Existentzialismo

Existentzialismoa XIX. mendetik aurrera bizi ziren filosofo batzuen lanak deskribatzeko erabilitako terminoa da.[1][2] Filosofo haiek, beren ezberdintasunak gorabehera, bizitzaz eta gizabanakoaren emozio, ekintza, ardura eta pentsamenduez edo bizitzaren zentzuaz aritu ziren.[3][4] Existentzialismoak XIX. mendean izan zuen jatorria eta XX. mendeko bigarren erdiraino iraun zuen, baina existentzialismoa gizartearen historia osoan izan da (Gilgameshen epopeian larriduraz, esperantzaz, borrokaz eta melankoliaz adierazten da), bere gai nagusiak gizakiari eta gizakien taldeari dagozkionak baitira.

Existentzialismoa giza existentziaren gaia aztertzen duen ikerketa filosofikoaren modu bat da. Filosofo existentzialistek giza existentziaren esanahiarekin, asmoarekin eta balioarekin lotutako gaiak aztertzen dituzte. Pentsamendu existentzialistaren kontzeptu komunen artean daude krisi existentziala, mundu zentzugabearen aurreko beldurra eta antsietatea, baita egiazkotasuna, ausardia eta bertutea ere.[5][6]

Adituek XIX. mendeko hasierako filosofo Søren Kierkegaard jo dute korronte honen sortzailetzat[7][8], eta geroago Schopenhauer, Nietzsche, Heidegger, Jaspers eta Sartrek jorratu zuten[9].

Hala ere, ez da inoiz egon adostasun zabalik existentzialismoaren definizioaren inguruan. Hitza historikoki korronte filosofiko bat izendatzeko erabili da, atzera begira, hura jarraitzen omen zuten filosofo asko hilda baitzeuden hitza sortu zenerako. Izan ere, existentzialismoa Kierkegaardekin sortu zela esaten bada ere, terminoa beretzat hartu zuen lehen filosofoa Sartre izan zen. Sartreren ekarpena da existentzialismoaren funtsezko ideia: "existentzialista guztiek komunean duten funtsezko doktrina da existentzia esentzia baino lehen dagoela".

Eskandinaviatik kanpo askok uste dute existentzialismo hitza Kierkegaardek berak sortu zuela, baina seguru asko Kierkegaardek hitz hori, edo behintzat "existentzial" hitza, Johan Sebastian Cammermeyer Welhaven olerkigile eta literatur kritikari [norvegia]]rretik hartu zuen

Kontzeptu nagusiak

Existentzia esentzia baino lehenago dago

Existentzialismoaren funtsezko proposamena da existentzia esentzia baino lehenago dagoela, alegia, banakakoen alderik garrantzitsuena banakakoa izatea dela (izaki kontziente, arduratsu eta ekintza independenteduna, "existentzia"), etiketek, zereginek, estereotipoek, definizioek eta aurretiaz asmatutako beste kategoria batzuek banakakoa nola kategorizatzen duten ("esentzia") bigarren mailan geratzen delarik.

Absurdua

Absurduaren nozioak dio munduan ez dagoela esanahirik, gutako bakoitzak ematen diogun esanahiaz haratago.

Erreferentziak

  1. Macquarrie, John. Existentialism, New York (1972), pp. 18–21.
  2. Oxford Companion to Philosophy, ed. Ted Honderich, New York (1995), p. 259.
  3. Macquarrie. Existentialism, pp. 14–15.
  4. Cooper, D. E. Existentialism: A Reconstruction (Basil Blackwell, 1999, p. 8)
  5. Macquarrie, John. (1973). Existentialism. Penguin Books ISBN 0-14-021569-7. PMC 4244909. (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
  6. Solomon, Robert C.. (2005). Existentialism. (Second Edition. argitaraldia) ISBN 0-19-517463-1. PMC 56192438. (Noiz kontsultatua: 2023-04-02).
  7. Marino, Gordon. Basic Writings of Existentialism (Modern Library, 2004, p. ix, 3).
  8. Stanford Encyclopedia of Philosophy Kierkegaard
  9. Abbagnano, Nicola. Historia de la Filosofía - Tomo III, Montaner y Simón - Barcelona, 1973. ISBN 84-274-0343-7 p. 725

Bibliografia

  • Agirreurreta, Juanmari (2017): "Begirada, Sartreren funtsezko testu bat" in Jean-Paul Sartre: Begirada, Andoain, Jakin. ISBN 978-84-95234-98-8
  • Azurmendi, Joxe (2000): "Kierkeggard-en <<egunkari ezkutua>>" in Txipi Ormaetxea (arg.), Txillardegi lagun giroan, Bilbo: UEU ISBN 84-8438-007-6
  • Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Kierkegaard (1813-1855)" in Agustin Arrieta, Ibon Uribarri (koord.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.