Fernando Argenta
Fernando Argenta, izen osoa Fernando Martín de Argenta Pallarés (Madril, 1945ko uztailaren 4a - Boadilla del Monte, 2013ko abenduaren 3a), espainiar kazetari, musikari eta irrati zein telebista aurkezlea izan zen.
Fernando Argenta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Madril, 1945eko uztailaren 4a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Boadilla del Monte, 2013ko abenduaren 3a (68 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: pankreako minbizia |
Familia | |
Aita | Ataúlfo Argenta |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea Madrilgo Goi Mailako Errege-Musika Kontserbatorioa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria eta telebista aurkezlea |
Enplegatzailea(k) | Televisión Española |
Bizitza
Bere jatorria Bizkaiarekin muga egiten duen Castro Urdiales kantabriar herrian dago, bere aita, Ataúlfo Argenta orkestra zuzendaria, han jaio baitzen.
Musikako goi ikasketak Madrilgo Errege Musika Goi Kontserbatorioan egin zituen eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean Zuzenbide Lizentziatura. Gaztea zenean Micky y Los Tonys musika taldeko kidea izan zen, baina soldadutza egitera joan zenean taldea utzi behar izan zuen.
1976an Radio Nacional de Españan lanean hasi zen. Irrati kate honetan, musika klasikoa publiko handiari modu entretenigarrian hurbiltzen saiatzen zen Clásicos populares saioa zuzendu zuen. Irratsaio hau arrakasta eta ospe handiz 2008ko uztailak 31 arte iraun zuen. Araceli González Camparekin batera zuzentzen eta aurkezten zuen saioa, azken hau 2008 hasieran aurrejubilatu zen arte. Saioa, bi aurkezleen aurrejubilazioaren ondorioz gelditu zen ematetik, 32 urteren ondoren.
1986 eta 1989 artean Radio Nacional de Españako Radio 3 eta ondoren Radio 1 zuzendu zituen. Gainera, haurrentzako opera eta kontzertuen ohiko antolatzaile eta aurkezlea izan zen.
2000tik 2008an aurrejubilatu zen arte El conciertazo saioa aurkeztu zuen TVEn. Saio honetan haurrentzako musika klasiko kontzertuak aurkezten zituen, eta eskenaratze, dantza eta opera elementuen bitartez musikaren esanahia azaltzen zuen.
Espainia eta Hispanoamerika guztian kontzertu ugari aurkeztu eta zuzendu zituen. 2011ko urtarrilak 15ean OFIL (Oviedo Filarmónica) zuzendu zuen Magistralia Fundazioaren hamargarren urteurrenaren ospakizun kontzertuetan. 2011ko apirilak 16an "Natura eta elezaharren magia" kontzertuan ohorezko gonbidatu izan zen Huescako probintziako Monzón herrian, Ensemble XXI orkestraren hamargarren urteurrena zela eta.
Fernando Argentak sari ugari jaso zituen, horien artean, bi Ondas Sari, Montekarloko Telebista Jaialdiaren sari bat edo irratiko APEI, baita zenbait ohorezko sari ere 2008an jubilatu zenetik.
Magistralia Fundazioko patroia izan zen, eta honekin musika klasikoa hedatzeko aktibitateak egiten zituen. Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso zuen eta ohiko epaimahaikidea izaten zen Arteen Asturiasko Printzea Sarietan. Gai bezala musika duten zenbait liburu ere idatzi zituen.
Pankreako minbiziak jota hil zen 68 urterekin.