Ezabagoma
Goma[1], borragoma (Heg.) edo ezabagoma arkatz baten bidez idatzitakoa ezabatzeko balio duen tresna da. Arkatz batzuek, gainera, ezabagoma barneratuta izaten dute ertz batean.
Lehenengo ezabagomak XVIII. mendearen amaieran jaio ziren. Hego Amerikako zuhaitzen izerditik ateratako kautxu naturalez egiten ziren.
Oso ohikoa da gaur egun, eta material nagusietako bat da eskoletan eta bulegoetan.
Historia
Paperaren trazuak ezabatzeko gomazko edo argizarizko pilulak edo barrak erabiltzen ziren. Antzinako pergaminoetan edo papiroetan tinta kentzeko, tratatu gabeko harkaitz zatiak erabiltzen ziren. Japonian ogiaren mamia erabiltzen zen.
1736an, Charles Marie de La Condamine izeneko esploratzaile frantsesa konturatu zen Hego Amerikako biztanleek zuhaitzetik ateratako erretxina batekin objektuak egiten zituztela. La Condamine jauna erretxina horrekin itzuli zen Europara, baina garai hartan ez zuen inolako interesik sortu.
1770ean, ustekabean, Edward Nairne, ingeles ingeniari eta optikari ospetsuak, kautxu zati bat hartu zuen, ogi-mamiaren ordez, eta arkatz markak ezabatzeko erabili zuen.
Une hartatik aurrera, kautxua (latex izenez ere ezaguna) merkaturatzen hasi zen 1778ra arte. Hala ere, goma-mota hori erabiltzen zen bakoitzean txiki-txiki egiten zen eta usain desatsegina zuen.
1839.urtean, Charles Goodyear asmatzaileak, bost urteko ikerketaren ondorioz, kautxuaren bulkanizazioa aurkitu zuen. Prozesu horren bidez, kautxuak bere iraunkortasuna eta erresistentzia handitzen ditu, eta, horri esker, goma etxean erabiltzeko artikulu bihurtu zen. Bulkanizaioaren patentea Estatu Batuetan, 1850eko ekainaren 15ean erregistratu zuen.
1850ean Hymen Lipmanek ezabagomaren lehen patentea erregistratu zuen eta 1862an 100.000 dolarren truke saldu zuen.
1960ean Eberhard von Faberrek Pink Pearl izeneko ezabagoma merkaturatu zuen. Gaur egun Estatu Batuetan ezabagoma ospetsuena eta erabiliena da. Paper Mate enpresak komertzializatzen du.
Ekoizleak
Gaur egun ezabagomak edo gomak ekoizten dituzten fabrikatzaile mota ugari daude, adibidez: Grupo Billingham, Milan, Pelikan, Staedtler, Faber- Castell edo Jovi.
Motak
Ezabagoma moten artean hauek daude: plastilinazko oinarria duen goma moldagarria, kautxuzko goma, marfilezko oinarria duen goma, plastiko gogorreko goma, tinta ezabatzeko goma —baina ez tinta mota guztiak—, goma elektrikoa edo haurrentzako ezabagoma.
- Goma moldagarria: Paperarekin igurtzita ez du hondakinik uzten; beraz, ez du kalterik egiten, eta hori ezin hobea da kalitate handiko paperetarako.
- Plastiko gogorreko goma: Ogi-mamiaren antzekoa da. Trazuen gogortasun-maila handiagoa ezaba dezake. Paperari egiten dion kaltea zertxobait handiagoa da.
- Tinta ezabatzeko goma: Tinta ezabatzeko erabiltzen da baina paperaren gainazala kaltetzen du. Beraz, paperarentzako goma-motarik kaltegarrienak da. Zuzentzailea modan jarri aurretik nahiko erabiltzen zen.
- Goma elektrikoa: Goma elektrikoa 1932an asmatu zuen Wisconsineko (AEB) Arthur Dremel de Racine-k. Normalean boligrafo edo arkatz forma du eta pilekin funtzionatzen du.
- Haurrentzako goma: Eskoletan era askotako formak dituzten ezabagomak daude. Horien artean, Milan markak saldutako “Nata” goma dago.1960ko hamarkadatik saltzen da, paper arrosaz bilduta dago eta usain berezia du, baina 90ko hamarkadatik aurrera usainik gabe saltzen hasi ziren, ume askok jan egiten zutelako.
Bitxikeriak
- Ezabagoma nola garbitu: Arkatz-orbanak garbitzeko modurik onena gainazala xaboi-urarekin igurztea da. Horregatik, ondo garbitzeko modurik hoberena ontzi- garbigailuan sartzea da.
- Nola egin ezabagoma etxean: Arto irina (Maizena) erabilera orokorreko silikonarekin nahastu egin behar da. Silikona koilarakada bat eskuan jarri eta irina pixkanaka gehitu eta nahasten joan lortu nahi dugun sendotasuna lortu arte. Utzi lehortzen 24 orduz.
Erreferentziak
- «Goma». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-04-04.)