Fennoskandia
Fennoskandia[1] Eskandinaviar penintsulak, Kola penintsulak, Kareliak eta Finlandiak osatutako penintsula da, geografian. Beraz, lau estaturen lurrak barne hartzen ditu: Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia. Latinezko Fennia («Finlandia») eta Scandia («eskandinaviar») hitzetatik sortutako izena da. Fennoskandiako geografiaren bereizgarri dira aintzira eta fiordo ugariak eta Norvegiako itsasoarekiko paraleloan doan higatutako mendikate bat. Errusian, Itsaso Zuria-Baltikoa kanalak banatzen ditu Fennoskandia eta gainerako errusiar lurraldea.
Fennoskandia | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Galdhøpiggen |
Mota | eskualde geografiko eta forma geografiko |
Eponimoa | Finlandia Eskandinaviar penintsula |
Geografia | |
Koordenatuak | 60°N 20°E |
Honen parte da | Eskandinaviako herrialdeak |
Ur-gorputza | Ozeano Artikoa |
Geologian, Fennoskandiar ezkutua (Ezkutu Baltikoa izenaz ezagunagoa) ere izendatzen du; ezkutu horretan sartuta daude, Fennoskandiako penintsulaz gain, Baltikoa, Errusiaren ipar-mendebaldeko beste zati bat eta Danimarkaren iparraldea ere. Fennoskandiar ezkutuak 3.100 milioitik gora urte ditu.
Kulturaren arloan, Fennoskandiak, historikoki, sami, finlandiar, suediar eta norvegiar herri eta kulturen arteko harreman estua adierazten du. Hala ere, ez ditu barne hartzen penintsula horretatik kanpoko eskandinaviar kulturako lurraldeak (Danimarka, Islandia, Faroeak eta —neurri batean, inuit kulturarekin batera— Groenlandia).