Ezko arrosa-ubel

Ezko arrosa-ubela (Porpolomopsis calyptriformis edo Hygrocybe calyptraeformis) Hygrophoraceae familiako onddo espezie bat da.[1] Kolore arrosa-lila duelako ederra eta ikusgarria den arren, kalitate gastronomiko oso kaskarra du.

Ezko arrosa-ubela
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaHygrophoraceae
GeneroaHygrocybe
Espeziea Hygrocybe calyptriformis
Fayod, 1889

Deskribapena

Kapela: 3 eta 7 cm arteko diametrokoa. Kapelaren forma oso arraroa da, punta zorrotza, baina ez konikoa; gaztetan, gezi-punta baten antza du, azkenean zabaldu egiten da, erradialki pitzatuz eta titia kontserbatuz. Arrosa edo lila kolore ederrekoa, oso gutxitan zuria, gainazal leuna eta distiratsua du eta likatsu samarra.

Orriak: Itsatsiak, sabeldunak, zabal samar, estuak, lodiak, arrosa-malba kolorekoak, kapelaren antzeko kolorekoak, bilbe erregularrekoa.

Hanka: Zuria edo kapelaren koloreaz pixka bat tindatua, malba kolorea edo lila, haritsua luzetara, zilindrikoa, nahiko bihurritua, hauskorra, tutuaren formakoa. 4 - 10 x 0,4 - 0,8 cm-koa.

Haragia: Zuria edo apur bat arrosa, ez da belzten, mehea, usain eta zapore nabarmenik gabea.[2]

Etimologia: Hygrocybe terminoa grekotik dator eta kapela hezearekin, esan nahi du. Caliptraeformis epitetoa grekotik dator, "kalyptra" hitzetik, hau da, emakumezkoen kapela puntan. Bere kapelaren formagatik.

Jangarritasuna

Jangarri oso kaskarra, hala ere, hau aurkitzeko plazera sukaldaritzan erabiltzeko baino garrantzitsuagoa da.[3]

Nahasketa arriskua

Hygrocybe acuta delakoarekin, honek kapela konikoa du, forma erregularra eta kolore gorri-horixka.[4]

Sasoia eta lekua

Udan eta udazkenean, larreetan eta lorategietan, baita mendietan ere, leku belartsuetan. Espezie arraroa dela esan behar da, eta bere kolore politengatik plazer bat da aurkitzea.[5]

Banaketa eremua

Europa, Quebec, Appalacheak eta Ipar Japonia.

Espeziearen egoera

Aranzadi Elkartearen arabera, ezko arrosa-ubela desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[6] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza     Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012     Euskalnatura     Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987     Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973     Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. (Gaztelaniaz) Kutxa Fundazioa Sozial eta Kulturala. (1992). Euskal Herriko perretxikoak. Litografía Danona s. coop.ltda., 195 or. ISBN 84-7173-211-4..
  3. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 132 or. ISBN 84-404-0530-8..
  4. (Gaztelaniaz) Palazon Lozano Fernando. (2006). Setas para todos. JoseLuis Añanos Echo Editorial Pirineo, 202 or. ISBN 84-87997-86-4..
  5. (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 401 or. ISBN 84-282-0541-X (T. 3). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..
  6. Zerrenda Gorria, Aranzadi Zientzia Elkartea

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.