Ewy Rosqvist-von Korff

Ewy Rosqvist-von Korff (Stora Herrestad, Suedia, 1929ko abuztuaren 3a) Suediako rally piloturik arrakastatsuenetako bat da. Europako hainbat txapelketa irabazi zituen, baita emakumezkoen kategorian lau aldiz ere Gauerdiko Eguzkiaren Rallya (orain Suediako Rallya deitua).[1] Bere lorpenik nabarmenena 1962an Argentinako Turismo Sari Nagusia irabazi izana izan zen, Ursula Wirth (1934-2019) kopilotuarekin batera.[2]

Ewy Rosqvist-von Korff

Bizitza
JaiotzaQ10681013 Itzuli, 1929 (94/95 urte)
Herrialdea Suedia
Familia
Ezkontidea(k)Yngve Rosqvist (en) Itzuli  (1954 -
Alexander von Korff (en) Itzuli  (1964ko ekaina -  1977)
Jarduerak
Jardueraklasterketa-pilotua, automobil-pilotua, Kopilotua eta rally driver (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)Mercedes-Benz
KidetzaRoyal Automobile Club (Sweden) (en) Itzuli

Biografia

Hasierako urteak

Ewy Jönsson 1929an jaio zen Stora Herrestadsen, Ystad kanpoaldean, bost seme-alaba zituen baserri familia baten alaba bakarra zelarik. Nekazaritza eskola batera joan ondoren, albaitari laguntzaile gisa graduatu zen.[2]

Albaitari laguntzaile lanetan, Jönssonek auto bat erabili behar zuen, egunero 7 eta 8 baserri bitartean bisitatuz. Horrela jaio zen azkar gidatzeko interesa, eta handik denbora batera etxaldeen artean lortutako denborak erregistratzen hasi zen.[2]

Ewy (orain Rosqvist abizenarekin, Yngve Rosqvistekin ezkondu ondoren) eta bere senarra Club Real automobileko kide egin ziren, eta hasieran bere senarrak gidatzen zuen eta bera kopilotu bezala joaten zen. Auto Klubak interesa erakutsi ondoren, Ewy Rosqvist ere pilotu bezala lehiatzen hasi zen.[1]

Rally Lasterketa

Ewy Rosqvist berehala bihurtu zen auto-lasterkari, eta, denbora baten ondoren, Europako emakumezko piloturik onenetakoa zen. 1960an Volvoren talde ofizialean sinatu zuen. Bi urte beranduago, Mercedes-Benzek bere kontratua eskuratu zuen, eta nazioarteko karrera hasi zuen. Bere lehia-urte gogorrenetan 280 egun igaro zituen etxetik kanpo bidaiatzen.[1]

1959, 1960 eta 1961ean Europako Txapelketa irabazi zuen, azken hau Pat Mossekin batera. Midnattssolsrallyt-eko ("gauerdiko Eguzkiaren Rallya") emakumezkoen kategoria irabazi zuen lau aldiz 1959tik 1962ra arte. Lehiaketa hau Suediako Rallya deitzen da orain.[3]

Ursula Wirth (ezkerrean) eta Ewy Rosqvist (eskuinean) 1962an Argentinako Turismo Saria irabazi ondoren.

1962an, Ewy Rosqvistek Argentinako Turismo Sari Nagusian parte hartu zuen (hori egin zuen lehen emakumea izan zen), Mercedes-Benz 220 SE 2 tonako auto bat maneiatuz, Ursula Wirth kopilotu zuela. Bikoteak sei etapak irabazi zituen eta lasterketarako abiadura errekor berri bat ezarri zuen. 1961ean, irabazlearen batez besteko abiadura 121 kilometro ordukoa izan zen, Rosqvisten batez besteko abiadura, 1962an, ia 127 kilometro ordukoa izan zen bitartean.[2]

Hurrengo urteetan Rosqvist bigarren eta hirugarren sailkatu zen Argentinako Sari Nagusian (1963 eta 1964, hurrenez hurren), eta Montecarloko Rallyan eta Nürburgringen ere irabazi zuen 2.5 litroko klasean. Akropolis eta Spa-Sofia-Liege rallyetan ere parte hartu zuen.[2]

Azken urteak

Rosqvistek lasterketa handietan parte hartzeari utzi zion Mercedes-Benzek 1965ean bere rally taldea desegin ondoren. Ordurako, automobil arinagoak egiten zituzten fabrikatzaile berriek, eta Mercedesa astun samarra zenez, lehiakortasun gutxiagoko automobil bihurtu zen. Ewy Rosqvistek Audiren eskaintza jaso zuen, baina bere karrera goi mailako rallyan amaitzea erabaki zuen. 1964an Alexander von Korffekin, Mercedes-Benz kirol saileko buruarekin, ezkondu zen.[4]

Ewy Rosqvistek 1967an utzi zion lehiatzeari, istripu, talka edo auto kalteturik gabeko kirol lasterketa baten ondoren. Bere garaikurrak eta autoak Stuttgarteko Mercedes-Benz Museoan daude ikusgai. Ewyk hainbat urtez lan egin zuen museoaren gidari eta Mercedes modelo berrien proba-pilotu gisa.[4]

Rosqvist Stuttgarten bizi izan zen 1977an Alexander von Korff hil ondoren, baina azkenean Suediara joan zen bizitzera. Bertan, Karl Gustav Svedberg ezagutu zuen, Philipson Bil AB konpainiako zuzendaria, Mercedes-Benz automobil inportatzaile bat. Elkarrekin bizi izan ziren 2009an Karl hil zen arte.[4]

Sariak

Årets idrottskvinna (urteko emakumezko atleta) 1961, Stockholms-Tidningen egunkariak emana.[5]

Erreferentziak

  1. (Suedieraz) «85-åriga rallypionjären Ewy om sin karriär» www.expressen.se (Noiz kontsultatua: 2021-03-16).
  2. (Gaztelaniaz) Autozama. (2019-08-02). «Ewy Rosqvist, piloto de rally de Mercedes-Benz: celebra sus 90 años en el 125 aniversario del motorsport» mb! Autozama News (Noiz kontsultatua: 2021-03-16).
  3. (Gaztelaniaz) Bartolomé, Elena Sanz. (2021-02-24). «Ewy Rosqvist, la mujer que se convirtió en la campeona inesperada» Periodismo del Motor (Noiz kontsultatua: 2021-03-16).
  4. (Suedieraz) Gänger, Hasse. (2016-12-18). «Ewy Rosqvist von Korff – världens främste rallyförare» Land (Noiz kontsultatua: 2021-03-16).
  5. (Suedieraz) Årets idrottskvinna. 2021-01-18 (Noiz kontsultatua: 2021-03-17).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.