Frédéric Bastiat
Frédéric Bastiat (Baiona, 1801eko ekainaren 29a - Erroma, 1850eko abenduaren 24) lapurtar ekonomialari eta politikaria izan zen. Arlo horietan egindakoagatik liberalismoaren erreferentzia bat da.
Frédéric Bastiat | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1848 - 1850 ← Gustave Larnac (en) - Antoine Simon Durrieu (en) →
1833 - 1850 - Bernard Domenger (en) →
1831 - 1847 ← Dominique Domenger (en) - Jean Baptistant (en) → | |||||||
Bizitza | |||||||
Jaiotzako izen-deiturak | Claude Frédéric Bastiat | ||||||
Jaiotza | Baiona, 1801eko ekainaren 30a | ||||||
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria | ||||||
Heriotza | Erroma, 1850eko abenduaren 24a (49 urte) | ||||||
Hobiratze lekua | San Luigi dei Francesi | ||||||
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia | ||||||
Hezkuntza | |||||||
Heziketa | abbaye-école de Sorèze (en) | ||||||
Hizkuntzak | frantsesa | ||||||
Jarduerak | |||||||
Jarduerak | filosofoa, ekonomialaria, saiakeragilea, politikaria, magistratua eta idazlea | ||||||
Lantokia(k) | Paris | ||||||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||||||
Kokapen orokorra
Eztabaida publikoetan bizitzaren azken urteetan sartuta, XIX. mendearen erdialdean Frantzian eman ziren ekonomiari buruzko eztabaidetan gakoetakoa izan zen: Journal des Économistes aldizkariarekin kolaboratu zuen eta Proudhonekin polemika garratza izan zuen. Frantses bizitza politikan esku hartu zuen eta Asanblea Nazionaleko kide izateko aukeratu zuten "ezkerreko" taldearen barruan. Pentsaera liberala garatu zuen, librekanbismoa edota konkurrentzia ekonomikoan oinarrituz eta sozialismo edo kolonialismoaren kontra egonez. Frantzia mailan erlatiboki ahaztuta, nazioarteko sona lortu zuen, batez ere bere Harmonies économiques lanagatik. Austriako ekonomia eskolaren eta Aukeraketa Publikoaren Teoriaren aitzindaritzat joa da.[1].
Eragina
Bere lanak sortu osteko urteetan oso baloratua izan zen mundu mailan. Gustave Flaubert edo Pecci kardinalak (geroago Leon XIII.a izango zenak) oso positibotzat jo zuten baionesaren lana. Frantzian azken hamarkadetan berraurkitu dute Bastiat; denbora luzez bere lanek garrantzi handiagoa izan dute herrialde anglofonoetan. Alain Madelin eskuineko politikari frantsesak berarengan izan duen eragina aitortu du.
Ekonomialarien artean, alde batetik badugu Friedrich Hayek, Keynesi ematen zizkion erantzunetan sarritan Bastiat aipatzen zuena; bestetik Karl Marx dugu: Kapitala liburuaren bigarren edizioko solasondoan eta "Gainbalioari buruzko teoriak" lanean gogor kritikatu zuen.[2]
Estatu minimoaren defendatzailea, Margaret Thatcherrek bere lerroaldi oso batzuk aipatzen zizkion Giscardi beraien arteko topaketetan eta Ronald Reaganek politikan sartu baino lehen bere testuak irakurtzen zituela jakina da.[3] 2002tik Londresko International Policy Network elkarteak Bastiat Prize saria ematen du.
Biografia
Bere familia okzitaniar jatorrikoa zen, Mugronekoa (Shalòssa eskualdea[4], Landak departamendua) eta bertan pasatu zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Bastiatek 7 urterekin ama galdu zuen eta 9 urterekin aita, egoera ekonomiko erosoa zuen tratularia. Harrezkero amaren partetiko aitona-amonekin bizi izan zen.
17 urterekin eskola utzi zuen familiako komertzioan aritzeko. Thomas DiLorenzoren arabera horrexek ezagutarazi zizkion merkatuaren oinarrizko nondik-norakoak.[5] Sheldon Richmanek ere baieztatzen du Napoleondar Gerrak gertatzen ari zirela handitu zela eta testuinguru honetan estatuaren interbentzionismo ekonomikoa oso zabala izan zen.[6] 1820ko hamarkadan Framazonerian sartu zen, Baionako La Zélée logian.[7]. 1846an Institut de Franceko kidea bihurtu zen.
1831tik aurrera Mugroneko kantonamenduko kontseilari orokorra izan zen eta bake-epailea 1831ko maiatzaren 28tik 1846ko azaroaren 30 arte. Ekonomista eta panfletogilea, sei urte eskaseko karrera publikoa izan zuen, maila lokaletik kanpo bederen: Journal des Économistes aldizkarian argitaratutako artikuluekin hasi zen 1844an, 1846an librekanbismoaren aldeko Le Libre Échange astekaria Parisen sortu eta erredaktoreburua izan zen eta geroago aldi berean debeku-sistemaren eta sozialismoaren kontrako zenbait lan argitaratuko ditu.
Landetako diputatua 1848an eta 1849an aukeratu zuten. Ezkerrekoen lekuetan jezartzen zen baina legeen arabera kontserbadore edo sozialistekin batera bozkatzen zuen. 1849an hauxe adierazi zuen: « Ezker-muturrarekin bat egin dudala leporatu didate; zergatik ez dira azpimarratu eskuinarekin bat egin dudan botaketak? »[8]. Asanblea Nazionalean Finantza batzordeko lehendakariordea izan zen.
Asanblean eta kanpoan protekzionismo eta sozialismoaren kontra gogor jo eta librekanbismoa eta norbanakoaren eskubideak aldarrikatu zituen. Bereziki Richard Cobdenen ideien eta bere Corn Laws ("artoaren legeak", inportazioen kontra) izenekoen aurkako taldeen defendatzailerik sutsuenetakoa izan zen. Journal des économistes-eko bere lehen ekarpena ere librekanbismoaren aldekoa eta politika kolonialen kontrakoa izango da.[9]. Truke-askatasunaren aldeko elkartea sortu zuen eta Richard Cobdeni buruzko liburu bat idatzi zuen.
Frantzian zehar burutu zuen ideia liberalen aldeko biran tuberkulosia harrapatu zuen. Asanblean ezin gehiago egon eta Italiara joan zen osatu nahian. Erroman hil zen 1850ean; azken hatsa eman baino lehen Gustave de Molinari bere seme espirituala zela adierazi zuen. Erromako San Luigi dei Francesi elizan hobiratu zuten.
Pentsaera
Bastiaten pentsaera gehienbat indibidualismo eta liberalismoan oinarritzen zen. Norbanakoaren askatasuna etengabe defendatzen du edozein motatako autoritateren aurrean; hauxe idatzi zuen: « Gizon handi gehiegi daude munduan; legegile, antolatzaile, elkarte-kontrolatzaile, herri-gidari, nazioetako aita eta abar gehiegi daude. Jende gehiegi humanitatearen gainetik jartzen da berau gobernatzeko, jende gehiegik humanitatearekin kezkatzea lanbide bihurtu dute. » Nazioartean osperik handiena lortu duen bere testuan, La Loi delakoan, 1850ean argitaratua.
Librekanbismoaren alde
Itzulingururik gabeko idazlea, bere idazkietan (artikulu zein panfleto) konparazio pedagogiko edota alegia satirikoetan iaioa zela erakusten dute. Estatuaren edo sozialismoaren ("espoliazio legala") gainean eraiki diren mito edo sofisma nagusiak agerian uzteko saiakera dira; berdin ari da aberastasunaz ("baten probetxua bestearen probetxua da"), elkartasunaren kontzeptuaz ("erabat ezinezko egiten zait legalki derrigortutako Senidetasuna irudikatzea aldi berean Askatasuna suntsitu gabe eta Justizia legalki zapaldua geratu gabe"), zergez, interbentzionismoaz... Erregulartasunez panfletoa eta eztabaida bultzatuko ditu, batez ere Proudhonekin, zeinekin 13 astez diskutituko duen La voix du peuple agerkarian.
Bastiaten satirarik ezagunena (protekzionismoa kritikatuz) bere Pétition des fabricants de chandelles ("Kandelagileen eskaera") da[10], non "bere argia salneurri baxuegitan eskaintzen duen lehiakide atzerritar baten konkurrentziaren" aurrean babesa eskatzen zuten ("atzerriko hornitzaile" hori...eguzkia zen!). Lege baten eskaerarekin amaitzen da, zeinetan "eguzkiaren argia etxeetan sartu ohi den leiho, argizulo guztien itxiera" aginduko zen.
Librekanbismoaz alde batetik defendatu egiten du elkarren artean adostutakoa baina herrialde protekzionistekin eta guzti egin litekeena are interesgarriagoa dela erakusten du. Berarentzat edozein politika protekzionista espoliatzailea da; aldiz, librekanbismoa aberastasunen biderkatzailea dateke.
Kontsumitzailea ekonomiaren bihotzean
Norbanako kontsumitzailearen alde jartzen da, ez ekoizlearen alde (oparotasunaren teoria urritasunaren teoriaren aurka). Jacques Garelloren aburuz, Richard Cobdenekin batera XIX. mendeko ekonomilari bakarra da Ludwig von Mises, Friedrich Hayek edo Pascal Salinek garatu zituzten XX. mendeko kontsumitzailearen teoriak aitzinirudikatzeko.[11].
Estatuaren jardunaz
Beste batzuetan tesi hau garatu zuen: estatuaren ekimenak presio-taldeen eskaeren emaitza direla defendatu zuen. Famatu bihurtu den estatuaren definizioa zor zaio: « Estatua jende guztiak jende guztiaren lepora bizi nahi duen fikzio handi hori da. »[12]
Estatuaren ikuspegi minarkista dauka; horren arabera estatuak justizia eta segurtasuna bermatu behar ditu eta norbanakoei elkarri eragiten utzi behar zaie. Hau ere idatzi zuen: « Askatasuna eta segurtasuna besterik ez espero estatutik. Izan kontziente hirugarren bat eskatzekotan beste biak galtzeko arriskua dagoela. » Harmonies économiques.
Ekonomia arloan behin eta berriz "ikusten dena eta ikusten ez dena" (egun "kostu ezkutu", "aukera-kostu" edo "efektu maltzurrez" hitz egingo litzateke) desberdintzeko beharraz aritu zen. Gai hau, estatuaren jardun interbentzionista kritikatzeko zabaldua, "Kristal apurtuaren sofisma" izeneko parabola sonatuan garatu zuen lehen momentu batean.[13] Apurtutako leihoa konpontzeko erabili den diruak lana ekarriko dio konpontzaileari; honek bere gastuak handitu ahal izango ditu eta horrela beste batzuen negozioak bultzatu. Hemen ikusten ez dena da leihoa apurtu izan ez balitz ere dirua gastatuko zela, edo "bestela" gastatuko zela. Apurtutako leihoak dirua beste gastu batzuetara bideratu besterik ez du egin. Bastiaten arabera estatu batek batzuetan aktibo direnei hartzen diena interes-talde, elkarte korporatibista edo inaktiboei ematen die. Hala aritzeak sekula ez duela jendartearentzat aberastasunik sortuko azpimarratzen du, are gehiago, seguraski aberastasun batzuk desagerraraziko ditu.
Balioaren kontzepzio subjektiboa
Jean-Baptiste Say eta Turgotekin bat eginda, balioaren oinarri objektiboa balio-lanean bilatzen zuten Adam Smith edo David Ricardoren lanen kontrako "balioaren kontzepzio subjektiboaren" ideia bat garatu zuen. Austriako ekonomia eskolak bere lanetan ukitu subjektibo hau berrartu zuen. Aspektu ugaritan Bastiat pentsaera ekonomikoaren eskola honen aitzindaria da: kapitalaren teoria, balioaren kontzepzio subjektiboa, praxeologia...[14].
Segurtasun soziala
Etorkizuneko osasun sistemen balizko okerrak salatzen lehenetakoa izan zen. Mutualismoan oinarritutako kutxak sortzearen defendatzaile sutsua, osasun sistema nazionalizatzeko edozein saiakeraren kontra altxatu zen; irakurri adibidez Harmonies économiques lanean: « Gehiegikeriak handituz joango dira eta berzuzenketa urtez urte berkalkulatuko da, ohikoa denez, leherketa eguna heldu arte. Baina orduan konturatuko gara bere kabuz aritzeko gai ez den populazioarekin baino ezin dugula kontatu, dena -biziraupena barne- ministro edo prefet batengan espero duenarekin, ideiak hain perbertituak izanik Zuzenbide, Jabego, Askatasun eta Justiziaren nozioak ere galdu dituen horiekin. »[15].
Beste gai batzuetaz
Heriotza zigorraren eta esklabismoaren kontrako eta zuzenbide sindikalaren aldeko iritzia azaldu zuen. 1849ko azaroaren 17ko Asanbleako sindikatuen kontrako zapalkuntzari buruzko mintzaldi batean hauxe esan zuen greba eskubidea debekatzen zuen legediaz: « Zuek zeuek aitortzen duzue zuen legedia ezarrita eskaera eta eskaintza ez direla era orekatuan ari; patroien koalizioa ezin da inoiz ikuskatu, hori argia da: bi, hiru patroik elkarrekin gosaldu, koalizio bat osatu eta inork ez daki ezer. Langileena beti izango da ikuskatua, egunaren argiaz egiten delako. »[16]
Lanak
1862ko Gilbert Guillauminen edizioko Frédéric Bastiaten lan osoak Wikipedia Commonsen frantsesez kontsultagai daude eta zenbait lan ingelesez.
- Lehen liburukia: gutunak, saski-naskia.
- Bigarrena: librekanbismoa.
- Hirugarrena: Cobden et la Ligue edo L'agitation anglaise pour la liberté des échanges.
- Laugarrena: Sofisma ekonomikoak. Panfleto txikiak. Edukia: Sophismes économiques; Propriété et loi ;Justice et fraternité; L'État; La Loi ; Propriété et spoliation; Baccalauréat et socialisme ; Protectionnisme et communisme
- Bosgarrena: Sofisma ekonomikoak. Panfleto txikiak. Edukia: Spoliation et loi; Guerre aux chaires d'économie politique ; F. C. Chevé eta Pierre-Joseph Proudhonekiko korrespondentzia; Ce qu'on voit et ce qu'on ne voit pas; Abondance ; Balance du commerce ; Paix et liberté ou le budget républicain ; Discours sur l'impôt des boissons ; Discours sur la répression des coalitions industrielles ; Réflexions sur l'amendement de M. Mortimer-Ternaux ; Incompatibilités parlementaires
- Seigarrena: Harmonies économiques
- Zazpigarrena: saiakerak, zirriborroak, gutunak.
Frantsesezko Wikisourcen oso testu zerrenda zehatza dago.
Baionan eta Mugronen
Baiona jaioterrian Baiona Ttipia auzoko karrika bati (Parisen ere badu bat, Eliseo Zelaien hiribidetik oso hurbil) bere izena eman zitzaion. Beste aldetik, Cercle Frédéric Bastiat izeneko elkarteak Lapurdiko hiriburuan ere badu sekzio bat.[17]
La Zélée logia masonikoko kide gisa Dominique Joseph Garat eta Agosti Xaho bezalako pertsona erreferentzialekin kointziditu zuen. Euskaldunak bi estatutan banatuta egonik ere gure arteko harremanak garatzeko gai garela liberalismoa defendatzeko argudio gisa erabili izan zuen noizbait. 1830eko Uztaileko Iraultzan Baionan zer gertatu zen ere bere lumatik jakin dezakegu.[18]
Bizitzen denborarik gehien eman zuen Shalòssako Mugron herrian bere omenezko estatua bat dago.[19]
Bibliografia
- Jean Crouzet: Fréderic Bastiat, "Ekaina" aldizkaria, 1987, 21. zkia.
- Gérard Minart: Frédéric Bastiat: 1801-1850: le croisé du libre-échange, L'Harmattan, Paris, 2004, ISBN 978-2747560306
- Jacques Garello: Aimez-vous Bastiat, Romillat, Paris, 2004, ISBN 978-2-87894-066-4
- Robert Leroux: Lire Bastiat : Science sociale et libéralisme, Éditions Hermann, 2008, ISBN 2-7056-6715-6
Erreferentziak
- Maurice Baslé eta Alain Gélédan, Histoire des pensées économiques, Sirey, 1993, p.108.or.
- Karl Marxen gutuna Kugelmanni.
- Bastiaten biografia Catallaxian; Reaganek bere ekonomialaririk gogokoena zela zioen.
- Miquèu Grosclaudek bere Dictionnaire étymologique des noms de famille gascons liburuan dio "Bastiat" "Sebastian" izenaren hipokoristikoa dela eta Shalòssa eskualdean duela jatorria
- (Ingelesez)Frédéric Bastiat Mises Instituteko webgunean.
- Sheldon Richmanen Bastiaten biografia
- Elkarrizketa L'Expressen Jean Crouzet logiako kide, historialari eta Baionako Framazoneriari buruzko obra batzuen egileari
- 1849ko "hauteskunde-fede aitortza"
- Bere izenburua De l'influence des tarifs français et anglais sur l'avenir des deux peuples ("Tarifa frantses eta ingelesek bi herrien etorkizunean duten eraginaz") zen. Bertan azaltzen du zelan Ingalaterra, komertzio-askatasunari esker, protekzionismoak atzeratuta bizi den Frantziaren aurrean jarriko zen
- Sophismes économiques liburuaren lehen seriea, VII. kapitlulua
- Jacques Garello, Les Echos, 2001
- L’État, Journal des Débats, 1848ko irailaren 25eko alea.
- Ce qu'on voit et ce qu'on ne voit pas ("Ikusten dena eta ikusten ez dena"), I. kapitulua
- (Ingelesez) Frederic Bastiat (1801-1850): Between the French and Marginalist Revolutions, Thomas DiLorenzo, Ludwig von Mises Institute
- Bastiat eta Segurtasun soziala.
- Discours sur la répression des coalitions, in Œuvres complètes de Frédéric Bastiat, 5. liburukia, 501.or.
- Elkartearen Baionako hitzaldi bat Dailymotionen.
- 1830eko Iraultza Baionan euskomedian.
- Ironikoki, bere jaiotetxea herri honetako zergak biltzeko egoitza da; iturria: Bastiaten biografia Catallaxian.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frédéric Bastiat |
- (Ingelesez)(Frantsesez)Cercle Frédéric Bastiat elkartearen webgunea.
- (Ingelesez) Bastiat sariaren webgunea.
- (Ingelesez)(Gaztelaniaz)(Frantsesez) bastiat.org webgunea.