FESA pabiloia
FESA pabiloia Barakaldoko Burtzeña auzoan dagoen fabrika ohia da, FESA-ERCROS enpresarena zena.
FESA pabiloia | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Barakaldo |
Koordenatuak | 43°17′10″N 2°58′22″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1909 - 1912 |
Ondarea | |
EJren ondarea | 40 |
2001eko abenduaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Deskribapena
FESA pabiloi industriala XX. mendeko 1909-1912 urte bitartean eraiki zen eta industriaren garapenaren eremuan zurez egindako eraikinen artean den eredurik sofistikatuena eta izugarriena da
FESA pabiloia zabaletara egindako solairu bakarreko fabrika-mota da, XIX. mendearen bigarren erdialdean Europa osoan zehar hedatu zen motakoa. Pabiloia nabeen bidez garatzen da; oin errektangeluarreko eraikina, bi isurialdeko estalkia, infinituraino luza daitekeena, instalatzeko erraza, handitzeko aukera ematen duena eta barruko espazioa erabat aprobetxatzeko aukera ematen duena tarteko euskarririk ez duelako. Nabea edukinontzi sinplea da, nahi besteraino luzatutako sekzioa eta argitasuna murruaren hegaletako zutabe arteko hormatalak zulatuz lortzen da edo bestela, gailurraren luzeran egindako linternatzar korritu eta klaraboia handien bidez.
Pabiloiaren oina kasik karratua da, gutxi gorabehera 73 x 81 metroko neurria du. Bata bestearen ondoan jarritako 13,5 metroko zabalera duten sei nabe berdinek osatzen dute. Nabeen orientazioa ipar-hegoaldekoa da, horrela baitago luzetara jarrita bi isurialdeko estalkian dagoen linterna. Nabe bakoitzak 14 bitarte ditu sestra sofistikatuz eta pinotea-zurezko zutabez egindakoak.
Eraikinak kanpoaldetik edukinontzi itxura du, bolumen prismatiko sinplea du inolako apaindurarik gabekoa eta nolabaiteko forma-adierazpen bakarra ipar eta hegoaldeko altxaeretan erakusten du, hor kokatzen baitira nabeen estalkien aurrealdea eta linternak. Perimetroaren eta gailurraren altuera 11,5 eta 15 da hurrenez hurren. Nabe guztiek altuera bera dute.
Iparraldeko altxaera da pabiloirako sarrera eta duen luzera guztian zehar kale bat egiten du ondoan duen beste nabe industrial bat muga delarik. Eraikinaren nabeen sekzioaren isla da. Nabe bakoitzak bere altzairu galbanizatuzko tamaina handiko ate korrigarria du. Hegoaldeko altxaera iparraldekoaren antzekoa da konposizio aldetik baina adreilu entokatuz egindako fatxada itsua da, inolako irekidurarik ez duena; nabari dira adreiluzko zutabez egindako egitura eta estalkiko laxken buruak. Ekialdeko altxaera da Kadagua ibaitik hurbilen dagoena eta harekiko paralelo dago; barrenean inolako itxidurarik ez duen fatxada laua du eta horrek aireztatze naturala izateko aukera ematen du; argi azaltzen dira nabearen 14 bitarteak eta bere zurezko pilarez egindako egitura.
Altxaerak, oro har, tolestutako altzairuzko txapaz estalita daude kolore marroiz eta zuriz eta igeltsero-lan gutxi du. Alboetan barruko sestren bermapuntuen kapitelen buruak harburu legez jarrita ikus daitezke.
Barruko aldeak zurezko zutabezko baso handia dirudi, oin zuzen exentuak adar antzera jarritako jabaloi eta txarrantxadurak dituztenak. Espazioa soila da, apaindurarik gabekoa, egituraren eskeletoa protagonista duen hutsunea. Bi isurialdeko estalkia du eta zurezko sestren gainean luzetara jarritako linterna jarraitua du.
Honako hauek osatzen dute sestra bakoitza: tirante bikoitza, pendoloia, eta estalkiko astazaldi eta habeak. Tirante bakoitza bi piezarekin eginda dago, eta izpi-formadun loturak erabiltzen dira, zeinak pernozko mihiztadura eta hiru metalezko pletina dituzten. Pendoloia luzatu egiten da gorantz eta estalkiko linterna osatzen du. Estalkiko habeak murriztu egiten dituzte bermapuntuen arteko tarteak 7 metroko luzera duten astazaldi eta jabalonen bidez, zeinak 6metroko altueratik zurezko posteetatik jaiotzen diren. Jabaloiak bata bestearen artean zurezko bi tirante pareren bidez txarrantxatzen dira.
Sestrak oin zuzenen goiko hegalak koroatzen dituzten zurezko kapitel edo zapaten gainean oin hartzen dute. Posteak benetako enborrak dira, 11metrokoak, sekzio karratuak dituzte eta hegal bakoitza ia 50 zentimetrokoa da eta bakoitza hormigoizko basamendu latz batean sartuta dago. Hormigoizko basamenduak metro bateko altuera du eta burdinazko txapaz estalita dago; txapak ez dira erregularrak eta ez daude jarrita poste guztietan.
Sestra-multzoa San Andresen gurutzeen bidez txarrantxatuta dago, bai gailurraren altueran bai 7 poste-ilaren gaineko aldean. Oro har, eraikuntza-sistema osorik eta egoera onean mantendu izan da. Hormarte bakoitzak aireko zurezko pasillo bat du sestren tiranteen gainean oin hartzen duena.
Hegoaldeko aldearen zutabeak adreiluzkoak dira (1x1 metro) eta barruko aldetik begiratuta, 4,5 metrotik behin agertzen diren matxoiak dira, harlangaitzezko zokalo gainean oin hartzen dutenak eta zementuzko morteroz erabat zarpeatuta daudenak.
Zenit-argiztapena du, hots, goitikakoa, eta honako hauen bidez lortzen da: inolako itxiturarik ez duten hegaletako baoen bidez, gailurretan kokatutako linternen bidez eta linternekiko perpendikular kokatuta dauden polikarbonato transluzidoen bidez. Zolatuak hormigoi talotxatuz egindakoak dira eta goitik beherako paramentuak tolestutako txapazkoak dira nahiz eta igeltsero-lan apurren bat ere izan. Estalkia txapa ondulatuzkoa da. Barruan nabeekiko paralelo jarrita dagoen txapazko itxitura arin batek pabiloia zati bitan banatzen du eta horregatik ez da espazioa bolumen bakarra legez hautematen.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |