Françoise Demulder

Françoise Demulder (Paris, Frantzia, 1947ko ekainaren 9a - Levallois-Perret, 2008ko irailaren 3a) gerrako fotokazetari frantziarra zen, World Press Photo saria irabazi zuen lehen emakumea.[1][2][3]

Françoise Demulder

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrançoise Annie Demulder
JaiotzaParisko 20. barrutia, 1947ko ekainaren 9a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaLevallois-Perret, 2008ko irailaren 3a (61 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakfotokazetaria eta argazkilaria
Jasotako sariak

Biografia

Françoise Demulder 1947an jaio zen Parisen, "Fifi" izenez ezaguna. Haren aita elektronikako ingeniaria zen. Lehenbizi modeloa izan zen, gero, maiteminduta, argazkilari baten atzetik joan zen Vietnamera, 70eko hamarkadaren hasieran.

Argazkilari ibilbidea

Maitasun-abentura hori dago gerrako argazkilari gisa egin zuen ibilbidearen oinarrian. Hasi Vietnamgo Gerran hasi zen, eta hiru urte bertan igaro ondoren, abenturazale autodidakta planetako krisi-lekuetan zehar ibili zen, Angolan, Libanon, Kanbodian, El Salvadorren, Etiopian, Pakistanen nahiz Kuban. Ekialde Hurbilean asko egon zen, non Yasser Arafati buruzko erreportajeak egin izan baitzituen behin baino gehiagotan; haren lagun egin zen. Iran eta Iraken arteko gerra ere jarraitu zuen. 1991n, Golkoko gerran, bonbardaketen pean, Bagdaden presente zeuden kazetari bakarretakoa zen. Françoise Demulder-ek Gamma eta Sipa prentsa-agentzietarako lan egin zuen, besteak beste, baita Time Magazine, Life eta Newsweek aldizkari estatubatuar ospetsuetarako ere. Batez ere munduko indarkeriari eskainitako lanaren erdian, parentesi bat egin zuen, Antartikako pinguinoei eskainitako argazki-kanpaina bat egiteko.

Lan nabarmenak

Bere argazkien indarra nabarmendu behar da bereziki, eta bereziki famatu egin ziren bi argazkiren egilea zen.[4]

Lehenengoan, Ipar Vietmango tanke batek Saigongo jauregi presidentzialaren sarrerako atea eraisten duen une sinbolikoa betikotu zuen, 1975eko apirilaren 30ean hiri hori hartu zutenean.[5]

Bigarrenarekin, 1977an fotokazetaritzako saririk entzutetsuena den World Press Photo irabazi zuen lehen emakumea bilakatu zen: 1976ko urtarrilaren 18an Beiruten hartutako zuri-beltzeko irudi hark, urteko klixerik onena izendatu zutenak, Karantina ospitaleko sarraskian, emakume palestinar bat erakusten du, sutan dagoen etxe baten aurrean, armatutako miliziano bati erreguka.[5][4][6]

Leuzemia eta argazkilarien laguntza

2001ean, leuzemia zuela jakinarazi zioten: “Bat-batean, 2001ean, minbizia aurkitu zioten, txakur txikirik gabe, inoiz kotizatu gabea”, azaldu du Christian Povedak.[5] 2003ko urriaren 29an, nazioarteko argazkilariek eskainitako 300 argazki baino gehiago bildu zituzten elkartasun-salmenta bat egiteko, 2003an, Parisko Vu galerian antolatuta: 171.000 euro bildu zituzten, gaixotasun larria zuen fotokazetari frantsesari laguntzeko.[5][7] Enkantean, World Press Photo irabazi zuen Françoise Demulderren argazkia, 11.000 euroan saldu zioten Yann Arthus-Bertrand-i.

Gaixotasun horren (2003an) eta akats mediko baten ondorioz, oso ezindua gelditu zen paraplegia batekin, baina umorea ez zuen sekula galdu, fotokazetaritzako jaialdiaren zuzendari François Leroyren arabera. 2008ko irailaren 3an hil zen 61 urte zituela, Levallois Perreten.[5][4][4][4]

Sariak

  • 1977: World Press Photo, Karantinako sarraskiaren argazkiagatik.[8]

Bilduma publikoak

  • Chalon-sur-Saône, Nicépario-Niépce Museoa.
  • Puteaux, Arte Garaikideko Funts Nazionala.

Erakusketak

  • 2006ko martxoaren 28tik apirilaren 27ra, “Conflits” erakusketa Novy Manezhen, Moskuko Argazkigintza Biurtekoaren seigarren edizioa.
  • 2006ko maiatzaren 3tik ekainaren 29ra, "Au-delà des images" erakusketa Beiruten, Sfeir-Semler galerian, Arte Garaikideko Funts Nazionaleko bildumako zenbait obra biltzen dituena.
  • 2022ko martxoaren 8tik abenduaren 31ra, Femmes photographes de guerre erakusketa museo hauetan: musée de la Libération de Paris - musée du Général Leclerc - musée Jean-Moulin (Paris)[9].

Françoise-Demulder saria

2022an, Kultura Ministerioak eta Visa pour l'image fotokazetaritza jaialdiak emakume fotokazetariek proiektu bat egitea ahalbidetzeko 2020tik aurrera ematen zituzten bi ekoizpen-bekak Françoise-Demulder sari bihurtu ziren, 1977an World Press Photo of the Year saria irabazi zuen lehen emakumearen omenez hala izendatua. Argazki hura Beirut Ekialdean atera zuen 1976ko urtarrilaren 18an, Karantinako sarraskiaren karietara, Libanoko gerra zibilaren hasieran. Françoise-Demulder saria emakume argazkilariei ematen zaie, “fotokazetaritzari egindako ekarpena aitortzeko". Hasieran, 5.000 euroko zuzkidura zuen beka horietako bakoitzak, baina, egun, 8.000 euroko saria ematen dute.[10][11]

Erreferentziak

  1. Relevé des fichiers de l'Insee
  2. (Gaztelaniaz) «FRANÇOISE DEMULDER: TESTIGO Y ARTISTA - M-Arte y Cultura Visual» M-Arte y Cultura Visual - 2014-09-03 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  3. (Gaztelaniaz) Sánchez, Fernando. (2018-09-10). «A 10 años de la muerte de Françoise Demulder, la primera mujer que ganó un World Press Photo» Xataka Foto (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  4. Michel Guerrin; Claire Guillot. (2008). «Françoise Demulder, photographe» Le Monde.
  5. Jean-Pierre Perrin. (2008). «Prises de vie» Libération.
  6. Jean-Pierre Filiu. (2022). «Un massacre pouvait en cacher un autre au Liban en 1976» Le Monde.
  7. Michel Guerrin. (2003). «Une vente au profit de Françoise Demulder» Le Monde.
  8. Françoise Demulder. 1977..
  9. Exposition / Femmes photographes de guerre. 8 mars 2022..
  10. (Frantsesez) «Prix Françoise Demulder» Visa pour l’image (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  11. (Frantsesez) «Nanna Heitmann et Adrienne Surprenant lauréates du Prix Françoise Demulder 2022 pour les femmes photojournalistes» www.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.