Françoise d'Eaubonne
Françoise d'Eaubonne (Paris, 1920ko martxoaren 12a - ibid, 2005eko abuztuaren 3a) frantziar idazle eta feminista libertarioa izan zen. Ekofeminismoaren ideia plazaratu zuen lehenengoz, 1974an argitaratutako Le féminisme ou la mort liburuan.
Françoise d'Eaubonne | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Françoise Marie-Thérèse Piston d'Eaubonne |
Jaiotza | Parisko 17. barrutia, 1920ko martxoaren 12a |
Herrialdea | Frantzia |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Parisko 14. barrutia, 2005eko abuztuaren 3a (85 urte) |
Familia | |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, biografoa, zientzia-fikzio idazlea, militantea eta saiakeragilea |
Enplegatzailea(k) | Beur FM (en) Éditions Julliard (en) (1953 - 1960) Calmann-Lévy (en) (1960 - 1966) Groupe Flammarion (en) (1966 - 1970) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Simone de Beauvoir eta Serge Moscovici |
Kidetza | Mouvement de libération des femmes Front homosexuel d'action révolutionnaire (en) |
Mugimendua | feminismoa ekofeminismoa |
Izengoitia(k) | Marielle Lefevre |
Genero artistikoa | feminist science fiction (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Frantziako Alderdi Komunista |
Lehen urteak
Françoise d'Eaubonne Parisen jaio zen, 1920ko martxoaren 12an. Aita Étienne d'Eaubonne zuen, bretainiar jatorriko kristau anarkista, Alderdi Faxista Iraultzailearen kide sortzailea eta Sillon mugimendu erlijiosoaren kidea. Ama, ostera, Rosita Martinez Franco zuen, espainiar iraultzaile karlista baten alaba.[1][2]
Haurtzaroa Tolosan iragan zuen, aitaren gainbehera fisikoaren lekuko zelarik, zeinak 1914ko gerrako lubakietan arnastutako gasaren ondorioak pairatzen baitzituen. Hamasei urte zituela, Espainian Gerra Zibilia piztu zen, eta hemeretzi urte zituenean errepublikarren lehen erbesteratzeen lekuko izan zen.[3]
Hogei eta hogeita bost urteen bitartean gerra garaiko ohiko gabeziak bizi izan zituen, eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran kontzentrazio-esparruetatik itzuli ziren judu presoak ezagutu zituen Pariseko tren-geltoki handienetako batean. Haurtzaroko eta gaztaroko bizipen latz haiek eragindako sentipenak Chienne de Jeunesse liburuan jasoko zituen gerora.
Militantzia
Nolanahi ere den, esperientziak haiek guztiak eta bere izaera hipersentibera funtsezko izan zituen munduaren ikuspegi kritikoa eraikitzeko. Hala, denborarekin militante feminista erradikal bilakatu zen; Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua irakurri zuen, feminismoaren atea ireki ziona, eta aurrerago desobedientzia zibileko hainbat ekintza egin zituen idazle eta feministarekin batera.
Sasoi batez Frantziako Alderdi Komunistako kidea izan zen, eta Algeriako gerraren aurkako ekintzetan parte hartu zuen. 1960ko irailean "121en Manifestua" sinatu zuen, Algeriako gerraren aurrean intsumiso agertzeko eskubidea babesten zuena.
1960ko hamarkadan Emakumeen Askapenerako Mugimendua (MLF, Mouvement de Libération des Femmes) sortu zuen, beste kide batzuekin batera.
1971ko apirilean, berriz, Le Nouvel Observateur aldizkarian argitaratutako "343en Manifestua" sinatu zuen.[4] Abortatzeko eskubidearen alde Simone de Beauvoirek idatzitako testu haren bidez, 343 emakume sinatzaileek abortatu izana onartzen zuten eta, beraz, ekintza horren ondorioz etor litezkeen prozedura penalak onartzeko prest agertzen ziren, kartzelaratzea barne. Manifestu hura ezinbestekoa izan zen ia lau urte geroago Veil legea onartzeko, neurri batean abortua despenalizatzen zuena (1975eko urtarrilaren 17an onartu zuten).
1971n Frantziako lehendabiziko mugimendu iraultzaile gaya sortu zuen, Guy Hocquenghem idazle eta kazetariarekin eta Anne-Marie Grélois-ekin batera: FHAR, Front Homosexuel d'Action Révolutionnaire. 1974an, berriz, 'ekofeminismo' terminoa erabili zuen lehen aldiz Le féminisme ou la mort ("Feminismoa ala heriotza") liburuan. Idazteari eta militantziari emandako garai hartan XX. mendeko pertsona ezagunekin harremana izan zuen, hala nola Colette, Simone de Beauvoir –zeinaren lagun mina bilakatu baitzen–, Jean-Paul Sartre, Jean Cocteau eta beste asko.[3]
1978an, emakumeen askapenerako mugimenduaren barruan Ekologia eta Feminismoa Taldea sustatu zuen.[5] Parisen oihartzun handirik izan ez bazuen ere, Estatu Batuetan jarraitzaile ugari lortu zituen; izan ere, garai hartan d'Eaubonne AEBetan bizi zen, eta unibertsitatean ziharduen lanean, irakasle.[3]
Seme-alabak eta heriotza
D'Eaubonnek bi seme-alaba izan zituen, Indiana eta Vincent. Ez zen sekula ezkondu.
Parisen hil zen, 2005eko abuztuaren 3an.
Lan hautatuak
"Ezta egun bakar bat ere lerro bat idatzi gabe" zeukan lelotzat, eta, dedikazio horrekin, 50 liburu baino gehiago idatzi zituen orotara, berdin saiakerak zein poesia edo zientzia-fikziozko eleberriak. Bere idatzietan, besteak beste, emakumeen gorputzen jabeak emakumeak beraiek zirela aldarrikatzen zuen.
Nobelak
- Le cœur de Watteau (1944)
- Comme un vol de gerfauts (1947)
- Belle Humeur ou la Véridique Histoire de Mandrin (1957)
- Les Tricheurs (1959)
- Jusqu'à la gauche (1963)
- Les Bergères de l'Apocalypse (1978)
- Je ne suis pas née pour mourir (1982)
- Terrorist's blues (1987)
- Floralies du désert (1995)
Biografiak
- La vie passionnée d'Arthur Rimbaud (1957)
- La vie passionnée de Verlaine (1959)
- Une femme témoin de son siècle, Germaine de Staël (1966)
- La couronne de sable, vie d'Isabelle Eberhardt (1967)
- L'éventail de fer ou la vie de Qiu Jin (1977)
- Moi, Kristine, reine de Suède (1979)
- L'impératrice rouge: moi, Jiang King, veuve Mao (1981)
- L'Amazone Sombre: vie d'Antoinette Lix (1983)
- Louise Michel la Canaque (1985)
- Une femme nommée Castor (1986)
- Les scandaleuses (1990)
Saiakerak
- Le complexe de Diane, érotisme ou féminisme (1951)
- Y a-t-il encore des hommes? (1964)
- Eros minoritaire (1970)
- Le féminisme ou la mor (1974)
- Les femmes avant le patriarcat (1976)
- Contre violence ou résistance à l'état (1978)
- Histoire de l'art et lutte des sexes (1978)
- Écologie, féminisme: révolution ou mutation? (1978)
- S comme Sectes (1982)
- La femme russe (1988)
- Féminin et philosophie: une allergie historique (1997)
- La liseuse et la lyre (1997)
- Le sexocide des sorcières (1999)
- L'évangile de Véronique (2003)
Poesia
- Colonnes de l'âme (1942)
- Démons et merveilles (1951)
- Ni lieu, ni mètre (1981)
Erreferentziak
- Marie-Jo Bonnet, Les Deux Amies, Ed. Blanche, 2000, p. 265.
- Catherine Simon, « Françoise d'Eaubonne, une figure du féminisme français », Le Monde, 8 mai 2005, p. 21.
- Vidriales, Ruth C.. (2005-04-12). «Françoise d’Eaubonne, la vía de la ecología, el feminismo, y la vida» Diagonal (Noiz kontsultatua: 2017-09-16).
- « La liste des 343 Françaises qui ont eu le courage de signer le manifeste : "Je me suis fait avorter" », Le Nouvel Observateur n°334, 5 avril 1971, couverture.
- Maïté Albistur et Daniel Armogathe, Histoire du féminisme français du Moyen-Âge à nos jours, éd. Des femmes, Paris, 1977, p.458.