Extinction Rebellion
Extinction Rebellion (euskaraz: «Matxinada edo Suntsipena»),[1] XR siglez laburtua, indarkeriarik gabeko erresistentzia erabiltzen duen mugimendu sozial ekologista da, klima larrialdia eta biodibertsitatearen galera salatzen dituena.[2] Presio-taldetzat jarduten du, munduko gobernuek klima larrialdiaren aurrean neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzaten. Era berean, herritarrak kontzientziatzea ere bilatzen du, berotze globalak ekar ditzakeen ondorio larriak (gizakien desagerpena bera, kasu) nabarmenduta.[3][4]
Extinction Rebellion | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | XR |
Mota | gizarte mugimendua, erakundea eta grassroots movement (en) |
Herrialdea | Erresuma Batua, Alemania, Italia, Herbehereetako Erresuma, Frantzia, Portugal, Espainia, Suitza, Ameriketako Estatu Batuak, Danimarka, Australia, Zeelanda Berria, Kanada, Brasil, Pakistan, Hegoafrika, Argentina, Austria, Israel, Belgika eta Polonia |
Ideologia | Ekologismoa eta Indarkeria-ez aktiboa |
Osatuta | Extinction Rebellion Australia (en) |
Historia | |
Sorrera | 2018 |
Sortzailea | |
webgune ofiziala |
Mundu osoan jarduten du, ehunka herrialdetan. Erresistentzia eta protesta baketsuak baina irmoak egiten ditu, bere kideak sarritan atxilotuak eta espetxeratuak izatera eramaten dituztenak.[5]
2018an agertu zen Erresuma Batuan, ehun irakasle inguruk berotze globalaren aurkako dokumentu bat sinatu zutenean. Urte horretako urrian lehenengo manifestazioak eta desobedientzia zibilaren ekintzak gertatu ziren Londresen, atxiloketa ugari egonik. 2018ko abenduan bigarren dokumentu bat sinatu zuten hainbat intelektualek (tartean, Noam Chomsky hizkuntzalari ospetsuak, Naomi Klein kazetariak eta Vandana Shiva ekologista hinduak) jendeari larrialdi klimatikoaren alde mobilizatzera deitzen ziona.
Extinction Rebellionek zirkulu batean sartutako erloju bat erabiltzen du ikur gisa, denboraren igarotzeak gure planetako bizia mehatxupean jartzen duela gogoratzeko.
Ekintzak
Lehenengo mobilizazio eta ekintza jendetsuak 2019ko apirilean gertatu ziren Londresen. Milaka ekologistak hiri horretako bost toki estrategiko modu baketsuan okupatu zituzten, 1.000 atxilotu baino gehiago egonik [6]. Antzeko ekintzak ere burutu ziren munduko beste 80 hiritan.
Extinction Rebellion-en sortzaileak protesta-medio klasikoen (kaleko manifestazioak, adibidez) eraginkortasun ezaz konturatu ziren, eta beste erreferentzia batzuk aintzakotzat hartu zituzten: Occupy London herri mugimendua, Ghandik sortutako indarkeriarik ezaren eta desobedientzia zibilaren filosofia, sufragisten eta eskubide zibilen aldeko mugimendu afroamerikarraren estrategia (Martin Luther King), etab.
Mugimendu honen aurkako kritikek «erradikalegia» eta «errealak ez diren proposamenak bultzatzen dituela» diote. Halere, sortu zenetik nabarmen hedatzen ari da munduan zehar,[7] eta gaur egun (2021eko uztailean) bost talde ditu Euskal Herrian: Arabakoa, Bizkaikoa, Gipuzkoakoa, Ipar Euskal Herrikoa eta Iruñekoa.[8][9][10][11][12]
Erreferentziak
- Extinction Rebellion Iruñeko taldearen Twitter kontua.
- Zubiria, Pello: «Extinction Rebellion: itxaropenik ezean, matxinatu», Argia, 2019-01-27.
- (Ingelesez) Matthew Taylor «'We have a duty to act': hundreds ready to go to jail over climate crisis», The Guardian, 2018-10-26.
- (Ingelesez) Nye, Catrin «Extinction Rebellion: The climate protesters who want to get arrested», BBC, 2019-04-10
- (Ingelesez) Rinvolucri, Bruno «'We can't get arrested quick enough': life inside Extinction Rebellion - video», The Guardian, 2018-11-22.
- de Miguel, RafaelLa lucha global contra el cambio climático toma impulso en Londres El País, 2019-04-23
- (Ingelesez) «Find Your XR Group» Extinction Rebellion (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
- (Ingelesez) «XR Araba - Spain» Extinction Rebellion (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
- (Ingelesez) «XR Bizkaia - Spain» Extinction Rebellion (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
- (Ingelesez) «XR Gipuzkoa - Spain» Extinction Rebellion (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
- (Ingelesez) «XR Pays Basque - France» Extinction Rebellion (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
- (Ingelesez) «XR Pamplona-Iruñea - Spain» Extinction Rebellion (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).