Felix Goya Urbieta
Felix Goya Urbieta (Oiartzun, 1885eko apirilaren 13a[1] - Oiartzun?, 1936ko azaroaren 15 – 16a?[2]) hargina, igeltseroa[3] eta UGT sindikatuko kidea[4] izan zen. 1936ko Espainiako altxamendu faxistaren ondorengo gerra zibilean frankistek atxilotu eta desagerrarazi zuten. 2016an, 80 urte beranduago, familiak eskela berezia argitaratu zuen, salatuz agintari eta administrazioek ez zietela beren senidearen argibiderik ematen eta telefono eta helbide elektroniko bat eskainiz haren arrastorik eduki dezaketen herritarrei.[5]
Felix Goya Urbieta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1885eko apirilaren 13a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Oiartzun, 1936ko azaroaren 15a (51 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | hargina, igeltseroa eta sindikalista |
Kidetza | Unión General de Trabajadores |
Bizitza
Oiartzungo Altzibar auzoko[6] Egieder baserrian jaio zen 1885eko apirilaren 13an. Josefa Ignacia Urbieta eta Lucas Goyaren seme gazteena zen eta bost anaia zituen: Candido (1874), Vicente (1876), Juan Mari (1878), Manuel (1880) eta José León (1883).[1]
1919ko otsailaren 22an Martina Ruiz de Galarreta Garcíarekin ezkondu zen, Iruñeko San Saturnino parrokian. Martina 1890ko azaroaren 12an jaio zen Iruñean eta Eulaten hil zen 1972ko otsailaren 24an. Ezkondu ondoren Eulatera joan ziren bizitzera. 1919ko abenduaren 19an jaio zen lehen semea: Mauro. Martina Ruiz de Galarretak bularra emateko izan zuen arazo baten ondorioz, eta haurra elikatzeko beste modurik ez zutenez, behi bat erosi zuten. 1921ean Genevillara joan ziren bizitzera. Inguruko herriak argindarrez hornitzen zituen zentral elektrikoan egiten zuen lan Felix Goyak eta bertan bizi zen familia. Genevillan beste hiru seme izan zituzten: Ceferino, 1921eko urriaren 14an jaio eta 1922ko urtarrilaren 26an hila, Pedro, 1923ko apirilaren 29an jaioa, eta Miguel, 1926ko urtarrilaren 2an jaioa.[7]
1926an Eulatera itzuli ziren. Bertan beste hiru seme-alaba izan zituzten: Felix, Leonor eta Josefa.[7] Hasiera batean Martina Ruiz de Galarretaren aita Ceferino Ruiz de Galarretaren eta bere amaorde Ignacia Ochoa Garcíaren etxean jarri ziren bizitzen, baina Martina Ruiz de Galarreta eta bere amaordea ez zirenez ondo konpontzen, beren kabuz bizitzera joan ziren laster. Josefa alabaren ama besoetakoa zen Josefa eta bere senar Beremundoren etxe ondoan jarri ziren alokairuan. Josefa alabak familiako ondorengoei kontatutakoaren arabera, etxeko sukaldean hitz egindakoak herrian jakinak zirela konturatu ziren. Ama besoetakoak horman egindako zulo batetik entzuten omen zituen esandakoak eta gero herrian zabaldu.[3]
Hargina izan arren, igeltsero lanetan aritu zen Eulaten: Goneako iturria, hilerriko atea, Goneako gorria gisa ezagutzen zuten Angelen etxeko putzua... Horretaz gain, elektrizitatearen gaineko ezagutzak zituenez, eskualdea argindarrez hornitzen zuen Electra Saltearen linea elektrikoaren berrikuspena eta mantenua egiteko ardura zuen, baita ordainagiriak kobratzearena ere.[3] Familia xumea zen eta kide guztien lankidetzari esker ateratzen ziren aurrera. Yoldi izeneko lekuan baratze txiki bat zuten, eta sail bat lantzen zuten Urbasan. Asto bat, oiloak eta ahuntzak ere bazituzten.[8]
Mauro seme zaharrenaren testigantzaren arabera, Felix Goya ofizio zuen hargintzan ere aritzen zen. Urbasako Aldaian, oraindik ere Goya harkaitza bezala ezagutzen den lekuan, harriak atera eta zizelkatzen zituen Mauroren laguntzaz. Eulateko artxiboko 1936ko urtarrilaren 16ko ofizio batean Nafarroako Gobernu Zibilak gai leherkorrak eskuratzeko baimena eman jaso izanaren sinadura dago. Urbasatik ateratako harriarekin eraiki zuen etxea Felix Goyak seme zaharrenen laguntzarekin. Inguruko erreka batean presak egiten zituzten harriekin eta uholdeek utzitako hondarra jasotzen zuten astoekin. Errotarriak ere egiten zituen Felix Goyak, bi erditan atera eta zumitzarekin batuz.[9]
1932ko azaroan Eulateko "veintena"-k frontoi itxiaren eraikuntza onartu zuen 23.090,44 pezetako aurrekontuarekin. Abenduaren 21ean Felix Goya eta bere lagun Balbino García de Albizu udalari akordioa argitzeko auzo-batzarra eskatu zioten 60 sinatzaileetako lehenak izan ziren. 1933ko urtarrilaren 11n, obrak esleitzeko enkantea bertan behera uzteko eskatu zuten bizilagun askok, eta frontoia egiteko dirua premiazkoagoak eta erabilgarriagoak ziren beste zerbitzu batzuetarako erabiltzeko galdegin. Guardia Zibilak esku-hartu zuen eta enkantea atzeratu zuten, Nafarroako Foru Aldundiak auzia argi zezan. Maiatzean "veintena"-k hartutako erabakia berretsi zuen Foru Aldundiak, baina bere gain hartu zuen akordioa baliogabetzeko ahalmena.[10]
1933an UGT sindikatura atxikitako "La Emancipación" langile-elkarteko diruzaina zen.[10]
1933ko maiatzaren 8an eskaera egin zuen Eulateko Udaletxean lursail komun batean etxea eraikitzeko. Ekainaren 7an udalbatzarrak baimena eman zion. Uztailaren 11an perituek metro karratuko bi pezetetan tasatu zuten lursaila. Abuztuaren 27an enkante publikoan herri lurren 66 metro karratu eskuratu zituen Felix Goyak.[11]
Altxamendu faxistaren ondorengo errepresioa
1936ko uztailaren 18an estatu kolpea eman zuten faxistek. 1936ko martxoan Nafarroako Gobernadore Militar izendatutako Emilio Molak zuzendu zuen altxamendua.
« | “Kontuan hartuko da ekintza guztiz bortitza izan behar dela, etsaia ahalik eta azkarren azpiratzeko, gogorra eta ondo antolatua baita. Mugimenduari lotu gabeko alderdi politikoetako, sozietateetako edo sindikatuetako zuzendari guztiak espetxeratuak izango dira, dudarik gabe, eta zigor eredugarriak ezarriko zaizkie gizabanako horiei, matxinada-mugimenduak edo grebak itotzeko”. | » |
Emilio Mola, 1936ko maiatzaren 25a |
« | “Hitz egin? Inoiz ez! Espainiaren etsai guztiak sarraskituz amaitu behar da gerra hau” | » |
Emilio Mola, 1936ko ekainaren 26a |
« | “Izua erein behar da... nagusitasun-sentsazioa emateko, guk bezala pentsatzen ez duten guztiak eskrupulurik eta zalantzarik gabe garbituz”. | » |
Emilio Mola, 1936ko uztailaren 19a |
Uztailaren 19an hartu zuten faxistek Eulateko udaletxea. Jabetze aktan aipatzen da Komandantziako nagusi zen koronelak telefonoz agindu zuela "eskuindarrek elementu ezkertiarren ibilerak eta mugimenduak zelatzeko ahaleginak egiteko" eta haiei "inolako begiramenik gabe legea ahalik eta zorrotzen betearazteko".[12]
Faxistek familia osoarekin Baztango Zigara deportatu aurretik Larragoako maisu izandako Elias Anduezaren seme Saturrek kontatutakoaren arabera, faxista talde bat inongo kontrolik gabe ibili zen Eulaten. Felix Goya eta "gorri" gisa hartutako beste hainbat herritar atzeman zituzten eta gauez mendira eraman zituzten. Atzemandakoetako bat taldetik banatu zuten eta bi edo hiru tiro entzun zituzten gainerakoek. Prozedura hori behin eta berriz errepikatu zuten, baina faxisten deskuidu batean Felix Goyak mendian behera korrika ihes egin zuen. Hainbat aldiz tirokatu zuten arren ihes egitea lortu zuen.[13]
Felix Goya mendian gordeta egon zen denbora batez. Ondoren Larragoako bere lagun Eufrasioren etxera joan zen laguntza eske. Eufrasiok etxetik urruti zeukan etxabe batean gorde zuen eta egun batzuk igaro ondoren Eulatera joan zen, zer gertatu zen jakiteko. Konfiantzazko jendeak esan zion Felix Goya ez beste guztiak herrira itzuli zirela. Jakin zuenaren arabera, aurreko gauean banan-bana taldetik banatu zituztenean herrira joateko agindu zieten eta aldiro airera bi edo hiru tiro bota zituzten faxistek. Eufrasiok gertatutakoaren berri eman zion babestua zuen lagunari. Jarraian Guardia Zibilarengana joan zen Felix Goya eta etxean atxilotuta egotera behartu zuten. Askotan bertaratzen ziren han jarraitzen zuen egiaztatzera, gehienetan ordu txikitan.[14]
Abuztuaren amaiera aldera talde armatu bat sartu zitzaien etxera. Etxearen konfiskatzearen eta familia osoaren kanporatzearen berri eman zieten. Mehatxu egin zieten 24 ordu baino lehenago Nafarroatik joaten ez baziren guztiak hilko zituztela. Astoa eta astakumea ahal zutenarekin kargatu eta familia osoa Hernanirantz abiatu zen: Felix Goya eta Martina Ruiz de Galarreta senar-emazteak eta Mauro, Pedro, Migel, Felix, Leonor eta Josefa seme-alabak. Hernanin Joxe Goya bizi zen, Felixen anaia. Josefak, artean 2 urte ere ez zituen alaba txikienak, Mauro anaiaren bizkarrean egin zuen bidaia osoa, eta 5 urteko Leonorrek aitarenean.[14]
Atxiloketa
Hernanira bidean zirela, leku ezezagun batean, mikeleteen kontrol bat pasa zuten eta aurrera egiten utzi zieten. Aurrerago, Tolosa igaro ondoren, Irurako zuzengunean, Laskibar hotelaren parean, alto eman zien Tolosatik zetorren militar errekete kotxe batek. Militarren artean Eulateko bat zegoen. Familiako gainerako kideetatik banandu zuten Felix Goya, eta hizketaldi edo eztabaida baten ondoren kotxean eraman zuten. Mauro, seme zaharrenaren ustez bera atxilotzeaz aritu ziren eta aitak militarrei esan zien adin txikikoa zela. Ezin izan zuen sekula argitu, geroztik ezin izan baitzuen aitarekin gehiago hitz egin. Tolosako kuartelera joateko esan zieten.[15]
Tolosako Komandantziako jardinean egon ziren zain. Eraikinak ate nagusira igotzeko eskailera bikoitza zuen. Ia ilunduta zegoela, atea ireki eta Felix Goya ikusi zuten eskaileratik jaisten, hainbat faxistak eskoltaturik. Familiakoen aurretik burumakur eta begiratu gabe igaro zen. Ondoren Felix Goya atxilotuta zegoela eta alde egiteko esan zieten familiakoei.[16]
Familia Andoaingo Txitibar baserrian babestuta
Senarra atxilotu ondoren Martina Ruiz de Galarreta Hernanirantz abiatu zen seme-alabekin eta astoarekin. Andoainera iristerako oso berandu egin zitzaien eta Andoaingo Txitibar baserrian bizi zen Zatarain familiak hartu zituen. Baserrian zazpi lagun bizi ziren: Antonio Zatarain, 41 urteko alarguna, bere lau seme-alabak, Luzia 11 urtekoa, Arantzazu 6koa, Maria Teresa 4koa eta Jose Migel 7koa, 82 urteko Juliana Gaztañaga Zuloaga izeba eta 82ko urteko Jose Migel Bengoetxea aitaginarreba. Baserriaren ondoan zegoen gasolindegiaz arduratzen ziren zataraindarrak.[17] Gaur egun Txitibar plaza dago baserria eta gasolindegia zeuden lekuan.[18]
Sagardoa egiteko eta belar ondua gordetzeko erabiltzen zuten dolarean aterpetu zituzten Martina Ruiz de Galarreta eta bere sei seme-alabak. Orduan umea zen Jose Miguel Zatarainen testigantzaren arabera familia osoak laguntzen zien baserriko lanetan, eta behin edo behin Martina Ruiz de Galarreta senarra bisitatzera joan zen Tolosako kartzelara. Han ziren bitartean faxistek baserriko etxabean espoletaz beteriko kamioi bat utzi zuten errepublikazaleen bonbardaketetatik babesteko. Horietako batean bonba bat sartu zitzaien tximiniatik behera, baina zerbaitek huts egin zuen eta ez lehertu. [17]
Bi astez babestu eta elikatu zituzten zataraindarrek. Hori egitean arrisku handia hartu zuten, gerrako borroka fronteak Andoainen bertan baitzeuden: Belkoainen eta Buruntzan, eta "errepublikazaleen kolaboratzaile izatea" bezalako salaketa bat nahikoa izaten baitzen espetxea edo heriotza pairatzeko.[19] Martina Ruiz de Galarretak lehenbailehen Joxe Goya koinatuaren etxera joan nahi zuen Hernanira, baina Antonio Zatarainek ez zion uzten, inguruan bonbardaketa eta enfrentamendu gogorrak egonik oso arriskutsua zelako. Azkenean, irailaren erdi aldera, faxistak Donostiara sartu eta egun batzuetara, Hernanira joatea posible zela esan zion Jose Miguel Zatarainek Martina Ruiz de Galarretari, eta harantz abiatu zen seme-alabak eta astoak hartuta.[17]
Familia Hernaniko Pipirita baserrian babestuta
Martina Ruiz de Galarreta seme-alabekin Hernanira iritsi zenerako faxistek herria hartua zuten eta izendatu berria zuten Julian Madina alkateak astoa eta astakumea konfiskatu zizkien. Hala ere, azkenean lortu zuten Felix Goyaren anaiaren Pipirita baserrira iristea. Joxe Goya Urbieta eta haren emazte Malen Zubiri Narbarte bizi ziren bertan, haien zazpi seme-alabekin: Juanito, Felixa, Kattalin, Patxi, Josebe, Miren eta Rita.[20]
Pipirita baserria Hernaniko Lizeaga familiarena zen.[20] Aurrez txabola bat izan zen, eta Lizeaga ahizpek baserriko lanabes eta tresnak gordetzeko erabiltzen zuten etxe ordeko bezala.[21] Joxe Goyak konpondu eta atondu zuen. Malen Zubirirekin ezkontzean alokatu eta bertan bizitzen jarri ziren. Joxe Goya hargina zen, Felix anaia bezala, eta eraikuntzan lan egiten zuen. [20] Etxea eraikitzen ari zela arkitekto edo aparejadore batek deitu zion Bilboko Artxandako funikularraren eraikitzeko lanetan aritzeko. Harreman handia egin zuen Joxe Goyak arkitekto edo aparejadore harekin, eta abertzaletasunaren grina piztu zion.[22] Abertzaletasunaren aurkako etsaitasun egoera zegoenez, ahal bazuen funtzionario postua lortzeko aholkatu zion. Horrela salbu egongo zelakoan. 1936ko altxamendu faxista baino lehen Hernaniko ehorzle postua lortu zuen Joxe Goyak.[23]
Felix Goyaren askatasunaren aldeko gestioak
Martina Ruiz de Galarreta seme-alabekin Pipirita baserrian zegoela senarrak Tolosako kartzelatik bidalitako posta-txartel bat jaso zuen. 1936ko urriaren 28ko data zuen posta-txartelean bere anaia Manuel aipatzen zuen Felix Goyak, eta emazteari harengana zuzentzeko eta laguntzeko diligentziak egiteko eskatzen dio. Ez dago argi Martina Ruiz de Galarreta Manuel Goyarengana joan zen ala ez. Beste anaia bat, Candido Goya, militar erreketea zen. Harengana zuzendu ziren, anaiaren egoera azalduz, baina mespretxuz tratatu zituen, Jose Goyaren alaba Joseberen eta Felix Goyaren seme zaharren Mauroren arabera.[24]
Martina Ruiz de Galarreta neskame aritu zen Iruñeko Montaner izeneko teniente koronel baten etxean. Senarraren alde egiteko asmoz militarraren alabarekin harremanetan jarri zen. Josefa Montanerrek esan zion Burgosen destinatuta zirela bere aita eta anaia, militarra hura ere. Anaiarekin hitz egiteko gomendatu zion, aitak ez baitzion lagunduko. Josefa Goyaren testigantzaren arabera, ama eta biak Burgosera joan ziren, eta Felix Goyaren askatasuna gomendatzen zuen dokumentu bat lortu zuten. Garaiko komunikabideak eta gerra egoera kontuan izanik ez dago argi zenbat denbora behar izan zuen bidaia eta gestioak egiten. Martina Ruiz de Galarreta dokumentuarekin kartzelara joan zenean senarra "dagoeneko aske utzi zutela" esan zioten.[25] Pipirita baserrira agertzen ez zenez, muga zeharkatu izanaren esperantza izan zuen familiak, oiartzuarra izanik ingurua ondo ezagutzen baitzuen.[26]
Desagerpena
1936ko irailaren 14an, faxistek Donostia hartu eta hurrengo egunean, Ramiro Llamas del Toro artilleria komandantea Donostiako Plazako Epaile Berezi, Donostiako Zapatari edo Ondarreta kartzela plazako lehen zuzendari eta Justizia Militarreko Tribunaleko epaile izendatu zuten. Gerra-kontseiluek gutxieneko tramiteak eskatzen zituzten eta atxilo hartutako pertsona kopurua oso handia zen, ondorioz instruktoreak gainezka zebiltzan, eta askok Ramiro Llamas del Toro "epaile bereziaren" eskuetan bukatzen zuten. Hainbat exekuzioren erantzule zuzena izan zen, eta testigantza askoren arabera ez zuen ezkutatzen fusilamenduak agindu izana, baita apaiz katolikoenak ere. "16 apaiz fusilatu ditut, eta kopuru hori 160ra igoko dut" esan zion Gelasio Aranburu Pasaiako apaiz laguntzaileari. Eroskeria eta lapurreten lekukotasunak ere badaude.[27]
Mauro Goyaren testigantzaren arabera, askotan joaten zen bere lehengusina Josebe Goyarekin Hernani inguruan fusilatuak botatzen zituzten lekuetara (Galarreta eta hilerria), aita haien artean ote zegoen jakiteko helburuarekin.[28] Lehen fusilamenduak Galarreta inguruan egiten zituzten, baita igandeetan ere, eta bertan uzten zituzten, ordu batzuetara edo hurrengo egunean udal hilerrira eramaten zituzten arte. "Zabor gurdi batean eramaten zituzten, ganadua balira bezala. Inor begiratzera atera ez zedin kanpaitxo bat jotzen zuten. Jendeak etxean geratu behar zuen" gogoratzen du Josebe Goyak, Martina Ruiz de Galarreta eta bere familia etxean hartuta zeukan Joxe Goyaren, herriko ehorzlearen alabak.[29]
Gero, urritik aurrera, fusilamenduak hilerriko sarreran egiten hasi ziren. "Lekua odolez putzutua geratzen zen. Gainean hartxintxar grisa botatzen zuten, baina zapalduz gero lorratz gorria agertzen zen" dio Josebe Goyak. Urriaren amaieran Mola jeneralak hilketen gunea bisitatu zuenetik aurrera exekuzioak ia erabat desagertu ziren Hernanin, "diskrezio handiagoz fusilatzeko" agindu baitzuen hainbat testigantza idatziren arabera. Urriaren 30ean bandoa argitaratu zuen Hernaniko alkate zen Julian Madinak bi egun geroago ospatzekoa zen Santu Guztien egunean hilerrira joatea debekatuz. Hortik aurrera Oiartzun bihurtu zen Gipuzkoako exekuzioen gune nagusi: lehenik hilerrian, gero ezkutuagoan Artikutzarako bidean.[29]
1936ko azaroaren 13an 25 pertsona eraman zituzten Tolosako kartzelatik Donostiako Ondarretakora Ramiro Llamas del Toro epaile militarraren eskakizunez. 25 horietatik 19 inolako epaiketa edo gerra kontseilurik gabe fusilatu zituzten. Pertsona horien guztien espedienteetan ohar bera dago, gazteleraz: “A disposición del juez especial Sr. Llamas” ("Llamas jauna epaile bereziaren eskura"). 1936ko azaroaren 14 eta 18 bitartean erail zituzten guztiak Donostian, Beran, Oiartzunen eta Tolosan. Felix Goya 1936ko azaroaren 15etik 16rako goizaldean erail zuten Oiartzunen.[2] Gorpurik ez da agertu.[30]
Martina Ruiz de Galarretaren Eulaterako itzulera eta bere aurkako errepresioa
Egoerak behartuta Eulatera itzuli zen Martina Ruiz de Galarreta hiru seme-alaba txikienekin: Felix 7 urtekoa, Leonor bostekoa eta Josefa bikoa. Seme zaharrenak Hernani inguruko baserrietan morroi utzi zituen Joxe Goya koinatuaren laguntzarekin: 16 urteko Mauro Urnietako Urbaneta baserrian, Pedro 13koa Hernaniko Larrabi baserrian eta Migel 10ekoa Urnietako Zaldundegi baserrian. Itzulera Felix Goya senarra erail eta gutxira izan zen, 1937ko abuztuan Eulateko Udaletxeara bidalitako dokumentuan partzela eta egurraren aprobetxamendu-eskubideak erreklamatzen baitizkio, argudiatuz 1936an denbora batez herritik kanpo egon bazen ere, ez zituela herritartasuna eta eskubide horiek galdu, tartea hiru hilabete baino gutxiagokoa izan zelako.[26]
Errekonozimendua eta oroimena
Oiartzungo Oroimena zor omenaldia
2006ko azaroaren 1ean omenaldia egin zieten Oiartzunen 1936ko gerran fusilatu eta desagertutako 21 herritarrei, tartean Felix Goya Urbietari. Haien izen-abizenak eta adina jasotzen dituen oroigarri bat jarri zuten, 1977an Luis Peña Gantxegi arkitektoak gerran hildako gudarien omenez egindako eskulturaren ondoan. Ekitaldian parte hartzea zabala izan zen: fusilatutakoen senideak, Oiartzungo udalbatza osatzen zuten alderdietako, Abertzaleon Oihartzunako eta Aralarko kideak, baita beste hamarnaka herritar ere. Oroimena zor izena eman zioten ekitaldiari 70. Urteko Ekintzen Batzordeak eta Oiartzungo Udalak.[31]
Martin Beramendi alkateak, aurreko asteko plenoan onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuen udalaren izenean: "Errepresaliatuen mina eta oinazea ordaindu nahi ditugu, nahiz eta berandu etorri, duintasuna aitortu nahi diegu". Jarraian, Andoni Lekuonak hartu zuen hitza, senideen izenean: "Gerra garaiko fusilatu haiek izan zirelako gara; haiek nolako, gu halako. Eta euskaldunak gara. Bidezkoa da publikoki omentzea, ezin dugu haien izaera eta nortasuna ahazten utzi". Ondoren, Boni Urkizu Oiartzungo bikarioak hitz egin zuen: "Elizak gai honekin ez du garbi jokatu, eta, batez ere, Oiartzungo elizak eta apaizek egindako huts egiteengatik barkamena eskatu nahi dut nire izenean" eta fusilatutako 21 oiartzuarren alde otoitz egin zuen. Agur jaunak kantatuz amaitu zuten ekitaldia, eta 36ko gerran fusilatutakoen eta desagertutakoen berri ematen zuten esku-orriak banatu zituzten bildutakoen artean.[31]
Oiartzungo Udalaren mozioa
2009ko urtarrilaren 20an mozioa aurkeztu zuen Kattin-txiki taldeak Oiartzungo Udalean. Bertan altxamendu faxistaren ondorioz milaka oiartzuarrek pairatutako egoera latzak gogorarazi zituzten, bereziki fusilatu eta desagerraraziak izan zirenenak, horien artean Felix Goia. Oiartzuarrei dei egin zieten, bereziki altxamendua bizi izan zutenei, desagertuen inguruan izan dezaketen informazioaren berri emateko Udalari. Desagerrarazitakoen zerrenda Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailari bidali zion Oiartzungo Udalak eta pertsona horiei gertatutakoa ikertzeko eskatu.[32]
Familiaren omenaldia Eulaten
2011ko urriaren 23an[30] Felix Goia eta Martina Ruiz de Galarretari omenaldi publikoa egin zien familiak Eulaten, haiek eraikitako etxearen aldamenean, Felix Goia desagerrarazi zutenetik 75 urte betetzean.[33] 100 lagun inguru bildu ziren, familia eta lagun artean.[33] Haien ondorengoak diren goiatar gazteek txistuz, txalapartaz eta dantzaz egin zieten agurra, eta Andoni Lekuona oiartzuarrak bertsoak kantatu zituen.[30] Peio Iraizoz harginak zizelkatutako oroitarri bat jarri zuten,[30] gertatutakoa ahaztu ez dadin, etxearen aldameneko lur sail publikoan, Eulateko Udalaren baimenarekin.[33]
« | “Aitona erail eta desagerrarazi egin zuten, eta gure familiako inork, ez bere emaztea Martinak, ez bere seme-alabek, ezta beste inork artean ezin izan genion adio ekitaldirik eskaini, eta dolurik egin. Leku fisikoren bat behar genuen lore-xortaren bat jartzeko"[33] | » |
—Luken Goia Eskudero, Felix Goiaren biloba |
Omenaldian Andoaingo Zatarain familia ere hartu zuten gogoan. 1936an Felix Goia Iruran atxilotu eta Tolosako kartzelara eraman ondoren, Martina Ruiz de Galarreta eta beren sei seme-alabak bi astez babestu eta elikatu baitzituzten zataraindarrek Andoaingo Txitibar baserrian. Hori egitean arrisku handia hartu zuten, gerrako borroka fronteak Andoainen bertan baitzeuden: Belkoainen eta Buruntzan, eta "errepublikazaleen kolaboratzaile izatea" bezalako salaketa bat nahikoa izaten baitzen espetxea edo heriotza pairatzeko.[19]
Felix Goia eta Martina Ruiz de Galarretari gertatutakoa jasotzen duen "Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira" liburuxka argitaratu zuen familiak.[34]
Ameskoako udalen omenaldia
2012ko irailaren 22an Ameskoako lau udalek (Ameskoabarrena, Aranaratxe, Eulate eta Larragoa) omenaldia eskaini zieten 1936ko kolpe militarraren ondoren ibarrean eraildako eta errepresaliatuei.[35][36]
1936ko irailaren 7an Balbino Bados García, Balbino García de Albizu Usarbarrena eta Gregorio García Larrambere jaurti zituzten Urbasako leizearen ondoan hasi zuten ekitaldia. Lau udalen izenean hartu zuen hitza Eulateko alkateak, Iñaki Ruiz de Larramendik: "haien gorpuzkiek hemen jarraitzen dute, leizearen sakonean, bizitza kentzeaz gain haien memoria ezabatu nahi zutela frogatuz". Eraildakoen omenez Izaskun Anduezak txistuarekin jo zuen Pablo Solozabalen Gernika.[35]
Jarraian Diego Urrak, Ameskoabarrenako alkateak, hartu zuen hitza lau udalen izenean, eskatuz ez daitezela errepikatu "eragindako izua eta isiltasun lotsagarria". Iragarri zuen hurrengo pausoa Conociendo el pasado amescoano bildumako hurrengo liburukian gertatutakoa jasotzea izango zela. Bilduma horren koordinatzailea, eta eraildako baten biloba den Balbino García de Albizu historialariak hartu zuen hitza ondoren, eta nabarmendu zuen borreroetako "inor ez dutela epaitu, ezta kartzelan sartu ere, inork ez duela damurik agertu, ezta barkamenik eskatu ere". Flor Gaviria Larraonako alkateak hasi zuen lore eskaintzarekin, eta Carlos Urriza eta Pablo Arrastiak eskainitako Riegoren ereserkiarekin amaitu zen leizeko ekitaldia.[35]
Gauean Eulateko udaletxean jarraitu zuen omenaldiak. Bertan, Alfonso Ulibarri Aranatxeko alkateak onartutako mozioa irakurri zuen. Errepresaliatuen omenez Eulateko eta Ameskoabarrenako udaletxeetan jartzeko bi oroitarri ere banatu zituzten: bat Javier Olaizolak harrian landua, eta bestea Bittor Axpek zurez egina.[35]
Eskela-dei berezia
2016ko azaroaren 15ean, desagerrarazi zutela 80 urte betetzean, eskela-dei berezia argitaratu zuen familiak Berrian, Garan eta Noticias taldeko Nafarroako eta Gipuzkoako edizioetan. Eskela ez zen agertu Diario Vascon, gestioak egin zituen Felix Goiaren bilobak salatu zuenez ez ziotelako onartu, ez eskelen atalean, ezta iragarki bezala ere.[5]
Felix Goiaren kasua publiko egin, eta argibideren bat eman zezaketen pertsonei mezua zabaltzeaz gain, salaketa bat egin nahi izan zuten: 80 urte igaro ondoren erakunde publikoek oraindik ez dutela dagokien ardura hartu.[33]
« | “Desagerrarazi zutenetik 80 urte bete dira, eta oraindik ez dago ez Administraziorik, ez Erakunde Publikorik, ez Gobernurik familiari aurkitzen lagunduko dion inolako argibiderik eman dionik”[33] | » |
—Luken Goia Eskudero, Felix Goiaren biloba |
Mintzan ahoz gora. Oroiteria
2017an Berriak argitaratutako "Mintzan ahoz gora. Oroiteria" diskoaren liburuxkan 2016ko azaroaren 15ean euskarazko egunkarian argitaratutako eskela-deia jaso zuten.[37] Diskoan Espainiako Gerra Zibileko euskarazko hamahiru kanta bildu zituzten, a cappella kantatuta, eta baita Harkaitz Canoren Oroimenaren fruitu poema ere.[38]
Erreferentziak
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 3 or..
- Errazkin Agirrezabala, Mikel. (2008). 1936ko gerrako oroitzapenak : Tolosaldean eta Leitzaldean. Tolosa: Galtzaundi Euskara Taldea, 67 or. ISBN 978-84-612-7406-2..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 6 or..
- Félix Goya Urbieta. Tolosa oroimena - Giza eskubideen urraketak Tolosan eta tolosarren aurka.
- Zubiria Kamino, Pello. (2016). «Felix Goia Urbieta bigarrengoz desagerraraziko 80 urte beranduago?» Argia 2016-11-15 (Noiz kontsultatua: 2023-09-19).
- Labandibar, Goiatz. (2006). «36ko gerran fusilatutako 21 oiartzuarrei omenaldia egin diete» Oarsoaldeko Hitza: 3..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 5 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 7 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 8 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 9 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 9-12 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 13 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 14 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 16 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 18 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 19 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 19-22 or..
- «Txitibar taberna-jatetxea itxi egin dute» Aiurri.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- «36ko Gerrako pasadizoa Andoaingo Txitibar baserriaren inguruan -» Aiurri.eus 2012-03-23 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 23 or..
- «Gure baserriak» ondarea.hernani.eus (Hernaniko Udala) (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 24 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 25 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 25-26 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 26-27 or..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 32 or..
- (Gaztelaniaz) Aizpuru, Mikel; Apaolaza, Urko; Gómez, Jesús Mari; Odriozola, Jon. (2007). El otoño de 1935 en Gipuzkoa - Los fusilamientos de Hernani. Alberdania, 159-162 or. ISBN 978-84-96643-68-0..
- Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira. Eulate: Felix Goya Urbieta eta Martina Ruiz de Galarreta Garcíaren bilobak (argitaratze data: 2011-10-16), 27 or..
- (Gaztelaniaz) Aizpuru, Mikel; Apaolaza, Urko; Gómez, Jesús Mari; Odriozola, Jon. (2007). El otoño de 1935 en Gipuzkoa - Los fusilamientos de Hernani. Alberdania, 174-176 or. ISBN 978-84-96643-68-0..
- «Felix Goia omendu zuten goiatarrek, 1936an frankistek fusilatua» Kronika.eus 2011-10-25 (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
- Labandibar, Goiatz. (2006). «36ko gerran fusilatutako 21 oiartzuarrei omenaldia egin diete» Oarsoaldeko Hitza: 2..
- Isiltzen ez den isiltasuna - Lurpetik berreskuratutako memoria. Oiartzungo Udala, 185-186 or. ISBN 978-84-88917-26-3..
- Lasarte-Oria 1936-48 - Testigantzak - Genozidio ezkutu baten isladak. .
- «Goiatarren bat bazen, Nafarroatik etorria» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
- (Gaztelaniaz) González, Maite. (2012). «Reparación frente a olvido en Améscoa» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
- (Gaztelaniaz) «Homenaje a los seis fusilados de Améscoa» Diario de Navarra 2012-05-12 (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
- «Ganbaratik - Ahoz Gora | Oroiteria» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
- Gurrutxaga Uranga, Amagoia. (2017). «AHOPEKOAK, BOZ GORA» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
Kanpo estekak
- [PDF] Familiak argitaratutako "Izan zirelako bagara, bagarelako izanen dira" liburua
- [BIDEOA] Luken Goia, 29.222 egun desagertuta daramatzan Felix Goiaren bilobaren testigantza (Naiz, 2016-11-17)
- (Gaztelaniaz) [BIDEOA] Familiaren testigantzak ETBn: "29.220 días desde la forzada desaparición de Félix Goya"
- (Gaztelaniaz) Garan argitaratutako eskela
- [BIDEOA] Unai Agirre Goia bertsolariak Martina Ruiz de Galarreta amonari jarritako bertsoak