Foru aldundi

Foru aldundia, XIX. mende erdialdeaz geroztik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundiek hartzen duten izena da, Lehen Gerra Karlistatik aurrera, une desberdinetan ezarritako foru gobernamenduen ondorioz.

Nafarroako Foru Aldundiak, ordea, Nafarroako Gobernua izena hartu du 1982az geroztik, aurreko foru lurraldea Nafarroako Foru Erkidegoa bihurtuta. Egungo foru aldundien zuzeneko aurrekariak probintziako aldundiak dira, 1877an eratuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroako foru aldundiak, berriz, 1841eko Foruak Eraldatzeko Legean errotzen du bere lege zilegitasunaren iturria. 1982an, egungo foru aldundiak eta Nafarroako Gobernua birsortu ondoren, foru izaera eta berezitasunak eta eskumen gehigarriak dituzte, nagusiena ekonomia ituna izanik, alegia, kupoa eta zerga eskumenak.

Historia

Arabako Foru Aldundia
Mateo de moraza foruen defendatzaile sutsuaren omenezko oroitarria

Egungo euskal foru aldundiek XVI. mendeaz geroztik ezarritako aldundi nagusietan dute aurrekaria, eta batzarrak ordezkatzen zituzten batzorde betearazleak ziren. Nafarroan, erresuma izaki, Erresumako Aldundia izena zuen. Lehen Gerra Karlistadaren ondoren, Nafarroak bilakaera desberdin bat izan zuen, Nafarroako Foruak Eraldatzeko Legearen bitartez (1841), Erresumako Aldundia bertan behera geratu baitzen eta, trukean, Nafarroak probintziako aldundia eskuratu zuen (1836tik aurrera), Espainiako probintzietakoen oso antzekoa. Berezitasun handiena ekonomia ituna (hitzarmena) zuen.

Hego Euskal Herriko beste euskal lurraldeetan, berriz, aldundi nagusiek uko egin zioten bertan behera geratzeari eta eskumenak galtzeari. 1844tik aurrera, haien estatus berria (neo-forala) nolabait arautu zuten Espainia konstituzionalean, eta hala jarraitu zuten Bigarren Karlistaldi oste arte. Birmoldaketa horren ondorioz, udalek eskumen ugari galdu zituzten eta, trukean, aldundiek eskuratu, zerga-bilketaren arloan adibidez.[oh 1] 1877an, berriz, Canovas del Castillo espainiar lehen ministroak, Gerra Legearen pean eta tentsio giro handi baten erdian, aldundi nagusiak desegitea agindu zuen. Haien ordez, probintziako aldundiak ezarri ziren, Espainiako gobernuak izendatutako organo administratiboak. Hala ere, ez ziren guztiz Espainiako probintziekin berdindu, Hitzarmen Ekonomikoari esker.

Espainiako beste aldundiekiko zuten jatorri eta izaera desberdintasuna dela eta, foru izendapena aldarrikatzen jarraitu zuten. Nafarroakoak 1867tik aurrera egin zuen hori, baita beste euskal aldundiek ere 1876an foruak galdu eta geroago. Joera hori areagotu egin zen Gamazadaren ostean. 1937an, Errepublikaren kontra altxatako Franco jeneralak bertan behera utzi zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek artean zituzten berezitasunak, Nafarroan eta Araban ez bezala. 1981ean, aldundiok foru aldundi bihurtu ziren berriz, Hitzarmen Ekonomikoa berreskuratuz.

Nafarroa gainerako Hego Euskal Herriko lurraldeen konponketa politiko-administratibotik kanpora geratu eta UCD, UPN eta PSOE (Nafarroan PSN bihurtuta) alderdiek diktadura garaiko 'foru' erregimenaren jarraipena bideratu zuten: 1982ko Amejoramendua. Nafarroako Foru Aldundia Nafarroako Gobernua bilakatu zen.

Oharrak

  1. Kontu egin behar da, halaber, 1848tik aurrera, Madril hasi zela udalerrietako alkateak izendatzen.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.