko martxoaren 5etik maiatzaren 23ra; Austin Museum of Art, Austin, AEB, irailaren 11tik azaroaren 28ra. After Image, The Fruitmarket Gallery, Edinburgh, Erresuma Batua, abuztuaren 2tik irailaren 2ra; Helsinki City Art Museum, Helsinki, 2004ko otsailaren 24tik maiatzaren 23ra; Victoria Miro Gallery, Londres, Erresuma Batua, 2004ko ekainaren 22tik abuztura.
- 2004. How do we want to be governed?, Miami Art Central, Miami, AEB, 2004ko azaroaren 29tik 2005eko urtarrilaren 30era; Sezession, Vienna, Austria, 2005eko otsailaren 24tik apirilaren 24ra; Witte de With Center for Contemporary Art, Rotterdam, 2005eko apirilaren 28tik ekainaren 19ra. That bodies speak has been known for a long time; Generali Fundation, Viena, urtarrilaren 22tik apirilaren 25era.
- 2005. Indeterminate States: Video in the Ella Fontanals Cisneros Collection, CIFO, Miami, AEB, 2006ko azaroaren 30etik otsailaren 3ra.
- 2006. 4th Berlin Biennial for Contemporary Art, KW Institute for Contemporary Art, Berlin, martxoaren 25etik maiatzaren 28ra. Masquerade: Representation and the Self in Contemporary Art, Museum of Contemporary Art, Sydney, Australia, martxoaren 23tik maiatzaren 21era.
- 2007. Autoritratto/Autobiografia, Muxeo Handrik C. Andersen, Galleria Nazionale d'Arte Moderna, Erroma, urriaren 26tik 2008ko urtarrilaren 20ra. Ellipsis: Chantal Akerman, Lili Dujourie, Francesca Woodman, Museo Tamayo Arte Contemporáneo, Mexiko DF, Mexiko, urriaren 4tik 2008ko urtarrilaren 6ra; Lund Kontshall, Lund, Suedia, otsailaren 9tik 2008ko apirilaren 13ra; Dundee Contemporary Arts, Dundee, Erresuma Batua, 2008ko apirilaren 23tik ekainaren 22ra. Held together with Water: Art from the Sammlung Verbund, MAK, Viena, maiatzaren 5etik irailaren 16ra; Istanbul Museum of Modern Art, Istanbul, 2008ko irailaren 10etik 2009ko urtarrilaren 11ra.
- 2008. Conversations, Kettle's Yard, University of Cambridge, Cambridge, Erresuma Batua, irailaren 27tik azaroaren 16ra. Female Trouble, Pinakothek der Moderne, Munich, uztailaren 18tik urriaren 26ra. Freeeway Balconies, Deutsche Guggenheim, Berlin, uztailaren 5etik irailaren 21era.[4]
Bibliografia
- Pedicini, I. (2012). Francesca Woodman: The Roman Years Between Skin and Film. Contrasto.
- Willis, S. (zuzendaria). (2010). The Woodmans. https://www.youtube.com/watch?v=5zqnudtcwku
- Woodman, F. (1999) Francesca Woodman: textos en català: [exposició al Centre Cultural Tecla Sala]. (44. or.). L'Hospitaleteko Udala, Bartzelona.
- Woodman, F. (2009). Retrospectiva; Retrospective: [Espacio AV, Murcia, 26 fen-17 may, 2009], Francesca Woodman; [Marco Pierini... et al., textos];. M. Pierini & Murcia cultural-en (Comp.). (178. or.). Murtzia: Murcia Cultural.
Erreferentziak
- Glass, Elle. «Francesca Woodman» (ingelesez). Russh. [Noiz kontsultatua: 2016-01-11].
- On Being an Angel (ingelesez). Londres: Koenig Books, 2015, 9. orrialdea ISBN 9783863357504.
- «Francesca Woodman: retratos de una artista suicida» (gaztelaniaz). Vanitatis, El Confidencial, 2011-11-29. [Noiz kontsultatua: 2016-01-11].
- Pierini, Marco. Retrospectiva; Retrospective [Espacio AV, Murcia, 26 feb-17 may, 2009]; Francesca Woodman; [Marco Pierini ... et al., textos]; (gaztelaniaz eta ingelesez). Murtzia: Murcia Cultural, 2009, 178. orrialdea.
- Pedicini, Isabella. Francesca Woodman: The Roman years between skin and film (ingelesez). Contrasto, 2012.
- 2010.
- Wrigley, Tish. «Francesca Woodman's Inspirations» (ingelesez). AnOther. [Noiz kontsultatua: 2016-01-11].
- Gumport, Elizabeth. «The Long Exposure of Francesca Woodman» (ingelesez). The New York Review of Books, 2011-01-24. [Noiz kontsultatua: 2016-01-11].
- Williams, Nicole. «The Art of Francesca Woodman: Haunting, Evocative, Personal» (ingelesez). The Artifice. [Noiz kontsultatua: 2016-01-11].
Kanpo estekak
- (Ingelesez) «Francesca Woodman's Inspirations», AnOther Magazine.
- (Ingelesez) «Francesca Woodman», Russh Magazine.
- (Gaztelaniaz) «Francesca Woodman: retratos de una artista suicida», El Confidencial.
- (Ingelesez) «The Art of Francesca Woodman: Haunting, Evocative and Personal», The Artifice.
- (Ingelesez) «The Long Exposure of Francesca Woodman», The New York Review of Books.
- (Ingelesez) The Woodmans, dokumentala.