Félix María Samaniego
Felix María Serafín Sánchez de Samaniego Zabala (Guardia, Araba, 1745eko urriaren 12a - 1801eko abuztuaren 11) gaztelaniazko idazlea izan zen, alegiak idazteagatik ezaguna.
Félix María Samaniego | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Félix María Serafín Sánchez de Samaniego |
Jaiotza | Guardia, 1745eko urriaren 12a |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Guardia, 1801eko abuztuaren 11 (55 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Valladolideko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta politikaria |
Lantokia(k) | Valladolid |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Euskalerriaren Adiskideen Elkartea |
Izengoitia(k) | Cosme Damián, Damián de Cosme eta Félix María de Samaniego |
Genero artistikoa | olerkigintza alegia |
Bizitza
Haren haurtzaro eta gaztaroari buruz ez da askorik ezagutzen. Samaniegoren biografia nagusiaren egile Eustaquio Fernández de Navarrete autoreak dioenez, Frantzian ikasi zuen; ez du beste zehaztasunik ematen. Geroago, bi urtez zuzenbideko ikasketak egin zituen Valladolideko Unibertsitatean, baina ez zituen burutu. Ondoren, Bergaran (Gipuzkoa) kokatu zen, Peñafloridako kondearen babesean. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen, eta han irakurri zituen bere lehen alegiak.
Entziklopedisten zale handia zen, Frantzian jaso izandako heziketarengatik, agian; hori dela eta, politikaren eta erlijioaren kontrako kritikak ere oso gustuko zituen. Horretaz gain, abantailei burla egin zien eta Floridablancak eskainitako kargu bati uko egitera heldu zen. Hala ere, 1775ean Tolosako (Gipuzkoa) alkate izendatu zuten.
Alegilari lanagatik dugu ezaguna batik bat, 157 alegiaren egile baita. Fábulas morales lanaren bi liburukitan (1781 eta 1784an) bildu zituen denak. Lehenengo liburukia 5 ataletan banatuta dago eta bigarrena 4tan. Oso ezagunak dira La cigarra y la hormiga eta La lechera izenburukoa. Horietaz gain, Jean de La Fontaineren alegia erotikoen erara idatzitako beste testu erotiko batzuen egilea ere bada. Horiek direla kausa, eta elizaren aurka egin zituen beste testu batzuen ondorioz ere, arazoak izan zituen Inkisizioarekin. Logroñoko epaitegia komentu batean giltzapetzen saiatu zen 1793an, haren lanak Elizaren aurkakoak zirela esanez. Azkenik, Portugaleteko komentu batean giltzapetu zuten hainbat hilabetez. Geratzen zitzaizkion eragin handiko lagun batzuei esker atera ahal izan zen azkenik. Ezezagunak dira, hala ere, Inkisizioak ireki zion prozesuaren xehetasunak.
Idatzizko ika-mika batzuk izan zituen, orobat, zenbait kiderekin, Vicente García de la Huertarekin eta Fray Diego Gonzalezekin, adibidez. Baina, zalantzarik gabe, liskar ospetsuena Tomás Iriarte alegilariarekin izan zuena da; izan ere, denbora luzez lagunak izan ondoren, Samaniegok 1793an argitaratu zituen bere lehen alegiak, eta Iriartek hurrengo urtean, lehen alegi originalen bilduma zela esanez.
Urte batzuk geroago, Bizenta Mogel gipuzkoarrak Azkoitia inguruko euskaraz alegia-bilduma bat argitaratu zuen, Ipui onac izenekoa (1804), Samaniegoren ereduari jarraituz.
Jesus Egea Otxoa de Angiozar arabarra izan zen alegia guztiak euskaratzen lehenengoa. 1979. urtean argitaratu zituen, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin.[1] Eskoletako haurrei zuzenduta dago Josuk euskaratutako liburua, eta hitzaurrearen ostean euskarari eskainitako olerki bat dago, alegien aurretik. Liburu horretan bertan aipatzen denez, badirudi Samaniegok euskaraz uler zezakeela, ama Antzuolakoa zuelako, eta Bergaran, Bilbon eta Tolosan bizi izan zelako, euskal giroan.[2]
Euskal Herria ere maite zuela era askotara agertu zuen, eta bereziki Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaile eta lankide izanik. Hain zuzen elkarte horretako ikastetxeetarako eta ikasleentzat idatzi zituen alegien liburuak.
Alegia ospetsuenak
- La cigarra y la hormiga.
- La lechera.
- La águila, la corneja y la tortuga.
- La zorra y la gallina.
- Congreso de los ratones.
Aitortzak
- Badago Félix María Samaniego izeneko kale bat Gasteizen.
- Badago Samaniego izeneko ikastetxe bat Gasteizen. Ikus Samaniego ikastetxea.
Erreferentziak
- «Jesus Egea» NORdaNOR.eus (EIZIE) (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
- (Gaztelaniaz) Larrinaga, Juan Ruiz. «Samaniego, vasco y vascófilo», in Euskalerriaren alde, 1924, XIV, 245-255 orrialdeak.
Ikus, gainera
- Euskal Herriko erdal idazleak
- Arabako idazleak
- Samaniego
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Samaniegoren alegia guztiak, online.
- Samaniegoren lau alegia, SENEZ aldizkarian.
- «Felix Maria Samaniego», Euskarari Ekarriak, Armiarma.
- Karlos del Olmo: «Larrekoaren mintzotik izadia irakasle», Koldo Bigurik itzulitako Samaniegoren alegiei buruzko iruzkina.
- Josune Beldarrain: Alegia klasikoak euskaraz tesia, 2010.