Fosfolipido
Fosfolipidoak zelula mintzen osagai garrantzitsuak diren biomolekulak dira. Fosfato taldea duten lipido saponifikagarriak dira.
Ezaugarriak
Fosfolipidoak molekula anfipatikoak dira, hau da, atal hidrofobo (ura aldaratzen du) eta beste atal hidrofilo (ura erakartzen du) batez osatuta daude. Atal apolarrean gantz azidoen kate luzeak daude, hori dela eta buztan hidrofoboa izena hartzen du. Atal polarrean aldiz, negatiboki kargatutako fosfato taldea eta honi elkartutako karga positiboko molekula, buru polarra du izena.
Ingurune urtsu batean, fosfolipidoen buru polarrak urarekin kontaktuan jartzen dira buztan hidrofoboak kontaktu hau ekiditen duten bitartean. Lipidoen buztan ez polarrek elkartzeko joera dute, bigeruza lipidiko edo mizela bat eratuz. Buru polarrak ingurune urtsuarekin kontaktuan gelditzen dira.
Mizelak buztan bakarreko lipido anfipatikoak ingurune urtsuan jartzean sortzen dira, eta bigeruza lipidikoak bi buztaneko lipidoak jartzen direnean. Mizelak geruza bakarreko esferak dira eta tamaina mugatua izan dezakete. Fosfolipido geruzak aldiz, askoz luzeagoak izatera irits daitezke eta bere gain tolesten bada, esfera huts bat sortzen da. Honetan datza hain zuzen ere zelula mintza.
Mizela eta bigeruzak "efektu hidrofobiko" izeneko prozesuaren bidez banantzen dira ingurune urtsuan. Substantzia ez polar bat ingurune urtsu batean disolbatzen denean, molekula polarrak substantzia ez polarraren inguruan modu ordenatuan antolatzen dira, molekula polar hauek ezin ditzaketelako hidrogeno zubiak eratu substantzia apolarrekin. Hala ere, molekula ez polarra likido polarretik banantzen denean, molekula polarraren entropia (desorden egoera) handitu egiten da. Hau oinarrian, fase banaketa bat da, ura eta olioaren berezko banaketa gertatzen denean bezala.
Barne antolaketa disoluzioan dagoen lipido kontzentrazioaren araberakoa da. Mizelaren kontzentrazio kritikoaren azpitik, lipidoek geruza bakarra sortzen dute likidoaren gainazalean eta disoluzioan barreaitzen dira. Mizelaren lehen kontzentrazio kritikoan lipidoak mizela esferikoak eratuz antolatzen dira. Kontzentrazio kritiko hau osaketa kimikoaren araberakoa da, batez ere buruaren erradio eta buztanaren luzeraren araberakoa. Bigeruza lipidikoa, mintz biologiko eta liposomen oinarria da.
Funtzioak
- Mintz zelularraren osagai estrukturalak. Fosfolipidoen izaera anfipatikoak gantz azidoen artean elkarrekintza hidrofobikoak posible egiten ditu eta hauek bigeruza lipidikoaren barneko aldean geratuko dira. Honela, buru polarrak kanporantz kokatzen dira, ingurune urtsurantz non proteinekin elkarrekintzak izan ditzakeen.
- Entzimen aktibazioa. Fosfolipidoek zelulara bidaltzen diren seinaleen transmisioan bigarren mezulari gisa jokatzen dute.
- Biriketako surfaktantearen osagaiak. Birikaren funtzionamendu normalerako ezinbestekoa da surfaktantea.
- Behazunaren osagaiak. Fosfolipidoek kolesterola disolbagarriago bihurtzen dute. Fosfolipidoen sintesi eta jariapenaren murrizketa batek, kolesterol eta behazun pigmentuen kalkuluen eraketa dakar.
Sailkapena
Fosfolipidoek dituzten osagaien arabera bi multzo handi bereizten dira:
- Fosfoglizeridoak: azido fosfatidikoz (bi gantz azido, glizerol bat eta fosfatoa) eta aminoalkohol molekula batez osaturik daude. Fosfoglizerido arruntenak fosfatidiletanolamina, fosfatidilinositola, fosfatidilkolina eta fosfatidilserina dira.
- Fosfoesfingolipidoak: zeramidaz (esfingosina eta gantz azido bat), fosfato batez eta aminoalkohol molekula batez osaturik daude. Esfingomielina da esfingolipido ezagunena.