Felix Soto
Felix Soto Azkarate (Bilbo, 1937 - ) euskal herritar politikari eta eskubaloi entrenatzaile ohia da. Donostiako zinegotzia izan zen Herri Batasunarekin 1979tik 1991ra. Tarte horretan hirigintza sailaren arduraduna izan zen sei urtez. Donostiako alkateordea izateagatik eta Uliako auzo-elkartean egindako lanagatik da ezaguna. Uliako Auzo Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta gaur egun auzoaren alde lan egiten jarraitzen du. [1]
Felix Soto | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1937 (86/87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Enplegatzailea(k) | Banco Guipuzcoano (1951 - 2002) Donostiako Udala (1979 - 1991) |
1971 urtean, eskubaloi entrenatzaile zelarik, espainiar telebistan elkarrizketa bat egin eta amnistiaren aldeko mezua zabaldu zuen. Horren ondorioz, Espainiako eskubaloi-federazioak betirako kanporatu zuen.
Bizitza
Felix Soto Bilbon jaio zen, baina bere bizitzaren gehiena Donostian eman du. Ama Mutrikukoa zen eta aita Burgosko herri batean jaio zen, baina 2 urterekin Donostiara ekarri zuten. Gurasoak Amaran bizi ziren, eta Donostiatik ihes egin behar izan zuten 1936ko gerrarengatik. Azken trena hartu eta Mutrikura joan ziren lehenik, eta frankistek irabazi zutenean, Bilbora joatea erabaki zuten. Duela gutxi jakin du aita maisu industriala izan zela, eta Bilboko Burdin Hesia eraikitzen ibili zela. Frankistek burdin hesia gainditu zutenean amak kontaktua galdu zuen aitarekin, eta egoera horretan jaio zen Bilbon, 1937ko martxoaren 2an. Amak berarekin eraman zuen hasieran Asturiasera eta gero Bordelera. Gerora, amak jakin zuen aita Santoñan preso zegoela, eta semearekin Donostiara itzultzea erabaki zuen.[1]
Banco Guipuzcoanon 14 urterekin hasi zen lanean eta Jubilatu arte banketxean aritu zen. Oso gaztetan ezkutuko sindikatu batean sartu zen, eta ondoren politikan. Lanean zeuden baldintza txarrei aurre egiteko elkartzen.[1]
Donostian Egia auzoko Egia eskubaloi-entrenatzaile aritu zen Lehen Mailan 1971 urtera arte. Donostian Ulia auzoko auzo-elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1975ean, Donostiako udalean erregistratu zen lehenengoa.[2] 1979tik 1991ra Herri Batasuneko zinegotzia izan zen Donostiako udalean.
Ibilbide politikoa
1976an Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzailetako bat izan zen. Bertan pentsaera desberdinetako hainbat pertsona bildu ziren, besteak beste, Juani Mendiola, Mariasun Bergaretxe, Lourdes Auzmendi, Miguel Castells abokatua, Eduardo Txillida eskultorea, Rafael Ruiz Balerdi margolaria, eta Andoni Elizondo futbol entrenatzailea.[3]
1979tik 1991ra Herri Batasunako zinegotzi izan zen Donostiako udalean. Alkateordea ere izan zen eta Hirigintzako Udal-Batzordeko burua, Jesus Maria Alkain alkatearekin lau urtez, eta Ramon Labaien alkatearekin beste bi urtez, legealdi erdian kargutik kendu zuten arte. Sei urte horietan hirigintza planak sustatu zituen auzo guztietan. Oso pertsona ezagun eta eztabaidatua izan arren talde politiko guztiek aitortzen zuten Sotoren zintzotasuna.[4]
1962ko Plan Orokorrak ez zuen aurreikusten unibertsitate publikorako edo babes ofizialeko etxeetarako lurrik. Etxebizitza libreak eraikitzeko ziren Ibaetako lursail batzuk desjabetzea lortu zuen bertan campusa antolatzeko. Altzako Harri Berri parkeko lurrak ere etxebizitza dorreak eraikitzea zegoen pentsatuta, baina hori ere bertan behera uztea lortu zuen. Easo plazan ere antzera, etxeak eraikitzea zegoen aurreikusita. Lurrak Eusko Jaurlaritzarenak ziren, udalari zesio bat eginda geltoki zaharra bota zutenean lortu zuen plaza mantentzea kiosko batekin eta aparkalekua egitea lur azpian. Bestalde legeak behartu ez arren, hirian eraiki nahi ziren etxebizitzen %50a babes ofizialekoak izatea ezarri zuen. Sotoren gidaturiko Hirigintza batzordean parte hartzea irekia zen, eta herritarrek parte hartu zezaketen.[1]
Ramon Labaien alkatea zela kultur etxeen sarea martxan jarri zuten. Kultur etxeak eraikitzeko lursailak lortu zituzten Grosen, Intxaurrondon, Antiguan, Loiolan, Egian, Altzan eta Amaran. Labaienek "hirigintzaren poeta" deitu izan zuen Soto noizbait. Jesus Mari Alkainen garaian hirigintza-planean Ibaetako eremu bat sartu zuten unibertsitaterako, geroago EHUko Gipuzkoako Campusa bihurtuko zena. 1983an udaletxeko Espainiako bandera kentzeagatik epaiketara eraman zituzten Soto eta beste bi zinegotzi. Sei urte geroago egin zen epaiketa, sei urterako gaitasungabetzea jarri ziotenez zinegotzi kargua utzi behar izan zuen 1991an.
Erreferentziak
- Esnaola Aranzadi, Inaxio. (2020-10-16). «"Pandemia instituzionala da gaur egun bizi duguna"» Irutxuloko Hitza (Irutxulo) (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).
- Uliako auzo-elkartea (Nor gara gu?)
- Felix Soto. Amnistiaren Aldeko Gestoren sortzailea. Ainara Arratibel Gascon (Berria, 2016-09-18)
- (Gaztelaniaz)Descolgó la bandera española del Ayuntamiento de San Sebastián Carmen Gurruchaga (Diario 16, 1983-08-17)