Gustave Flaubert
Gustave Flaubert (Rouen, Itsas Sena 1821eko abenduaren 12a - Croisset, Canteleu, Itsas Sena, 1880ko maiatzaren 8a) frantziar idazlea izan zen. Mendebaldeko eleberrigilerik nagusitzat hartzen da. Madame Bovary liburua da bere lanen artean ezagunena; literaturan eragin handia izan du, batez ere eleberrigintzan.
Gustave Flaubert | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Rouen, 1821eko abenduaren 12a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Reims Canteleu Paris Rouen |
Heriotza | Croisset (en) , 1880ko maiatzaren 8a (58 urte) |
Hobiratze lekua | Cimetière monumental de Rouen (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: garuneko odoljarioa |
Familia | |
Aita | Achille Cléophas Flaubert |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | International lycée François-Ier (en) Paris Law Faculty (en) Pierre-Corneille lizeoa |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Pierre Adolphe Chéruel (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | eleberrigilea eta idazlea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Mugimendua | errealismoa |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Frantzia-Prusia Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
| |
Biografia
Gustave Flauvert, Rouengo eritegiko kirurgialaria zen Achille Cléophas Flauvert-en (1784-1846) eta Anne Justine Caroline Fleuriot-en (1784–1846) bigarren semea izan zen. Rouengo Collège royalen ikasi zuen, gogoberotasun handirik gabe. Oso gaztea zenean, literaturaz zaletu zen, baina nahiago zituen bere garaiko idazleak (Victor Hugo, Alexandre Dumas, Balzac, Edgar Quinet, George Sand) klasikoen irakurketak baino. Aurrerago, Rabelais, Montaigne eta Sadeko markesaren lanak aurkitu zituen. 1836ko udan, Trouvillen, Élisa Schlésinger ezagutu zuen. L'Éducation sentimentale liburuan adierazi zuenez, emakume honek sakonki markatu zuen[1][2].
1840an, baxoa gainditu izanaren sari gisa, gurasoek Pirinio eta Korsikan zeharreko bidaia bat oparitu zioten. 1841eko azaroan, gogoz kontra, zuzenbide ikasketak egiten hasi zen Parisen. Han Novembre idatzi zuen, eta baita L'Éducation sentimentaleren lehen zirriborroa ere. James Pradier eskultorea, Victor Hugo eta gerora lagun min izango zuen Maxime Du Camp ezagutu zituen. 1844an, krisi epileptiko larri baten ostean, ikasketak eta Paris utzi, eta Croissetera (Rouendik hurbil) joan zen, gurasoekin bizitzera[3].
1846an aita eta arreba hil zitzaizkion. Beraz, Flaubertek iloba Carolinez arduratu behar izan zuen. Urte berean, Louise Colet olerkariarekin hamar urte iraun zuen maitasun-harremana hasi zuen. Hau izan zen bere bizitzako maitasun-harremanik garrantzitsuena.
1847an Máxime du Camp lagun minarekin Bretainian zehar ibili zen. 1849-1851 bitartean bi urteko bidaia egin zuen lagun berarekin, Egipto, Palestina, Siria, Libano, Asia Txikia, Konstantinopla, Grezia eta Italian barrena. Bidaiak zirrara handia eragin zion. Bidaiatik itzultzean Madame Bovary eleberria idazten hasi zen. 56 hilabete behar izan zituen amaitzeko. 1856ko urria eta abendua bitartean kaleratu zen, sei zatitan, Revue de Paris aldizkarian. Argitaratu eta gero, agintariek auzitara eraman zituzten Flaubert eta argitaletxea, moraltasunaren aurka aritzeagatik, baina errugabe atera ziren. Baudelaire, ordea, erruduntzat jo zuen auzitegi berak Les Fleurs du Mal idazteagatik.
1858ko udaberrian, Salammbo idazlanerako informazioa biltzeko asmoz, Aljeria eta Kartago bisitatu zituen. Eleberria 1862ko azaroan argitaratu zen eta arrakasta handia lortu zuen. Flaubert Parisera itzuli zen. Han Mathilde Bonaparte printzesak harrera egin zion, eta Théophile Gautier, Sainte-Beuve eta Goncourt anaiekin maiz ibili zen. 1863an George Sandekin adiskide harremana hasi zuen. 1866an Ohorezko Legioko zaldun izendatu zuten.
1870eko Gerran Prusiako soldaduek bere etxea okupatu zuten eta Rouenera aldatu zen. 1872an ama hil zitzaion. 1875ean zenbait jabetza saldu behar izan zituen, egoera ekonomiko ezin txarragoan zegoen ilobari laguntzeko. Horrez gainera, bere osasunak okerrera egin zuen.
1880ko maiatzaren 8an, 58 urte zituela, buruko odoljario baten ondorioz, Croissetten hil zen. Rouengo hilerrian lurperatu zuten.
Flauberten idazgintza
Literatura eta egia
Flauberten literatura bere bizitzari eta Bigarren Inperioaren (1852-1871) gorabeherei lotua egonagatik, haren literaturan frantsesezko literaturaren tradizioa sumatuagatik, eta alderdi askotan haren obrak XIX. mendearen bigarren erdialdean Frantzian nagusi izan ziren bi joera estetikoen -errealismoa eta naturalismoa- aztarna izanagatik, guztiz ere berezia eta bere-berea da, eta berrikuntza handia ekarri zuen bere garaian.
Flauberten berezitasun hori hiru ezaugarriren bidez dago adierazia: literatura errealitatera egokitzeko borondatea, horretarako egiaz baliaturik; estiloaren grina maila guztietan -hitz egokiak, sintaxia, esaldiaren doinua, narrazio osoaren egitura-; eta giza ergelkeriaren kritika sumina, bere garaiko frantses gizartearen ohituren eta bizimoduaren kritika batez ere.
Flaubertek berak esana da: "Inoiz ezer egiten badut mundu honetan, pentsalari gisa izango da, eta ez moralista gisa. Egiarik krudel, izugarri eta gordinena esan, hori besterik ez dut egingo". Egiaren printzipio hartara makurtu zuen Flaubertek bere lan osoa, eta hura da haren erabateko objektibotasunaren garantia nagusia. Izan ere, egile gisa bere idazkeraren atzean ezkutatzen zen beti, eta ia inoiz ez zuen bere obran beraren iritzirik eman, gertaeren beren zehaztasunek moldatzen zuten irakurlearen iritzia, eta horretarako Flaubertek dokumentazio neurrigabea erabiltzen zuen, gero aipatuko den bezala. Era hartara, Flaubertek ez zuen irakurlea bere ikuspuntura nahitaez erorarazi nahi; aitzitik, bizitzan berez, eta ez egilearen eraginez, bizirik dauden gauzen irudipena sortu nahi zuen idazkeraren baitan. Arestian aipatu den bezala, dokumentazioaren grina horrek, gertaerak gertatu bezala zintzo eta leial kontatzeko premiak, ia historialarien pare jartzen zuen Flaubert.
Hala, adibidez, Madame Bovary benetako gertaera batean oinarritua zegoen. Gustave Flaubertek bost urte behar izan zituen Madame Bovary nobela idazteko, 1851ko irailaren 19an hasi eta 1856ko apirilean amaitu zuen arte.[4] Salammbo idazteko, Tunisiara joan zen, eta dokumentatzeko, ezin konta ahala idazleren liburuak irakurri zituen: Biblia, Polibio, Apiano, Kornelio Nepote, Plinio, Plutarko, Estrabon, Tito Livio, San Agustin... L'Education sentimentale idazteko, beste xehetasun askoren artean, Flaubert Paris-Fontainebleau bidea egiten zuten dilijentzien ordutegiak eta prezioak zeintzuk ziren jakiteaz kezkatu zen, eta baita ere 1874an Kafe Ingelesean zer menu ematen zuten; zeramika nola egiten zuten zehatz-mehatz aztertu zuen eta 1848ko gertaerei buruzko informazio guztia irakurri zuen. Baina dokumentaziorako grina neurrigabe horrek bere azken liburuan, Bouvard et Pecuchet, iritsi zuen goia. Adituek diotenez, liburu hori idazteko Flaubertek 1.500 bat liburu eta dokumentu irakurri zituen eta, hala, liburu horretan aipatzen diren gai asko eta era askotakoak Flaubertek zehatz-mehatz aipatu ahal izan zituen, nahiz ez zen espezialista horietako ezeinetan: landare hazkuntza, janari kontserbak, gimnasia, frenologia, arkeologia zelta, mnemoteknika historiako estudioetarako, gauza zaharren bilduma, edari bizien destilazioa...
Estiloaren grina
Egiantzekotasunaz kontatzeko asmo hura bere garaiko beste idazle askorena ere izan bazen, hizkuntzaz zuen ustea eta erabilera ordea oso ezaugarri berezia eta bereberea dira Flauberten obran. Kezka hori bere liburuetan argi eta garbi antzemateaz gainera, Flaubertek berak behin eta berriz errepikatu zuen bere adiskideei idatzi zien gutunetan. 1852an, Madame Bovary idazten ari zela, Flaubertek bere adiskide Louise Coleti idatzi zion gutun baten pasarte bat aldatuko dugu hona, oso ondo adierazten baitu Flaubertek estetikaz eta estiloaz zuen iritzi berezia: "Niri ederra iruditzen zaidana, niri benetan egitea gustatuko litzaidakeena, ezeri buruz ez litzatekeen liburu bat da, kanpoaldearekin harremanik izango ez lukeen liburu bat alegia, estiloaren barne indarrak eutsiko liokeen liburu bat, lurra airean inongo euskarririk gabe eutsirik dagoen bezala, ia argumenturik ez lukeen liburu bat, edo, gutxienez, argumentua ia ezin ikusizkoa izango lukeena, horrelako zerbait posible balitz. Materia gutxien duten obrak dira ederrenak (...). Artearen etorkizuna bide horretatik doa, nire ustez".
Flaubertentzat estiloa lantzeak objektibotasunaz bermatzen zuen, horrela besterik ezin baitzitekeen itzuri, haren ustean, egilearen ikuspuntuak eta iritziak testuragehiegi isurtzetik. Literatura lana arreta ezin handiagoz eratzeko eta antolatzeko ahalegin ia maniakoak eta hizkuntza ezin bikainago bere alderdi eta xehetasun guztietan menderatzeak baizik ez zezakeen ekarri nobelaren elementu narraziozkoek eta elementu deskripziozkoek gauzek eta gertaerek herez eta literaturan baliatu aurretik duten tankera objektibo berbera izatea. Harentzat, beraz, idazleak ezinbestekoa du edozein literatura motan efektuak sortzeko oinarri-oinarrian behar den hori: literatura estiloa. Alegia, hizkuntzaren kategoriak erabiltzen jakitea, eta, kasu bakoitzari zer teknika dagokion asmatzen jakitea.
Flaubertek ez zuen bere narrazioetan esku hartzen, ezpada estilo zuzendari gisa. Gertaerak eta egintzak berez gertatzen eta egiten zirelako sentipena sortu nahi zuen Flaubertek, kanpoko inoren -egilearenesku hartze mugatzailerik gabe. Beraz, estiloaren nagusitasuna erabatekoa da Flaubertengan, eta hartara makurtuta daude gainontzeko kontu guztiak. Hori aintzat harturik baizik ezin da ulertu Flauberten nobeletako argumentuak eta pertsonaiak arruntak izatea, garrantzitsuena ez baita zer kontatzen den, nola kontatzen den baizik, eta, hala, zenbat eta ahulagoa izan argumentua, orduan eta gehiago nagusitzen da estiloaren indarra.
Literaturari garrantzi ezin handiagoa ematean Flaubert erromantizismoari hurbiltzen bazitzaion ere, idazkeraren beste alderdi batzuetan Flaubertek ihes egiten zion erromantizismoari. Izan ere, Flaubertek oso miresten zuen Frantziako tradizio klasiko eta ilustratua eta frantses idazle klasiko batzuk -Madame de La Fayette, Choderlos de Laclos, l'Abbe Prevost, Voltaire-, eta gehiago egiten zion men haien itzalari, erromantizismoak, haren ustean, zituen gehiegikeria batzuei baino.
Ergelkeriaren kontra
Flauberten obran Madame Bovary literaturaren duintasunaren eta giza izatearen arrunkeriaren arteko aldearen ispilu ezin hobea baldin bada, Bouvard et Pecuchet da giza izatearen, Flauberten arabera, ergelkeria ezin itzurizkoaren ispilu. Madame Bovaryn Flaubertek estiloaren gailurra iritsi bazuen, Bouvard et Pecucheten Flaubertek literatura, historia, filosofia eta, oro har, jakintza maila guztien bilduma moduko bat ondu zuen, garai hartan indarrean zegoen burges klaseak bere gain hartua zuen aurrerabidearen bideari iseka egiteko.
Bi bulegariren historia kontatzen duen nobela horretan Flaubertek bere testamentu ideologikoa adierazi zuen, frantses gizartearen antolamenduari buruzko bere ideiak, alegia. Eta auzitan jarri zituen, bereziki, bere garaiko gizonak estatuaren eta burokraziaren makina erraldoiaren aurrean zuen ezina, eta burgesiak sortua zuen kulturazko mitologia bera, Flaubertek bere bizitza osoan hartua baitzuen begitan burgesia. Nobela horretako bi pertsonaien ibileren bidez, Flaubertek zorrotz aztertu zuen gizarte klase hura, eta kritikarik konplexuena, erabatekoena eta basatiena egin zion burgesiaren ergelkeriari, eta haren uste, topiko eta lilura axalekoei.
Gizarte burgesaren ergelkeriari burla egite hartan, Flaubertek historiaz zuen ustea adierazten zuen: historia fikzio ideologiko bat zen harentzat, faltsua hizkeraz eta baldarra estiloz. Hala, Flaubertek benetako literatura eginez erantzun bide nahi izan zion historiaren fikzio hari, eta bere obraren benetakotasun hori ez da ulertu behar estiloaren duintasunaren aldetik bakarrik, orobat ulertu behar da hori historiaren benetako aurpegiaren alderdi guztiak agerian jarri eta haren erantzuleen aurpegira botatzeko ahalegin gogoetatu eta gupidagabe gisa.
Idazlanak
- Madame Bovary (1857)
- Salammbô (1862)
- L'Éducation sentimentale (1869)
- La Tentation de Saint Antoine (1874)
- Trois contes (1877). Bertan biltzen dira Un coeur simple, La Légende de Saint Julien l’Hospitalier eta Hérodias.
- Bouvard et Pécuchet (1881), hilondokoa
Euskaratuak
- Madame Bovary (Madame Bovary). Ibaizabal argitaletxea (1993), 2012an berargitaratua. Itzultzailea: Patxi Apalategi.
- Bihotz sinplea (Un coeur simple). Erein, 1996. Itzultzailea: Patxi Apalategi.
- Bihotz apala (Un coeur simple). Kriselu, 1988. Itzultzailea: Karlos Santisteban.
- Maitasunaren ikasten (L'Éducation sentimentale). Maiatz, 2006. Itzultzailea: Jean Baptiste Orpustan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/06/19 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Frantsesez) Larousse, Éditions. «Encyclopédie Larousse en ligne - Gustave Flaubert» www.larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2018-10-05).
- «Flaubert, Gustave - Euskara - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-05).
- (Frantsesez) «Gustave Flaubert - biographie - Chronologie générale» flaubert.univ-rouen.fr (Noiz kontsultatua: 2018-10-05).
- «Literatur Emailuak » Madame Bovary nobelak 150 urte» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-05).
Bibliografia
- Alphonse Jacobs (éd.), Gustave Flaubert - George Sand, correspondance, Paris, Flammarion, 1981, 601 p., présentation en ligne [archive].
- (Ingelesez) Gustave Flaubert, Francis Steegmuller (éd.), Intimate Notebook 1840-1841, Garden City (New York), Doubleday & Co., 1967.
- (Ingelesez) Gustave Flaubert, Francis Steegmuller (éd.), Flaubert in Egypt: A Sensibility on Tour Boston (Massachusetts), Little, Brown & Co., 1972.
- (Ingelesez) Gustave Flaubert, Francis Steegmuller (éd.), The Letters of Gustave Flaubert 1830-1857, Cambridge (Massachusetts), Harvard University Press, 1980.
- (Ingelesez) Gustave Flaubert, Francis Steegmuller (éd.), The Letters of Gustave Flaubert, 1857-1880, Cambridge (Massachusetts), Harvard University Press, 1982.
- (Ingelesez) Gustave Flaubert, George Sand, Francis Steegmuller (éd.), Flaubert-Sand : The Correspondence, traduite par Barbara Bray, Londres, Harvill, 1993.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Gustave Flaubert |
- Euskarari ekarriak: Gustave Flaubert Ekarriak.armiarma.eus
- (Frantsesez) Centre Flaubert Univ-rouen.fr
- Wikisourcenn Flauberten jatorrizko testuak.