Foro (Antzinako Erroma)

Foroa (Latinez forum, "leku publikoa aire librean") Antzinako Erromako hiri batek, zela municipium edo civitas, zeukan plaza edo gune publiko bat zen.

Artikulu hau Antzinako Erromako hirietako gune publikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Foro (argipena)».
Pompeiako foroa.

Erroman bertan eraiki zen Erromako foroa izan zen egitura hauetan lehena eta entzutetsuena, baina foroak Erromako Errepublikako eta Inperioko probintzia erromatar guztietako hirietan garatu ziren. Adibidez

Hirietako foroak

Hirietako bizimodu publikoaren erakusgarria zen, eta bertan aurki zitezkeen eraikin nagusiak hauek ziren: basilika, kuria, tenpluak...[1] Sinbolismo zibiko eta erlijioso guztiaz aparte, foroa nagusiki merkataritzarako erabiltzen zen, dendak kokatzen zirelarik eraikin publikoetan estoa izeneko egituretan.

Galtzadetako foroak

Aztarna erromatarrak Foruan.

Inperioa zabaldu ahala, beste adiera bat ere hartu zuen foroak, eta sinonimo bihurtu ziren, zenbait kasutan, herrixka edo hiri osoarena. Kasu hauetan galtzada edo bide inportante baten ondoan sortutako asentamendua zen foroa, eta Forum hitza toponimo bihurtzen zen. Hor daude Foro Popili eta Forum Livi adibideak, gaur egungo Italiako Forlimpopoli eta Forli hiriak direnak[2]. Euskal Herrian, Forua herriaren toponimoa dugu, zeina halako egitura batekin erlazionatua egon daitekeen aztarna erromatarrak baitaude han, baina ez da ezagutzen toponimo haren forma latina, bakarrik eratorritakoa dakigu.

Foroak sakabanatuta zegoen landa-eremu batean kokatutako biztanle-pilaketak edo herrixkak ziren, funtzio administratibo, politiko eta komertzialak zituztenak, eta Erromaren ekimenez sortu ziren, lurraldea zabaltze eta antolatze fasean. Antzinako fase batean dokumentatzen da landa-errealitate hori (Errepublika amaieran). K.o. I. mendean desagertu zen, eta Italiara eta mendebaldeko probintzia batzuetara mugatu zen, hala nola Sardiniara, Gallia eta Hispaniara. Landa-zentro horietako gehienen sorrera bat dator Inperioko bideen hedapenarekin, haien funtzio komertziala dela eta. Herri eredu horri esker, agintari erromatarrek lurralde handiak antola zitzaketen kolonia bat ezarri beharrik gabe, batez ere kolonia-eredua hain bideragarria ez zen mendi-eremuetan. Fora horietako batzuek izenak, Forum Apii, Apia bidean edo Forum Flaminii, Flaminia bidearen ondoan, hurbil dituzten bideen izenak aipatzen dituzte, eta, neurri txikiagoan bada ere, izen etnikoak ere aipa zezaketen, hala nola, Forum Germanorum edo Forum Gallorum. Hispanian, izen hori, Forum Gallorum, bideko geraleku batean ere aurkitzen da, Pirinioetarako bidean, Caesaraugustatik Beneharnora[3].

Erreferentziak

  1. «Arkitektura» www.anakel.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
  2. (Ingelesez) Abbott, Frank Frost. (1926). Municipal Administration in the Roman Empire. Princeton: Princeton University Press., 12 or..
  3. (Gaztelaniaz) Fernández Ochoa, Carmen; Salido Dominguez, Javier; Zarzalejos Prieto, Mar. (2014). «Las formas de ocupación rural en Hispania. Entre la terminología y la praxis arqueológica» Cuadernos de Prehistoria y Arqueología de la Universidad Autónoma de Madrid (CuPAUAM) 40: 111-136. ISSN 0211-1608..

Ikus, halaber:

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.