Ferrocarriles de Vía Estrecha

Ferrocarriles de Vía Estrecha[2] edo FEVE[3] (euskaraz: «Trenbide Estuko Burdinbideak») Espainiar Estatuko zabalera estuko trenbide sareetan bidaiari eta zama-garraio zerbitzuak eskaintzen zituen enpresa publikoa izan zen. Galizia, Asturias, Kantabria, Bizkaia, Gaztela eta Leon eta Murtziako eskualdean zeuden FEVEren trenbideak, guztira 1.250 km luze zituela.

Ferrocarriles de Vía Estrecha
FEVEren 2600 serieko tren unitate bat Ablañako geltokian (Mieres)
AkronimoaFEVE
MotaEnpresa publikoa
SektoreaBurdinbideak
Sorrera1965
Desagerpena2012ko abenduaren 31
EgoitzaGeneral Rodrigo kalea, 6; 28003 Madril
 Espainia
MerkatuakCoruña, Lugo, Asturias, Kantabria, Bizkaia, León, Palentzia, Murtzia
Langileak1.968 (2005)[1]
Webguneahttp://www.feve.es
Kronologia
EFE FEVE Eusko Trenbideak
FGC
FGV
Serveis Ferroviaris de Mallorca
Renfe Operadora
ADIF
FEVEren Bilbo-Concordia geltokia, Bilbon

Enpresa 1965ean sortu zen, Espainian aurretik zeuden zabalera estuko trenbideak bere esku hartuz. Historian zehar, FEVEk bost trenbide zabalera ezberdin izan zituen aldi berean, 1.435 mm, 1.062 mm, 1.000 mm, 915 mm eta 750 mm.

2012ko abenduaren 31n enpresa desegin zen, Espainiako Gobernuaren esku zeuden trenbide ustiatzaileak bateratzeko planaren ondoren. Azpiegiturak ADIFek jaso zituen eta trenen ustiaketa Renfe Operadorak.[4]

Historia

FEVEren trena Mallorcako Inca geltokian, 1990eko martxoan
FEVEren aldiriko trena Ablañan (Mieres - Asturias)
Transkantauriar trena Lierganesen (Kantabria)
Santander - Lierganes trenbidea

Hastapenak

FEVEren trenbide sarea antzina hainbat burdinbide konpainiaren esku zeuden trenbide ezberdinen biltzearen ondoren sortu zuen Espainiako Gobernuak. Konpainien artean Euskal-Asturiar Trenbidearen Elkarte Orokorra, Asturiasko Burdinbide Ekonomikoak, Langreoko Burdinbidea, Carreñoko Burdinbidea, Kantauriar Burdinbidea, Santanderretik Bilborako Burdinbidea, La Robla trenbidea, Mallorcako Burdinbideak, Cartagena-Los Blancos trenbidea eta Ferrol-Gijon Burdinbidea daude.

FEVEren esku zegoen trenbiderik luzeena 330 kilometro ditu, eta La Robla trenbidea izenez ezaguna da. Europako trenbide estuko linearik luzeena da, eta Leongo ekialdeko mendikateak, Palentziako probintziako iparraldea, Kantabriako hegoaldea, Burgosko probintziako iparraldea eta Bizkaia zeharkatzen ditu. Hasiera batean La Robla udalerritik Balmasedaraino heltzen zen, eta Leongo eta Palentziako meategietatik ustiatzen zen ikatza Bizkaiko siderurgia industriara garraiatzeko eraiki zen. XX. mendearen hasieran Balmaseda - Lutxana tartea eta Bilborako trenbide sarrera eraiki ziren, azken hau Santanderretik Bilborako burdinbidearen ibilbidea aprobetxatuz. Matallana eta Leon arteko tartea ere garai berean eraiki zen, eta hala trenbidez lotu ziren Leon eta Bilbo. Aipatu beharra dago gaur egun Matallana - La Robla eta Irauregi - Lutxana tarteetan ez dela bidaiari zerbitzuak eskaintzen.

Kantauriar eskualdean FEVEren trenbide nagusia Ferrol eta Bilbo lotzen dituena da, Kantabria, Asturias eta Lugoko probintzia gurutzatzen dituela. Trenbide nagusi honekin bat egiten dute beste hainbat trenbide eta adar txikiagoak, zeinetan orokorrean aldiriko tren zerbitzuak eskaintzen baitiren. Trenbide txiki hauek dira, Asturiasen, Euskal-Asturiar trenbidearenak ziren Trubia - Mieres - Collanzo eta Pravia - San Esteban lineak; Langreoko trenbidearena zen Gijon - Laviana linea, eta Carreñoko eta Ferroltik Gijonerako trenbideenak ziren Gijon - Aviles - Cudillero linea. Kantabrian Lierganes eta Orejo lotzen dituen adarra dago, azken geltoki hau Bilbo - Santander linean dagoelarik. Gainera, FEVEren sare orokorra hainbat industrialde eta porturekin lotzen dituzten trenbide adarrak ere badira.

Bestalde, FEVEren esku ere bazegoen Irun eta Hendaia arteko Nazioarteko Zubia trenbide tartea, non Euskotren Trenaren Topo linea ibiltzen den. Asturias eta Kantabrian FEVEk aldirikoen zerbitzu garrantzitsua kudeatzen zuen. Murtziako Eskualdean Cartagena eta Los Nietos arteko trenbidea ere bazeukan.

FEVEk izan zuen sarearen zati handia Autonomia erkidegoei transferitu zitzaizkion, Autonomi Estatutuen ondorioz. Hala, sortutako hurrengo enpresa publikoek FEVEren sarearen zati ezberdinen jabetza eskuratu dute:

FEVEk eskaintzen zituen zerbitzuak zama garraioak, eta bidaiarientzako aldiriko eta eskualde barruko tren garraioak ziren. Bestalde, luxuzko tren turistikoak ere martxan zituen, horien artean nagusia Transkantauriarra, 1982tik funtzionatzen duena, eta Donostia eta Bilbo Ferrol eta Santiago de Compostela hiriekin lotzen dituena.

Desagerpena

2005ean konpainiak plan estrategiko bat jarri zuen martxan, Europar Batasunak agindutako trenbide sistemaren eraldaketarako araudia betetzeari begira. Trenbide sistema berrian tren ustiapenen liberalizazioa eta konpetentziari irekiera nahitaezkoa da. Planak giza baliabideen optimizazioa eta sektorekako espezializazioa nabarmentzen ditu, eta konpainiaren estaldura indizea %12tik %45era igotzeea du helburu. Gainera, diru sarrerak bilatu nahi ditu tren turistikoen bidaiari kopurua handituz, zama garraiorako trenentzako bezeroak handituz, eta aldiriko eta eskualde barruko zerbitzuen bidaiariak mantenduz.

Hala ere, Espainiako trenbide konpainien defizitak murrizteko, 2012ko uztailaren 20an 22/2012 Dekretu-Legea indarrean sartu zen, zeinaren bitartez FEVE abenduaren 31n desagertuko baitzen, bere esku zeuden azpiegiturak ADIF, eta ustiapenak Renfe Operadora enpresa publikoei pasarazita.[5] Hala, trenbide zabal eta trenbide estuen sareak enpresa beraren esku gelditu dira. Praktikan, ordea, Renfe Operadorak Renfe Feve izeneko marka komertziala sortu du, trenbide zabalera ezberdinak bereizita mantentzen direlarik.

Renfe Feveren trena La Cantábrica geltokian

Zerbitzuak

Aldiri zerbitzuak

FEVEren trafikorik gehiena bidaiarien aldirikoen garraioan zetzan, bereziki aipagarriak zirela Asturiasko sarea, linea gehien zituen nukleoa zela, eta Kantabriako sarea, trafiko gehien garraiatzen zituen nukleoa.

Coruña

Asturias

FEVEk Asturiasen sei aldirikoen linea ustiatzen zituena. Linea hauek probintziaren erdiguneko hiri eta herririk garrantzitsuenak biltzen zituzten Gijón, Oviedo eta Mieres esaterako. Industria eta meagintzaren garapenarekin batera eraiki zen aldirietako zerbitzua, Espainian gaur egun dagoen garatuenetakoa dela.

Kantabria

Bizkaiko sarea

Bizkaian FEVEk aldirietako linea bakarra ustiatzen zuen, Bilbo eta Balmaseda artekoa. Bilboko mendebaldeko auzoak zeharkatu eta Enkarterrin barrena zioan trena. Bilboko Basurtu eta Ametzolako auzoen parean hainbat hobekuntza egin ziren azken urteetan, batetik trenbidea lurperatu egin zen, eta bestetik geltoki berriak eraiki ziren, hala nola Ametzolako geltokia edo Basurtu-Ospitalea geltokia.

León eta Palentzia

Murtzia

Eskualde eta eskualde artekoa

Tren turistikoak

FEVEk luxuzko tren turistikoak ustiatzen zituen 1983ko uztailaren 30ean Transkantauriarra inauguratu zuenetik eta enpresaren desagerpena gertatu arte. Gaur egun, zerbitzu hauek Renfe Operadorak bereganatu ditu eta ustiatzen jarraitzen dute. Hurrengoak dira:

Transkantauriarra

Martxoa eta urriaren arteko hilabeteetan luxuzko tren turistiko honen zerbitzua eskaintzen zen. Astero Santiago de Compostelatik eta Leónetik abiatzen zen tren bana. Aste beteko iraupeneko ibilbidean iberiar penintsulako iparraldea gurutzatzen zen, turismoko interesguneak bisitatzen zirela. Bi mota eskaintzen ziren:

  • Klasikoa: Santiago de Compostela - Bilbo - León ibilbidea
  • Luxu Handikoa: Santiago de Compostela - Donostia ibilbidea, Euskal Trenbide Sarean sartzen zela.

Al Andalus trena

Andaluzian zehar ibiltzen zen tren turistikoa, Sevillan abiatu eta heltzen zela. Jabetza RENFE enpresarena zen arren, FEVEk kudeatzen zuen. Apirila eta ekaina, eta iraila eta azaroaren artean ibiltzen ziren, hurrengo ibilbideekin:

  • Al-Andalus ibilbidea: Udako sasoian, Madril, Gaztela eta Leon, Errioxa, Nafarroa eta Aragoi bisitatuz.
  • Iberiar ibilbidea: Madril - Zaragoza - Madril
  • Extremadurako ibilbidea: Sevilla - Zafra - Mérida - Monfrague - Madril
  • Donejakue bidea ibilbidea: León - Coruña
  • Dueroko erribera-Errioxa ardoaren ibilbidea: Zaragoza - León

La Roblako espresoa

Lau eguneko bidaiak egiten ziren, bi ibilbide ezberdinekin:

    • La Robla ibilbidea: Bilbo - León - Bilbo, La Robla trenbidearen ibilbideari jarraituz.
    • Paradisu Infinitua ibilbidea: Gijón - Bilbo - Gijón

Iparraldeko Tren Turistikoak

Egun bakarreko bidaiak egiten ziren, larunbat edo igandekoak, udaberrian eta udan eskaintzen zirela.

    • Tren Historikoa (Bilbo eta Santanderretik)
      • Bizkaia: Historiako ibilbidea eta Paduren ibilbidea
      • Kantabria: Itsaso eta Mendialdeko ibilbidea eta Soplaoko ibilbidea
    • Kantauriko Izarra (Oviedo eta Gijóntik)
      • Asturias: Biosferako ibilbidea eta Covadongako ibilbidea
    • Kosta Berdeko Trena (Leóntik)
      • León: Leongo Mendialdeko ibilbidea

Erreferentziak

  1. ABC: Feve presentará un ERE para 292 empleados, el 14,8% de su plantilla.
  2. (Gaztelaniaz) Decreto-ley 11/1965, de 23 de septiembre, por el que se reorganiza el Organismo autónomo "Explotación de Ferrocarriles por el Estado" que se denominará "Ferrocarriles de Vía Estrecha" http://www.boe.es/boe/dias/1965/09/25/pdfs/A13102-13102.pdf
  3. Euskalterm: [Laburtzapenak Hiztegia] [2009]
  4. Europa Press. «Feve defiende su integración con Renfe y Adif como la "única solución" para la empresa» (Noiz kontsultatua: 2013-04-15).
  5. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 174. Zenbakia. «uztailaren 20ko 22/2012 Lege-Dekretua» (Noiz kontsultatua: 2013-06-02).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.