Flatiron Building
Flatiron Building, eraiki zenean Fuller Building, New Yorkeko Manhattanen dagoen etxe orratz bat da. Hiruki forma du, 22 solairu[1] eta 86,9 metroko altuera. Eraikinaren egitura altzairuzkoa da. Bosgarren Etorbidean dago, 175. zenbakian, eta bere barrutiari izena ematen dio, Flatiron District. Daniel Burnhamek eta Frederick Dinkelbergek diseinatu zuten, eta 1902an amaitu zutenean hiriko eraikinik altuenetako bat izan zen[2]. 14. kalearen iparraldean zegoen bi etxe orratzetako bat zen, kale bat ekialderago dago Metropolitan Life Insurance Company Towerrekin batera. Eraikina Bosgarren Etorbideak, Broadwayk eta East 22. Kaleak sortzen duten hiruko formako bloke batean dago. Eraikinak antzinako arropa-lisagailu baten itxura dauka, eta hortik datorkio "Flatiron" izena.
Flatiron Building | |
---|---|
AEBko Leku Historikoa | |
Flatiron eraikinaren ikuspegirik ezagunena, ertza erakusten duena, alegia Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | New York |
Ameriketako Estatu Batuetako hiri | New York |
Borough | Manhattan |
Koordenatuak | 40°44′28″N 73°59′23″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1902 |
Inaugurazioa | 1902 |
Erabilera | Bulegoa |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Daniel Burnham |
Estiloa | Renaissance Revival architecture (en) |
Dimentsioak | 91 () m |
Solairuak | 22 |
Ondarea | |
AEBko Leku Historikoa | 79001603 |
Eraikina etxe-orratzik paradigmatikoenetako bat da, "New Yorkeko ikur nabarmena"[3]. Hegoaldean Madison Squareren amaiera ezartzen du eta iparraldean Ladies' Mile Barruti Historikoa. 1966an New Yorkeko eraikin historiko izendatu zuten, 1979an AEBko leku historikoen erregistroan sartu zen eta 1989an National Historic Landmark erregistroan sartu zen.
Arkitektura
Beaux-Arts estiloko eraikin hau Chicagoko Daniel Burnham-ek diseinatu zuen. Estilo klasikoko zutabe greko baten antzera, eraikinaren fatxada, kareharri-koloreko terrakota arkitektonikozkoa, hiru zati horizontaletan banatuta dago.
Altzairuzko eskeleto bat duten lehenbiziko eraikinetakoa zenez gero, 87 metroko altuerara iristeraino jaso ahal izan zen; garai hartako bestelako eraikuntza-metodoak erabiliz, nekez lortu ahal izango zen altuera hori.
Eraikinak daukan izkina biribilduan, eraikinaren zabalera soil-soilik 2 metrokoa da. Hogeita bi solairu dauzka, eta, nahiz eta sarritan Manhattanen zutik dirauen etxe orratzik zaharrena dela esaten den, egiazki Park Row Building (1899) zaharragoa da, bai eta altuagoa ere.
New Yorkeko Flatiron Building ez da tankera honetako lehenbiziko eraikina. Arropa-lisagailu baten forma duen hirugarren eraikina da (lehenbizikoa Torontoko Gooderham Building da, 1892an eraikia, eta bigarrena, Atlantan 1897an eraikitako beste bat). Baina bi eraikin horiek txikiagoak dira New Yorkeko Flatiron Building baino.
Eraikinak izandako oihartzuna
Eraikina egin zutenean, bere izen ofiziala "Fuller Building" izan zen, George A. Fuller-en omenez, eraikina finantzatu zuen konpainiaren fundatzailea, eraikina egin baino bi urte lehenago hil zena. Esan bezala, eraikina "Flatiron Building" gisa ezagun egin zen, hain zuzen, eraiki zeneko orubearen formak baldintzaturik arropa-lisagailu ("flat iron") baten antza zeukalako.
Eraikina berehala oso ezagun egin zen New Yorkeko biztanleen artean. Apustuak egin ohi zituzten, eraikinaren hondakinak noraino eroriko, haize-bolada batek jo eta lurreraino botatzen zuenean. Kontua da, dena den, gaur egun oraindik ere zutik dirauela.
XX. mendearen hasieran, eraikin honen inguruan haize-korronte bortitz samarrak sortzen ziren, gune honetan zenbait kale gurutzatzeak "haize-tunel" efektua eragiten zuelako. Horrela, ba, haizeak emakumeei garai hartako gona luzeak altxatzen zizkien, orkatilak agerian utziz, eta gizon ugari biltzen omen zen inguru hauetan, horrelako ikuskizuna ez galtzeko.
Flatiron Building gaur egun
1989an National Historic Landmark izendatu zuten (eraikin, toki, egitura, objektu edo distritu bati Estatu Batuetako Gobernuak ematen dion izendapena, duen balio historikoa aintzat harturik). Baina ez da ahaztu behar bulego-erabilerari eusten diola gaur egun ere. Laster zenbait argitaletxeren egoitza nagusia izango da.
Spiderman-en filmetan Daily Bugle egunkariak bere bulegoak zeuzkan eraikina balitz bezala agertzen zen. Telebistako iragarkietan eta dokumentaletan ere maiz ikusten da, New Yorkeko ikur bereizgarri gisa.
Erreferentziak
- Guide to New York City landmarks. (4th ed. argitaraldia) John Wiley & Sons, Inc 2009 ISBN 978-0-470-28963-1. PMC 226308081. (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
- Alexiou, Alice Sparberg. (2010). The Flatiron : the New York landmark and the incomparable city that arose with it. (1st ed. argitaraldia) Thomas Dunne Books ISBN 978-0-312-38468-5. PMC 465867368. (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
- (Ingelesez) Treasures of New York: The Flatiron Building | Treasures of New York. (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
Ikus, gainera
- Aznar eraikina, Bilbo
- Ameriketako Estatu Batuetako eraikinik garaienen zerrenda