Fidel Castro
Fidel Alejandro Castro Ruz (Birán, Kuba, 1926ko abuztuaren 13a - Habana, Kuba, 2016ko azaroaren 25a) Kubako agintari gorena izan zen 1959ko urtarrilaren 1etik, Kubako iraultzako buruzagi baitzen Fulgencio Batista diktadorea agintetik bota zuenean, 2008ko otsailaren 24a arte. 1961ean, gobernu iraultzaileak bere burua marxismoaren jarraitzaile moduan definitu zuen eta Amerika osoko lehen gobernu sozialista sortu. 1976 urtera arte lehen ministro kargua izan zuen; urte hartako konstituzio berriarekin, Estatuko Kontseiluaren eta Ministro Kontseiluaren lehendakari izendatu zuten. 1965ean Kubako Alderdi Komunistasortu zenetik, lehen idazkari kargua du.
Fidel Castro | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
2006ko irailaren 16a - 2008ko otsailaren 24a ← Abdullah Ahmad Badawi (en) - Raúl Castro →
1979ko irailaren 10a - 1983ko martxoaren 6a ← Junius Richard Jayawardene - Neelam Sanjiva Reddy (en) →
1976ko abenduaren 2a - 2008ko otsailaren 24a ← Osvaldo Dorticós - Raúl Castro →
1961eko ekainaren 24a - 2011ko apirilaren 19a ← Blas Roca Calderio (en) - Raúl Castro →
1959ko otsailaren 16a - 2008ko otsailaren 24a ← José Miró Cardona (en) - Raúl Castro → | |||||||||||
Bizitza | |||||||||||
Jaiotzako izen-deiturak | Fidel Alejandro Castro Ruz | ||||||||||
Jaiotza | Birán (en) , 1926ko abuztuaren 13a | ||||||||||
Herrialdea | Kuba | ||||||||||
Bizilekua | Santiago | ||||||||||
Talde etnikoa | galiziarra | ||||||||||
Lehen hizkuntza | gaztelania | ||||||||||
Heriotza | Habana, 2016ko azaroaren 25a (90 urte) | ||||||||||
Hobiratze lekua | Santa Ifigenia Cemetery (en) | ||||||||||
Familia | |||||||||||
Aita | Ángel Castro y Arguíz | ||||||||||
Ama | Lina Ruz González | ||||||||||
Ezkontidea(k) | Mirta Díaz-Balart (1948ko urriaren 11 - 1955) Dalia Soto del Valle (en) (1980 - 2016) | ||||||||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||||||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||||||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||
Heziketa | Habanako Unibertsitatea (1945 - 1950eko iraila) doktore : zuzenbide Belen Jesuit Preparatory School (en) (1945 - 1945) | ||||||||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||||||||
Jarduerak | |||||||||||
Jarduerak | politikaria, abokatua, partisanoa, kazetaria, iraultzailea eta estatu-politikaria | ||||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||||
Kidetza | Party of the Cuban People – Orthodox (en) Uztailaren 26ko Mugimendua | ||||||||||
Zerbitzu militarra | |||||||||||
Gradua | komandante | ||||||||||
Parte hartutako gatazkak | Kubako Iraultza Kubako misilen krisia | ||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||
Erlijioa | agnostizismoa | ||||||||||
Alderdi politikoa | Kubako Alderdi Komunista Party of the Cuban People – Orthodox (en) Uztailaren 26ko Mugimendua Integrated Revolutionary Organizations (en) United Party of the Cuban Socialist Revolution (en) | ||||||||||
| |||||||||||
Pertsonaia berezia da Fidel Castro, erabateko atxikimenduak edota gaitzespen indartsuak sortzen dituena. Haren jarraitzaileek desberdintasun sozialak desagerrarazteko bultzatu dituen garapen programak goraipatzen dizkiote: Kubako gobernuak osasun, kirol eta hezkuntzaren onurak jendarte osora hedatzeko ahaleginak egin ditu, oztopo guztien gainetik, eta Estatu Batuak buruzagi duen nazioarteko politika ereduaren aurrean beste muturrean mantendu da beti. Haren etsaiek komunismo sobietarraren erako alderdi bakarreko sistema kritikatzen dute, bai eta giza eskubideak urratzea ere.
2006ko abuztuaren 1etik, osasun arazoak zirela eta, bere betebeharrak Raúl Castro anaiaren esku utzi zituen eta 2008ko otsailaren 18an presidente izateari uko egin ziola jakinarazi zuen. Otsailaren 24an bere anaia den Raul Castro hautatu zuten Kubako presidente berri. Osasun arazo hauen ondorioz hil zen 2016ko azaroaren 25ean.
Gaztaroa
1926an jaio zen Birán herriko azukre plantazio batean. Aita, Angel Castro Argiz, galiziarra zuen; ama Lina Ruz González zen. Ikasketak Jesusen Konpainiaren barnetegi batean egin zituen, bere sei anaia-arrebekin.
Fulgencio Batista presidente zenean, Habanako unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egiten ari zela, FEU Unibertsitate Ikasleen Federazioko buruzagietako bat izatera iritsi zen. Urte batzuk geroago, Kubako Herriaren Alderdia edo Partido Ortodoxo taldean sartu zen. 1947an Rafael Trujillo diktadorea agintetik kentzeko talde batean ibili zen.
Partido Ortodoxoko buruzagia izan zen eta diputaturako hautagai izendatzekotan zen 1952ko ekainean, baina orduantxe Fulgencio Batistak demokrazia ezartzeko promesarekin, estatu-kolpea egin zuen. Behin agintea lortuta, Batistak aldarrikapenok baztertu eta Ameriketako Estatu Batuen interesen zerbitzura jarririk, diktadura ezarri zuen.
Iraultza
Fidel Castrok, abokatu moduan, Batista epailen aurrean salatu zuen, baina salaketek ez zuten ondoriorik izan. Talde militar txiki batekin, Moncadako koartel militarra armen bidez hartzen saiatu zen. Hala ere, erasoa erabateko porrota izan zen; taldekide asko hil eta Castro eta beste gerlariak atxilotu egin zituzten. Epaiketan, Castro arduratu zen bere buruaren eta gainerako atxilotuen defentsaz eta epaileen aurrean aurkeztutako azken ondorioa Historiara igaroko zen hitzaldi luzea izan zen: haren esanetan, Batista izan zen Kubako Konstituzioa eta legeak urratu zituena eta Castro eta bere burkideak, berriz, justiziaren eta orden legalaren defendatzaileak ziren. Oso famatua da hitzaldiaren amaieran epaileei esan ziena: Condénenme. La Historia me absolverá (Kondena nazazue. Historiak absolbituko nau). Castrori 15 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, baina handik gutxira, oposizioko alderdien eta jesuiten presioei esker, indultatu eta Mexikora alde egin zuen, beste burkide batzuekin gerrilla antolatzera.
1956. urterako, Sierra Maestrako mendateetan, Fidel Castrok, Raúl anaiak, Ernesto Che Guevarak eta Camilo Cienfuegosek, beste 200 errebelderekin, Batistaren erregimenaren kontrako gerran jardun zuten.
Gero eta kubatar gehiago errebeldeen armadan sartzen hasi ziren; azkenean, urtarrilaren 1ean, Castro La Habanan sartu zen, bere armada bizartsuz osatuarekin. Egun batzuk lehenago, Fulgencio Batistak eta lagunek uhartetik ihes egin zuten, berekin milioika dolar zeramatzatela. Castroren gobernu iraultzaileak nekazaritza erreforma sakona egin zuen eta atzerritarren eskuetan zeuden enpresak nazionalizatu. Castro familiak zituen lur eremuak ere estatuarenak bilakatu ziren egin ziren. AEBen etsai bihurtuta eta bere inguruko gobernuetan lagunik ez zuela, Kubako gobernua herrialde sozialistekin lotura estuak izaten hasi zen. Geroztik, AEBetako gobernu guztiek Kubari "blokeo" edo setio zorrotza ezarri diote, beste herriekin hartu-eman komertzial oro oztopatuz. Gainera, AEBetatik mota guztietako kontraintsurgentzia asmoak aurrera eraman dira, inbasio saioak, atentatu terroristak eta sabotajeak egiteko mota guztietako bitartekoak jarriz. Kubako informazio zerbitzuen arabera, Fidel Castro akabatzeko milaka saio izan dira berrogei urteotan.
Castro agintean
Latinoamerikako hainbat buruzagi politikok Fidel miresten dutela adierazi dute; esate baterako, Luis Ignacio Lula da Silva, Evo Morales eta Hugo Chávez presidenteek. Gaur egun, Hugo Chávez Venezuelako presidentearekin ezin hobeto konpontzen da Castro eta elkarlan aurrerabide ugari hitzartu dituzte bi nazioen artean, kontinente osorako batasun programetan aitzindari lanetan arituz. Kubak bere mediku eta irakasleen laguntza Venezuelako petrolioarekin eta energiarekin trukatzen ditu eta horrek Kubako egoera ekonomiko zaila apur bat lasaitu du. XXI. mende hasieran, Castrok bultzatuta, kubatar medikuek 700.000 pertsona dohainik operatu zituzten begietatik Bolivian, Evo Moralesek adierazitakoaren arabera.[1]
2006ko abuztuaren 1ean, egin behar izan zioten operazio baten ondorioz, behin behinekoz Raúl anaiari utzi zion gobernuaren gidaritza, lehen aldiz, 1965ean iraultza sozialistaz geroztik. Hala ere, 2007ko abenduko hauteskundeetan aurkeztu zen eta Herri Boterearen Nazio Batzarreko (herrialdeko parlamentua) kide aukeratu. 2008ko otsailaren 19an, Granma egunkarian agertutako gutun baten bidez, berriro ere presidente izateari uko egiten ziola adierazi zuen Castrok, bere osasun egoera zela eta[2]. Bizitzako azken hilabeteetan, Granma egunkarirako iritzi artikuluen bitartez plazaratzen zituen bere ikuspegiak.
Kritikak
Castro diktadore bat da aurkarien ustez. Giza eskubideak zapaltzea, herrialdearen ekonomia suntsitzea eta gobernu ustelkeria onartzea leporatzen diote. Irlan prentsa askearen gabezia ere asko kritikatu da. Kuba beste herrialdeen barne-arazoetan sartu izana ere salatu dute, Angolako Gerra Zibilera tropak bidaltzean, adibidez. Floridako estatuan komunitate kubatar handia dago, Castroren kontrako mugimenduaren bizkarrezurra dena. Hirurogeiko hamarkadan Kubatik ihes egin zuten kubatarrak Fundación Nacional Cubano-Americana bezalako elkarteen inguruan bildu ziren eta AEBetako politikan Kubaren aurkako neurriak bultzatzeko lobby edo presio taldea osatzen dute. Castro hil berritan, Donald Trump AEBko presidente hautatu berriak "diktadore anker" deitu zion, eta heriotzaren albistea pozez hartu.[3]
Erreferentziak
- Evo: El mejor homenaje para Fidel es la unidad de los pueblos, Telesur, 2016ko azaroaren 26a.
- Castrok Kubako presidentzia utziko du behin betiko Berria, 2008ko otsailaren 19a
- «Legatuari buruzko talka» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-01-15).
Ikus, gainera
- Kubako Iraultza
- Diktadura militar
- Uztailaren 26ko Mugimendua
- Moncada kuartelaren erasoa
- Ernesto Guevara
- Camilo Cienfuegos
- Raúl Castro
- Kubako Alderdi Komunista
Kanpo loturak
- Juanma Sarasola, "Soslaia. Fidel Castro, Kubako komandante buru ohia" Berria, 2008ko otsailaren 20a
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fidel Castro |