Flamen
Antzinako Erromako erlijioan, flamena (pluralez flamines) kultu ofizialak zituen 15 jainkoetatik baten gurtzaren arduradun zen apaiza zen. Haien izena, ustez aldareko su sakratua pizteko egindako putzadatik (flatus) dator. Garrantzitsuenak flamines maiores deritzotenak dira ( latinez, apaiz nagusiak), Erromako jainkorik garrantzitsuenak ( Hirukote Arkaikoa) gurtzen zituztenak. Beste hamabiak flamines minores izenekoak ( behe mailako apaizak) ziren. Minoresetako bik, gaur egun ezezagun zaizkigun bi jainko gurtzen zituzten, eta beste minoreek gaur egun, izena ezagun, baina haren ezaugarriak ezezagun zaizkigun jainkoak gurtzen zituzten. Inperio Garaian, beste flamen bat gehitu zen kolegiora. Flamen honek jainkotutako enperadorea (divus) gurtzen zuen. Flamineak, Pontifizeekin batera, Erromako apaizik garrantzitsuenak ziren.
Errepublika garaiko 15 flamineak Pontifizeen Kolegioko (latinez: Collegium Pontificium) kide ziren, zeinak estatu-erlijioa kudeatzen zuen. Flamen postua hutsik zegoenean, pontifex batek hartzen zuen bere tokia beste hautagai bat aurkeztu bitartean, hala ere, Flamen Dialisa Pontifex Maximusak baino ezin zuen ordezkatu.
Flamenaren janzkera ofiziala, antzinate handikoa, apex izeneko txano bat zen, eta artiledun kapa astun bat, laena deitzen zena. Laena artilezko kapa lodia zen, eta togaren gainetik jantzi ohi zuten flamineek, lepoan lotzen zutelarik. Apex-a larruzko txanoa zen, kokotserako babesa zuena, eta olibondo adar bat zuena puntan, artile puskatxo bat zuelarik honek zintzilik.
Historia eta etimologia
Augustoren erreforma erlijiosoaren garaian, Erromako hirian gurtzen ziren jainko askoren jatorria eta funtzioak erromatarrentzat ere ezezagun bihurtuak ziren. Flamen bat egotzita zuten hainbat jainkok ( hala nola, Falacer, Palatua, Quirinus eta Volturnus) flaminetzaren sorrera garaia oso antzinakoa zela erakusten dute, jainko hauek ezezagunak baitziren jada erromatarrentzat. Hainbat ikerlarik flamineak Erromatar Monarkiaren garaian sortu zirela uste dute, Errepublika baino arinago. Erromatarrek berauek, flamineen sorrera Numa Pompiliori egozten diote. Livioren aburuz, Numa Pompiliok flamineak sortu zituen, gurtzeko jainkoa eman, eta horrez gain, jantzi tradizionala eta aulki kurul bat eskaini zien. Augusto eta gero, flamena Estatuaren zerbitzari bihurtu zen, Enperadorearen omenezko sakrifizioak egiten zituena. Flaminotza Jainkoen gurtzarako instituziotik, enperadorearen gurtza bihurtu zen. Flamen bihurtzeko 3000 denario ordaindu beharra zegoen, errepideak, zubiak, estatuak...etab. eraikitzeko erabiltzen zena.
Flamen hitzaren jatorria, hauek gurtutako jainko batzuena bezain ezezaguna da. Georges Dumézil Indo-Europeistak hitz hau sanskritoko brahman hitzarekin lotzeko ahaleginak egin zituen, baina alferrik. Sophus Buggek, 1879an *flădmen izeneko Germaniar hitzetik datorrela proposatu zuen. Haien izena, ustez aldareko su sakratua pizteko egindako putzadatik (flatus) dator.
Flamines maiores
Flamines maioresak hiru ziren, eta hiruak patriziarrak:
- Flamen Dialisa Jupiterren ( zeruaren jainko, eta jainkoen errege) gurtzaren arduraduna zen.
- Flamen Martialisa Marteren ( Gerraren jainkoaren)gurtzaren arduraduna zen. Marteri egokitutrako egunetan, erritu publikoak egiten zituen, eta legioak gerrara abiatzen zirenean, Marteren lantza sakratuak astintzen zituen zeremonialki.
- Flamen Quirinalisa Quirinus-en ( Erromako giza harremanen erantzule, Marteren alde bakezalea) gurtzaren arduraduna zen. Quirinusi egokitutako egunetan erritu publikoak egiten zituen.
Laugarren flamen maior bat sortu zen Julio Zesarren omenez, erromatar estatuko jainko (divus), izendatu zutenean. Hortik aurrera, hildako edozein enperadore divus bihur zitekeen Senatuaren bozka eta haren ondorengoaren onarpena zirela medio. Behin divus bihurtuta, flamen batek gurtuko zuen.
Flamen maiorisak confarreatio izeneko zeremonia bidez ezkondu behar ziren, zeinean ezkongaiek panis farreus (espeltazko ogia) jan beharra zuten ezkontza momentuan. Flamen bat proflamen batek ordezka zezakeen, edota titulu hori ez zuen baina ordezkari papera (qui vice flaminis fungebatur) bete zezakeen batek ( adibidez pontifex batek).
Flamines minores
Flamines minoresak plebeiarrak izan zitezkeen eta honakoak ziren:
- Flamen Carmentalis, Carmentis-en flamena
- Flamen Cerialis, Ceres-en flamena
- Flamen Falacer, Falacer-en flamena
- Flamen Floralis, Flora-ren flamena
- Flamen Furrinalis, Furrina-ren flamena
- Flamen Palatualis, Palatua-ren flamena
- Flamen Pomonalis, Pomona-ren flamena
- Flamen Portunalis, Portunes-en flamena
- Flamen Volcanalis, Vulcano-ren flamena
- Flamen Volturnalis, Volturnus-en flamena
Errepublika garaian beste bi flamen minor ere bazeuden, baina haien izenak ezezagun zaizkigu. Flamines minorisak nekazaritza eta tokiko errituekin lotzen dira, hori izan daiteke haien garrantzia galtzearen arrazoia, Erroma hiritartu egin zelako, antzinako nekazaritza eta herrixka bizimodua galduz.
Floralis eta Pomonalis ez dira egutegietan ageri, haien ospakizunak maiz aldatzen baitziren egunez. Flamen Portunalisak Quirinus eta Vulcano jainkoekin lotura zuen erritua egiten zuela maiatzeko kalendetan.
Flamines maiores eta minores-en artean bazeuden desberdintasun batzuk: auspicia maiora eta inaugurazioak maioreek baino ezin zituzten egin. Maioreek, horrez gain, calatoresak zituzten, eguneroko lana aurrera eramaten laguntzen zieten laguntzaileak. Esan daiteke beraz, haien arteko desberdintasuna imperiumdun eta potestasdun magistratuen artekoaren antzerakoa zela.
Flamenaren funtzioak, eta haiei lotutako sineskeriak
Flamineak gurtzen zuten jainkoaren estatua bizitzat hartzen ziren, eta beraz, haien purutasuna mantentzeko hainbat ekintza egin behar zituzten. Ezin zitezkeen pomeriumetik (Erromako gune harresitu eta sakratua) irten. Horrez gain, ezin zituzten hildakoak ikutu, ezin ziren hiletetara joan, hildakoen munduarekin lotzen ziren animaliekin ( zaldiak, txakurrak eta oreinak, besteak beste) ezin zuten kontakturik eduki, ezin zituzten jaki gordinak jan, ezta habak jan, hauek izpiritu gaiztoak uxatzeko erabiltzen baitziren. Gainera, ezin ziren haien jainkoaren tenplua zegoen hiritik kanpo egun bat baino gehiago egon eta atsedenaldi garaietan ezin ziren ohetik irten ( hori gogoratzeko hankak lokatzez margotzen zituzten).
Flamena sakratua zen, eta inork ezin zezakeen ikutu, ezta epaitu. Ez zuen eraztunik janzten, eta haren arropak ez zuen korapilorik. Korapiloaren kontua oso garrantzitsua zen: flamenak ezin zezakeen korapilorik ikusi ezta ikutu; izatez, bere etxean preso bat sartzen baldin bazen, lotua zegoena, askatzeko beharra zegoen.
Flamenen pribilejioak
Ez zuten lanik egiten, ez zuten gerrara joan beharrik eta ezin zuten kargu publikorik hartu. Haren eguneroko higienea aurrera eramatean, brontzezko tresnak erabili behar zituen, brontzea baitzen metal sakratua. Haren moztutako ilea eta azazkalak arbor felix-aren ( jainkoek babestutako zuhaitza) azpian lurperatu behar ziren.
Haien emazteak, Flaminicaeak, gizonaren errestrikzio berak zituzten eta belo batek estalita joan behar zuten. Laena josteko ardura zuen, eta Erromatar emakumearen eredua zen: jostuna, univira (gizon bakarrekoa), unicuba (ohe bakarrekoa) eta garbia.
Hispania
Hispaniako probintzian existitzen ziren. Astigen, Italican eta Segobrigan aurkitu dira haien arrastoak. Hiritarrak izan behar ziren, eta tokiko familia garrantzitsuenak izan ohi ziren. Equites-en taldekoa izan ohi zen.
Bibliografia
- Maurus Servius Honoratus, Commentary on the Aeneid of Vergil
- Servius Commentary on the Aeneid of Vergil
- Livio, Ab urbe condita, 1:20
- Hellquist, Elof. "blota". Svensk etymologisk ordbok, 1922.
- A Dictionary of Greek and Roman Antiquities (1890) (eds. William Smith, LLD, William Wayte, G. E. Marindin).
- Kurt Latte, Roemische Religionsgeschichte 1960, pp. 36-37
- G. Dumezil La religion romaine archaique Paris, 1974, Consideratons preliminaires, XI
- Jörg Rüpke, Die Religion der Römer
- Montenegro, A. et al. Historia de España 3. España Romana. Madrid: Editorial Gredos, 1986.
- Etienne, R. Le culte imperial.
- Ellul, J. Historia de las instituciones de la antigüedad. Madrid: Akal, 1970.
- Guillén, J. Urbs Roma: vida y cstumbres de los romanos. Salamanca: Sígueme, 1980.