Filtroko sarraskia
Filtroko sarraskia 1994ko abuztuaren 24an gertatu zen Filtron (Uruguai), gose greba egiten ari ziren hiru euskal errefuxiaturi babesa azaltzen ari ziren hainbat lagun, Filtroko ospitalearen atarian. Polizia oldartu zitzaien, eta tiroz hil zituen Fernando Morroni eta Roberto Facal[1].
Filtroko sarraskia | |
---|---|
Mota | Istilu |
Data | 1994ko abuztuaren 24a |
Kokaleku | Hospital Filtro (en) |
Herrialdea | Uruguai |
Testuingurua
Uruguaiko diktadura garaira egon zen, 1973-1987 bitartean. Herritar ugarik ihes egin behar izan zuen Uruguaitik. Hamaika herritan hartu zituzten asiloa emanez. Hiru euskal herritarrek ere ihes egin behar izan zutenez beraien asilo eskubidea aldarrikatu zuten Filtroko inguruetan bertako jendeak.
Gertaerak
1992an Espainiako Gobernuak Uruguain bizi ziren hainbat euskal herritarren estradizioa eskatu zion Uruguaiko gobernuari. La Trainera jatetxean hasi zen polizia operazioan 30tik gora euskal herritar atxilotu zituzten (tartean adin txikiko gaztetxoak). Haietako 10entzat estradizio eskaera luzatu zuen Espainiako Gobernuak[2].
Bi urteko prozeduraren ondoren Manueltxo Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralderen estradizioa onartu zuten Uruguaiko epaitegiek. Hiru iheslari politikoak gose greban jarri ziren 1994ko abuztuan estradizioa gauzatzear zela. Azken egunetan, gose grebalariak Poliziaren egoitza nagusitik Filtroko ospitalera eraman zituztenetik, gau eta egun egon zen jendea ospitalaren kanpoaldean protesta baketsuan. CX36 eta CX44 irratietatik etengabe ari ziren jendea parte hartzera deitzen. PIT-CNT federazio sindikalak ere grebarako deia egin zuen.
Milaka lagun bildu ziren 1994ko abuztuaren 24an, 20 milatik gora, Filtroko inguruetan. Baina euskal iheslari politikoak Espainiaratuko zituen hegazkina Carrasco aireportuan zegoen eta nola edo hala hango jendetza guztia sakabanatzeko asmoa zuen Uruguaiko Gobernuak. Arratsalde partean hasi zen Poliziaren erasoa, zaldi gaineko poliziek jendea sakabanatu zuten, baina beraien ihesean Poliziarekin topo egin zuen jendeak. Hau da, segada bat prestatu zuen Poliziak.
Jendea ez atzera ez aurrera zegoela, Polizia tiroka hasi zen. Fernando Morronik bi tiro jaso zituen eta bertan zerraldo geratu zen. Beste hainbat pertsona ere balaz zauritu zituzten. Bitartean euskal iheslari politikoak aireportura eraman zituzten. Ospitaleko langileek Uruguaiko ereserkiaz agurtu zituzten hiru euskal herritarrak. Gau osoan zehar iraun zuten Poliziaren kargek. Gau horretan erail zuten Roberto Facal. 21 labankada eman ondoren bere etxe barruan utzi zuten.
Erreferentziak
- «Filtroko sarraskia 18 urteren ostean» Berria, 2012-08-25
- Igor Artieda, Ander Goikoetxea, Jon Bastarrika, «Filtroko sarraskitik 14 urtetara», Berria, 2008-08-24