Ezki hostozabal
Ezki hostozabala (Tilia platyphyllos) ezkien familiako zuhaitza da.
Ezki hostozabal | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Malvales |
Familia | Malvaceae |
Generoa | Tilia |
Espeziea | Tilia platyphyllos Scop. |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | linden flower (en) |
Ezaugarriak
Hosto erorkorrak dituen zuhaitz sendoa eta hostotsua da ezkia; 30 m garai izan daiteke.
Zurtoina – Azala
Ezkiaren enborra zuzena da. Azala grisaxka da, eta arrailak ditu.
Hostoak
Hostoak bihotz-formakoak eta zerradunak dira; berde ilunak eta ilegabeak gainaldean, eta zilar-kolorekoak eta pubeszenteak azpialdean.
Loreak
Udaren hasieran loratzen da ezkia. Loreak horixkak eta usaintsuak dira, eta braktea batetik jaiotzen diren 6-10 lorez osatutako infloreszentzia zintzilikarietan sortzen dira.
Fruituak
Fruituak udazkenean heltzen dira.Txikiak, globularrak eta oso iletsuak dira, eta 5 saihets nabarmen dituzte.
Habitata
Ezkia trokarte, arroila eta amildegietan bizi da gehienbat, eta baso mistoak eratzen ditu. Kareharrizkoa du berezko lurzorua. Europako erdialdean eta hegoaldean hedatzen da. Euskal Herri osoan dago.
Erabilera
Ezkiaren zura biguna eta kalitate handikoa da, eta ebanisterian oso estimatua.
Lorategiak eta parkeak apaintzeko erabiltzen da ezkia.
Lore lehorrekin eta brakteekin, infusio diuretiko eta lasaigarriak prestatzen dira. Azalak propietate bronkio-zabaltzaileak eta antiespasmodikoak ditu, eta, beraz, arnas aparatuko gaixotasunen tratamenduetarako erabiltzen da.
Ezkiaren eztia oso goxoa eta aromatikoa da.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Botanika.wikispaces.com webgunetik hartu da, CC BY-SA 3.0 lizentziapean.