François Mitterrand
François Maurice Adrien Marie Mitterrand (/fʁɑ̃'swa mɔ'ʁis ad'ʁjɛ̃ ma'ʁi mitɛ'ʁɑ̃/ ahoskatua; Jarnac, Charente, 1916ko urriaren 26a- Paris, 1996ko urtarrilaren 8a) Frantziako presidentea izan zen 1981 eta 1995 urteen bitartean eta Europar Batasunaren bultzatzaileetako bat izan zen. Frantziako Alderdi Sozialistaren buruzagi nagusia izan zen herrialdeko presidentea izan bitartean, partiduaren batasunari luzaroan eutsiz.
Bizitza
Frantziako Erresistentzian borrokatu zen Bigarren Mundu Gerran[1], eta Charles de Gaulleren gobernuan parte hartu zuen gerra amaitu ondoren (1944)[2]. IV. Errepublika finkaturik, 1953an UDSR alderdi sozialistaren lehendakari izendatu zuten[3]. Diputatu, senatari eta ministro izan zen behin baino gehiagotan. 1971n Frantziako alderdi sozialistaren idazkari nagusi aukeratu zuten[4].
1981ean, Frantziako lehendakaritzara iritsi zenean, V. Errepublikako lehen lehendakari ezkertiarra izan zen. Besteak beste, Ipar Euskal Herrirako departamendu baten proposamena egin zuen publikoki kanpainan zehar[5], nahiz eta lehendakari izan zen 14 urtean ez zuen halakorik gauzatu.
Minbiziak aspalditik jota, 1994an adierazi zuen ahalik eta luzaroan egongo zela lehendakaritzan. Haren agintaldiaren amaieran ezbehar larriak gertatu zitzaizkion: Alderdi Sozialistaren hondamena ikusi zuen; ustelkeriaz akusatuta, haren Lehen Ministro Pierre Bérégovoyk bere buruaz beste egin zuen[6], lankide François de Grosouvrek bezala; komunikabideak Mitterrandek nazien okupazioaren garaian izan zuen paper iluna ikertzen hasi ziren[7], eta ezkutuko alaba bat zuela argitara atera zuten. 1995eko hauteskundeetara ez zen aurkeztu eta Jacques Chirac iritsi zen lehendakaritzara, Alderdi Sozialistaren hautagai Lionel Jospini gailenduta. Jacques Chiraci boterea utzi ondoren, Mitterrand bizitza publikotik aldendu zen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Giesbert, Franz-Olivier; Ferney, Frédéric. (1984). «Le roi Saul» De Sartre à Foucault (Hachette Education (programme ReLIRE)): 397. ISBN 978-2-01-010737-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- Johanna., Védrine, Jean, 1914-2010. Barasz,. (2013). Dossier : les prisonniers de guerre, Vichy et la Résistance : 1940-1945. Fayard ISBN 978-2-213-66627-3. PMC 866572232. (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- Duhamel, Éric. (2007). L'UDSR ou La genèse de François Mitterrand. CNRS éd ISBN 978-2-271-06503-2. PMC 421878490. (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- (Frantsesez) Ina.fr, Institut National de l’Audiovisuel-. «Congrès du PS : François Mitterrand élu Premier secrétaire» Ina.fr (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- «Euskal Departamendua: bi mende luzetan zapuzturiko eskaera historikoa» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- (Frantsesez) «Suicide de Pierre Bérégovoy, vingt ans déjà» Le HuffPost 2013-05-01 (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- Pierre., Péan,. (2011). Une jeunesse française : François Mitterrand, 1934-1947. Fayard ISBN 978-2-8185-0072-9. PMC 697594286. (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).