Frantzia
Frantzia[1] (frantsesez: France, /fʁɑ̃s/ ahoskatua), ofizialki Frantziako Errepublika[1] (frantsesez: République française, ʁepyblik fʁɑ̃sɛz ahoskatua) Mendebaldeko Europako estatu burujabea da, itsasoz haraindi beste uharte eta lurralde batzuk dituena. 675.417 kilometro koadroko eremua du, eta 2023ko urtarrilean 68.042.591 biztanle zituela kalkulatzen da.[2] Metropolitar Frantzia Mediterraneo itsasotik Mantxako kanala eta Ipar itsasora, eta Rhin ibaitik Ozeano Atlantikora hedatzen da. Mugakide hauek ditu: mendebaldean Ozeano Atlantikoa, iparraldean Mantxako kanala, ekialdean Belgika, Luxenburgo, Alemania, Suitza eta Italia, eta hegoaldean Espainia, Andorra, Monako eta Mediterraneo itsasoa. Europar Batasuneko kidea da. Hiriburua Paris da.
Frantziako Errepublika | |||
---|---|---|---|
République française | |||
Ereserkia: Marseillesa | |||
Goiburua: Liberté, egalité, fraternité | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Paris 48°51′24″N 2°21′8″E | ||
Azalera | 643.801 km² Ura %0,3 | ||
Punturik altuena | Mont Blanc (4.808,72 m) | ||
Punturik sakonena | Lavalduc urmaela (−10 m) | ||
Kontinentea | Europa, Afrika, Amerika, Ozeania eta Antartika | ||
Mugakideak | Espainia, Andorra, Belgika, Luxenburgo, Alemania, Suitza, Italia, Monako, Brasil, Surinam eta Herbehereetako Erresuma | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | erdipresidentzialismo | ||
Frantziako Errepublikako presidentea | Emmanuel Macron | ||
Frantziako lehen ministroa | Gabriel Attal | ||
Legebiltzarra | Frantziako Parlamentua | ||
Epai autoritatea | Frantziako Kasazio Auzitegia, Estatu Kontseilua, Kontuen Auzitegia, Kontseilu Konstituzionala eta Errepublikako Justizia Gortea | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 67.749.632 (2021) 685.929 (2020) | ||
Dentsitatea | 105,23 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 genero guztiak: 0 gizonezko: 18 emakumezko: 15 | ||
Emankortasun-tasa | 1,99 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 29.418 (2014) | ||
Derrigorrezko eskolaratzea | 6-16 | ||
Bizi-itxaropena | 82,27317 (2015) | ||
Giniren koefizientea | 33,1 (2012) | ||
Giza garapen indizea | 0,903 (2021) | ||
Ekonomia | |||
Moneta | Euro (€) | ||
BPG nominala | 2.582.501.307.216,4 $ (2017) 117.367.009.777,51 (2016) | ||
BPG per capita | 38.484 $ (2017) 1.614 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 2.954.850.214.163 nazioarteko dolar (2017) 150.575.918.325 (2016) | ||
BPG per capita EAPn | 44.032,898 nazioarteko dolar (2017) 2.090,271 (2016) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 1,2 % (2016) | ||
Erreserbak | 156.322.431.109 $ (2017) 10.456.382.395 (2016) | ||
Inflazioa | 0,7 % (2016) 0 (2016) | ||
Historia | |||
843 | Verdungo Hitzarmena | ||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +33 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | FR | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | FRA | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 230 V. 50 Hz. 400 V. 50 Hz.Europlug (en) eta Type E (en) | ||
Internet domeinua | .fr, Point BZH, .re, .wf, .yt, .pm, .paris eta .alsace (en) | ||
service-public.fr |
Geografia
Metropolitar Frantzia Europako mendebaldean dago. Frantziako Errepublikako zati dira, halaber, Europatik kanpoko hainbat lurralde: Ipar Amerikan, Antilletan, Hego Amerikan, Indiako ozeanoan, Ozeano Bareko hego eta iparraldean eta Antartikan.
Mugak
Metropolitar Frantzia kontinentalak hexagono baten itxura du, eta 965 bat kilometro luze eta 935 bat kilometro zabal da. Haren mugak 2.970 km luze dira: Espainia (650 km), Belgika (620 km), Suitza (572 km), Italia (515 km), Alemania (450 km), Luxenburgo (73 km), Andorra (57 km) eta Monako (4,5 km). Guyanako mugak 580 km luze dira Brasilekin eta 520 km Surinamekin. Saint Martin uharteak (Antillak) 10,2 km luze den muga eraikigabea du Herbehereen uharte zatiarekin. Azkenik, Antartikan Frantziak beretzat duen Terre Adélie lurraldeak (TAAF) muga du Australiak beretzat duen lurraldearekin.
Frantziako kostak lau itsasotara ematen duenez (Ipar Itsasoa, Mantxako kanala, Ozeano Atlantikoa eta Mediterraneoa), herrialdea komunikazio- eta kultura-bidegurutze paregabea da.
Eskualde naturalak
Frantziako parke naturalak hamar dira, Metropolitar Frantzian nahiz itsasoz haraindiko lurretan kokatuak. Parcs Nationaux de France gobernu agentziak kudeatzen ditu. Guztira 3.710 kilometro koadroko lurra dago guztiz babestuta, eta beste 9.162 kilometro koadro babestu dituzte inguruan. Frantziako parke naturalek zazpi milioi bisitari dituzte urtero.
Horretaz gain Frantziak, batez ere metropolitar gunetik kanpo dituen lurraldeetan, berebiziko fauna, flora eta paisaia aniztasuna du. Hainbat latitudetako paisaiez gain, metropolian bertan goi-mendi nahiz lautadetako inguruneak ditu. Frantziak nekazaritza gune zabalak ditu, eta hala mahastiek nola arto edo zerealen ekoizpenak paisaien eraldaketa handia ekarri dute.
Erliebea
Metropolitar Frantziako paisaiak aniztasun handia du, ordoki zabalak ipar eta mendebaldean, eta mendigune handiak hego-mendebaldean (Pirinioak) eta hego-ekialdean (Alpeak). Frantziako Alpeetan dago Mendebaldeko Europako punturik gorena, Mont Blanc, 4.810 m gora dena. Beste lurralde menditsu batzuk ere badira, hala nola, Erdialdeko Mendigunea, Jura, Vosges, Morvan, Armorikako mendigunea eta Ardenetako mendigunea.
Hidrografia
Ibai handiek zeharkatzen dute Frantzia. Garrantzitsuenak Loira, Rodano (iturburua Suitzan du), Garona (iturburua Kataluniako Arango haranean duena) eta Sena dira. Tarte batez Frantzia ukitu edo zeharkatzen duten ibai esanguratsuen artean Rhin, Mosa eta Mosela daude. Guyana Frantsesaren nazioarteko mugak eratzen dituzten Maroni ibaia eta Oyapock ibaia ere Frantziako ibairik luzeenen zerrendan daude.
Klima
Frantziako klimak alde handiak ditu. Klima ozeanikoa dute Bretainiak eta Normandiak; klima hori Frantziako sartalde guztira hedatzen da. Han neguak leunak eta udak freskoak dira. Euria, mendebaldeko haizeek ekarria, ugaria da urte osoan. Normandiako eguraldia oso egokia da belardietarako. Akitaniak uda beroagoa du, eta hori dela eta, basoak ugariagoak dira.
Frantziako ekialde osoan klima kontinentala da. Neguak hotzak eta elurtsuak dira, eta udak, berriz, beroak. Sarritan ekaitzak izaten dira. Ekialdeko zabaldietan baso asko dira: haritza, pagoa eta urkia dira nagusi, eta pinua mendietako maldetan hazten da. Mahastiak eta fruitu arbolak eguteran daude.
Klima mediterraneoa Languedoc, Proventza, Rodano eta Korsikara hedatzen da. Uda lehorra eta beroa eta negu xamurra dute. Euriak ugariak dira, batez ere udazkenean eta udaberrian. Iparretik jotzen du haizeak, Sète eta Toulon artean (mistrala) eta Sètetik mendebaldera (tramontana). Landaretza lehorrekoa da (artea eta pinua).
Alpeetan eta Pirinioetan mendiko klima da: euria ugaria da, eta neguak gogorrak eta elurtsuak dira.
Historia
Frantzia izena 1190 inguruan agertu zen lehen aldiz, Filipe Augustoren kantzilertzak rex Francie rex Francorum tituluaren ordez erabiltzeari ekin zionean. Lurraldea, 1204tik, regnum Francie (Frantziako erresuma) deitzen hasi zen.
Edonola ere, gizakiak egungo Frantziako lurraldean askoz aurretik bizi ziren. Paleolitotik badaude giza-taldeak. K. a. lehen milurtekotik, zeltak, erromatarrak eta germaniarrak, batik bat frankoak, finkatu ziren Galia deitutako lurralde horretan.
K. o. bigarren milurtekoaren hasieratik, kapetar leinuak ziurtatu zuen herrialdearen batasuna. Monarkia desagerrarazita, Iraultzak politika eta administrazio arloetan lortu zuen batasuna. Aro garaikidean, gatazka odoltsuetan babestu da batasun hori, kulturan ere batasuna lortu ahala.
Historiaurrea
|
Neandertalak Frantzian K. a. 200.000 inguruan kokatzen hasi ziren, baina duela 30.000 bat urte desagertu ziren, ziurrenik eguraldi hotzeko garaian Homo Sapiens Sapiens, gizaki modernoarekiko lehia zela eta. Lehendabiziko Homo Sapiens Sapiens Europan (baita Frantzian ere) duela 50.000 urte inguru sartu ziren.
Neolitotik Brontze Aroraino, aitzinindoeuroparrak eta aitzinzeltak Europako mendebaldean zehar sakabanatu ziren. Burdin Aroko azken etapetan, La Tene kultura garai historikoetako zeltar kultura bilakatu zen.
Erromatar Garaia
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak. Frantziako Antzinako Erromatarren garaiko teatroen kokapena |
Erromatarrek geroago deituriko Galia (egungo Frantzia, Belgika eta Alemaniako zati bat) Galiako zeltan mintzatzen ziren zeltek okupatuta zegoen gehienbat. Garonatik hegoaldera, baina, euskararekin lotuta zegoen hizkuntzan, akitanieraz, hitz egiten zuten herriak zeuden. Zeltek Lutetia Parisiorum (Paris) eta Burdigala (Bordele) hiriak, besteak beste, fundatu zituzten, akitaniarrek Tolosa (Tolosa Okzitaniakoa) fundatu zuten bitartean.
Erromatarrak etorri aurretik, greziarrak etorri ziren, eta Massalia (Marseilla) eta Nicaea (Niza) hiriak fundatu zituzten. Haien bidez, salerosketak areagotu ziren. Galiarrek akitaniarren, germaniarren eta erromatarren kontra egin zuten borroka usu. Hanibalek mertzenario galiarrak hartu zituen bere alde egiteko Italia inbaditu zuenean.
Erromatarren menpe geratu zen aurreko Galiako lurraldea Proventza izan zen, K. a. 121ean. Baina Galiako biztanleak Julio Zesarrek menderatu zituen gupidagabe, nahiz eta Vercingetorix buruzagiak aurre egin eta Gergoviako batailan garaile atera. Alesian erromatarrek gailendu zituzten.
Hainbat probintziatan bananduta, erromatarrek ere hiriak fundatu zituzten Galian: Lugdunum (Lyon) edo Narbonensis (Narbona). Galiar asko esklabo bihurtu ziren, edo beste leku batera mugiarazi zituzten. Galiako zelta latinek ordezkatu zuen pixkanaka. Mendeetan erromatarren eskupean, Galiako kultura erromatar bilakatu zen. Britainia Handitik IV. mendean zeltak itzuli ziren, Bretainian finkatuta.
Bisigodoek Akitaniako probintzia eskuratu zuten 418an, bandaloen aurkako emandako laguntzarengatik. Hala ere, 410ean Erroma bera arpilatu zuten, eta Tolosa aldean kokatuta zeuden. Burgundiarrak Lugdunum hiriaren inguruan kokatu zituen Flavio Aezio jeneralak 443an. Erromatar Inperioa amildegiaren ertzean, Galiako iparraldea frankoen esku utzi zen. Baskoiek Pirinioetatik Gaskoinian zehar barreiatu ziren. Bretoiek hiru erresuma osatu zituzten: Domnonia, Cornouaille eta Broërec.
Frankoen erresumak
Saliar frankoen buruak, Klovis I.ak, 486an Siagrio garaituta Galiako iparraldea eta erdialdea batu zituen bere agindupean. 496an, katoliko bihurtu zen. Honela, legitimazioa eta boterea lortu zuen beste erresumen aurrean, eta bisigodoen kontra egiteko, apaizen babesa lortu zuen. Izan ere, bisigodoak, kristauak izanda ere, arianoak ziren, eta ez katolikoak. Bisigodoen errege Alariko II.a 507an garaitu zuen Vouilléko guduan, eta Tolosa eta Akitania bere eskuetan hartu zituen.
Hala ere, Klovis hil ondoren, erresuma ondorengoen artean banandu zen. Frankoak bananduta eta elkarren kontra aritu ziren hainbat alditan eta haien lurraldea zatikatu egin zen. Funtsean Austrasian eta Neustrian agindu zuten («Frantzia»), alegia, Loira ibaitik iparraldera, eta Akitania eta Baskonia burujabe izaten hasi ziren, bereziki 660. urtearen ondoren.
Merovingiar leinu hau, azkenean, benetako boterea galtzen hasi zen, jauregiko buruen leinuaren mesederako. Karolingiar leinu honek, musulmanak geldiarazi zituzten 732an. Azkenean, 751n, Pepin Laburrak errege titulua hartu zuen, azken merovingiarra baztertuta.
Merovingiarren erpina Karlomagnok, Pepin Laburraren seme eta ondorengoak lortu zuen, lombardiarrak (774), Bavaria (788), abaroak (796), Bartzelona (801) eta Saxonia Beherea (804) konkistatuta eta garaituta. Gainera, Aita Santuak enperadore izendatu zuen 800ean.
Alabaina, Ludoviko Pio bere semearen heriotzaren ostean (840), erresuma erraldoi hori banandu zen Verdungo Hitzarmenean (843). Mendebaldeko zatitik Frantzia erresuma sortzeko zen. Enperadore titulua ekialdeko zatian berreskuratu zuten 962an.
Azken karolingiar erregealdietan, erresuma bikingoek arpilatu zuten. Rollo burua edukita, bikingoak Normandian finkatu ziren azkenean. Edonola ere, haien aurkako borroketan, Parisko Odon kondea eta Roberto, bere anaia, nabarmendu ziren. Haiengandik kapeto leinua sortu zen.
Frantzia Erdi Aroan (987–1453)
Hugo Kapetarra, kapetar leinukoa, errege aukeratu zuten Reimsen 987ko ekainaren 1ean. Garai horietan, erregeen boterea oso ahulduta zegoen, eta Paris inguruko lurraldea baino ez zegoen bere agindupean. Nahiz eta de jure erresuma handi baten burua izan, de facto eskualdeak jaun feudalek kontrolatzen zituzten. Baina Luis VI.arengandik aurrera, erregeen boterea handituz joan zen.
Hala ere, erresumako basailu nagusiek, Normandiar, Plantagenet, Lusignan, Hauteville, Ramnulfid, edo Tolosako etxeek Frantziatik kanpoko lurraldeak bereganatu zituzten. Horietako garrantzitsuena, Normandiarrek burututako Ingalaterraren konkista izan zen (1066). Hala, Frantzia eta Ingalaterra Normandiaren bidez loturik geratuta, gatazka ugari sortu ziren. Filipe Augustok Bouvinesko batailan (1214) Joan Lurgabea menderatuta, Angevinar Inperioa amaiarazi zen.
Kataroen kontrako gurutzadari esker (1209–1229), hegoaldeko lurralde asko Parisko erregeen mendera geratu ziren. Saint Louisen eta Filipe IV.aren agintaldiekin (1226–1270) eta (1285–1314), Frantzia erresuma zentralizatu bilakatu zen. Filipe IV.ak Tenpluko Ordena amaiarazi eta Aita Santuak Avignonera ekarri ahal izan zituen, hain zen boteretsua.
Ingalaterrako erregeekiko gatazka nagusia Ehun Urteko Gerra izan zen (1337–1453). Garai gogorra izan zen frantziarrentzat, Izurri Beltzaren garaia ere izan zelako (1348). Baina heroiak ere agertu ziren, Joana Arc-ekoa kasu. Azkenean, Ingalaterrak Frantzian zeukan lurralde guztiak galdu zituen.
Aro Modernoa
Tokian tokiko aldeak gorabehera, Frantziako estatua gero eta zentralizatuago bilakatu zen XVI. mendean. Baina ezkontzak eta hitzarmenak zirela eta, Frantzia Habsburgo leinuaren lurraldeek inguratuta geratu zen. Hortaz, Karlos V.aren kontra hainbat gerretan, Italiakoan (1494–1559) esaterako, borrokatu ziren frantziarrak.
Erreforma Protestantearen garai horretan, Joan Kalbinoren dotrinak Frantzian zehar barreiatu ziren. Gisa dukeak buru zituen katolikoek higanoten sarraskia burutu zuten (1562), Erlijio Gerrak abiaraziz. Azkenean, Nafarroako Henrike III.a Frantziako errege (Henrike IV.a izenpean) bihurtu zen. Nantesko Edikturen bidez, higanoten sinesmena errespetatu zen. Richelieu kardinalak, ordea, higanoten kontra egin zuen Frantzian barnan. Frantziatik kanpo, aldiz, protestanteen alde egin zuen Hogeita Hamar Urteko Gerran (1618–1648). Paris mehatxupean egon arren, Rocroi batailan (1643) frantziarrek garaipen erabakigarria lortu zuten. Westfaliako Bakeak (1648) gerraren amaiera ekarri bazuen ere, Frantzian gatazkek jarraitzen zuten: Fronda (1648–1653) eta Espainiaren aurkako gerra (1653–1659).
Testuinguru honetan igo zen tronura Luis XIV.a. Espainia garaituta eta Espainiako Herbehereak inbadituta, Ingalaterrak eta Suediak Frantziaren kontra egin zuten. Herbehereetako Errepublika askeek ere pairatu zuen Frantziako erasoa (1672–1678). Frantziak Franche-Comté eta Espainiako Herbehereetako hainbat gune estrategiko erdietsi zituen. Fontainebleauko Ediktuaren bidez, 1685ean, higanoten eliza eta eskola guztiak suntsitu behar izan ziren. Horren ondorioz, protestanteek Frantzia utzi zuten.
Luis XIV.ak gerra egiten eta irabazten jarraitu zuen. Eta, 1701ean, Espainiako Ondorengotza Gerra piztu zen. Blenheimgo batailan (1704) porrot ikaragarria nozitu behar izan zuen Frantziak. Hal ere, Ramillies eta Malplaquet bataila odoltsuen ondoren, Frantziako etsaiek ezin izan zuten borrokan segitu. Bakea Utrecheko Itunak ekarri zuen (1713).
Luis XIV.a 1714an hil zen, baina gerrek jarraitu zuten: 1718–1720 Espainiaren aurka, Poloniako Ondorengotza Gerra (1733–1738), Austriako Ondorengotza Gerra (1740–1748), Zazpi Urteko Gerra (1756–1763). Europan irabaziak lortu arren (Lorrena esaterako), Ipar Amerikan Frantziak bere menpeko lurralde guztiak galdu zituen. Mendekua hartu nahian, AEBetako Independentzia Gerran (1775–1783), matxinatuen alde jo zuen Frantziak. Gerra horiek guztiek Frantziako altxorra hustu zuten.
Frantziako Iraultzatik XX. mendera
Frantziako estatuaren altxorra betetzeko ezintasun bezala hasi zen krisialdia, mundu osoari eragin zion Iraultza historikoa bilakatu zen. Krisialdiari aurre egiteko bildu ziren erresumako hiru ordenen ordezkariek, aste batzuen buruan, Erresuma legalki zeharo eraberrituko zuen Biltzarra osatu zuten. Herritarren Eskubideen Adierazpena eta Konstituzioa, baita Izualdi Handia ere, izan ziren Iraultzaren lehen etapetako ondorioak. Baina berritzeko grina ez zen horretan geratu, egutegia, neurri-sistema eta herrialdeko barne-egitura ere erreformatu ziren. Konstituzioak monarkia parlamentarioa ezarri zuen politika-sistema gisa. Erregeak, Austriaren kontrako gerra babestu zuen, Iraultzak ekarriko zituen askotako lehena. 1791ko abuztuaren 10ean, baina, gerraren aurkako jakobinoek erregea atzeman zuten.
Lehenengo Errepublika 1792ko irailaren 21ean aldarrikatu zen. Austriak eta Prusiak ohartarazi zuten monarkiaren kontrako jarrera areagotuz gero, eraso bortitzagoak pairatuko zituztela frantziarrek. Erantzun moduan, 1793ko urtarrilaren 21ean, erregea gillotinatu zuten. Espainiak, Napolik, Erresuma Batuak eta Herbehereek bat egin zuten Austria eta Prusiarekin. Errepublikako gobernua erradikalago bilakatu zen jakobinoen eskuetan. Robespierre buru zuen Osasun Publikoaren Komiteak eragin zuen ikaraldia zela medio, 1794ko uztailaren 27an aurkariek boteretik kendu eta, 1795eko konstituzioaren azpian gobernu moderatuagoa osatu zuten: Zuzendaritza (frantsesez Directoire). Etenik gabeko gerra zela eta, armadak gero eta paper garrantzitsuagoa jokatu zuen. Armadan nabarmendu zen jeneral gazte batek, Napoleon Bonaparte izenekoak, 1799ko azaroaren 9an estatu kolpe baten bidez Zuzendaritza Kontsulatuak ordezkatu zuen. Azkenean, baina, Napoleonek botere osoa bere gain hartu zuen, 1804an enperadore izendatuta. Estrategiarako sen aparta edukita, garaipen militar itzelak erdietsi zituen (Austerlitz edo Friedland), baina Europako erresuma guztiek bere aurka batera eginda, 1814an lehen aldiz, eta Waterlooko batailaren porrotaren ondoren bigarrenik (1815), boterea galdu zuen, Borboiak tronuan berrezarrita.
Errestaurazio garai honetan, atzerakoien eta aurrerakoien arteko gatazka areagotu zen. Karlos X.a Uztaileko Iraultzak (1830) kendu zuen tronutik. Haren ordean, Luis Filipe Frantziakoa jarri zuten, liberalagoa izango zelakoan. Hala ere, 1848an, beste iraultza batek boteretik kendu zuen, Bigarren Errepublika sortuz. Luis Napoleon Bonaparte presidente izendatu zuten, baina 1852an enperadore izendatu zuen bere burua. Bigarren Inperio horretan, industrializazioa garatu zen, baina denboraren poderioz errepublikazaleen kritikak gero eta ugariagoak ziren. Azkenean, Prusiaren kontrako gerran izandako porrotak Inperioaren amaiera ekarri zuen. Alemania batu zen Prusiaren inguruan (Bigarren Reicha) eta Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu zituen.
Porrotaren ondoren, Parisko Komuna altxatu zen. Gupidagabe erreprimitu zuten: Aste Odoltsuan (La Semaine Sanglante) 30.000 lagun inguru hil ziren, datuak ziurtzat jo ezin badira ere. Hirugarren Errepublikak monarkiaren aldekoen etsaigoa izan zuen, nahiz eta hauek bi taldetan (Borboiak babesten zituzten legitimistak eta Orleansdarrak) bananduta egon. Garai hartan, tokiko hizkuntzak ezabatzen hasi ziren, artean III. Errepublikaren hasierako biztanleria helduaren erdiak ere frantsesez ez zekien arren. Urte horiek frantses nazionalismoaren gorakada urteak izan ziren, estatu zentralistaren zabalkundearena. Aldi berean, Afrikaren Banaketan eta Indotxinan lortutako lurralde berriek, Frantziar Inperio Kolonialak hain zuzen ere, Frantziako handitasunaren mitoa sortu zuten. Kanpo-harremanetan, Alemaniaren kontrako mendekua hartu nahi izateak Errusia eta Erresuma Batuarekin kolaborazio-akordioa (1907) sinatzera eragin zuen. XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasieraren arteko garai hau Belle Époque deitzen da (Garai Ederra). Izan ere, berrikuntza eta entretenigarri ugari asmatu ziren: kabareta, zinema, Inpresionismoa... Nolanahi ere, Frantzia erlijioak, klaseak, erregionalismoak eta diruak bananduta zegoen nazioa zen.
XX. mendea
Lehen Mundu Gerra piztean, Europan aurreko urteetan garatutako aliantza-sistema abian jarri zen. Honela, Frantziak Errusia eta Serbiaren alde egin zuen. Erresuma Batuak ere, Alemaniak Belgika konkistatutakoan, haiekin egin zuen bat.
Gerra laburra izango zen ustea oso hedatuta egon arren, lubaki-sare bilakatutako fronteak, batik bat mendebaldean (hau da, Frantzian) oso egonkorrak izan ziren lehenengo mugimenduen ostean. Verdun, Marne edo Somme gisako borroketan lurra behin eta berriro galtzen eta irabazten zen, aurrerapen handirik egin gabe. Azkenean, hein handi batean, AEBetako laguntzari esker, garaipena lortu zuten aliatuek. Parisen, Bake Biltzarra eratu zen, zeinek, besteak beste, gerraren erantzukizun osoa alemaniarren gainean ezarri zuen.
Gerrak hurbil zirudien berriro, are gehiago Alemanian Hitlerrek boterea hartu zuenean (1933). Gerrarako hainbat prestaketa egin arren (Maginot Lerroa), Lehen Mundu Gerraren sufrimenduen oroimenak bakea ziurtatuko lukeen politikaren alde jotzea gomendatzen zuen (Municheko Konferentzia). Edonola ere, 1939ko irailaren 1ean Hitlerrek Polonia inbaditzean, Frantziak eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Alemaniari.
Frantzia eta Alemaniaren arteko buruz buruko borrokak 1940ko maiatzean hasi ziren. Maginot Lerroa aise gainditu zuten alemaniarrek. Ekainaren 24an, errenditzea Frantziako agintariek erabaki zuten. Alemaniak Frantziako hiru bosten okupatu zituen. Gainerakoa, Philippe Pétain Lehen Mundu Gerraren heroia buru zuen Vichyko Gobernurako utzi zuten. Nolanahi ere, Londrestik Charles de Gaullek erbesteko Frantzia Askeko gobernuburua izendatu zuen bere burua. Inor gutxi altxatu ziren okupazioaren aurka, Erresistentzia osatuz. Baina Frantziako benetako askapena Normandiako Lehorreratzearekin hasi zen.
Gerra amaitutakoan, 1946ko urriaren 13an indarrean ezarri zen konstituzioak Laugarren Errepublika aldarrikatu zuen. Hurrengo 16 urteetan, Inperio Koloniala guztiz desegin zen. Dien Bien Phu batailaren ondoren, Indotxina galdu zuen: Vietnam bi estatutan banandu zen, eta Kanbodia zein Laos independente bihurtu ziren. 1958an, Aljeriako kolonian sortutako arazoak zirela kausa, Charles de Gaullek gobernu indartsuagoa eratu zuen, Bosgarren Errepublikari hasiera emanda.
Bestela, 1977ko irailaren 10ean Hamida Djandoubi hiltzailea gillotinatu zuten, azken zigor-exekuzioa izan zena. 1981ean heriotza zigorra ezeztatu zuten herrialde osoan.
1981ean Frantziak Bosgarren Errepublikako lehen lehendakari sozialista hautatu zuen, François Mitterrand. 1988ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Mitterrandek Jacques Chiraci irabazi zion. Lehendakariak legegintzarako hauteskundeak deitu zituen; alderdi sozialistak irabazi zituen eta Michel Rocard izendatu zuten Lehen Ministro. Sozialisten politika ekonomikoa ez zen eskuinarenetik askorik aldendu. Langabeziak gora egiten segitu zuen (% 9,5 1991n). Urte horretan bertan Édith Cressonek hartu zuen Rocarden lekua; gobernua bere gain hartzen zuen lehenengo emakumea izan zen. Ez zuen, baina, asko iraun. Bederatzi hilabete geroago Mitterrandek ekonomia ministro ohia, Pierre Bérégovoy, industria eta finantza agintarien babesa zuena, jarri zuen Cressonen ordez.
1992an, bestalde, poliziak ETAko buruzagiak atxilotu zituen Bidarten. 1993an ezkerrak berriro galdu zituen legegintzarako hauteskundeak eta Mitterrandek Édouard Balladur kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. 1994an, Balladurren hiru ministrok beren karguaren dimisioa eman behar izan zuten ustelkeriaz akusaturik. Urte hartan bertan, maiatzaren 6an, Mantxako itsasarteko urpeko tunela (Eurotunela) inauguratu zen.
1995eko lehendakaritzarako hauteskundeetan Chiracek irabazi zituen. Hark Alain Juppé kontserbadorea izendatu zuen Lehen Ministro. Abenduan funtzionario publikoen greba batek (1986az geroztik handiena) hiru egunez geldiarazi zuen herrialdea. Gizarte egoeran tirabira handiak zeuden oraindik, ez bakarrik langabezia gero eta handiagoa zelako, baita errentaren eta jabetzaren banaketan gorabehera handiak zeudelako biztanleen artean (biztanleen % 20 baino gutxiagok irabazien % 44 baino gehiago hartzen zituen, eta ondasun nazionalaren % 69 frantsesen % 20aren eskuetan zegoen). Juppéren gobernuak bere politika zorrotzari eutsi zion eta aurre egin behar izan zien sindikatuen erasoei. 1997an lege berri bat onartu zen etorkinen sarrera eta egonaldiak murrizteko. Otsailean neurri horren aurkako manifestazio handiak egin ziren. Ustekabean, Chiracek legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu zituen. Sozialistek irabazi zituzten (241 diputatu), komunisten (38 diputatu), berdeen (7 diputatu) eta ezkerreko beste 33 diputaturen laguntzarekin. Eskuineko koalizioak 256 diputatu lortu zituen eta Bilgune Nazionalak bakarra. Lionel Jospinek hartu zuen Lehen Ministro kargua, komunistek bi ministerio, eta ekologistek bakarra, lehendakarigai ohi Dominique Voynetek hartu zuena. 1997an, langabeziari aurre egin nahirik, Jospinek 35 orduko lan astea ezartzea proposatu zuen. Hurrengo hilabeteetan manifestazio eta agerraldi handiak egin ziren neurri hori berehala ezar zedin eskatzeko.
XXI. mendea
Mende berriak aldaketa politiko handiak ekarri zituen Frantziara. 2002ko hauteskundeetan, Jean-Marie Le Pen eskuin muturreko hautagaia Jospin hautagai sozialistari nagusitu zitzaion lehenengo itzulian. Gertaera horrek aztoramen izugarria sortu zuen Frantziako gizartean, eta eskuin muturraren gaitzespen erabatekoan bat egin zuten eskuinetik ezker muturrerainoko hautesle askok eta, hala, Chiracek, Le Penen aurkako hautagai bakarrak, botoen % 82rekin irabazi zituen hauteskundeak. Hauteskunde horiek beste ondorio batzuk izan zituzten: alderdi komunistaren gainbehera, ezker muturraren goraldia (% 10), alderdi sozialistaren ahultasuna, eta eskuinaren berrantolamendua alderdi bakarrean (UMP). Hurrengo udal hauteskundeetan, ordea, alderdi sozialista nagusitu zen, eta sistema politikoak bipartidismora bideratu zen —ezkerrean, ezker muturreko hainbat alderdi, alderdi komunista eta alderdi berdeak; eskuinean, berriz, François Bayrouren UDF—.
2007ko hauteskundeetan, Nicolas Sarkozy hautatu zuten lehendakari, Ségolène Royal hautagai sozialistarekin lehian ibili ondoren. Le Penen alderdiak gainbehera izugarria izan zuen, eta ezkerreko alderdiek ere behera egin zuten, LCRk izan ezik. 2012ko presidentetzarako hauteskundeetan bozemaileen % 81,60k bozkatu zuen: % 51,50k François Hollanderen alde (PS), % 48,50k Nicolas Sarkozyren alde (UMP). Beraz, Hollande bilakatu zen Frantziako Errepublikako VII. presidente, 1.100.000 bozen aldean.[3]
Gobernua eta administrazioa
Politika
| ||||
|
Frantzia errepublika erdi-presidentziala da, eta bere sistema legegilea Frantziako V. Errepublikaren arabera mugitzen da. Nazioak bere burua «Errepublika zatiezin, sekular, demokratiko eta sozial» gisa izendatzen du. Frantziako konstituzioak botereen banaketa aldarrikatzen du eta Frantzia «Giza Eskubideei eta 1789ko Adierazpenean agertzen den burujabetza nazionalaren printzipioei atxikitzen» zaiela.
Frantziako sistema politikoan botere exekutiboa, botere legegilea eta botere judiziala existitzen dira. Botere exekutiboa Frantziako Errepublikako presidenteak eta Gobernuak osatzen dute. Gobernua lehen ministroak eta ministroek osatzen dute. Lehen ministroa presidenteak izendatzen du, eta Parlamentuaren aurrean dauka ardura. Gobernua, lehen ministroa barne, Frantziako Nazio Biltzarrak ken dezake, Parlamentuko behe ganbarak, zentsura mozio baten bidez. Horrela ziurtatzen da lehen ministroak beti duela behe ganbararen gehiengoaren babesa. Behe ganbarak goi ganbarak baino garrantzitsuagoa da kasu gehienetan.
Parlamentua Nazio Biltzarrak eta Senatuak osatzen dute. Estatutuak onartu eta aurrekontuaren gainean bozkatzen dute; exekutiboaren lana kontrolatzen dute galdera formalen bidez edo batzorde finkoen bitartez. Onartutako legeen konstituzionalitatea Kontseilu Konstituzionalak aztertzen du. Kontseilu horretako kideek Errepublikako presidenteak, Nazio Biltzarreko presidenteak eta Senatuko presidenteak izendatzen dituzte. Aurretik Errepublikaren presidente izan direnak kontseilu horretako kide dira.
Independentzia judiziala Napoleondar kondearen garapenetik osatutako kode zibil baten bidez ziurtatzen da. Adar judiziala (kasu zibilak eta kriminalak) eta adar administratiboa daude (exekutiboaren erabakien gaineko erabakiak), eta bakoitzak euren goi mailako apelazio gorte independentea du: Kasazio Auzitegia gorte judizialentzat eta Estatu Kontseilu administratiboentzat. Frantziako gobernuak hainbat instituzio ditu botere gehiegikeriak independenteki ikertzeko.
Estatu unitarioa da. Hala, hainbat banaketa administratibo ditu (eskualdeak, departamenduak eta udalerriak) eta hauek hainbat lan legal dituzte. Gobernu nazionalak ezin du horien operazio normalen gainetik erabaki.
Frantzia Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren sortzaileetako bat zen, ondoren Europar Batasuna izango zena. Era horretan, Frantziak bere burujabetzaren zati bat Europako instituzio ezberdinengan utzi du. Frantziako Gobernuak, beraz, Europako tratatu, direktiba eta erregulazioak bete behar ditu.
Alderdi politikoak
Frantziako hainbat alderdi:
- PCF Frantziako Alderdi Komunista (Parti Communiste Français)
- VF Berdeak (Les Verts)
- PS Frantziako Alderdi Sozialista (Parti Socialiste Français)
- PRG Ezkerreko Alderdi Erradikala (Parti Radical de Gauche)
- MRC Mugimendu Errepublikano eta Herritarra (Mouvement Républicain et Citoyen)
- UDF Frantziar Demokraziaren aldeko Batasuna (Union pour la Démocratie Française)
- UMP Herri Mugimenduaren aldeko Batasuna (Union pour un Mouvement Populaire)
- RPF Frantziaren aldeko Bateratzea (Rassemblement pour la France)
- RIF Frantziaren Independentzia eta Burujabetzaren aldeko Batasuna (Rassemblement pour l'Indépendance et la Souveraineté de la France)
- MPF Frantziaren aldeko Mugimendua (Mouvement pour la France)
- FN Bilgune Nazionala (Front National)
- LCR Liga Komunista Iraultzailea (Ligue Communiste Révolutionnaire)
- LO Langile Borroka (Lutte Ouvrière)
- PT Langileen Alderdia (Parti des Travailleurs)
- CPNT Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioak (Chasse – Pêche – Nature – Traditions)
- Les Verts Berdeak
- MNR Nazio Mugimendu Errepublikanoa (Mouvement national républicain)
- Abertzaleen Batasuna
Agintariak
- Gobernuburuen zerrenda
- Presidenteen zerrenda
Banaketa administratiboa
Administrazioari dagokionez, Frantzia 13 eskualdetan banaturik dago eta eskualdeak, 101 departamendutan. Departamendu gehienak Frantziako Iraultzaren ondoren finkatu ziren (1870), lurralde orekaren izenean eta erdigunearekiko hartu-emanak errazteko asmoz. Departamendu burua prefeta da. Eskualdeak Frantziako 1982ko Deszentralizazio Legeaz sortu ziren, eta hauek dira gaur egun:
Frantziako eskualdeak
- Akitania Berria (Bordele) – hor sartuta dago Ipar Euskal Herria;
- Ekialde Handia (Estrasburgo);
- Auvernia-Rodano-Alpeak (Lyon);
- Borgoina-Franche-Comté (Dijon);
- Bretainia (Rennes);
- Erdialdea-Loira Harana (Orléans);
- Île-de-France (Paris);
- Korsika (Ajaccio);
- Okzitania (Tolosa);
- Frantzia Garaia (Lille);
- Normandia (Rouen);
- Loirerria (Nantes);
- Proventza-Alpeak-Kosta Urdina (Marseilla).
Ipar Euskal Herriko hiru probintziak Pirinio Atlantikoak departamenduaren barruan daude, Bearnorekin batera. Pirinio Atlantikoak, berriz, Akitania Berria eskualdearen barruan daude, beste 11 departamendurekin batera. Azken urteotan gero eta gehiago dira euskal lurraldeentzat departamendu bat eskatzen ari direnak.
Frantziako departamenduak
Departamendua Frantziako banaketa administratibo bat da, udalerria baino zabalagoa eta eskualdea baino txikiagoa. Frantzia 101 departamendutan banatuta dago; horietatik 96 Metropolitar Frantziakoak dira, eta gainerako 5ak, Frantziaren itsasoz haraindiko lurraldeetakoak.
Departamenduen banaketa 1789eko abenduaren 22an sortu zen, 1789ko Frantziako Konstituzio Batzarraren erabakiz, antzinako Frantziako probintziak ordezteko. Egungo 101 departamenduak 2011ko martxoaren 31n eratu ziren.
Departamendu bakoitzaren burua prefeta da.
Frantziako udalerriak
Frantzian udalerria (frantsesez: commune NAF: [kɔmyn]) da unitate administratiborik txikiena. Udalerria alkate batek eta udal kontseilu batek gidatzen dute. Gaur egun, Metropolitar Frantzian 36.552 udalerri daude, eta itsasoz haraindiko lurraldeetan 129. Frantses Estatuak, hartara, Europar Batasuneko beste ezein herrialdek baino askoz udalerri gehiago ditu.
Demografia
Frantziako estatistika institutu nazionalararen arabera, 2023ko urtarrilean 68.042.591 biztanlera iritsi zen herrialdea, eta horietatik 65.834.837 Metropolitar Frantzian bizi ziren (%96,7).[2]
Frantziako biztanle gehienak Europako oinarrizko hiru taldeen nahasketaren ondorengoak dira: ipartarrena, alpetarrena eta mediterraneotarrena. Biztanleen %7 inguru da jatorriz atzerritarra: Ipar Afrikakoa (Aljeria, Maroko eta Tunisia), Saharatik behera izandako kolonietakoa eta Europakoa (Espainia, Italia eta Portugal). Frantzia gehien hazten ari den herrialdeetako bat da Europan, Irlandaren ondoren: % 0,5 urtean.
Demografiaren beste eragile nagusia immigrazioa da. Lehenengo etorkinak XIX. mendean iritsi ziren: italiarrak, belgikarrak eta espainiarrak. 1960 ondorengo urteetan afrikarrak hasi ziren iristen, lehenagoko frantses kolonietatik, eta portugaldarrak. Hurrengo hamarraldian, krisi ekonomikoak Frantzia jo zuen urteetan: etorkinen kopurua gutxituz joan zen, baina erabat eten gabe, hala ere.
Erlijioari dagokionez, biztanleen % 51 katolikoak dira.[4] Bigarren erlijio nagusia, arabiar munduko etorkinena, islama da (% 5), eta ondoren protestantismoa (% 2) eta judaismoa (% 1).
Hizkuntza ofiziala eta nagusia frantsesa da. Etorkinek zeinek berea hitz egiten dute: portugesa, arabiera, gaztelania eta abar. Bretainian bretainieraz egiten da; Alsazia eta Lorrenan, alemanez; ipar-ekialdean, flandrieraz; hego-ekialdean, katalanez; hego-mendebaldean, euskaraz; Proventzan, proventzeraz; Korsikan, korsikeraz.
Biztanleriaren banaketa
Biztanleen banaketa ez da berdina lurralde osoan. Alderdi batzuetan, nekazaritza-aldeetan batez ere, biztanle dentsitatea Frantziako batez bestekoa baino lau aldiz apalagoa da, eta beste batzuetan, berriz, askoz handiagoa, hala nola, iparraldean, Paris aldean, Alsazia eta Lorrenan, Lyon eta Saint-Étienne lotzen dituen ardatzean, eta Mediterraneoko itsasaldean. Lau biztanletik hiru hirietan bizi dira. Hauek dira hiri eta metropoli eremu handienak:
Hiria | Metropoli eremua[5] | Udalerria[6] |
---|---|---|
Paris | 12223100 | 2243833 |
Lyon | 2165785 | 484344 |
Marseilla eta Aix-en-Provence | 1718281 | 850726 141438 |
Tolosa Okzitania | 1232398 | 441802 |
Lille | 1158306 | 227560 |
Bordele | 1127776 | 239157 |
Niza | 1001295 | 343304 |
Nantes | 873133 | 284970 |
Estrasburgo | 761042 | 271782 |
Rennes | 671845 | 207178 |
Grenoble | 669595 | 155637 |
Rouen | 652898 | 110933 |
Toulon | 606947 | 164532 |
Montpellier | 549491 | 257351 |
Douai eta Lens | 542918 | 42197 35032 |
Avignon | 511277 | 89683 |
Saint-Étienne | 508847 | 171260 |
Tours | 477438 | 134817 |
Clermont-Ferrand | 463891 | 139860 |
Nancy | 434948 | 105421 |
Orléans | 419211 | 114167 |
Hamar mila biztanle inguruko eta gutxiagoko herriak hazten ari dira azkenaldi honetan, hirian lan egiten duten profesionalek gero eta gehiago jotzen dutelako herrietako bake girora hiriko itomenetik ihes. Frantziako landa ingurunean bi habitat mota daude: bat sakabanatua, klima ozeanikoko eskualdeetan, eta beste bat bildua, Mediterraneo aldeko eskualdeetan.
Frantziako hiri nagusia, beraz, hiriburua da, Paris: 12 milioi biztanle baino gehiago ditu hiriguneak, aldiriak eta hiriaren eragin eremua hartuta. Izen bereko departamenduko hiriburua da, eta Ile-de-France eskualdeko erdigunea. Ekonomian eta politikan duen garrantzia kulturan eta historian duenaren parekoa da eta, beraz, munduko hiriburu nagusietako bat da, eta Europako hiri nagusia, Londres, Erroma eta Berlinekin batera.
Hizkuntzak
Frantsesa estatuko hizkuntza zabalduena eta 1992tik hizkuntza ofizial bakarra da. Hala ere, frantsesaz gain, Bernard Cerquiglini linguistaren erreportajearen arabera (1999) beste 65 hizkuntza hitz egiten dira Frantzian, eskualde-hizkuntza (alsaziera, bretainiera, euskara, nederlandera, katalana, korsikera eta okzitaniera), etorkinen jatorrizko hizkuntzak (arabiera, amazigh (berberea),...) eta itsasoz bestaldeko dialektoak kontuan harturik.
Frantzia munduko bigarren herrialde frankofono populatuena da, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ostean, baina lehena hizlari kopuruari dagokiola.
Erlijioak
1905eko abenduaren 5ean Frantzian estatuaren eta elizaren arteko banaketa legea onartu zen. Lege horren bidez deuseztatu zen Napoleonek 1801eko uztailaren 15ean Pio VII.arekin Parisen sinatutako konkordatua, zeinak erlijio ofizial egin baitzituen erromatar katolizismoa, protestantismo luteranoa, protestantismo kalbinista eta judaismoa. Horrela, 1905ean Frantzia estatu laikoa bilakatu zen: «Errepublikak ez dio aintzatespenik, ordainik edota diru-laguntzarik ematen ezein kulturi [...]».
Arrazoi historikoengatik, Alsazia-Moselleko departamendua salbuespena da; 1905eko legea idaztean alemaniar lurraldea (Alsazia-Lorrena) zenez, Frantziarekin berrelkartzean zuzenbide lokala izeneko lege sistema eskuratu zuen. Zuzenbide lokalak Frantziako lege sistemarekiko paralelo funtzionatzen du, eta alemaniar estatuaren parte ziren garaiko estatutu onuragarriak mantentzen dizkio erlijioari, besteak beste 1801eko konkordatua.
Erromatar katolizismoa onarturik dago Frantziako itsasoz haraindiko departamenduetan. Frantziako estatuaren laikotasuna eztabaida biziko gaia da; adibidez, 2003–2004an idatzi zen eskola publikoari eta erlijio ikurrei buruzko legea.
Hezkuntza
Frantzian eskola publikoa laikoa eta doakoa da.
Ekonomia
Alemania eta Ingalaterrarekin batera, Europako herrialde ahaltsuena da Frantzia, eta munduko ahaltsuenetako bat. G8 taldeko kideetakoa da, hori da, munduko zortzi herrialde industrializatuenetako bat. Lehen sektore oso emankorra, askotariko industria eta hirugarren sektore gero eta indartsuagoa (Barne Produktu Gordinaren % 78,9 2014an[7]) dira Frantziako ekonomiaren oinarri nagusiak.
Nekazaritza eta arrantza
Lehen sektoreak biztanle aktiboen % 3,8 besterik ez du enplegatzen,[7] baina pisu handia du nazioaren ekonomian. Nekazaritzari dagokionez, laborea lantzen da gehienbat: garagarra, artoa eta batez ere garia. Garia iparraldean lantzen da nagusiki (Bretainian eta Alsazian) eta artoa, berriz, Akitanian batez ere, baina Loira eta Rodanora ere zabaltzen ari da. Arroza Rodanoren deltan lantzen da eta azukre erremolatxa, garia bezala, iparraldean. Hiri handien inguruetan fruitu arbolak jartzeko ohitura zabaltzen ari da. Ardogintzak garrantzi eta ospe handia du Frantzian. Mundu osoan ezagunak dira Bordele, Alsazia eta Champagneko ardoak (xanpaina). Abeltzaintzak nekazaritzak baino are garrantzi handiagoa du eta Europako inportanteena da, batez ere behi hazkuntza. Frantzia da Europako esneki ekoizle nagusia. Zerri eta ardi hazkuntzak ere garrantzi handia dute. Arrantzak bigarren mailako garrantzia du nazioaren ekonomian, baina garrantzitsua da iparraldeko eta ekialdeko kostaldean. Aipagarriak dira Dunkerque eta Boulogne portuak iparraldean, eta Douarnenez, Concarneau eta Lorient (Bretainia). Frantziako zur produkzioa, berriz, Europako Batasuneko handiena da, dituen 14 milioi hektarea baso baino gehiagori esker. Vosgeak, Jura eta Alpe mendietako basoetatik ateratzen da gehiena, baina zuhaitzez landatutako sail handiak daude, halaber, hegoaldean eta mendebaldean.
Meatzaritza
Lurpeko baliabideetan burdina da ugariena. Mea handienak Lorrenan daude eta aipagarriak dira Bretainia eta Normandia Beherekoak ere. Burdinaren ondoren harrikatza da mea nagusia; Lorrenan, Nord-Pas-de-Calais eta Massif Centralen aurkitzen dira meategi inportanteenak. Nolanahi ere, bai burdina bai harrikatzaren produkzioa gainbehera doa. Aitzitik, aluminioaren produkzioa handitzen ari da, Languedoc-eko bauxita hobi aberatsek hornituta. Petrolioaren eta gas naturalaren produkzioa oso txikia da, eta kanpotik ekartzen da ia dena.
Industria
Industriak biztanle aktiboen % 21,3 enplegatzen du eta barne produktu gordinaren % 19,4 hartzen.[7] Siderurgia indartsu bati esker munduko altzairu ekoizle handienetako bat da Frantzia, baina jardueraren pisua ekonomian gutxituz joan da azkeneko urteotan, sektorea birmoldatzen ari baita eta enpresa asko ixten. Siderurgia enpresa nagusiak burdin eta harrikatz meategien inguruetan daude: Lorrena, Nord, Erdialdeko Mendigunean eta Normandian.
Sektore kimikoa oso egoera onean dago, gero eta handiagoa baita ongarri, plastiko eta garbikarien produkzioa. Fabrika nagusiak hiri handien industrialdeetan daude. Frantzia, bestalde, Europako herrialde aurreratuenetako bat da hegazkin eta kohete industrian. Guyana Frantsesean du Ariane koheteen probalekua.
Paris eta hiri nagusien inguruan (Lyon, Marseilla, Estrasburgo, Bordele, Grenoble) industria elektromekanikoak eta elektrikoak daude. Autogintza da garrantzi handiko beste alor bat: Renault eta Peugeot-Citröen enpresa buruak Frantzian daude. Auto produkzioan Alemania baino ez du aurretik. Proventzan eta Bretainian ontziolak daude. Bestalde, ez da ahaztu behar Paris dela munduko hiri nagusia modari dagokionez eta, beraz, ehungintza-oihalgintza ere garrantzi handikoa da.
Industria tradizionalen artean aipagarriak dira zeramika (Limoges) eta beiragintza (Cognac, Nancy edo Lyon), besteak beste. Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzio handiak, noski, janariak eraldatzeko industria handia du atzean.
Zerbitzuak eta merkataritza
Hirugarren sektoreak gora egin du azkeneko urteotan. 2013an barne produktu gordinaren % 78,9 eman zuen, biztanle aktiboen % 75,7 enplegatuz.[7]
Merkataritza harremanek, bestalde, pisu handia dute ekonomian; munduko bosgarren herrialde nagusia da Frantzia merkataritza harremanetan. Energia produktuetan eta industriarako lehengaietan dituen gastu ikaragarriak ez dira kapital ondasunen, elikagaien, kimika gaien, garraiorako material eta kontsumo ondasunen salmentarekin orekatzen. Frantziaren bezero nagusia Alemania da (% 16,4 2014an), eta haren ondoren Belgika (% 7,3), Italia (% 7,1), Espainia (% 7), Erresuma Batua (% 7), Estatu Batuak (% 6,2) eta Herbehereak (% 4).[7] Merkataritza balantzaren defizita beste sektore batzuen irabaziekin orekatzen da, urterik urte haziz joan diren turismoaren irabaziekin, adibidez. Barne merkataritzan aipagarria da enpresak kontzentratzeko joera (saltegi handiak), gero eta handiagoa, hiri inguruetan.
Azpiegiturak
Aireportuak
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
|
478 aireportu zeuden Frantzian 1999an, eta 2005eko erroldaren arabera, hiru heliportu. Horietatik, 288 aireportuk asfaltozko pista dute, eta 199k, asfaltorik ez.
Frantziako airea hainbat autoritatek zuzentzen dute. Aéroports de Parisek Parisko 14 aireportuen gaineko eskumena du, horietatik Charles de Gaulle eta Orly aireportuak. Lehena Parisetik gertu dago, Roissy udalerrian, eta munduko bosgarren handiena da, 60 milioi bidaiarekin urtero (2008ko datuekin). Frantziako aireporturik garrantzitsuena da, gutxienez 100 konpainien presentziarekin.
Frantziako hegazkin-konpainia nazionala Air France da. Frantziako hogei hiritarako hegalaldiak eskaintzen ditu eta nazioarteko 150, 83 herrialdetan eta Frantziako itsasoz haratagoko lurraldetan.
Errepideak
Gutxi gorabehera, 950.000 km errepide daude Frantzian. Frantziako autobide eta autopista sisteman batez ere bide-saridun errepideak daude, iparraldeko hainbat eremutan eta hiri nagusien inguruan izan ezik. Guztira 12.000 kilometro errepidek kudeaketa pribatua dute, adibidez Sanef (Société des autoroutes du Nord et de l'Est de la France). Munduko errepide-sistemen artean zortzigarren handiena da, Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Errusia, Japonia, Kanada, Espainia eta Alemaniaren ostean.
Frantzian 30.500 kilometro errepide nazional ditu, estatuaren eskuetan dauden errepide nagusiak. Departamenduen eskuetan dauden errepideek 365.000 kilometro dituzte. Frantziaren zentralismoaren erakusgarri dira errepideak: errepide nagusiak Parisetik abiatzen dira. Zero Kilometroa Parisko Notre-Damen dago.
Frantzian autoak garrantzi handia du. 937 bilioi kilometro egin zituzten frantsesek 2005ean, % 85, automobilez.
Energia
Frantziak kontsumitzen duen energiaren % 51,2 inguru zentral nuklearretan lortzen du,[7] inportazioen mendean ez egoteagatik, ez baitu ez petroliorik, ez gas naturalik. Gainerakoa zentral termikoetan eta hidroelektrikoetan lortzen da. XX. mendearen bukaeran 56 erreaktore zeuden martxan, horietako asko 20 urte baino gehiagokoak. Frantzia da Estatu Batuen ondoren munduko bigarren energia nuklear ekoizle nagusia.
Kultura
- Frantsesezko literatura
- Frantziako margolarien zerrenda
Futbola
Frantziako Futbol Liga Txapelketa modu profesionalean 1932an sortu zuten, gizonezko mailan bi liga nagusitan banatuta. AS Saint-Étienne da txapelketa gehien eskuratu duen kluba (2007 arte 10 bider).
Frantziako futbol selekzio nazionalak 1904an jokatu zuen lehenengo partida ofiziala, Belgikaren aurka. Palmaresari dagokionez, Munduko Futbol Txapelketa birritan irabazi dute 1998an eta 2018an. Gainera Europako txapelketan bi aldiz txapeldun atera dira (1984 eta 2000n).
Futbolari onenetakoak:
- Michel Platini (1955–),
- Zinédine Zidane (1972–),
- Thierry Henry (1977–).
- Karim Benzema (1987–)
Errugbia
Frantziako selekzioak Sei Nazioen Torneoa lau aldiz irabazi ditu 2007 arte.
Errugbilari onenetakoak:
- Serge Blanco (1958–),
- Sébastien Chabal (1977–).
Txirrindularitza
1903tik, urtero uztailean munduko lasterketarik ospetsuena egiten da: Frantziako Tourra. Gainera, beste lasterketa garrantzitsuak ospatzen dira bertan; Paris-Niza, Paris-Roubaix, Etorkizuneko Tourra, Paris-Bordele, Paris-Tours, Dofinerriko Kriterium.
Txirrindulari ospetsuenak hauexek dira
- Jacques Anquetil (1934–1987),
- Bernard Hinault (1954–),
- Laurent Fignon (1960–2010),
- Laurent Jalabert (1968–),
- Richard Virenque (1969–).
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-01-16 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- (Frantsesez) Bilan démographique 2022 - Composantes de la croissance démographique, France. Insee. 17, 2023ko urtarrila (Noiz kontsultatua: 2023-2-17).
- Asurmendi, Mikel. «Hollande presidente: itxaropenak izua garaitu du». in: Argia, 2322. alea 2012-05-13. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2015-08-10).
- «France is no longer Catholic, survey shows» CatholicCulture.org
- «Le nouveau zonage en aires urbaines de 2010» Insee.fr
- «Communes de France les plus peuplées» Insee.fr
- The World Factbook: France. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2015-08-10).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Frantzia |
- (Frantsesez) Portail sur les Collectivités et l'administration française
- (Frantsesez) Administrazioaren web gunea
- (Frantsesez) Presidentearen web gune ofiziala
- (Frantsesez) Lehen Ministroaren web gunea
- (Frantsesez) Asanblada Nazionala
- (Frantsesez) Senatuaren web gunea
- (Frantsesez) Herriko Etxeak
- (Frantsesez) Eguraldia
- (Ingelesez) Kontsulatuak munduan
- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.