Ferra-saguzar txiki

Ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros) rhinolophidae familiako saguzarra da, Europan, Ekialde Hurbilean eta ipar-mendebaldeko Afrikan bizi dena[1].

Artikulu hau Ferra-saguzar txikiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ferra-saguzar».
Ferra-saguzar txiki
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaRhinolophidae
GeneroaRhinolophus
Espeziea Rhinolophus hipposideros
(Bechstein, 1800)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,231 m
Eguneko zikloagaueko

Euskal Herriko eta erregio azpiartikoko ferra-saguzarren arteko txikiena da, izen arruntak dioen bezala. Euskal Herrian banaketa oso hedatua du eta kobazulo ugaritan aurki daitezke espezie honen koloniak. Gainerako ferra-saguzarren oso antzeko ezaugarri morfologikoak ditu, baina tamaina txikiak eta prozesu konektiboaren formak bereizgarri egiten du. Saguzar bakartia da eta maiz eraikinetan ezartzen ditu gordelekuak[2].

Ezaugarriak

  • Altuera: Burua eta gorputza, 35-45 mm. artean
  • Hego-luzera: 192-254 mm.
  • Pisua: 5-9 gr..
  • Bizitza: 21 urte ere.

Esan bezala, gure arteko Rhinolophus generoko espezieen arteko txikiena da. Dimorfismo sexual apur bat dago eta emeak arrak baino txikixeagoak izan ohi dira. Emeen pisua 3,7 eta 5 gramo bitartekoa izan ohi da, eta arrena 4,2 eta 6 gramo bitartekoa. Emeen besaurrearen luzera 35,2-37,5 mm bitartekoa den bitartean, arrena apur bat haundixeagoa da, 35,7-39 mm bitartean.

Gainerako ferra-saguzarren bezala, aurpegi oso berezidun animalia da. Zelaren oinarria estua da, goruntzako ertz zuzen eta hurbiltzaileekin. Proiekzio konektiboak adar forma du eta ertza biribildua da. Belarri handiak izan ohi dituzte. Patagioa orkatilan txertatzen da eta uropatagioak forma angeluarra du.

Bizkarreko ilajea arre iluna da ileon puntaren kolorearen ondoriozkoa. Ileen oinarria, berriz, gris argia da. Ilajea alde batera desplazatuz gero, ileen oinaldeko eta puntako kolore aldaketa beha daiteke. Sabelaldeko kolorea argixeagoa izan ohi da, grisaxka. Kumeen ilajea leun eta ilunagoa da. Belarri eta hegoetako mintzen kolorea ilajea baino ilunagoa da, eta atsedenaldian hegoetako patagioekin estaltzen du gorputz osoa.

Taxonomia

Ferra-saguzar txikiak sei azpiespezie ditu:

  • Rhinolophus hipposideros escalerae
  • Rhinolophus hipposideros hipposideros
  • Rhinolophus hipposideros majori
  • Rhinolophus hipposideros midas
  • Rhinolophus hipposideros minimus
  • Rhinolophus hipposideros minutus

Ekokokapena

20-30 ms-ko luzera izaten duten pultsuak emititzen dituzte. Frekuentzia egonkorra izaten da pultsuaren ia tarte osoan eta azkenengo momentuan apur bat jaisten da. Energia maximoko frekuentzia 110 eta 115 kHz-tan izan ohi da, nahiz eta inguruneko tenperaturaren menpekoa izan ohi den. Hegaldian 106 eta 111 kHz bitartean emititzen dute 40 eta 69 ms-ko pultsuetan. Ondorioz, ferra-saguzar ertaina (R. mehelyi) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (R. euryale) nahastea oso erreza da.

Banaketa

Erregio azpiartikoan banaketa zabala duen ugaztuna da. Irlandatik hasita Kaxmir ingururaino hedatzen da eta Etiopiatik Alemania eta Poloniarainoko latitudeetan aurki daiteke[3]. Iberiar penintsulan banaketa zabal baina irregularra duen espeziea da.

Euskal Herrian herrialde guztietan aurki daiteke. Nafarroa hegoaldean falta den arren, gainerako lurralde guztietan ohiko saguzarra da. Nafarroan ipar-ekialdeko ingurune karstikoetan ageri da batez ere[4].

Habitata

Haitzuloak atsegin dituen saguzarra da eta ondorioz kareharri ugariko lurralde eta ingurune karstikoekin lotura estua du. Normalean zulo naturalak hautatzen dituzten arren, lurpeko egitura artifizial eta eraikinetan ere aurkitu dira espezie honen koloniak. Nafarroan kolonien kokapena aldakorra da urtaroen arabera. Urteko garairik hotzenetan gordelekua ia kasu guztietan haitzuloetan izaten duten bitartean, hilabete epelenetan eraikinetan ezartzen dituzte koloniak[4]. Sastraka eta zuhaixkadun inguruetan ohikoagoa da eta ur-eskuragarritasuna ere ezinbesteko faktorea da. Hala ere, Arabako Errioxa bezalako inguru deforestatu eta eraldatuan, ohiko espeziea da. Altuera-hein zabalean aurki daiteke, itsas mailatik hasita 2.000 metroko altueraraino. Euskal Herrian 25 metroko altueratik 1.190 metroraino aurkitu da[5].

Elikadura

Tamaina bertsuko gainerako saguzarren antzera, intsektuez elikatzen dira honakoak ere. Diptero nematozeroak, lepidopteroak eta neuropteroak dira ferra-saguzar txikiaren dietaren osagai nagusiak. Gehienetan hegan dabiltzan intsektuak harrapatzen dituzte lurretik 2 eta 5 metro bitarteko altueran. Gorotzetan, ordea, hainbat intsektu ez-hegalariren arrastoak aurkitu dira, eta honenbestez, lurrazalean pausaturik dauden ornogabeak ere harrapatzeko gai direla badakigu.

Ugalketa eta ontogenia

Kumatze-koloniak emeez osaturik egon ohi dira, batez ere, nahiz eta ar banaka batzuk ere egon ohi diren. Iberiar penintsula hegoaldean erditzeak ekaina hasieran ematen dira eta edoskitzaroa uztaila bukaerara arte luzatzen da. Euskal Herrian, aldiz, bi prozesuek 15 egun inguruko atzerapena izaten dute[4].

Emeakehenengo urterako emankorrak izaten dira, baina normalean ez dute bigarren urtera arte kumerik izaten. Bataz besteko biziraupena 4 urte pasatxokoa den arren, espezie honetako banako baten bizi-luzetasunaren errekorra 21 urte eta 3 hilabetean dago.

Bizimodua

Negua igarotzeko koloniatan, antzerako beste espezietan gertatzen ez den bezala, bakarrik izaten dira[6], hau da, ez dira gainerako saguzar-espezieekin nahasten, eta kobazulo hotzak hautatu ohi dituzte[7]. Bizimodu bakartia izan ohi dute kumatze denboralditik kanpo eta hibernatzeko koloniatan elkartzen direnean ere, bata bestearengandik hainbat metrotara kokatzen dira. Ebro bailaran, ordea, udaberrian hainbat dozenako taldeak behatu izan dira. Espezie sedentarioa da eta neguko eta udako gordelekuak ez dira 20 km-ko distantzia baino urrutiago aurkitzen.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez da espezie honenganako harraparitzaren inguruko informazio askorik ezagutzen, baina neguko gordelekuetan muxar grisen (Glis glis) erasoak behatu izan dira.

Antzeko espezieak

  • Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum): Ferra-saguzar handiaren tamaina, izenak berak dioen bezala, askoz ere handiagoa da.
  • Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale):Ferra-saguzar handia bezain handia izan ez arren, mediterraneoa ere R. hipposideros baino handiagoa da.

Kontserbazioa

Mundu mailan kontserbazio-arriskurik ez duen espeziea da baina Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendaren interes berezikoen kategorian sartu zuten.[8]

Erreferentziak

  1. Wrobel, Murray. (2007). Elsevier's dictionary of mammals: in Latin, English, German, French and Italian. Elsevier ISBN 0-444-51877-0, 9780444518774..
  2. Blanco JC. (1998). Mamíferos de España. Bartzelona: Planeta.
  3. Lanza B, Finotello PL. (1985). «Biogeografía dei Chirotteri italiani» Boll. Mus. Reg. Sci. Nat. Torino 3 (2): 389-420..
  4. Alcalde JT. (1995). Distribución y fenología de los quirópteros de Navarra. Iruñea: Nafarroako Unibertsitatea.
  5. Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
  6. Corbet GB, Harris S. (1991). The Handbook of British Mammals. Oxford: The Mammal Society by Blackwell Scientific Publications.
  7. Schober W, Grimberger E. (1987). Bats of Britain & Europe. .
  8. Eusko Jaurlaritza. (2013-7-5). Agindua, 2013ko ekainaren 18koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda aldatzen da. .
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.