Federico García Lorca

Federico García Lorca (Fuente Vaqueros, Granada, Espainia, 1898ko ekainaren 5aVíznar eta Alfacarren artean, Granada, Espainia, 1936ko abuztuaren 18a) poeta, narratzailea eta antzerkigilea izan zen. 27ko Belaunaldiaren kide ezagunenetariko bat da, eta XX. mendean gaztelaniazko literaturak izan duen idazlerik garrantzitsuenen artean dago. Bere antzerkiek fama handia dute eta Ramón María del Valle-Inclán eta Buero Vallejorekin batera mendeko hoberenak direla esan ohi da. Espainiako Gerra Zibilean fusilatu zuten Fronte Popularreko kidea eta homosexuala izateagatik.[1][2]

Federico García Lorca

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFederico del Sagrado Corazón de Jesús García Lorca
JaiotzaFuente Vaqueros, 1898ko ekainaren 5a
Herrialdea Espainia
BizilekuaGranada
Residencia de Estudiantes (en) Itzuli
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaVíznar, 1936ko abuztuaren 19a (38 urte)
Hobiratze lekuaezezaguna
Heriotza moduaExekuzio estrajudiziala: bala zauria
Familia
AitaFederico García Rodríguez
AmaVicenta Lorca Romero
Bikotekidea(k)
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaGranadako Unibertsitatea
Facultad de Filosofía y Letras (Universidad de Granada) (en) Itzuli
(1915 - : literatura zientzia
Hizkuntzakgaztelania
esloveniera
Irakaslea(k)Martín Domínguez Berrueta (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakantzerki zuzendaria, kanta-idazlea, antzerkigilea eta poeta
Lan nabarmenak
Mugimendua27ko Belaunaldia
Genero artistikoaantzerkia
olerkigintza
artea
Musika instrumentuapianoa

IMDB: nm0305030 Allocine: 37685 Allmovie: p317966 IBDB: 5514
Musicbrainz: 3e2efdb0-cd07-40e2-a39f-277c670e1d72 Discogs: 649970 IMSLP: Category:García_Lorca,_Federico Find a Grave: 7014632 Edit the value on Wikidata

Bizitza

Fuente Vaqueroseko udalerrian (Granadako probintzia) jaio zen 1898ko ekainaren 5ean, egoera ekonomiko oneko familia batean. Federico del Sagrado Corazón de Jesús García Lorca izena jarri zioten bataiatzean.

Aita Federico Garcia Rodriguez lurjabe aberatsa izan zen, eta ama, berriz, irakaslea, semea literaturazaletuko zuena.

Txiki-txikitatik, Federicok herri-kantak ikasteko trebezia handia zuela erakutsi zuen, eta jolas gisa elizkizunak antzezteko ohitura omen zuen. Ikasketetan ez zen beti ondo ibili. Rodríguez Espinosa maisuaren gidaritzapean jarri zuten Almerian, 1906tik 1909ra bitartean, familia hara bizitzera joan zenean.

Granadara itzuli zenean, Batxilergoan hasi zen eta Victor Hugo eta Cervantesen obra irakurri zuen etxean. Granadako Zuzenbide Fakultatea utzi eta gero Madrilgo ikasle egoitza batean jarri zen bizitzen 1918 eta 1928 artean. Gero, Granadako Unibertsitatean abokatu ikasketak egin zituen, nahiz eta lan horretan inoiz ere ez aritu, bere bokazioa literatura baitzen. Amaz gainera, Fernando de los Ríosek sustatu zuen Federicoren poesiarako zaletasuna, aurretik pianoa jotzen baitzuen batik bat.

1917an, José Zorrillari buruz idatzi zuen, bere lehen artikulua izan zena.

Poetaren idazteko eta pentsatzeko eran hauek izan zuten eragina, besteak beste: Lope de Vega, Juan Ramón Jiménez, Antonio Machado, Manuel Machado...

Gaztaroa eta lehen obrak

1918an, lehen liburua argitaratu zuen, aitak ordainduko zion Impresiones y Paisajes.

1920an, El maleficio de la mariposa antzezlana estreinatu zuen eta, 1921ean, Libro de poemas; 1923an, La niña que riega la Albahaca y el príncipe preguntón txotxongilo-komedia egin zuen eta, 1927an, berriz, pintura erakustaldia egin zuen Bartzelonan.

Garai honetan, beste poeta eta sortzaile gazte batzuekin hartu-eman ugari izan zuen: Jorge Guillén, Pedro Salinas, Gerardo Diego, Dámaso Alonso, Rafael Alberti eta batez ere, Luis Buñuel eta Salvador Dalí. Geroago Oda a Salvador Dalí idatziko zuen honen omenez. Dalik, bere aldetik, Mariana Pineda Federicoren lehen dramari dekoratuak egin zizkion.

1928an, Gallo aldizkari literarioa argitaratu zuen, bi ale besterik atera ez bazituen ere.

1929an, New Yorkera joan zen. Ordurako, Canciones (1927) eta Primer romancero gitano (1928) argitaratuta zeuden.

Bizitza ikasle-egoitzan

1919ko udaberrian, "El Rinconcillo"ko bere hainbat lagun Madrilera joan ziren bizitzera, eta Lorcak, Fernando de los Riosek bere gurasoak konbentzitzeko eman zion laguntzari esker, ere berdina egin zuen.

Ikasle-egoitza gazte intelektualez beteta zegoen, Lorcaren formazioan eragin handia izango zuena. Modu honetara, 1919 eta 1926 urte bitartean, Espainiako idazle eta intelektual garrantzitsuenekin erlazionatu zen; hala nola, Luis Buñuel, Rafael Alberti edo Salvador Dalí.

1919-1921 bitartean Libro de poemas argitaratu, bere lehen Suites konposatu zituen, El maleficio de la mariposa estreinatu zuen eta beste antzerki obra batzuk garatu zituen. Etapa honetan ere, berriro Fernando de los Riosen laguntzaz baliatuta, Juan Ramón Jiménez ezagutzeko aukera izan zuen, geroago bere poesiaren ikuspegian eragina izan eta lagun handia izango zuena.

1921eko maiatzean, Lorca Granadara itzuli zen eta bertan Manuel de Falla ezagutu zuen, hirian bizi zena. Garatu zuten laguntasunak elkarrekin proiektu musikalak egitera eraman zituen. Urte hartan bertan, Lorcak Poema del cante jondo idatzi zuen, hamar urte beranduago argitaratu zen lana.

27ko belaunaldia

Terminoa 1927ko abendutik dator, poeta espainiar asko Sevillan bildu zirenean Luis de Góngoraren heriotzaren 300. urteurrena gogoratzeko ospatu zen ekitaldi batean. Ekitaldian Jorge Guillén, Pedro Salinas, Rafael Alberti,Dámaso Alonso, Gerardo Diego, Luis Cernuda, Vicente Aleixandre, Manuel Altolaguirre eta Emilio Prados bezalako idazleak egon ziren. Termino hau asko eztabaidatu da denboran zehar, baina gehien erabiltzen dena da.

Talde hau poesia tradizionala dibulgatzeagatik da ezaguna, banguardia mugimenduen bidez.; gai antzekoak tratatzeagatik (heriotza era tragikora, maitasuna bizitzari zentzua emango liokeen indar gisa, pobrezia eta injustizia bezalako kezka sozialak...).

Lorcari dagokionez, esan daiteke 1924-1927 urteetan iritsi zela bere heldutasunera poeta gisa.

Hala ere, garai hontan bizi izan zuen, bere hitzetan, "nire bizitzako krisi sakonenetako bat", nahiz eta urte haietan argitaratu zituen obrak (Canciones eta Primer romancero gitano) gaur egun ere oso famatuak diren. Krisi hau bere bizitzan eman ziren hainbat gertakaritatik dator. Alde batetik Romancero gitanoren arrakastarekin, egilea kostumbrista gisa, ijitoen babeslea eta folklore andaluzari lotuta ikusten hasi zen jendea. Jorge Guilleni horrela idatzi zion: "Zertxobait gogaitzen nau nire ijitoen mitoak. Ijitoak gai bat dira. Besterik ez. Ni josteko orratzen zein paisaia hidraulikoen poeta izan nintekeen. Gainera, ijitoen gaiak inkultura ikutu bat ematen dit, edukazio falta eta poeta basati kutsua; baina zuk badakizu ondotxo ni ez naizela horrelakoa. Ez dut etiketa bat jartzea nahi. Kateak jartzen ari zaizkidala sentitzen dut". Eta beste alde batetik, Emilio Aladrenengandik banatu zen, berarekin erlazio afektibo sendoa izan zuen eskultorea. Gainera, krisi hau sakondu egin zen Dali eta Luis Buñuelen Romancero Gitanoren inguruko kritika gogorrak jaso zituenean. Horrek gorabeheran, Lorcak lanean jarraitu zuen proiektu berriak hasi eta amaitzen. Horren adibide dira Gallo aldizkaria (bi zenbaki argitaratu ziren soilik) edo Amor de don Perlimplín con Belisa en su jardín (1929an estreinatzen saiatu arren Primo de Riveraren Diktaduraren zentsurak debekatu egin zuen).

New Yorkeko bidaia

Bidaia honetatik eta bertako egonalditik jaio zen Poeta en Nueva York liburua. 1930ean, La Habanara joan zen eta bertan erruz idatzi zuen. Así que pasen cinco años eta El público izan ziren garai hartako idatzietako batzuk.

Urte hartan, Espainiara itzuli zenean, Madrilen jakin zuen bere La zapatera prodigiosa eszenaratzen ari zirela.

Bigarren Errepublika eta La Barraca

Espainian II. Errepublika ezarri zenean, Fernando de los Rios egin zuten Hezkuntza Publikoko ministro. Diru laguntza ofizialek babestuta, Lorcak La Barraca teatro konpainia publikoko zuzendarikide izendatu zuten, eta Urrezko Mendea izenez ezaguna den garaiko antzezlanak ekoitzi, egokitu eta zuzendu zituen.

Garai hartan idatzi zituen Bodas de sangre, Yerma eta Doña Rosita la soltera.

1933an, Argentinara joan zen Lola Membrives teatro konpainiarekin hainbat obra sustatzeko eta hitzaldiak emateko. Arrakasta handia izan zuen, eta Lope de Vegaren La dama boba da horren adibide, 60.000 ikusle izan baitzituen.

Hemendik 1936 arte, Diván de Tamarit eta Llanto por Ignacio Sánchez Mejías idatzi zituen, baita La casa de Bernarda Alba ere. Espainiako Gerra Zibila hastean, La destrucción de Sodoma ari zen lantzen.

La casa de Bernarda Alba

Gerra zibila eta hilketa

Errepublika garaian funtzionarioa izan zenez, Kolonbia eta Mexikoko enbaxadoreek beren herrietara atzerriratzea eskaini zioten poetaren bizitza arriskuan ikusirik, baina Federicok uko egin zien eskaintzei, eta Granadara joan zen uda pasatzera.

Behin, bere iritzi politikoez galde egin ziotenean, bera katoliko, komunista, anarkista, libertario, tradizionalista eta monarkiko sentitzen zela erantzun omen zuen. Ez zuen sekula inongo erakunde politikotan izenik eman, eta ez zuen inoiz, arrazoi politikoak tarteko, lagunekin ika-mikarik izan edo tratua eten. Badirudi José Antonio Primo de Rivera, Falange Españolaren sortzaile eta liderra ezagutu zuela eta horrela mintzatu zen:

« [...] Jose Antonio. Beste mutil jator bat. Ba al dakizu ostiralero berarekin afaltzen dudala? Gortinak jaitsita dituen taxi batean atera ohi gara, hari ez baitzaio komeni inork nirekin ikustea, ezta niri ere ni harekin ikus nazaten.

(Jatorriz, gaztelaniaz: [...] José Antonio. Otro buen chico. ¿Sabes que todos los viernes ceno con él? Solemos salir juntos en un taxi con las cortinillas bajadas, porque ni a él le conviene que le vean conmigo ni a mí me conviene que me vean con él)

 »

Madrilgo El Sol-en honela hitz egin zuen:

« Ni espainol osoa nauzu, eta ezingo nuke nire muga geografikoetatik kanpora bizi; baina gorroto dut espainiar izate hutsagatik espainiar den pertsona, denen anaia naiz eta higuina diot ideia nazionalista, abstraktu bategatik sakrifikatzen denari, aberria maite duelako soilik, begietan benda duela. Hurbilago daukat txinatar zintzoa espainiar gaiztoa baino. Espainiari kantatzen diot eta hezur-mamietaraino sentitzen dut, baina hori baino lehen naiz gizon mundutarra eta denen anaia. Jakina, ez dut muga politikoan sinesten.

(Jatorriz gaztelaniaz: Yo soy español integral y me sería imposible vivir fuera de mis límites geográficos; pero odio al que es español por ser español nada más, yo soy hermano de todos y execro al hombre que se sacrifica por una idea nacionalista, abstracta, por el sólo hecho de que ama a su patria con una venda en los ojos. El chino bueno está más cerca de mí que el español malo. Canto a España y la siento hasta la médula, pero antes que esto soy hombre del mundo y hermano de todos. Desde luego no creo en la frontera política.)

 »

Salaketa anonimo baten ondoren, 1936ko abuztuaren 16an atxilo hartu zuten Luis Rosales poeta eta lagunaren etxean; berehala askatuko zutela esan zioten si no existía denuncia en su contra (ez bazen haren aurkako salaketarik).

Granadako gobernadore José Valdés Guzmánek eman zuen hiltzeko agindua; poeta atxilotzeko agindua ere berak emana zion Ramón Ruiz Alonso CEDAko diputatu ohiari.

Azken ikerketen arabera, 1936ko abuztuaren 19an fusilatu zuten, Víznar eta Alfacar udalerrien arteko bidean. Gorpua hilobi anonimo batean egon da orain gutxi arte. Asko omen ziren exekuzio haren arrazoiak: Romancero Gitano idatzi zuena errepublikazalea (ez oso militantea, hala ere) eta homosexuala zen, garai hartan barkaezinezko bekatuak. Ziurrenik, lursail kontuak ere tarteko zeuden, zeren hango jauntxo kontserbadoreek amorrua baitzioten Garcia Lorcaren aitari, kazike progresista zelako.

Hona hemen H. G. Wellsek Granadako agintaritza militarrari bidalitako despatxua:

« Wells Londresko Pen Clubeko presidenteak gogo biziz jaso nahi du Federico Garcia Lorca lankide agurgarriaren berri, eta biziro eskertuko du erantzun baten adeitasuna.

(Jatorriz, gaztelaniaz: H. G. Wells, presidente Pen Club de Londres, desea con ansiedad noticias de su distinguido colega Federico García Lorca, y apreciará grandemente la cortesía de una respuesta. )

 »

Eta hau izan zen erantzuna:

« Granadako koronel gobernadoreak H. G Wellsi.-Ez dakit non den D. Federico García Lorca.-Sinatua: Espinosa koronela.

(Jatorriz, gaztelaniaz: Coronel gobernador de Granada a H. G. Wells.—Ignoro lugar hállase D. Federico García Lorca.—Firmado: Coronel Espinosa.H. G.)

 »

Hil ondoren argitaratu ziren Primeras canciones eta Amor de Don Perlimplín con Belisa en su jardín.

Poesia lana

Garcia Lorcaren literatur produkzioak, poesiakoak eta antzerkikoak, hamabost urte hartzen ditu. Batzuetan, idazketa bukatu zeneko data eta argitalpen data, edo lehen emanaldiarena, antzerkiaren kasuan, ez datoz bat. Bere bigarren poesia liburua, adibidez, Canciones ("Abestiak"), 1924an amaitua, 1927an argitaratu zen, eta lehenengoa, Primeras canciones ("Lehen abestiak"), 1922an amaitua, 1936an argitaratu zen. Primer romancero gitano (1928, "Ijitoen lehen erromantzeak", 1923-1927 bitartean idatzia), ospe handia eman ziona, Romancero gitano (1929) bihurtu zen bigarren argitalpenean. Zenbakia kenduta erromantze bilduma jarraitzeko eta arrakastaren bidean tematzeko tentazioa ezabatu zuen. Handik gutxira guztiz poesia molde desberdina erabili zuen, Poeta en Nueva York, hil ondoren, 1940an, argitaratutako poemetan, baina 1931n ezagutaraziak zituen irakurraldi publiko batean. Urte horretan bertan Poema del tanto jondo argitaratu zuen ("Cante jondoaren poema", 1921-1922), "abestien" garaiko testuak jasota. Erromantzeetan bezala, poesia bilduma horretan, batasun handikoa gaietan eta forman, andaluziar mundua, heriotzaren itzalpean beti, misterio eta mito bihurtuz berregiten da Andaluziako kantutegia. Heriotza da Llanto por la muerte de Ignacio Sanchez Mejias (1935) elegian ere gai nagusia. Errepublikaren garaian haren literatur jarduera antzerkira bideratu zen, eta poesia alde batera utzi zuela eman zuen, baina urrundu bazen ere, ez zuen erabat utzi; aitzitik, Garcia Lorca, irakurleen erabateko onarpena zuten forma poetiko haiekin ase gabe, gai eta adierazpide berriak bilatzen aritu zen. Poeta en Nueva York da bilaketa horren eta aurreko poesiak erabat betetzen ez zuela erakusten duen adibide adierazgarriena. Hizkuntza poetiko berria erabiltzea, bertso tradizionalaren ordez hoskidetasun eta neurri jakin eta zehatzik gabekoa erabiltzea, eta surrealismoaren irudimenaren asimilazio pertsonala eta berritzailea dira, hain zuzen, metropoli modernoaren injustizia soziala eta alienazioa bere gordintasunean aurkezten dituen liburu horren ezaugarri nagusiak. Bilaketak aurrera jarraitu zuen hurrengo urteetan, gauzatu ezin izan zituen proiektuekin, eta beste bi liburutarako poemekin: Diván del Tamarit (1940, Tamariten dibana), arabiar jatorriko forma poetikoak berreginez, eta Sonetos del amor oscuro (1984, "Amodio ilunaren sonetoak"), poesia ameslaria eta kontzeptuala, barne mundu estugarri ilunak adierazten dituena.

Antzerki lana

Bere literatur karreraren hasieratik, Garcia Lorcak antzerkirako zaletasun handia erakutsi zuen. Azkeneko urteetan zaletasun horrek menderatu zuen bere sormen lan guztia. 1936an, hil zuten urtean, honela azaldu zuen bere grina hori : "Nik irrika bizia dut hesteekin komunikatzeko. Horregatik antzerkiaren atean jo nuen eta antzerkiari eskaini diot neure sentiberatasun osoa".

Garcia Lorearen antzezlan bihotz-hunkigarrien gai nagusia maitasun ezinezkoa izan zen —nahiaren eta errealitatearen arteko aurkakotasuna— eta hiru joera desberdinetan banatu zen: fartsak eta herri tradizioa, batetik, tragedia andaluziarrak, bestetik, eta drama berritzailea, azkenik. Lehenengo taldetik aipagarriak dira Los titeres de Cachiporra o Tragicomedia de don Cristobal (1923, "Txotxongiloak edo don Cristobalen tragikomedia", 1937an lehen aldiz jokatua) eta Retablillo de don Cristobal ("Don Cristobalen antzeztoki txikia", 1934an, Buenos Airesen, lehen aldiz jokatua), txotxongilorako idatziak biak, Amor de don Perlimplín con Belisa en su jardín ("Don Perlimplinek Belisarekin duen maitasuna, haren lorategian", 1933an lehen aldiz jokatua) eta La zapatera prodigiosa (1930, "Zapatari miragarria"). Antzerki tragikoa Mariana Pineda heroi historikoari buruzko lan batekin hasi zuen. Mariana Pineda 1927an jokatu zen lehen aldiz, Salvador Daliren eszenografiarekin.

Gero, haren antzerki produkzioko lan arrakastatsuenak egin zituen, Bodas de sangre (1933, "Odol ezteiak"), Yerma (1934, "Antzua") eta La casa de Bernarda Alba ("Bernarda Albaren etxea", 1945ean lehen aldiz jokatua Buenos Airesen), eta, azkenik, Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores (1935, "Rosita mutxurdina edo loreen mintzaira"), aurrekoekin antzik baduena baina sentimen tragikorik gabea. Hirugarren taldean, berriz, bi obra nagusi daude, Asi que pasen cinco años (1930, "Bost urte igaro orduko", 1938an argitaratua) eta El publico (1933, "Ikusleak").

Azkeneko lan hori 1933an amaitu zuen baina galduta egon zen, 1976an lagun batek aurkitu zuen arte. Obra horiek, kritikari batek "kriptodramak" deituak, sustrai surrealista duten sinboloz eta irudiz osatutako antzerki hermetikoa dira, eta poesian Poeta en Nueva Yorkek ekarri zuen aldaketaren parekoa eragin zuten antzerkian. Izan ere, obra horiek idazleak bere abangoardiazko bidean iritsi zuen punturik aurreratuena dira. Bestalde, antzerki lanen talde horretan gehitu beharko lirateke hitz lauzko zenbait elkarrizketa labur, 1927rako amaituak: EI paseo de Buster Keaton ("Buster Keatonen paseoa"), La doncella, el marinero y el estudiante ("Neskamea, marinela eta ikaslea") eta Quimera ("Ametsa").

Idazlan nagusien zerrenda

Olerkiak

  • Impresiones y paisajes (1918)
  • Libro de poemas (1921)
  • Oda a Salvador Dali (1926)
  • Romancero gitano (1928)
  • Poeta en Nueva York (1930)
  • Poema del cante jondo (1931)
  • Llanto por Ignacio Sánchez Mejías (1935)
  • Seis poemas galegos (1935, galizieraz idatzia)
  • Divan del Tamarit (1936)
  • Sonetos del amor oscuro (1936)

Antzezlanak

  • Mariana Pineda (1927)
  • La zapatera prodigiosa (1930)
  • Retablillo de Don Cristóbal
  • El público (1930)
  • Así que pasen cinco años (1930)
  • Amor de don Perlimplín con Belisa en su jardín (1933)
  • Bodas de sangre (1933)
  • Yerma (1934)
  • Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores
  • La casa de Bernarda Alba (1936)
  • Comedia sin título (bukatugabea) (1936)

Euskaratutako idazlanak[3]

    • Arrosa, El Bidasoa-678 aldizkarian. El Bidasoa, 1958. Itzultzailea: Juan Thalamas Labandibar (Pagogaña)
    • Illargia eta Eriotza, Olerti-1959 III aldizkarian. Karmel, 1959.Itzultzailea: ezezaguna
    • Itxasoko ura, Olerti-1959 III aldizkarian. Karmel, 1959.Itzultzailea: ezezaguna
    • Ezki illa, Olerti-1959 III aldizkarian. Karmel, 1959. Itzultzailea: ezezaguna
    • Zugatzak, Olerti-1959 III aldizkarian. Karmel, 1959.Itzultzailea: ezezaguna
    • Artsaldea, Olerti-1960 III aldizkarian. Karmel, 1960 .Itzultzailea: Juan San Martin (Otsalar)
    • Izarren ordua, Olerti-1960 III aldizkarian. Karmel, 1960 .Itzultzailea: Juan San Martin (Otsalar)
    • Guraria, Olerti-1961 I aldizkarian. Karmel, 1961. Itzultzailea: Santiago Onaindia
    • Ura, nora zoaz?, Arnas-5 alidzkarian. Arnas, 1961. Itzultzailea: Luis Mari Mujika
    • Neskatx baten belarri ondora, Olerti-1966 I-II aldizkarian. Karmel, 1966. Itzultzailea: Sabin Muniategi
    • Zaldikariarena, Olerti 1966 I-II aldizkarian. Karmel, 1966. Itzultzailea: Sabin Muniategi
    • Egia da, Olerti-1966 I-II aldizkarian. Karmel, 1966. Itzultzailea: Sabin Muniategi
    • Buster Keatonen paseoa (El paseo de Buster Keaton, 1928), Susa-2 aldizkarian. Susa, 1980 Itzultzailea: Iñaki Uria
    • Sei poema gailego: (Jaundone Jacueco hiriari madrigala, Onciaren ama virginagana romeria, Dendako umearen cantica, Muthil hilaren nocturnoa, Rosalia Castro hilarentzat sehaska-canta, Jaundone Jacuen ilharguiaren dança), Egan 1985-3/4-aldizkarian. Egan, 1985. Itzultzailea: Gabriel Aresti. (Akal editor-ek 1974. urtean X. Alonso Montero-ren zuzendaritzapena galegoz, gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz egin zen argitalpenetik hartua da.)
    • Eriotza argiaren Kasida, Karmel-4 aldizkarian. Karmel, 1987. Itzultzailea: Sabin Muniategi
    • Udako madrigala, Zer-36 aldizkarian. Euskerazaleak, 1989. Itzultzailea: Anjel Bidaguren.
    • Jaundone Jacueco hiriari madrigala (Madrigal a cibdá de Santiago), Senez-21. aldizkarian. EIZIE, 1999. Itzultzailea: Gabriel Aresti
    • Egunsentia, Literatura Unibertsala – Batxilergoa liburuan. EIZIE-Erein , 2000. Itzultzailea: Harkaitz Cano
    • Poeta New Yorken (Poeta en Nueva York), Erein, 2003. Itzultzailea: Juan Luis Zabala
    • Hiru poema:Eiztari, Zaldikari’ren abestija eta Agurra (itzultzailea: Lauaxeta). Ehiztaria, Zaldizkoaren abestia eta Azken agurra (itzultzailea: Bitoriano Gandiaga. Zura musika taldea, Ilargi Handi Zauri Zarae diskoan. Metak disketxea eta Potxo Argitalzuloa, 2005).
    • Espainiako Guardia Zibilaren erromantzea (Romance de la Guardia Civil), Katakrak.net wegunean. Katakrak, 2016. Itzultzailea: Hedoi Etxarte

    Erreferentziak

    1. «Fundación Federico García Lorca» www.garcia-lorca.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
    2. 1946-, Preston, Paul,. (DL 2012). El Holocausto español : odio y exterminio en la guerra civil y después. Círculo de Lectores ISBN 9788467245332. PMC 804797222. (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
    3. NdN Euskal itzulpengintzaren datu basea | EIZIE. (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.