Fania Kaplan

Fanni Jefimovna Kaplan (errusieraz: Фа́нни Ефи́мовна Капла́н, ukraineraz: Фанні Юхимівна Каплан, Fanni Jukhimovna Kaplan; Novtxi, Voliniako probintzia, Errusiar Inperioa, 1890eko otsailaren 10 Mosku, Errusia Sobietarra, 1918ko irailaren 3), litekeenez benetako izenez Feiga Khaimovna Roitblat (errusieraz: Фейга Хаимовна Ройтблат, ukraineraz: Фейга Хаїмівна Ройтблат Feiga Khajimivna Roitblat) judutar jatorriko militante eserista izan zen, Lenin hiltzen saiatzearren ospetsu egin zen.

Fania Kaplan

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakФейга Хаимовна Ройтблат
JaiotzaNovichi (en) Itzuli, 1890eko otsailaren 10a
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa
HeriotzaMosku, 1918ko irailaren 3a (28 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: execution by shooting (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
Yiddisha
Jarduerak
Jarduerakterrorista eta politikaria
InfluentziakMaria Spiridonova (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi Sozialista Iraultzailea

Hastapenak, Sukhomlinoven kontrako atentatua eta kartzelaldia

Kaplan Ukrainan, Volinian jaio zen, familia judutar batean. Bere benetako izenaren inguruan zalantzak daude, badirudi Feiga Roitblat edo Roitman zela benetako izena, eta momenturen batean Fanni Kaplan izatera aldatu zela (halere, “Dora” ezizena maiz erabiltzen zuen).[1]

Gaztetan mugimendu anarkistetan sartu zen, hala ere, laster Alderdi Eseristarekin eta bere Borroka Erakundearekin egin zuen bat. 1906an, 16 urte zituela, Kieveko gobernaria, Vladimir Sukhomlinov jenerala, bonbaz hiltzen saiatu zen. Atentatu hori prestatzen ari zela, bere gelan bonba batek zarta egin zuen eta ikusmenaren parte bat galdu zuen. Atentatuaren ostean atxilotua izan zen eta 1907an heriotz-zigorra ezarri zioten, gero bizi osorako behartutako lan-zigorraz kommutatu bazioten ere (1913an zigor hori berriz murriztu eta hogei urterako behartutako lan zigorra jarri zioten). Kartzelan jasotako torturen kausaz ikusmena galtzear egon zen, hala ere, tratamendu bati esker, berreskuratu egin zuen. Espetxe-kide militanteekin oso harreman estua izan zuen, bere kideetako bat, gerora eserista famatua izan zen Marija Spiridonova dugu (Kaplanek aitortu zuenez, harreman honek anarkismoa eserismoaz aldatzeko erabakian zerikusi handia izan zuen). Kartzelan bere buruaz beste egiten saiatu zen, bere kideen¡k salbatu zutelarik; bere kideekiko harremana oso indartsua izan zen, eta askatu ostean ere gorde zuen. 1917ko otsaileko iraultzaren ondoren emandako amnistia zela eta aske geratu zen.[1]

1917an, iraultzen artean

1917an zehar politikatik nahiko aparte ibili zen, sendatzeari ekin baitzion; Krimeako Jevpatoria balneario-herrian eta Kharkoven bizi izan zelarik. 1917-18an boltxebikeekiko zuen aurkakotasuna areagotu joan zen, bai Asanblada Konstituziogilea desegin zutelako zein Brest-Litovskeko ituna sinatu zutelako (eserista asko, errusiar nazionalismoak bustita zeudenez, itun horren kontra zeuden). 1917ko bukaeran, Krimeako Simferopol hirian zegoen, oraindik Krimeara boltxebikeen kontrola hedatu ez zelarik (1917ko fenomeno tipiko bati, disgregazio politikoari jarraituz, Krimean, bertako tatariarrek Krimeako Errepublika Nazionala aldarrikatu zuten) baina hiria Itsaso Beltzeko tropa gorriek hartu zutenean (1918ko hasieran) hiritik joan eta boltxebikeen aurkako borroka aktiboari lotzea erabaki zuen (antza denez erabaki hori 1918ko maiatzean hartu zuen, Alderdi Eseristaren Biltzar Nagusi batean parte hartzen ari zelarik).[1]

Leninen kontrako atentatua

1918ko abuztuaren 30ean, Mosku hegoaldeko “Igitaia eta Mailua” izeneko fabrikan Leninek hitzaldi bat eman behar zuela zekien Kaplanek, Novikov deitutako eserista batek esan ziolarik. Hitzaldia bukatzerakoan, Lenin lantegitik ateratzen ari zela, ikusleetako batek bere aurrean laprast egin zuen ondoriorik gabe (“laprast egin” zuen hori Kaplanen gaizkide Novikov izan zen, eta horrekin nahasmena sortu nahi zuen, baina ez zuen lortu). Lenin kotxera sartzen zihoalarik, Kaplanek izenez deitu zuen, eta hau biratu ahala, hiru aldiz egin zuen tiro, bitan asmatu zuelarik. Leninen larriki zauritua izan zen eta bere laguntzaileen erreakzio azkarrak salbatu zuen. Korrika egin zuen ihes, baina gutxira, Bolxaia Serpukhovskaia kaleko tranbia geltoki batean gelditzea eta amore ematea erabaki zuen. Ivanov deitutako langile batek atxilotu zuen, eta momentuan, Ivanovi “eseristen iradokizunez eta nire adorez egin dut egindakoa esan zuen”: Hala ere, itaunketan bertsioa aldatu zuen, hala mintzatu zen itaunketaren hasieran: “Fanni Kaplan naiz. Gaur Lenini tiro egin diot. Nire aldetik egin dut. Ez dut esango pistola nork eman didan. Ez dut xehetasunik emango. Aspaldi erabaki nuen Lenin hiltzea, iraultzari traidoretzat dudalako. Akatuira deportatua izan nintzen Kieven ofizial tsarista bat hiltzen saiatu nintzelako. Bortxazko lana egin nuen 11 urtez. Iraultzaren (otsailekoaren) ostean askatua izan nintzen. Asanblada Konstituziogilearen alde nengoen eta oraindik ere hura babesten dut”. Hori izan zen Kaplanen adierazpenik ezagunena, mitifikazioa lortu adina aipatutakoa, baina ez bakarra (eta ikusiko dugun moduan, ezta ere egia osoa. Zalantzazkoa da baita esaldi horiek hitzez hitz hala esan zituenik ere).[1]

Bere gaztetako militantzia zela eta, askotan Leninen kontrako atentatua egin zuen emakumea “anarkista” moduan deskribatua izan ohi da. Ez da zuzena, atentatua egiteko momentuan Kaplanen ideologia (Asanblada Konstituziogileari egindako erreferentziak argi erakusten duenez) “eskuineko eserista” zen (ezkerreko eseristek zein anarkistek sekula ez zuten Asanblada Konstituziogilea iraultzaren oinarri moduan babestu eta are gutxiago 1917ko urriaren ostean). Eskuineko ildoko eserista zela ondorioztatzeko beste datu bat dugu 1918ko uztailean ez zela batu bere lagun eta espetxe-kide ohi Marija Spiridonovak zuzendutako ezkerreko eseristen Estatu-kolpera (kolpe hau ez zen Asanblada Konstituziogilearen izenean egin). Gainera, galdeketak aurrera egin ahala, aurreko adierazpena ñabartu egin zuen Kaplanek; Dmitri Kurski Justiziako Herri-Komisarioari esan zionez Krimeatik zetorrela, ez zuela esango bere sozialismo kontzeptua “Skoropadskiren aldekoa ote zen” ala ez (Skoropadski Ukrainako agintaria zen orduan), baina geroago “Ukrainako gobernua ez dut atsegin” esan zuen, eta “Samarako edo Arkhangelskeko Gobernu eseristekin (bietan eserista zuriak zeuden boterean) lotuta ote nagoen ala ez, ere ez dut esango”. Hala ere geroago, Jakov Peters interrogatzaileari, Viktor Txernov politikariarekiko eta “Samarako Gobernuarekiko” (esseristen peko gobernu zuri bat, Txernovek zuzendutakoa) aldekotasuna deklaratu zuen Kaplanek, “Alemaniaren kontrako aliantzaren aldekoak dira eta”. Datu hauei gehitu behar zaie, atentatua egin ostean “bakarrik” egin zuela “aitortu” bazuen ere, hori ez zela egia, Grigori Semionov militante eseristaren atentatu-zelula bateko kide baitzen Kaplan. Semionovek 1922an bere aurkako epaiketan (beste hainbat eskuineko eseristekin batera epaitu zuten) esan zuen moduan, 1918ko martxoan berriz ere Alderdi Eseristaren Borroka Erakundea birsortzea erabaki zuen (baina kasu honetan boltxebikeen kontra eta kontrairaultzaren alde); eta ekainean Volodarski hiltzea lortu zuten. Orduan Trotski hil nahi zuten “baina honek asko bidaiatzen zuenez, hiritik frontera eta fronte batetik bestera, jomuga aldatu egin genuen”. Semionoven arabera, Leninen kontrako atentatua abuztuaren 16rako prestatu zuten, baina huts egin zuten, Kaplanena kasu horretako bigarren saiakera zelarik. Semionovek zioenez, eskuineko eseristen zuzendaritzaren Moskurako ordezkari Abram Gotsen aldekotasuna zuen bere taldeak, eta atentatu honi buruz, konkretuki, Semionoven arabera Gotsek bazekien atentatu hori gertatuko zela, baina “ez zuen ez bultzatu ez deitoratu” (Samaran zegoen eskuineko eseristen zuzendaritzak atentatu honen berri ote zekienik ez dago garbi). Beraz, ikusten dugun moduan, ez zen egia Kaplanek esan zuena, “atentatua bere kabuz egin zuela”. Bestalde, 1924an Boris Savinkov agente eserista kontrairaultzaileak, bere kontrako epaiketan, Kaplanek Lenini tiro egiteko erabili zuen pistola berak eman ziola esan zuen, baina Richard Pipes historiagilearen arabera, hau ez da egia. Kaplanek Dmitri Kurski galdetzaileari esan zionez “ez dut Savinkoven antolakundearekin batere harremanik”.[2]

Atentatuaten ondorena eta testuingurua

Kaplanek Lenini tiro egin zion egun berean, Leonid Kannegisser enesistak Moisei Uritski boltxebikea tiroz erail zuen. Uritski goizez hil zuen Kannegisserrek, eta harrigarria bada ere, egun horretan boltxebikeek ez zuten aparteko segurtasun neurririk hartu. Hala ere, bi atentatuen ostean, boltxebikeek neurriak gogortu zituzten eta herriari "proletalgoaren etsaiak zanpatzeko" deia egin zieten, historiagile gehienen arabera hau izan zen Izu Gorriaren hasiera.[1]

Lenin bizkor-bizkor eraman behar izan zuten Kremlinera, han konorte galdu zuelarik eta han bertan artatu zutelarik. Egun batzuk politikatik at eman behar zituen. Balek sortutako zauriek, bere osasunari kalte handia egin zioten, behar baino azkarrago, 1924an, hiltzea probokatu zutelarik.[1]

Zurrumurruak eta teoria faltsuak

Kaplan Moskuko Kremlineko Aleksandr Zelaian 1918ko irailaren 3an izan zen exekutatua.Kaplanen inguruan espekulazio historikoa handia izan zen. Batzuen arabera, bera ez zen izan kale egindako hiltzailea, bere itsutasun arazoak zirela eta, ezin izan omen baitzuen halako atentatu bat egin. Beste batzuen arabera, ez zen exekutatua izan, eta kartzela batetara bidali zuten –hainbat “lekuko” izan ziren kartzelan Kaplanekin egon zirela ziotenak-. Egun, bai bata zein bestea gezurtatutako hipotesiak dira).[1]

Erreferentziak

  1. «Kaplan, Fania» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
  2. «Kaplan, Fania» http://k17.eus/2017/12/19/kaplan-fania/ (Noiz kontsultatua: 2020-01-23).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.