Filistiar
Filistiar[1] (hebreeraz: פְּלִשְׁתִּים, pəlištīm, arabieraz: فلستيون, Filīstiun, Elizen Arteko Biblian euskaraz filistearrak[2]). K.a. XII. mendean orduko Kanaan hegoaldeko kostaldean finkatu eta K.a. 604an desagertu zen herri txiki indoeuropar bat zen. Beste Itsasoko Herriekin batera parte hartu zuten, Mediterraneo ekialdean gertatu zen Brontze Amaierako kolapsoan, garaiko estatuei eraso eginez, egungo Palestina aldean finkatu ziren arte[3]. Kultura aurreratua zuten, nekazaritzan, metalgintzan, arteetan eta gerran, batez ere. Itun Zaharrean, israeldarren etsai gisa agertzen dira.
Mota | talde etniko historiko |
---|---|
Hizkuntza | filistearrera |
Erlijioa | feniziar mitologia |
Hedapen mapa | |
Philistia izenetik dator Palestina. Kanaango lurraldea “Palestina” bihurtuko zen erromatarrentzat Bar Kokhbaren matxinadaren ondoren (K.o. 132-136), Hadriano enperadore erromatarra agintean zela (K.o. 117-138).
Historia
Euren jatorria zalantzazkoa da, baliteke Kretatik etortzea, baina beste ikerlari batzuentzat, Anatoliatik atera bide ziren, Itsaso Beltzaren inguruko lurraldeetatik[3]. DNA azterketek europar jatorriaren teoria indartu dute[4].
Egiptoarren arabera, Itsasoko Herrietako bat osatzen zuten, peleset izena ematen zietan eta egungo Tel Avivetik Gazara bitarteko kostaldea hartzen zuten K.a. 1190. urte aldera, israeldarrak Palestina aldera iritsi ziren garai bertsuan. Filistia izeneko pentarkia edo pentapolis[oh 1] bat antolatuta zeuden (Gaza, Axdod, Axkelen, Gath eta Ekron).
Testamendu Zaharrena, beren lurraldea ondaretzat Judak jaso bazuen ere, Josuek egin zuen konkistan ez zituen garaitu ahal izan filistiarrak. Sanson, Eli, Samuel eta Saulen garaietan (Saul beraien kontrako gerran hil zen), sarri eraso zuten Israel. Davidek, bere aldetik, askotan garaitu zituen eta beraien aginpideak gainbehera egin zuen.
K.a. I. mendearen lehen erdian, asiriarren eta egiptoarren erasoen ondorioz guztiz galdu ziren arte.
Desagertzea
Filisteoak gainbeheran hasi ziren Kanaango zonak Inperio Neoasirioak inbaditu zituenean K.a. 722. urtean. Sargon II.a erregeak (K.a. 722-705) Philistia inbaditu zuenean, Egiptok asiriarren aurkako matxinadak sustatu eta finantzatu zituen. Hurrengo hamar urteetan, Sargonen semeak, Sennacheribek (K.a. erreg. 705-681), matxinada guztiak gainditu eta hiriak suntsitu zituen. Jerusalem mantendu egin zen, baina gero babiloniarrek suntsitu zuten K.a. 587. urtean. Garai artako da filistearrak aipatzen diren azken berria[3].
Indusketa arkeologikoen datuak
Arkeologoek Israelgo filistiarrekin lotutako hiri asko induskatu dituzte, baita iparralderago dauden Jezreel bailarako leku batzuk ere. Indusketa horiek areto zabalak azalatu dituzte, Egear/Mizenikoen megaroien motako aretoen antzekoak, hau da, beheko su eta tronuen erdigunean duen gela handi bat. Zeramika filistear goiztiarra Egear/Mizenikoen zeramikaren antzekoa da, marroi eta beltzez apaindua. Euren nekropoliek ere egear kulturen hileta ohituren antzekoak dira. Ezer gutxi dakigu euren hizkuntzaz, baina zeramika pusketa batzuetan agertu diren inskripzioek semita hizkuntza ez den beste lengoaia batean idatzita daude, eta idazkun horien artetik izen eta hitz batzuk indoeuropar familiarekin lotu dira.
Hiri-plangintzaren eta oliba- eta ardo-industriaren berri eman zuten indusketek. Berrehun instalazio olibondo aurkitu dira, baita garagardotegiak, upeltegiak eta garagardotegiak banatzeko dendak ere. Filistearrak adituak ziren metalurgian (urrea, brontzea eta burdina erabiliz) eta arma-ekoizpenean. Israeldarrek ere erabili zituzten filistearren burdinazko tresnak eta armak.
Oro har, euren kultura azkar nahastu zen bertako eta inguruko kulturekin eta urtu. Filistearren idazkunik luzeena, Ekrongo erregearen inskripzioa da, tenplu baten eraikuntzagatik idatzia, VII. mendekoa eta fenizieraren antza duen Kanaandar hizkuntza batean idatzita.
Erlijioa
Filistearren jainko eta jainkosen artean Baal, Astarte, Asherah eta Dagon zeuden. Jainko horien izenak eta ezaugarriak kanaandarren erlijioaren osagaiak dira. Material arkeologikoaren bidez, aulkietan eserita dauden jainkosaren irudi komunak aurkitu dira. Irudi horiek, berriz ere, egearren ohiko jainkosaren gurtza da.
Ikus, gainera
Oharrak
- Pentarkia bat, bost buruz, kasu honetan, bost hiriz osatutako aginte bat da. Pentapoli bat bost polis (hiri) osatzen duten komunitatea da.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-11-29 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
- «filistear - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-10-20).
- (Ingelesez) Denova, Rebecca. «Philistines» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
- (Ingelesez) Gibbons, Ann. (2019-07-05). «DNA reveals European roots of the ancient Philistines» Science 365 (6448): 17–17. doi: . ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
Kanpo estekak
- Rubio, Gonzalo (2005): Philistine Religion. Encyclopedia of Religion.